Artikulua :: Izaskun Gracia 2024/05/23

DENBORARIK EZA

Duela bi aste, asteburu oso bat irakurtzen eman nuen. Ez dut maiz egiten, egia da. Normalean, egun bakoitzaren errutinatik biltzen ditut minutuak irakurri ahal izateko, eta asteburuetan beste gauza asko ere egiten ditut irakurtzeaz gain. Hala ere, aukera berezia zen hori, irakurtzeko gogo handia nuen liburua jaso berria bainuen. Eta %100 egia da irakurtzeko gogo handia nuela, liburua urrian eskatu nuen eta. Zazpi hilabete itxaron nituen eleberri hori iritsi arte, eta merezi zuen asteburua irakurtzen emateak.

Lagunei kontatu nienean, denak harrituta geratu ziren hain denbora luzean neure onetatik atera gabe liburuaren zain egon nintzelako. Aitortu zidaten inoiz ez zutela libururik hain goiz agindu, ezta liburu-sailik hasi ere, istorioa osatzen zuten ale guztiak oraindik argitaratu ez baziren. Noski, inoiz ez dute telesailik ere hasi, kapitulu guztiak streaming-ean eskuragarri ez badaude. Ezin dute jasan zenbait hilabetez edo astez —ezta egunez ere— itxarotea hurrengo kapitulua eskuragarri egon arte.

Orain, gai horretaz luze hausnartu ondoren, pentsatzen dut ezen, liburu bat irakurtzeko edo film/telesail bat ikusteko gogo handia izatea edo oso gustukoa dugun zerbait egiteko irrikan egotea kenduta (kasu horietan, logikoa da nolabaiteko pazientziarik eza izatea eta irakurketa/bisualizazio/ekintza horretaz ahalik eta azkarren gozatu nahi izatea), itxaron beharreko higuina gero eta ohikoagoa dela. Ematen du presak gure egunak inbaditu dituela gu horretaz konturatu gabe, eta etengabe bultzatzen gaituela denbora pila bat aurreztu dezagun, nahiz eta, egia esan, denbora hori nora doan ez dakigun.

Gero eta jende gehiagok filmak eta telesailak abiadura bikoitzean ikusten ditu (edo saltoka, astiro garatzen omen diren eszenak ez ikusteko). Beste batzuk, supermerkatuko kutxan bi pertsona edo gehiago aurrean badituzte, sutan jartzen dira (edo autozerbitzuko kutxak erabiltzen dituzte, nahiz eta desesperatzeko modukoak izan, bi minutu irabazteko bakarrik). Gero eta gailu gehiago daude salgai pentsatu ahal dugun guztia ahalik eta azkarren egiteko: sukaldean aritzea, garbitzea, denbora (!) antolatzea, argaltzea, gizentzea, sasoi onean jartzea, erlaxatzea, loak hartzea, irakurtzea, hizkuntzak ikastea, tresna bat jotzea, ohiturak aldatzea edo edozein ezagutza eskuratzea. Beste aplikazio batzuk ere badaude gustukoak izan ditzakegun pertsonak azkarrago aurkitzeko, eta haiekin harreman bat azkar hasi edo eten egiteko. Eta, noski, penak gainditzeko edo edozein min (fisikoa zein mentala) arnasa batean diagnostikatzeko eta sendatzeko teknika hutsezinak ere eskuragarri daude.

Baina nora doa aurrezten ari garen denbora hori guztia? Zer gertatzen da itxaroten edota hain azkar lortu dugunaz gozatzen ere ematen ez ditugun minutu horiekin guztiekin? Agian, geure buruari galdetu beharko genioke Michael Enderen Momo fantasiazko liburua edo errealitate bihurtu den eleberri distopikoa ote den. Agian, gelditu eta lasaitu beharko genuke Momoren bizilagunak bezala ez amaitzeko, beti presaka eta, hala ere, beti astirik gabe. Liburuan ez bezala, bizitza hau ez da ipuina, eta neskato umezurtz bakar bat ere ez da etorriko dortoka magiko batekin gu salbatzera.

Izaskun Gracia