Artikulua :: PAKO SUDUPE 2023/06/14

Diruak ezin eros dezakeena (I)

Fukushiman istripu nuklearra gertatu eta hilabete gutxira, Suitzak zentral nuklear gehiago ez eraikitzea erabaki zuen erreferendum bidez. Bost zentral nuklear zituen martxan, zaharrena 1969koa eta gazteena 1984koa, eta haiek herrialdearen behar elektrikoen %40 hornitzen zuten. 2017an, erreferendum bidez (%58,2 aldeko botoz) erabaki zuten pixkanaka zentral nuklearrak ixten joatea, presarik gabe –haien bizitza 45 urtera mugatzen zuen proposamena bazterturik-- eta haiek energia berriztagarriez ordezkatzea. Badakizue, suitzarrek erreferendumak egiteko ohitura ona dute eta oso herrialde deszentralizatua da, 26 kantoi oso ezberdin baititu, eta bakoitzak bere ohitura eta legeak. Guk kontatuko dugun gertakaria iragan 90eko hamarkadakoa da.

Hondakin erradioaktiboak non gorde? Wolfenschiessen Suitzako erdialdeko udalerri basotsu bat da. Nidwalden izeneko kantonamenduan dago; 2.000 biztanle inguru ditu 92,76 kilometro koadrotan banatuta. Kantoi osoan 40.000 pasatxo; beraz, gutxi populatua eta baso ugarikoa, eta horregatik, hondakinen biltegi posible bezala izendatua izan zen.

1993an, erreferenduma egin aurretik, zenbait ekonomialarik inkesta bat egin zuten jakiteko jendea zein iritzitakoa zen. Herritar gehienek hondakinen ahalezko presentzia ez desiragarritzat jotzen bazuten ere, ehuneko 51k azaldu zuen onartuko zuela. Dirudienez, gizalegezko betebeharraren zentzua arriskuekiko kezkari gailendu zitzaion. Ondoren, ekonomialariek eroskeria bat gehitu zuten: demagun legebiltzarrak zuen komunitatean hondakin erradioaktiboen instalazioa eraikitzea proposatu duela eta bizilagun bakoitzari urteko kopuru batekin konpentsatzea proposatuko dizuela. Orduan, alde egongo zinatekete?

Diru eskaintzak onarpena %25era jaitsarazi zuen. Benetan? Bai, benetan. Uste izan liteke gurean eta Europan leku gehienetan, alderantziz gertatuko zela. Konpentsazio moduan diru gutxi eskainiko zieten? Bada, ez, 8.000 euro inguru bakoitzari; halere, ehuneko 83k azaldu zuten haiek ezin zirela erosi, ez zeudela salgai.

Pentsa liteke hondakin erradioaktiboen presentziagatiko konpentsazioa handitzeak lehendik zegoen espiritu komunitarioa indartuko zukeela. Azken buruan, ez dute indar gehiago bi pizgarrik – bata ekonomikoa eta bestea zibikoa- bakarrak baino? Ez, nahitaez. Akatsa da pizgarriak gehigarriak direla pentsatzea. Aitzitik, Suitzako herritar zintzoentzat, konpentsazio pribatu baten ikuspegiak arazo zibiko bat diru kontua bihurtzen zuen. Merkataritzako arauak sartzeak zentzu aldaketa zekarren: gizalegezko betebeharretik aldentzen zuen.

Horrek ez du esan nahi gobernu federalak tokiko komunitateei kokaguneei buruzko erabakiak inposatu behar dizkienik. Modu harroputzean ezarritako erregulazioa diru-pizgarriak baino korrosiboagoa izan daiteke erkidegoko espirituaren aldetik. Herri bateko biztanleek arriskuak beren gain har ditzaten ahalbidetzea, herritarrek interes publikoari hobekien zerbitzatzen dioten lekuak zein diren erabakitzeko lanean parte har dezaten ahalbidetzea, komunitate hartzaileei instalazio arriskutsuak ixteko eskubidea ematea, beharrezkoa izanez gero; horiek guztiak babes publikoa irabazteko modu seguruagoak dira erosten saiatzea baino.

Ikerketa batzuek erakutsi dute auzotarrak prest daudela konpentsazio bat onartzeko, ondasun publikoen forman bada. Ondasun publikoak diru pribatua baino egokiagoak dira kalte eta deserosotasunengatiko konpentsazio gisa, ondasun horiek aitortzen dituztelako herritarrek beren gain hartu behar dituzten eragozpenak eta haien sakrifizio partekatua, kokapen-erabakiek ezartzen dituztenak. Hondakin erradioaktiboen biltegi bat onartzeagatik bizilagunei ematen zaien diru-konpentsazioa eroskeria bat dela esan daiteke, komunitatearen degradazioa onar dezaten. Baina liburutegi berri batek, aisialdirako gune batek edo ikastetxe batek, nolabait esateko, txanpon berarekin ordaintzen dute sakrifizio zibikoa, komunitatea indartu eta bere espiritu zibikoa ohoratzean.

Niri ideia onak iruditzen zaizkit goian azaldu ditudanak. Pena da gurean, oraindik, aski zabalduak eta onartuak ez izatea.

PAKO SUDUPE