Diruak ezin eros dezakeena: maitasuna (eta II)
Berriki hil den Nuccio Ordine italiarrak badauka liburu bat Alferrikakoaren balioa deritzana, zeinen xedea den balio praktiko-utilitarista zuzenik ez daukaten balioak gorestea, eta aipatzen duenetako bat maitasuna da, izenburu esanguratsu honekin: “Jabe egin nahiak maitasuna hiltzen du”1.
Egiazko maitasunaren definizio eder hauxe ematen digu: “egiazko maitasuna bata bestearengana askatasunez doazen bi izakiren arteko bat-egitearen adierazgarria da. Batzen dituen lokarrian ez dago interesik, maitasunak du balioa bere horretan, eta maitasuna gai da interes indibidual oro eta berekoikeria mota oro desagerrarazteko. Eta maitasuna dohain gisa eskaintzen bada [...], ez du sufrimendurik sortuko” (ib.).
Zein ederra, ezta? Horrelakorik ba al da munduan?, horrelakorik inoiz sentitu al duzue? Elkarrengana askatasunez doazen bi izakiren bat-egitea! Hori bai diruak ezin dezakeela erosi.
Ai, baina, hori esan orduko aipatzen digu beste muturra ere, maitasunaren alegiazko lerroaren beste ertz gaiztoa: “Ez pentsatu gauza bera direnik maitasuna eta jabetzaren eldarnioa, jabetu nahiaren eldarnioak sufrimendurik makurrenak ekartzen baititu” (ib.).
Besteaz jabetzeko grina nagusitzen denean, bestea mendean hartzeko premia pizten denean, orduan maitasuna jeloskortasuna bihurtzen da eta bekaizkeria.
Arrisku horren argigarri, bi pasarte ekartzen ditu, bi klasiko handitan kontatzen direnak: L. Ariosto poeta italiarraren Orlando haserre liburuko 43. kantuan jasoa, eta Cervantesen On Kixote Mantxako liburuko lehen partean sarturiko narrazio labur bat. Biak oso antzekoak dira. Bietan, senarrek proban jarri nahi dute emaztea, uste baitute desleial izateko aukerarik ez duen emakumeak ez duela senarrarenganako zinezko maitasunik, hots, eltzea sutan jartzean probatzen den bezala, emakumea desleial izateko arriskupean.
Lehenbizikoan, Orlando haserre-n, harribitxien eskaintzak limurtzen du emaztea, eta desleialtasunera lerratzen. Ariosto poetak Rinaldo pertsonaiaren bitartez, senarraren jokaera egiten du emaztearen desleialtasunaren errudun, bera izan delako eragile.
Bigarrengoan, Cervantesek kontatzen duen istorioan, antzeko planteamoldea egiten da ñabardura garrantzizko batekin: emaztea leiala izatea erraza da baldin eta desleial izateko aukerarik ez badu, eta desleialtasunak heriotza ekarriko diolako ziurtasuna badu, hots, hiltzeko beldurragatik bada leial –egungo hilketetara garamatza irudimenak--. Senarrak proban jartzen du emaztea, bere lagunik handienari hura limurtzeko eskaturik. Lagun horrek esaten dio proba hori burugabekeria dela, zeren senarrak ehunduriko tranpan emaztea erortzen ez bada ere, ez duela senarra gehiago maiteko, eta erortzen bada, senarra bera izango dela errudun, baina aurrera egiten dute, eta amaiera tragikoa izanen du: senarra penaz hiltzen da, eta maitale berriek bizia galduko dute.
Bi istorio horietatik atera litezkeen ondorioetara etorririk, Nuccio Ordinerentzat jabetza da maitasunaren etsairik gaiztoenetako bat; izan ere, maitasuna zirkulu batean itxi eta betiereko kartzela batean bizitzera kondenatzeak ez du babestuko gizakion aferetan gertatu ohi diren askotariko aldaketetatik.
Rainer Maria Rilke poetak gutun batean honako irudi hau darabil maitasunak askatasuna berezko izan behar duela erakusteko: Maitasunak askatasunez mugitu beharra dauka, oztoporik gabe gelditzeko edo ihes egiteko aukera ematen dion esku ireki bat behar du. Maitatua geldiarazi nahian behatzak estutzea eskua zerraldo bihurtzearen parekoa da: Guretzat eskuek ez dute hilkutxa izan behar, baizik eta ohe bat gauzek ilunabarrean lo egin dezaten eta beren ametsen sakonean sekretu maiteenak adieraz ditzaten. Bestearen jabe egitea, berez, pobrezia da, larrimina; eduki izana baizik ez da edukitze lasaigarria!
Bai, giza-harremanetan askatasuna izateko, independentzia ekonomikoa ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa: maitasun oro behin-behinekoa da, eta toleratu beharra dago beti dagoela galtzeko trantzean.
1 Itzul. Fernando Rey: Alferrikakoaren balioa, Pamiela, Arre (Nafarroa), 2023, 150.