Danele Sarriugarte: “Hizkuntzak ezin du dena harrapatu”
NOR. Idazlea, itzultzailea, kazetaria zara, garaiko pentsamendu kritikoa interesatzen zaizu, pertsona konprometitua zarela ematen du… Zer da zuretzat garrantzitsua nor zaren azaltzeko momentuan?
Esan dituzun horiekin identifikatua sentitzen naiz. Zer pentsatu handia ematen dit gaur egun konpromisoa zer den, zer egin dezakegun egoera oso larrien aurrean, garai zailak dira, jende askorentzat. Gehituko nuke pertsona sentibera naizela. Gauza batzuk fuerte sentitzen ditut −beste gauza batzuk ez−, eta gauzekin lotzera, konprometitzera, eramaten nau. Beti izan naiz irakurlea, asko gustatzen zait, esango nuke gehien egiten dudana irakurtzea dela, eta bizi naizen mundu hau ulertzen laguntzen dit, bai pentsamendu kritikoak, bai literaturak. Adibidez, beste zerbait liburuan “afektuen teoria” agertzen da eta niretzat hor dauden autore batzuk deskubrimendu garrantzitsua izan dira.
Nor garen esaterakoan askotan identitateaz hitz egiten dugu. Zuretzat horrek badauka zentzurik? Pertsonetan sakontzeko identitateaz hitz egin behar da edo ez da zerbait baliagarria?
Bai eta ez. Gauza batzuetarako baliagarria da, eta adibidez, juxtu orain kendu dut, baina garai batean Instagramen “bollera eta laguna” neukan jarrita, eta horrek genealogia jakin batean kokatzen nau. Eremu geografikoaren eta familia politikoaren arabera izen batzuk edo beste batzuk erabiltzen dira, ez dira berdinak garai eta leku desberdinetan, bolleraren kasuan demagun. Eta nik bat egiten dut modu estrategikoan erabiltzearen korronte zabalago horrekin, balio diguten neurrian erabiltzearekin. Momentu batean oso erabilgarriak eta baliagarriak izan daitezke, baina baita oso mugatzaileak ere. Izen bat jartzen diozunean mugatzen duzu, eta beti egongo da zerbait hortik eskapatzen dena. Etiketak izan daitezke oso baliagarriak eta bizia ahal dizute salbatu, baina pertsonen kasuan ez da bakarrik garaiaren edo lekuaren arabera desberdinak izango direla izen horiek, baizik eta pertsona bera ere aldatu egiten da, ez da berbera denbora guztian, badago harrapa ezin den multiplizitate bat. Etiketa gehiago eta gehiago jarrita ere ezin dena. Errealitateak hitzak desbordatu egiten ditu. Hizkuntzak ezin du dena harrapatu.
Esaldi polita… Eta IDAZTEA, zer da zuretzat? Zer zentzu dauka edo zer ematen dizu idazteak?
Beti irakurtzetik hasi naiz. Hori da nire babeslekua. Harreman gorabeheratsua eduki dut idazketarekin. Ez daukat konstantzia bat. Badut idazteko joera bat, beti oso presente, bizitza esplikatzeko, jendeari gauzak kontatzeko. Nire tresnetako bat da, baita lan eremutik edo artistikotik harago ere, skills zentzu horretan. Gatazka baten aurrean berehala hasten naiz zerrenda bat egiten… Baina termino literariotan edo asmo estetiko batekin edo publikatzeko, joan eta etorri egin den zerbait da, ez dago nire bizitzan sistematizatua. Beti daukat asmo hori, nahi hori, baina batzuetan gertatzen da eta beste batzuetan ez horrenbeste. Gehiago irakurtzen dudanean idazteko gogo gehiago izaten dut. Loturik daude. Oinez ibiltzearekin ere oso lotua dago, errutinan irakurketa eta paseoa baldin badaude, idazketa ere ematen da.
Eta zuk zer ematen duzu idatziaz? Zertan laguntzen diozu gizarteari idazketaren bidez? Lehen esaten zenuenaren harira, zerrendarena, pentsamendua ordenatzea etortzen zitzaidan…
Liburu bati edo idazteari heltzen diodanean, nire esperantza edo oinarria bada beste liburu batzuek niri ekarpena egin didaten bezala nireak ere beste batzuei egin diezaiekeela ekarpena. Mundua ulertzeko, gozatzeko, minak arintzeko eta abar, tresna bat gehiago izatea.
Jende askok esan dit oso identifikatuta sentitu dela. Hori oso pozgarria da. Beste kasu batzuetan jendeari zailagoa egin zaio edo gehiago mugitu du, eta autore bezala aurrez aurre iritzi horiek jasotzea deserosoagoa den arren, horrek ere funtzio bat betetzen du: gizarte batean hainbeste esaten ez diren gauza batzuk edo hain erosoak ez direnak planteatzea. Ez naiz eroso sentitzen probokatzailearen paper horretan, ez da nik bilatzen dudan zerbait, baina ulertzen dut nire ikuspegi batzuk horrela suertatzen direla, eta hori ere badela ekarpen bat. Batzuetan nik beteko dut funtzio hori, beste batzuetan beste batzuek. Eta literaturak oraindik hori egin badezake, pozgarria da.
SAREA. Idatzi daiteke munduarekiko deskonektaturik? Badu horrek zentzurik? Idatzi daiteke irakurriko dizun hurbileko inor gabe, sarerik gabe, zure interesak konpartitzen dituen norbait gabe?
Hori oso beharrezkoa da. Hasteko, irakurri duzulako idazten duzu, norbaitek ipuinak kontatu dizkizulako, jaso duzulako historiak kontatzearen tradizioa.
Euskaraz idatzita komunitatearekiko lotura partikular bat ematen da. Hizkuntza ez hegemonikoen kasuan, idazketaren eta komunitatearen arteko loturaren pisua beste bat da. Gurean irakurtzen zaituen jendea gertu daukazu eta segur aski ezagutu egingo duzu, edo zure ezagunek ezagutuko dute.
Beti idazten duzu euskaraz?
Bai, gauzaren bat eskatu izan didate gazteleraz idazteko, baina niri ez zait ateratzen, egia esan. Kuriosoa da, ze gaztelania bada nire etxeko hizkuntza bat. Jende askorentzat euskara izaten da etxeko hizkuntza, eta kalekoa, publikoa, gehiago gaztelania. Nire kasuan, alderantziz izan da. Gaztelania ere izan da hizkuntza publiko bat, baina profesionalki gaztelaniaz oso gutxi aritu naiz, ez dut hainbeste garatu ez ikasketen munduan ez lan jardunean, eta hizkuntza intimoagoa da. Hainbat gairi buruz hitz egiteko ohituagoa nago euskaraz.
Sareari helduz, ni neu inguru transfeministan asko mugitu naizenez, hori denez nire ingurua, prisma edo optika hori beti oso presente egon da nire liburuetan. Eta prisma horren kontzientziak liburu horiek hobeto kokatzea ekartzen du. Batzuetan liburu bat ateratzen da, eta modu batera ulertzen da, eta handik hamar urtera norbaitek esaten du, “ez, baina liburu honetan egilea hau egiten ari zen…”. Nik ulertzen nauen sare hori hasieratik eduki dut eta oso inportantea da. Lehenengo liburutik zirriborroak bidali dizkiet nire lagunei, bai “mundutxo” honekin harremana zutenei edo besteei, lagun minei. Ezinbestekoa da niretzat, kanpo balidazioaren beharra ere izan liteke [irribarre egin du]. Funtzionatzen du, ulertzen da, iristen da? Zuk zer esan nahi zenuen eta zer ulertzen den, beste kontu bat da, baina behintzat zeozer iristen dela baieztatzea.
Eta sare honez gain, beste baldintzarik eman behar da idazteko?
Denbora = dirua. Denbora eta baldintza batzuk bermatuta edukitzea. Denetariko idazleak egon dira historian, umeak haur-eskolan utzita idatzi duenik bada, baina baldintza material batzuk beharrezkoak dira, segun eta zein proiektutarako behintzat. Zehatzagoa da esatea, segun eta zein baldintza material dauzkazun eta ze bizi mota, horrek ere taxutzen duela zure idazketaren forma. Mila orriko unibertso alternatibo bat sortu nahi baduzu, zaila da hori tarteetan egitea.
GORPUTZA. Gorputzetik pasata idaztea. Badu zentzurik horrek? Ez arrazionaltasunarekin idaztea, “buruarekin”, baizik eta gorputz osoarekin?
Pasartea, beste zerbait: “Idazten ari naizenean badago puntu bat non erabateko askatasunetik, erabateko konpromisotik eta erabateko arduratik idatzi behar dudan, aitzakiarik gabe, balones fuera egin gabe, biktimizaziorik gabe: erresilientziatik, erresistentziatik, potentziatik, edozein izanik ere” (152. or)
Gorputzak presentzia handia du nire idazketan, baina ez daukat teorizazio bat horren inguruan. Idazten oso kontzentratuta nagoenean, konexio berezi bat dago, oso nire gorputzean nago, baina beste leku batean banengo bezala ere bada, presentzia modu arraro bat da, bake moduko bat, gorputza sentituko ez banu bezala… halako batean konturatzen naiz igual hoztuta nagoela, edo goseak ateratzen nau “trantze” horretatik.
Idazten duzun hori zuk esateko daukazuna edo zuri esatea dagokizuna dela onartu behar duzu: badira beste gauza asko, baina eragiten gaituzten gauza horiek guztiak gorputzean ditudala, naizen guztiarekin, hau egiten ari naiz.
Idazten ari zaren horrekin zure gorputzak, zuk, bat egiten duzula sentitzea modu indartsu batean, ez direla bat bestearen atzetik jartzen dituzun hitz hutsak, adimen artifizialak egingo zukeen bezala. Adimen artifizialak ez dauka gorputzik, ezin du horrela idatzi…
Bai, bai, eta gainera galdetzen zenidanean komunitateari edo gizarteari zer ematen diodan, hori da, idazle batek eman diezaioke beste batek eman ezin diona. Gure ardura da ahalik eta modurik artistikoki onestenean esatea emateko daukagun hori, norberaren proposamena.
GENEROA. Transfeminismoa eta Queer teoria asko lantzen dituzun gaiak dira, itzulpenetan, elkarrizketetan, sorkuntza lanetan… Generoa bada, ezin dugu ihes egin, existituko ez balitz bezala egin, baina bitartasuna gainditu behar dugu, aire freskoa sar dadila… Iruditzen zait horrekin daukala lotura transfeminismoak eta kuirrak, edo zuk nola azalduko zenuke?
Bai, logika bitarra, ez bakarrik maskulino/femenino, baizik eta mundua ulertzeko logika bitarra, eta atxikitzen zaizkion beste sinbolismo pila bat, zalantzan jartzera eta zartatzera datozen teoria batzuk dira. Transfeminismoak Espainiako estatuan eta Queer teoriak AEBetan, bakoitzak bere genealogia dute, baina bitartasunari aurka egite hori konpartitzen dute. Eta naturaltasunaren eta esentziaren kontrako irakurketa baita ere. Postestrukturalismotik datozen ildo batzuk dira. Dekonstrukzio teorietatik eta beste. Ezagutzen ditugun gauzen edo emantzat jotzen ditugun kontzeptu eta nozio bitar horien naturalizazioaren kontrako ikusmolde bat, batez ere zentratzen dena generoan eta sexu-identitatean, modu zabalean, baina beste pentsamendu eta kritika askorekin ere lotu daitekeena, pentsamendu antiarrazistarekin eta abar. XX mende amaierako korronteak dira.
Transfeminismoak eta mugimendu kuirrak antzekotasunak eduki ditzakete. Transfeminismoa lotzen dut feminismoaren subjektua emakumetik harago eraman nahi duen korronte batekin, Espainiako estatuan 2009ko Granadako jardunaldietatik aurrera bastante zabaldu zena, eta Medeak taldea erreferentea izan da zentzu horretan. Eta Queer teoria deitzen diogun hori mundu akademikotik dator eta izen-abizen zehatzak gehitu ahal zaizkio.
Nola idatziko zenuke, queer, kuir…?
Kuir horrelaxe idatziko nuke, euskarazko grafian, pertsonez edo mugimenduaz ari garenean, eta teoriaz ari garenean, berriz, jatorrizko moldea mantenduko nuke: Queer teoria.
INDARKERIA. Bi pasarte, beste zerbait: “Zure mina isilpean gordetzen baduzu, hilko zaituzte eta gainera esango dute gustatu egin zitzaizula“ (133. or) eta “Audre Lorde poeta lesbiana beltzak esan zuen: ‘ez badut nik definitzen neure burua, beste pertsona batzuek nitaz dituzten fantasietan zanpatuta geratuko naiz, eta bizirik jango naute’” (159. or)
Ez da erraza askotan “fantasia” horiek eraitsiko dituzten kontakizunak sortzea.
Aipatu dituzun bi esaldiak bi idazle beltz estatubatuarrenak dira. Lehena, Zora Neale Hurston-ena da, eta, bigarrena, berriz, Audre Lorde-rena. Kanpo begiradaren arabera eraikitzen denean zure kontakizuna −kanpo begirada hori izan daiteke zuritasuna, cis, burgesia…−, hortik eraikitzen denean Bestea, “txungoa” izaten da, Euskal Herrian ere asko bizi izan dugu. Pasarte horretan badago norberak bere narrazioak egiteko aldarrikapen bat eta oso problematikoak izan daitezkeen kanpo irakurketa horien gaineko ohartarazpen bat ere bai. Horren inportantzia, eta era berean, zailtasunak. Gauza bat da zuk idaztea zeure kontakizun hori eta beste kontu bat da nola zabaltzen den, zein neurritan lortzen duzun hori izan dadila gerora zure figura ulertuko den modua. Prozesu kolektibo zabalez ari naiz. Behintzat saiakera egin; herri, kolektibo eta jende askok emandako lezioa da, historian zehar. Ez zait kasualitatea iruditzen kanpo kontakizunaren biolentzia horri buruz ohartarazten duten bi idazleak bi emakume beltz izatea, zuritasunaren begirada oso-oso biolentoa eta oso-oso fantastikoa, asmakizunez osatua, izan delako eta gainera fantasia horiek eragin brutala, odoltsua, izan dutelako.
Modu oso desberdinetan indarkeria jasan duten pertsonek beren kontakizun propioa idazteko behar hori autofikziorako joera handitu izanarekin lotzen nuen, irakurri berria dut zuk itzulitako MacKenzie Warken Alderantzira zamalka…
McKenzie Warkek erabiltzen duen terminoa autoteoriarena da. Eta lagun batek esaten zidan ea zergatik ez dudan nire kasurako ere erabiltzen, baina gehiegi iruditzen zait, ez naizelako sentitzen hain pentsalaria.
Faktore askorekin eduki dezake zerikusia. Hori bat izan daiteke, bai. Ez da kasualitatea automaterialetatik abiatutako testuak ugaritzea garai honetan. Gauza materialekin ere zerikusia eduki dezakeela iruditzen zait, lehen aipatzen genuen bezala. Berehalakotasun handiagoko garaietan bizi garen neurrian, eskuren daukazun gauza horietatik abiatzen zara gauzak egiteko. Halere, autofikzioa, autobiografia, autoteoria erako testuak betidanik existitzen dira, eta badira literaturaren baliabideetako edo bideetako bat. Norbere esperientziatik abiatu arren, gero izan daiteke mundu fantastikoagoak irudikatzea, edo etorkizuna nolakoa izango den… Literaturaren historiografian garai guztietan egon dira horrelako korronteak.
Azken finean, idazleak bere bizipenetatik idazten du, ez dauka besterik, bizipen moduan ulertzen badugu baita ere irakurri, ikusi, entzun duen guztia…
Bai, gogoratzen ari nintzen San Agustinen liburu hori, konbertsioari buruzkoa, autofikziotzat har liteke zentzu batean. Oso desberdinak iruditzen zaizkigun gauza batzuk, baina azpian dauden giza bulkadak ez dira hain desberdinak.
Ez dakit marra bat egin daitekeen fikzioa, autofikzioa, autobiografia bereizteko, baina iruditzen zait batzuetan nahasmendu bat sortzen dela…
Nik uste dut badirela horrelako konbentzio literario batzuk. Autobiografian autorearen eta irakurlearen arteko paktua da bere bizitza kontatuko duela. Autofikzioan paktua da, liburuaren pertsonaia nagusiaren izena eta autorearena berberak direla, eta autoreak horrekin jokatzen du, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugekin. Eta nobela askotan, pertsonaiaren baten ezaugarri asko autorearekin lotu daitezke, baina autoreak ez du erabaki bere izena ematea pertsonaiari. Horrelako liburuei ere autofikzio deitzen zaie, baina nire ustez ez dira autofikzioa.
Annie Ernaux-k bere genero literario propioa sortu du kasik, autosoziobiografia. Garai horretako egiak errekuperatzea da ariketa, baliabide literarioak erabiliaz. Baina nik ez dut erabili nahi bata edo bestea, erabateko fikzioa edo erabateko autosoziobiografia. Liburuarentzat onena dena erabili nahi dut. Gauza batzuk egongo dira oso gertu niregandik, eta beste kasu batzuetan fikzioaren askatasuna eduki nahi nuen, izenak aldatzeko, gertatu ez diren gauzak asmatzeko, literaturaren baliabideak erabiltzeko, azken finean. Arazoak sortzen dizkidan galdera bat da, ze, niri ez zait bereziki baliagarria “zer ote den” galdera hori. Horregatik jarri genion “nobela mutantearena”. Nobela bezala aurkezten dut, baina korronte zabalago baten barruan sartzen da, non materiala edo abiapuntua norberaren esperientziatik oso gertu dagoen. Ez duzu kontatu nahi inportantea delako, zuri gertatu zaizulako eta zu inportantea zarelako, baizik eta hori delako zure materiala.
Bukatzen joateko, asko interesatzen zait boterearen kontzeptua. Zer da boterea zuretzat?
Hainbat gauza. Bioboterearen kontzeptua jarraitu dut, ildo foucaultarra, nire jendea hor kokatzen da, bai jende fisikoa eta bai jarraitzen dudan pentsamendu kritiko mota.
Oso erlatiboa eta aldi berean oso materiala izan daiteke. Norbaitek boterea dauka egoera batzuetan botere hori aitortzen zaiolako, autoritatea duelako, paktu bat da, baina aldi berean badago boterearen parte material bat oso agerikoa. Zuk ahal diozu epaimahai bati zilegitasunik ez aitortu baina berdin-berdin gauzatu dezake zure kontrako kondena bat. Hori guztia da. Ez da asko landu dudan kontzeptu bat.
Giza dinamikaren parte den zerbait da, presente dago, errealitatean dago, ez nintzateke ausartuko esaten ona edo txarra den. Boterea edukitzea oso gauza potentea da, eta ez dakit saihesgarria den. Gure kontzeptu bat da: gauza multzo bati deitzen diogu boterea.
Giza taldeetan beti egon dira hierarkiak −ez dira zertan izan hierarkia zapaltzaileak− edo arduren banaketa edo erabakimena… Azkenean boterea oso gauza lausoa da, eta era berean oso gauza konkretuak dira. Boterea deitzen diogun hori iruditzen zait oso giza espeziearen berezko dinamikak direla.
Non argitaratuko den kontuan izanda, badago zerbait esateko gogoz gelditu zarena?
Aspaldi ez dut egin beste zerbait-i buruzko elkarrizketarik eta eskertu dut, ze oso modu zabalean egin dizkidazu galderak eta orain arte gehiago hitz egin izan dut idazketa prozesuari buruz eta atalei buruz. Eskertu dut zure irakurketatik galderak egin izana.
___
Nik ere eskertu diot Daneleri elkarrizketa, ordu eskasean hainbat eta hainbat hariri tira egiteko aitzakiak mahai gainean jartzeagatik.
___
Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989)
Liburuak:
-
Erraiak (Elkar, 2014)
-
Azala erre (Elkar, 2018)
-
Beste zerbait (Consonni, 2025)