Denbora tarte bat, norberarena
Gogotsu bezain urduri heldu zen, pauso bizian. Bi maleta baino ez zeramatzan arrastaka; bata arropa gutxirekin –bi astez bizirauteko aski eta sobera, pentsatu zuen bere kolkorako– eta bigarrena, berriz, liburuz, kaieraz eta apuntez gainezka. Oihalezko poltsa gorri maiztu bat ere bazeraman sorbaldatik zintzilik, janari-karraio. Badiak eskuzabal egin zion abegi, udako lehen turista taldeei bezalatsu.
Mimoz atondu nahi izan zuen denbora tarte batez mundutik aldendu zedin utzi berri zioten egurrezko etxea. Ekarritakoak beren lekuan kokatu, idazmahaia eguzki izpiak isurtzen ziren tokira mugitu, eta balkoira irten zen leihate berdekaran barrena. Ume batzuk ikusi zituen plazan jolasean, elkarri zipriztinka. Arnasa hartu zuen sakon, eta itsasoa barrendu zitzaion biriketaraino.
Aurreneko gauean apenas egin ahal izan zuen lorik. Artean ez zekien hurrengo egunetan ere kosta egingo zitzaiola begiak biltzea. Egunean zehar pilatutako sargoriaren eraginez-edo, teilatuko habeek kirrinka egiten zuten aldian behin. Karraskaka hasten ziren bat-batean, eta bazirudien erdi bi egingo zirela une batetik bestera; lehertu eta ezpaldu.
Nolanahi ere, nagirik batere gabe jaiki zen ohetik, iratzargailuari aurrea hartuta. Tearentzako ura irakiten jarri, eta lanparapean egin zituen argi naturala leihoak zeharkatzen hasi bitarteko lehenengo orduak. Irrikaz pausatu zen paper mutur eta ohar xehetuzko zurrunbiloaren epizentroan eta, oharkabe, segidako egunetarako errutina izango zena eraikitzen hasi zen pixkanaka. Goizean goiz esnatu, burua aktiboen izan ohi zuela baliatuz idazketari bete-betean lotzen ahalegindu, zerbait bazkaldu, bazkalosteko kuluxkatxoa egin eta idazmahaira berriro, harik eta burmuina mila zati egingo zitzaiola sentitzen hasten zen arte. Egun horretakoak bukatutzat eman, ordenagailua itzali, eta burutik gorputzera jaitsiaraziko zuen zerbait egin nahi izaten zuen orduan. Korrika saio bat paisaia industriala gurutzatzen zuen bidegorrian zehar edo lurra amaitu eta itsasoa hasten zenerainoko paseoa oinez, aldartearen arabera. Itzultzean, bainua har zezakeen harrizko hondartzan eta iluntzeari denbora gehixeago lapurtu nahi izatekotan, balkoian eser zitekeen lasai-lasai irakurtzeko, afaria prestatu aurretik. Goiz afaldu eta goiz oheratzen zen eta, biharamunean, berriz ekiten zion hasieratik.
Astebete igaro aurretik ohartu zen etorri zenean bilatzen zuen hori lortzen hasia zela. Kresalezko parentesi bat eraiki ahal izan zuen kontzienteki hustutako agendan, eta idazten ari zen horretan bizi zen orain. Hain sentitzen zen barruan ezen ez baitzuen, beste batzuetan bezala, ezertan hasterako aurreko egunean idatzitako azken orrialdeak berrirakurtzeko beharrik ere sentitzen. Saldoka zetozkion ideiak burura, gutxien espero zuenean, iluntzeko bainu gazian nahiz sabai berdeari begira lohasman zegoela. Sortzen ari zenarekin lotutako kezkek okupatzen zioten burua, osorik. Era berean, baina, egunerokotasunean lepauztaiak zamatzen zizkion hura sentitzen zuen arintzen eta arintzen. Otorduak erdi-lotuta zituen aurretiaz, bestelako etxekolanek ere ez zioten astirik kentzen –arropa zikina poltsa batean gordetzen zuen itzulerarako–, gertukoek bazekiten han zegoela eta inork ez zion berehalako erantzunik eskatzen. Mugikorra nahita izaten zuen aparte samar. Gestio mentala hutseratuta, ez zuen idaztea beste ardurarik.
Ordura artekoak txatalka sortu izan zituela ohartu zen, sartu-irtenka ibili izan zela beti, eta, are, irakurri ere hala egiten zuela boladaka. Poema solteak edo ipuinak hautatzen zituen, arnasa luzeagoa behar zuten lanak alboratuta.
Idazteko arnasa behar da, eta denbora. Maiz –eta, hala ere, ez behar bestetan– hitz egiten da sormena eta prekarietatea lotzen dituen soka lodiaz. Noiz bilakatu ote zen pribilegio gelditzeko eta sortzeko denbora tarte bat hartu ahal izatea?
Uneren batean erotu eta berak sortutako pertsonaiekin hizketan has zitekeela pentsatu arren, laburregi egin zitzaizkion bi asteak. Idazmahaia egurrezko etxera iritsi zenean zegoen lekura mugitu, ekarritakoak atzera maletetan bildu, eta nostalgia aire batez agurtu zuen badia.