Artikulua :: Idoia Carramiñana 2025/04/29

Egoitza literarioa defendatuko dut...

La casa de mio padre foi amueblada por Ikea.
Defenderíala, daveres,
si nun tuviere unos vecinos cafiantes,
si nun quedare alloñada del centru,
si se viere la playa allalantrones.

Defendería la casa de mio padre
de nun tener de mover bártulos,
defendería la casa de mio padre,
si nun co(n)stare tanto,
si tuviere
Netflix.

Ez pentsa asturiera ikastaro trinkoa egin dudanik, kontua da soilik Aste Santu honetan Asturiasko kulturaz eta literaturaz asko blaitu naizela. Izan ere, oraingo honetan zuokin partekatzen dudan artikuluak zerikusia du horrekin. Hain zuzen, Residencia Lliteraria Xixón egoitzan lan egiteko aukera izan dut. Hau izan da nire lehen esperientzia horrelako ekimen batean, eta uste dut niregatik egin nezakeen gauzarik onenetakoa izan dela.

Ezin dut ahaztu, berez, proiektua hartzen gaituen elkarteari esker ezagutu nuela. Pentsatzen dut zuei, idazle eta bazkideei, niri bezala, informazioa iritsiko zitzaizuela. Residencia Lliteraria Xixón bertako L'Arena auzoan kokatzen den pisu argitsua, isila eta ezin hobea da, eta esku artean duzuen edozein egitasmo literario abiatzeko, garatzeko edo azkentzeko lekurik aproposena. Egia da, egoitza mota ezberdinak daudela, zenbaitetan beste egile batzuekin batera egoteko aukera izaten da non iritziak trukatu eta berrelikadura sortu. Xixonen kasuan, helburua bada gehienbat idazketan murgiltzeko hain beharrezkoak ditugun bakea eta bakardadea bilatzea. Horrez gain, aholkularitza-, elkarrizketa- eta hedapen-zerbitzuak ere eskaintzen dira. Eta tira, puntu honetara iritsita konturatzen naiz ez nuela artikulua egoitzen aldeko testu panfletario bihurtu nahi, baina, bide batez, zuengan horien gaineko interesa piztea lortu badut, puntu positibo bat niretzat.

Baina balio diezagula aitzakia gisa Asturiasko literaturara pixka bat hurbiltzeko, oso hurreko auzokideak baitira, eta, again, ez ditugu beren ekarpen kulturak beharbeste begiz jotzen. Aldiz, oso gertutik jarraitzen digute haiek, eta halaxe jakinarazi zidaten, euskararen egoera soziolinguistikoa erreferente handia baita beren hizkuntzarentzat ofizialtasuna lortzeko bide horretan. Solasaldi luzeak izan genituen gai horren gainean, euskal hizkuntzaren osasunaz (nahiz eta guri batzuetan iruditu ez dela erabatekoa) eta baita ere euskaraz garatzen den literaturaz. Baina ez hori bakarrik, hizkuntzen eta hiztun taldeen arteko harremanaz ere hausnartu genuen.

Hasierako bertsoak, preseski, Diego Solís olerkariarenak dira, gaur egungo asturiar poesiaren erreferente nagusienetarikoa. Atentzioa ematen dit -ea zuek zer pentsatzen duzuen- Gabriel Arestiren poema mitikoarekin duen antza, baina ñabardura desberdin samar batekin. Ez da bera hurbilketa hori egin duen bakarra. Adibidez, Yolanda Castaño poeta galiziarrak honako hau agertzen du Materia izeneko poema-liburuan (2023ko Poesia Sari Nazionala): “Non defenderei a casa dos meus pais. / Nin contra os lobos nin a seca nin a usura. / Porque nacín no ensanche dunha cidade arroiada / e tivo que venderse e non era súa, ao final.”

Hori dela eta, bi galdera sortzen zaizkit. Alde batetik, kontziente al gara gure literaturak ingurukoetan duen pisuaz? Euskara hizkuntza “txikia” da, baina, hala eta guztiz ere, ondoko beste hizkuntza batzuk erakartzeko ahalmena du. Eta, azken batean, elkarreragin horiek ederrenak dira. Animatzen zaituztet, hortaz, itzulerako norabidea hartu eta asturieraz idazten duten poetak eta idazleak ezagutzera, ziur asko harrituko gaituztenak haien erretorikarekin: Inaciu Galán, Xuan Bello, Marta Mori, Raúl Alonso, Berta Piñán edo Lourdes Álvarez, besteak beste.

Eta bigarrenik, zer gertatzen ari da ETXEarekin? Badirudi gaur egungo gaitza dugula. Aitaren etxea ez da jada gotorleku ukiezin hura. Beste gabe. Hormak hautsi egin dira, eta, haien ordez, espazio berriak irekitzen ari dira, beharrezkoak hauek ere. Gauzak horrela, agian ez da ideia txarra, arestian aipatu bezala, etxe berri baten bila hastea. Beharbada, egoitza literarioak izan behar ote dira idazleen topaleku baino, haien etorkizuneko bizitokiak? Nik, behintzat, bai defendatuko nukeela horietako bat.

Idoia Carramiñana