ELKARRIZKETA Christiane Dunoyerekin
Christiane Dunoyer aostarra, antropologoa, idazlea eta dokumentalgilea da, bai eta Aosta Aranean dagoen Centre d'Études francoprovençales René Willien izeneko ikergunearen zuzendaria ere. "Rene Willien" izena, berriz, Aostako idazlea, alpinista, argazkilaria, kultur-eragilea eta II. Mundu Gerran Erresistentziako kidea izan zenari zor zaio. 1916an Aostan jaio eta bertan hil zen 1979an. Frankoproventzar kultura eta hizkuntzei buruzko ikerketak sustatzen dituen aipatu erakundeak Saint-Nicolas herrixkan du egoitza gaur.
Galzori larrian dagoen arpitanoa —hizkuntza frankoproventzerei ematen zaien beste izena, jatorri etimologikoaren arabera, Alpe hitzarekin zerikusia duena— galoerromanikoen artean sailkatzen da, langues d´oc (okzitaniera) eta langues d'oil (oil hizkuntza) deiturikoekin batera. Arpitanoa, Mendebaldeko Suitzan, Ekialdeko Frantzian eta Ipar Italian egiten da. Hedadura hori bat dator, hein batean, Goi Erdi Aroko Burgundia erresumaren lurralde historikoarekin. Marguerita d'Oingtek XII. mende amaieran idatzitakoak dira arpitanoz ezagutzen diren testu zaharrenak.
Christiane Dunoyerentzat bere sorterriko arpitanoa edo patois (hiztunek beraiek deitzen dioten bezala, kutsu gaitzesgarririk gabe, alabaina, Frantzian ez bezala): “ama-hizkuntza, aita-hizkuntza, haragizko hizkuntza, seaskakoa“ da. Horrela mintzo da Christiane De la magie des sons à la magie du monde (Hotsen magiatik munduaren magiara) 2017ko testuan. Arpitanoa, hortaz, jatorrizkoa zaio, barru-barrukoa, hausnarketarik gabea, ez buru ariketa edo iharduera bat. Christianek dioenez, hizkuntzek magia-esparru bat osatzen dute. Berak hizkuntza asko ikasi eta maite izan ditu bizitzan zehar. Eta hizkuntzak ikaste horrek hunkitu egin dute, nolabait bestearen aurkitzea ekarri baitute berekin. Bestalde, Frantziako Unibertsitateetan ikasi zuen Christianek, eta frantsesez hasi zen idazten. Arpitanoz ere idazteko bidea geroago hartu zuen.
Alpeetako Monte Rosa eta Mont Blanc mendien itzalpean dagoen Aosta Aranak Suitza eta Frantzia ditu mugakide. Gaur Italiako eskualde autonomiko txikiena osatzen du, baina historia luzea izan du Savoia barruan. Historia horrexegatik da frantsesa ere bertako hizkuntza ofiziala, italieraz gain. Aostan, Hego-Tiroleko autonomian ez bezala, leku-izenak frantsesez bakarrik jartzen dira, ez bi hizkuntza ofizialetan. Bi hizkuntza ofizial horiez gain, arpitanoz egiten da Aostan oraindik. Aostan 70000 bat hiztun daude. Arpitanoz egiten dutenak, guztira, horren bikoitza dira, gutxi gorabehera.
Aosta Araneko hainbat toki-izen zaharrek zelta eta ligur herrien hizkuntzetan dute jatorria. Aosta izena bera, ordea, Augusto izenetik dator, enperadore erromatarra izan baitzen izena eman ziona, K.a. 25. urtean bertakoekiko borroka bortitzetan garaile irten eta gero. Gaur oraindik zirrara eragiten duen garaipen-arku handia eraikiarazi zuen Augustok orduan, jatorrizko herriak azpiratzeko erabilitako bortxaren lekuko. Helburu nagusi bat zuten erromatarrek: merkataritzarako garrantzi handikoa zen Alpeetako Grand Saint-Bernard mendateaz jabetzea.
Christian Duvayerek Aostako usadio zaharrak aztertu ditu, bai eta hizkuntzalaritza alorreko gaiez hainbat testu idatzi ere. Bi eleberriren egilea da: L'Outrage (Asaldura) eta Des dahlias roses (Dalia arrosak). Elkarrizketa hau frantsesez egin diogu.
Harpitanya dokumentalaren egilea zara, XX. mendeko 70eko hamarkadan Aostan sortu zen mugimendu bati buruzkoa, honezkero hein handian ahazturik dagoena. Hauxe idatzi zenuen dokumentalaren aurkezpenaren testuinguruan: “Plazaratzen diren ideiek beti uzten dituzte hazi txikiak. Hauek noizbat beste zerbait bilakatzen dira, edo beste norbaitek berreskuratzen ditu.”
Mugimendu politiko kultural eta ezkertiar hark haustura bat bilatu zuen, betiere kultura burges eta katolikotik irtete aldera. Kulturan eta gizartean zegoen elitismoa borrokatu zuen, bai eta nazio-estatuaren eredua ere. Oro har, Harpitanya deitu zioten lurraldea askatu nahi izan zuten Harpitanyakoek. Hizkuntzari dagokionez, eredu berritzaile bat sortzeari ere ekin zioten. Tokian tokiko francoproventzerak batu nahi izan zituzten, baina horrek ez zuen aurrera egin.
Ideia haiek eraginik izan dute gero?
Bai, handia, mugimendu hari esker sareak ditugu orain, eta elkarlanean aritzen gara frankoproventzeraz egiten den eskualdeetako taldeekin, mugaz gaindi, gure kulturari eustea xede. Adibidez, ni Frantziako Institut de la Langue Savoyardeko zientza-batzordeko kidea ere banaiz.
Noiztik eta zergatik da Aosta Italiako zati bat?
XI.garren mendetik aurrera Aosta Savoia dinastiakoa izan zen. 1861ean, berriz, Savoia etxeko oinordekoa Italiako errege bilakatu zenean, Aosta Italian sartu zuten, eta Savoiako beste aldea Frantzia barruan gelditu zen.
Zer dela-eta da Aosta autonomia bat Italian?
Autonomia, faxismoaren kontra egindako borrokari zor diete aostarrek, alegia, Erresistentziari. Aosta Bigarren Mundu Gerraz geroztik Italiako autonomia bat da gerra ostean estatuto berezia aitortu zitzaiolako. Izan ere, aostarrek zentralismo italiarrari egin zioten uko orduan.
Zein izan zen, beraz, autonomia lortzeko bidea Aostan?
Autonomia eztabaida luzeen ondoren lortu zen. Edonola ere, aostarrek beren eskakizun eta nahien murrizketa onartu behar izan zuten hiru une desberdinetan. Hala eta guztiz, garai hartan aitortutako eskubide batzuk ez dira gero aintzat hartu, eta hainbat akordio eta hitzarmen ez dira oraindik bete.
Historiaren ildotik, badirudi erromatarrak heldu aurretik kultura aberats bat zegoela bailaran. Zer ezagutzen da antzineko herri haiei buruz?
Erromatarrek bertakoak garaitu eta txikitu egin zituzten. Augustok bailarako bizilagunak hil, deportatu edo esklabu hartu zituen. Baina baliteke herri haiek erabat desagertu ez izana. Agian haietariko batzuek mendietara egingo zuten ihes. Hori argitzeko, duela urte batzuk DNAri buruzko ikerketak bideratu nahi izan ziren mendialdeko herrixketan. Egitasmoa atzera bota zen gero, emaitzek berezko identitate baten aldeko borrokari bide emateko arriskua omen zegoelako. Orain Aostan aire zabaleko museo handi bat dago, erromatarrek salassi deitutako herri haien inguruko arkeologia-indusketak azalarazi dituzten aztarnak erakusteko egina.
Orduko arazo batzuek gaur arte iraun al dute nolabait?
Italian beti ahalegindu dira tokian tokiko identitateak desagerrarazten. Aostarrek beren buruaren jabe izan nahiaren beldurrak iraun egin du. Eta italiartzea aurrera doa, bai.
Noraino hedatzen zen arpitanoa lehen?
Jatorriz, Aostaz gain, arpitanoak Frantzian Ekialdeko Savoie eta Lyonnais izeneko probintzia historikoa hartzen zituen. Ia-ia Romandia osoa ere bai, hots, frantsesez egiten den egungo Suitzako eskualdea. Esaterako, Genevako kantoiko eresia frankoproventzeraz dagoen abesti herrikoi bat da: Cé qu’è lainô (Goian dagoen hori).
Nolakoa izan da arpitanoaren bilakaera?
Hemen frantsesa izan dugu historian zehar hizkuntza nagusia eta ofiziala. Hau da, aitoren seme-alabak frantsesez mintzo ziren, berdin eliz jendea, burgesak, agintariak, hau da, elitea, Errusian ere iraultza baino lehen frantsesa nagusi izan zen bezala. Herriak zein hizkuntza egiten zuen ez zen batere garrantzitsua. Halaber, Aosta Savoyako erresumakoa izanik, Erreformak ez zuen hemen eragin izan. Horrek esan nahi du, zoritxarrez, Biblia ez zela, Europako beste hainbat tokitan gertatu bezala, latinetik arpitanora itzuli. Halako itzulpena baliagarria izango zen herriak bere hizkuntzari balioa emateko, arpitanoari berezko tokia aitortzeko.
Nolakoa da gaur arpitanoaren ezagutza eta erabilera?
Aostan goi mailako ikasketak egiteko aukerarik ez dagoenez, aostarrek alde egiten dute kanpoko unibertsitateetara. Eta, era berean, kanpotarrak hona etortzen dira lan egiteko asmoz. Bilakaera hori, besteak beste, hizkuntzarako galera handia izaten ari da.
Arpitanoa eskolan irakasten da?
Ez eskoletan ez unibertsitatean. Eskoletan italiarra eta frantsesa irakasten dira. Gure belaunaldikoon zailtasuna italierarekikoa izan zen, hain zuzen, frantsesa ez baitzitzaigun horren arrotza egiten. Esaterako, gure amonek frantsesez egiten zuten otoitz. Frantsesa etxean eta inguruan entzundako hizkuntza zen. Italiera, ordea, ez. Orain Aostara iristen diren kanpoko irakasle italiarrak ez ohi dira hizkuntzaren gaiaz arduratzen. Irakaslea bertakoa bada, agian, bai. Dena den, ez dago horri buruz ezer arauturik. Nolanahi ere, guk hiru eguneko sarrera txiki bat egin ohi dugu ikasturte hasieran, irakasle berriek hemengo hizkuntza-egoeraren berri izan dezaten, behinik-behin. Legearen arloan, hobeto dago egoera Suitzan eta Frantzian, hango hiztunen kopurua Italian baino txikiagoa bada ere. Frantziako Hezkuntza-Ministerioak aitormena egin zion frankoproventzerari 2021ean. Geroztik zenbait ekimen bideratu dira arpitanoa eskoletara eramateko. Alabaina, ezer ez da gauzatu oraingoz. Ez omen dago dirurik irakasleei behar bezalako prestakuntzarik emateko. Baina, behintzat, horretaz hitz egiten da.
Arpitanoari buruzko ikasketak unibertsitatearen batean egin daitezke?
Ez. Badaude, jakina, arlo horretan adituak direnak, eta akademiatik kanpo arpitanoari buruzko ikerketak egiten dituztenak.
Nola eutsi dio herriak bere hizkuntzari baldintza horietan?
Historian zehar ez da inoiz hizkuntza erabiltzeko zuzeneko debekurik egon. Hala ere, irakasleek umeak zigortu egiten zituzten eskolan arpitanoz egiten bazuten. Arpitanoaren erabilera ez zen etxetik irten behar. Oraindik badago besterik gabe arpitanoz egiten duen jendea, espontaneoki esan nahi dut, hizkuntzaren inguruan kontzientziarik garatu ez duen arren. Baina kalean gero eta italiera gehiago entzuten da.
Erabilerari dagokionez, aldea dago mutil eta nesken artean?
Bai. Herriak neurri handiagoan helarazi die hizkuntza mutilei, neskei baino. Bada, mutilak etxean geratzen ziren oinordekoak gizonezkoak izan direlako beti, ez emakumezkoak. Ondorioz, mutilak Aostan geratu ohi ziren bizitzen eta agintzen, eta herriko beste gizonekin harremanak eta tratuak egiten, arpitanoz. Neskak, ordea, kanpora ezkontzen ziren askotan. Eta bertan geldituz gero ere ez zen funtsezkoa arpitanoa jakitea edo ez. Emakumezkoa ez ziren plazan ibiltzen. Bestalde, gizarte mailan igotzeko itxaropena edo nahia zuten gurasoek ez zieten seme-alabei arpitanoa irakasten, euren helburua izanik seme-alabak kanpora bidaltzea ikasketak egin zitzaten.
Zertan da gaur arpitanoz egiten den literatura?
Musikari gehiago daude orain idazle baino. Zoritxarrez, lehengo idazleak ez dira gazteentzat ezagunak horiei buruz ez baita eskolan ezer irakasten. Poetarik ezagunena Marco Gal (1940-2015) izan zen. Beste batzuk aipatzearren, Carlo Rossi, Henri Armand edo Pierre Grasset eleberrigileak. Musikariei dagokienez, Philippe Milleret, Ruben Voyat, Yvette Buillet, Aostakoak berauek. Frantzian Tape-Dru, eta Suitzan Joël Nendaz, besteak beste.
Zertan dira herritarren arteko harremanak mugakideekin?
Hiru estatutan sakabanaturik egoteak herritarrak pixkanaka-pixkanaka elkarrengandik urruntzea ekarri du, nahiz eta hasiera batean kultura-espazio bakar bat osatzen genuen. Horri ere aurre egin nahi diogu. Adibidez, gure erakundeak hiru herrialdeetako erakundeekin egiten du lan.
Zein alderditan egiten du lan Centre d'Études francoprovençales ikerguneak, ikasturte hasieran irakasle berriei kultura arpitanoa ezagutzera emateaz gain?
Une honetan, arpitanoa ikasteko ikastaroak egiten ditugu. Beste hizkuntzetatik arpitanora egiten diren itzulpenak ere sustatu nahi ditugu francoprovenzalera ezagutzera emateko asmoz. Hasteko, haurrentzako liburuak. Bestela, denetarik antolatzen dugu, jaiak, kultur ekitaldiak, argitalpenak, literatur lehiaketak eta ikerketarako dirulaguntzak... Arpitanoak duintasuna, ospea, itzala berreskuratzea nahi dugu, zor zaion aitormena lor dezan, bai arpitanoz dakitenen aldetik, bai ez dakitenen aldetik, eta bai erakundeen aldetik ere.