Denbora abolituz
Zer du Mosen Bernat Etxepare handiak Rosalia kantari arrakastatsuarekin ikustekorik? Horrelako loturarik egin al dezaket, sakrilegio izan gabe? Mendeen harresiak abolituko bagenitu, Mosen Bernati gustatuko ote litzaioke bere koplak Rosaliak kantatuak entzutea? Galdera zerrenda potoloa dakarkizut goizon, irakurle, irudiz kidetasunik ez duten bi pertsonaia hauek parez par jartzen ditudanean.
Ondoko hilabetetan aterako da Ibon Rodriguez Garciak eta biok ondu dugun Iaquin bahu disko-liburua, Bernat Etxepareren idatzien musika eta ahots moldaketa berriekin, batzuk a capella, besteak tresna bitxiz lagundurik. Bilbo Zaharra euskaltegiaren ekitaldi batean errotu zen proiektua. Eiheralarreko apezaren bertsoak, ziren bezala atxikiz, berrirakurri ditugu, eta hauen oinarrizko gaurkotasunaz ohartu gara, bereziki liburuaren bigarren zatian kontatzen diren bikote eta genero biolentziei dagokienez. Zorigaitzez emazteen kontrako bortizkeria ez da egungoa. Euskal poeta bakar bat mintzatu zen, 1545ean, Emazteen faborez. Linguae vasconum primitiae hark beti badu fazinatzen gaituen zerbait.
Ibon RGek irudikatu duen diskoaren aiduru gauden bitartean Rosaliaren (1992) El mal querer izeneko albuma entzun dezakegu, San Cugat del Vallèsko neska gaztea nazioarteko chart-en goren mailara igo baitzen horrekin. Flamenkoa, latinoa, trap eta pop esperimentala zein urbanoa jorratzen ditu, eta gaitzeko boza du: ez dut ahanztekoa, negu mineko igande goiz hotz oso bat nola iluminatu eta berotu zidan! Ahotsak bistan dena, kanta bakoitzak zekarren tentsioak, soinu moldaketak eta bistan dena, abestien tematika orokorrak. Alor honetan dira juntatzen Mosen Bernat eta Rosalia, biek bihikatzen dituztelako, “bikotetzen” direnean, emazteek pairatzen dituzten minak...
Maitasuna, edo dena delakoa, sukarraren kurba baten antzera altxatzen, gorpuzten eta lehertzen zaigu. Augurio hoberenen abegian hasten da, ezteiak ospatzen dira, lehen sei hilabeteek ilargia milikatzen dute, baina laster, hor daude jeloskeria, amorosen disputak, orbaindu ezinezko zaurien lamentoak, klausurak, maitale sekretuak bizia aitzina atera ahal izateko eta herioa, kasurik larrienetan. El mal querer obraren antolaketak Mosen Bernaten liburuaren erdiko parte gotorra oroitarazi zidan eta hunkidura kuttun batek bulkatu ninduen uztartu ezinak ziruditen elementuak elkartzera, eta uste dut, horrela salbatu nuela igande hura.
Mosen Bernaten poesia laikoen eredua Okzitaniako trobadors delakoen eresi eta obretan oinarritzen dela erraten da. Egia da, erdi aroan, eta are gehiago berpizkunde garaian, kantari eta artista famatuak gortez gorte ibiltzen zirela beren lanak nobleei eta notableei aurkezteko, hizkuntzek elkar elikatzen zutela, erlijioek ere bai. Nahasketa hau dut aurkitzen Etxepareren olerkien sustraietan. Trobadoreek, bihotz apurtzaileak izateaz gain, XII-XIII. mendetik jada okzitanieraz ekoizten zen literatura hedatzen zuten pasatzen ziren toki orotan.
Rosaliaren el mal querer diskoaren inspirazioa, Daude de Pradas trobadoreak, XIII. gizaldian, 1223an datazio saioen arabera, Roergako okzitanieraz izkiriatu Flamenca (Sutsua) nobelaren orrialdeetatik ernatzen da: zortziko oinetan bermatu bertsotan luzatzen den poesia bat da, amore kortesaren prototipoa, esku-izkribu bakar bat gelditzen delarik oraino, Karkasonako liburutegian. Bertan azaltzen dira senarra, andrea eta amantea, hitzarmenezko ezkontza baten ondorio biolentoak, amantearen fantasmak eta haragizko batasunaren hiltzerainoko desioa. Betikoa, ezta?
Ez dut erran nahi Euskal herrian ez zela, Mosen Bernaten denboran, senarra, andrea eta amanteen figurek osatzen zuten triangelu arriskutsurik. Apeza izanki, kofesio zulotik larriak aditzen zituzkeen, gero bere olerkietan etzateko egokiak. Bere berezkorako jeinurik ukatu gabe, eta horrekin biltzen ditut Mosen Bernaten eta Rosaliaren hariak, Garaziko herria goretsi zuenak Daude de Pradasen Flamenca ezagutu izan balu? Edo honen bertsio inprimatu anitzetatik bat eskuetara jauki bazitzaion? Rosaliak, hondarrean, Mosen Bernati are hurbiltzenago nau eta nik hori damait, izugarri.