Artikulua :: Ane Labaka Mayoz 2025/05/30

ELKARREKIN IRAKURTZEA

Ez da gauza bera mundua errepikatzeko asmoz irakurtzea edo aldatzeko motibazioz.
Remedios Zafra

Astelehena da; arratsaldeko sei eta erdiak. Euria ari du goian behean, eta gainezka dago liburutegia. Gainezka, baina mutu. Ertzeko gela batean bilduta daudenek baino ez diote egiten arauari iskin. Ez dira isilik egotera etorri. Hamasei bat dira –gehienak emakumeak–, eta oraingo honetan ere ez diote hutsik egin nahi izan hitzorduari. Hilean behin elkartzen dira, aurrez etxean bakarka irakurri duten hori besteekin konpartitzeko asmoz. Beraiekin dakartzate irakurri bitartean pentsatu eta sentitutakoak, arkatzezko azpimarrak eta orri izkinetako tolesak, koaderno txikiren batean hartutako ohar solteak, ordenagailuz txukun-txukun idatzitako apunte-sorta. Tartean dira goiztiarrak, erlojuko orratzak bezain puntualak diren beste bakan batzuk, eta baita hilero-hilero arnasestuka iritsi ohi direnak ere. Borobilean eseri dira, ohiko legez; elkar ezagutu zuten lehen egunean okupatu zuten aulki berean. Hasierako errondan nork bere inpresioak azaldu eta, ez bat eta ez bi, hasi da iritzien mataza korapilatzen-korapilatzen.

Ezin aurretiaz jakin non amaituko duten.

Azaroan abiatu zuten ikasturtea, Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra nobelarekin. Jardun zuten belaunaldien arteko talkaz, sare sozialen erabileraz, likidotasunaz eta loturekiko ikaraz, turismoaz eta boom-aren osteko dekadentziaz… Estimatu zuten Benidormeko eguzkiaren laztana sorbaldetan.

Abenduan, berriz, Agota Kristofen Koaderno handia izan zuten mintzagai. Literatura garaikideko klasiko bat; Eskarne Mujikak euskarara ekarria. Jarri zituzten auzitan Ongia eta Gaizkia, justizia eta morala. Hotzikaratu zituen gerraren gordinak. Eta hausnartu zuten mundua ulertzeko hizkuntza baliatzeaz nahiz haurren idaztankeraz. Askotan, zer kontatzen den baino gehiago baita nola kontatzen den.

Marjane Satrapiren Perspepolis komiki autobiografikoarekin –Irene Arraratsek itzulitakoarekin– eman zioten ongi etorria urte berriari. Egin zuten barre Marxek eta Jainko bizardunak elkarren antza dutela zioen Irango hamar urteko neskatoarekin. Trabatu zitzaizkien eztarrian osaba torturatuak, lisaburdinaren markak, Europarekiko desilusioa eta arrazakeria. Berretsi zuten historia ez dela continuum bat baizik.

Otsailean, beso-zabalik jaso zuten Miren Amurizaren bisita, Pleibak nobela aletzeko irrikaz. Eta atzera  belaunaldien arteko talka. Paisaia rural poligoneroa eta zikinak jandako hizkuntza. Liburu horretarako proposamen linguistiko konkretua, adierazkortasunaren mesedetan. Hizkuntza bat menderatzea apurtzeko beste.

Bortxaketa. Amodiozko istorio bat liburuaren txanda izan zen martxoan. Joyce Carol Oates, Xabier Olarraren itzulpenean. Bortxatua izan den emakume baten hamabi urteko alabari zuzentzen zaion narratzailea. Justizia sistemaren tranpak, estigma, biktimen birbiktimizazioa... Eta lerroarteetan une oro Elisa Mouliaáren testigantzaren oihartzunak.

Apirileko hitzorduan Xabier Mendigurenen Oso latza izan da kronika literarioa aztertu zuten, Joxe Arregiren erailketaren osteko deshobiratzea kontatzen duena. Garaiaren erretratu bikaina dela iritzi zioten; obra ezinbestekoa memoria historikoaren eraikuntzarako.

Hetero ipuin bildumaz jardun zuten maiatzean, Uxue Alberdi idazlearekin batera. Askotariko kontamoduei behatu zieten. Memoria-ariketei eta ipuin bakoitzaren atzeko lanari; paragrafokako elaborazioari. Idazleak hitz egin zien hobeto irakurtzen ikasteaz eta borobilaren erdira inbokatu nahi izan zituen Lucia Berlin, Raymond Carver, Alice Munro, Lorrie Moore, Truman Capote eta Eider Rodriguez.

Hain zuzen, plazer hartzeko modua izateaz gain, hobeto irakurtzen ikasteko modu bat izan daiteke elkarrekin irakurtzea. Bakarka jasotakoa kolektibizatzea. Nork bereak azaldu eta besteenari adi entzutea. Elkar osatzea, puzzle handi baten piezek nola.

Gaurkoa dute ikasturteko azkena. Liburutegiaren pareko tabernan elkarrekin trago bat hartu eta atsedena dute zain. Uda bete liburu, udazkenean atzera taldea sortu eta ikasturte osorako aulki berri bat okupatzeko.

Ane Labaka Mayoz