Emakumeen isiltasuna
“Ez dut idazten inor salatzeko, baina ez dut isildu nahi inor salbatzeko”. Uxue Alberdiren esaldiak eztanda egin zidan barrenean, argitaratu berri duen Hetero liburuaren bueltan elkarrizketatzen ari nintzaiola. Zenbatetan isildu gara emakumeak maite ditugun gizon horiengatik? Eta gorroto ditugunen ondorioz? Zenbatetan isildu, istiluak ez sortzeagatik, bakea mantentzeagatik, zalaparta ekiditeagatik, lotsagatik, beldurragatik?
Isiltasuna izan da emakumearen patua maiz, gehiegitan, ia beti. Akaso uste izan dugulako isiltasuna zela babes armarik hoberena, hitz egiteak duen botereaz konturatu gabe. Denok izan gara, gehiago edo gutxiago, Annie Ernauxen Emakume izoztua. Ernauxek berak ere Alberdiren bide beretik doan hausnarketa egin izan du Katakrakek argitaratu berri duen Idazketa labana bat da liburuan: “Idaztea, nire ustez, ekintza politikoa da; hau da, mundua salatzeko eta eraldatzeko balia daiteke, edo kontrara, ordena soziala eta morala indartzeko”. Salbatzearen eta salatzearen arteko arrakalan, beti.
Kasu honetan are gehiago zabalduko nuke idazketaren afera, literaturaren arlotik atera eta edonoren egunerokora eramateko. Idazketa, beraz, hitz egitearekin parekatuko nuke. Eta hiz egitea, isiltasuna zarraztatzeko labanarekin. Ez dira gutxi izan azken aldian emakumearen kontrako indarkeriaren norainokotasuna agerian utzi dituzten kasuak, ohartu arte zoriaren esku dagoela gure bizitzak eta gorputzak indarkeria basatiarenaren atzaparretan erortzearen edo ez erortezaren afera. Zoria, ez bazaigu drogatu eta taldean bortxatu gaituen senarra tokatu, edo misogino eta predatzaile hutsa den burkidea, edo adinez txikiak izanagatik ere superrizar posizioak ematen dion boterea (eta drogak) baliatuz gurekin sexu harremanak izan dituen rap abeslaria.
Zortearen esku ez dauden babesleku gutxi topatu izan ditugu inon, emakume bezala. Ezin dugu inguratzen eta itotzen gaituen sisteman gure konfiantza jarri, hori argi geditu zaigu. Zorionez eta zorte onez, suntsiezina den gotorleku bat topatu dugu, non eta sareetan, nola eta saretuz. Sistematik at dagoen salaketa-modu seguru eta adeitsu bat zabaldu da, eta sare horretan sartzeko giltza izan da hitza.
Isiltasunaren barrenean bakarrik geundela uste genuen, harrizko pareta lodien artean, ilunpetan, itsu, bakarrik. Baina halako batean isiltasun hori urratzera ausartu da inor, eta gainontzekoak ohartu gara ez gaudela bakarrik, asko garela, ia denok gaudela. Eta suntsiezinak ziruditen paretak arrakalatzen hasi dira modu saihestezin eta atzera bueltakorik gabeko batean. Amaitu da isiltasunaren patua, aitaren etxea eztanda egitera doa. Gure ahotsak eta gorputzak inmolatzeko prest gaude, inor gehiago ez salbatzeko.