zutabea :: AITZIBER ETXEBERRIA GARRO 2022/04/13

CLOTILDE BOURJOIS

Clotilde Bourjoisek ez du ametsik egiten. Galdua du ustez gizaki guztiok dugun berezko dohain hau. Hasieran kezkatu bazen ere, etsia hartu du, egoera berriaren beste ondorio bat dela barneratu du.

Egiteko berezia du gaur. Hirian zabalik geratzen den bahi-denda bakarrera joan eta hain kuttuna duen zurezko kutxatila salduko du. Denbora luzez tematu da berekin gordetzen. Anaiak eman zion desagertu aurretik. Baita beti berekin daraman eraztuna ere. Hura ez du salduko. Ezker oineko behatz lodian eramaten du beti, begirada jeloskorren babesean. Zilarrezko uztai txiki hura bere lehengoko bizitzara ainguratzen duen elementu bakarra da eta badaki, galduz gero, ozeano zabalean barneratu eta urak irentsiko duela. Zilborrestearen beharra du bizitzen jarraitu nahi badu.

Dena ongi planeaturik du. Etxetik irten eta metroa hartuko du, 3.linea. Lau geldialdi ondoren, zentrora doan 2.linea hartu eta zazpigarren geldialdian, Ametsondon, jaitsiko da. Handik bahi-dendara bostehun metroko bidea baino ez du. Behin hara iritsita, dendara sartzeko unerik egokiena aukeratzea besterik ez zaio geratuko.

Apenas gosaldu du. Urduriegi dago ezer irentsi ahal izateko. Ohiko arropa jantzi eta motxila txiki bat bizkarrean hartuta, kalera irten eta ibaiadar mengel baten antzera, gainerako hiritarrek osatzen duten ibai nagusiarekin bat egin du naturaltasunez. Ez da uholderik gertatu, emaria apur bat hazi baino ez da egin.

Dendaren aurreko plazan dago. Bi ordu luze ditu lanera sartu aurretik, nahikoa denbora bere plana burutzeko. Goizeko hamarrak dira. Bahi-denda hutsik eta bi langileak barruan daude. Ez da une egokia. Isilpean zelatatzen dituzten kamerak lasai mantentze aldera, itxaronaldirako prestaturik duen plana martxan jartzea erabaki du. Motxilatik marrazki bloka eta arkatz gastatu bat atera eta plaza inguratzen duen lorategian zehar barreiaturik dauden bankuetako batean eseri da. Loretan dagoen gereziondo batean itsatsi du begirada eta marrazkian murgildu da. Zaila gertatu zaio ordea begirada paperean edo zuhaitzean mantentzea. Tarteka, disimuluz, ezker zein eskuin begirada zelatari bat irristatzen zaio. Erne egon beharra du anaia bezala bukatu nahi ez badu.

Luze jo du itxaronaldiak eta inor bizkarretik Clotilderen marrazkia begiratzera etorriko balitz, zentzu handirik gabeko marra multzo bat baino ez luke topatuko. Eskumuturrean duen ordulariari begiratu eta martxan jartzeko garaia dela erabaki du. Bloka eta arkatza jaso eta dendarantz abiatu da tentuz. Langileetako bat kafea eskatzera atera berri dela ikusi du eta jendearen sartu-irtena ere badago. Orain da momentu egokia.

Dendatik hamar bat metrotara aurkitzen denean, barne alarma batek kolpez gerarazi du. Izerdi hotz batek lepondoa zeharkatu eta biloak tenkatu dizkio. Arriskuan dago. Senak halaxe adierazten dio eta aspaldi ikasi du, biziraun nahi badu, kasu egin behar diola. Bitan pentsatu gabe, egitekoa bertan behera utzi eta lanera joatea erabaki du. Etorriko da beste batean.

Kale garbitzaileak arretaz begiratu dio. Hamar urte luze pasa diren arren, sarri samar gertatzen dira horrelakoak. Sarraskian hil edo desagertu zirenen senideen bisita edo hurbilketa klandestino haiek. Pertsona ezberdinak diren arren, patroi berbera errepikatzen da: erraietaraino iristen zaien tristura eta izuak eragindako begirada iheskorra. Erratza indarrez heldu eta plazari bizkarra eman dio garbitzaileak.

Inpotentzia izugarria sentitzen du. Senitartekoei hurbiltasun apur bat adieraztea gustatuko litzaiokeen arren, ezin du ezer egin. Agintari berriek han gertaturiko sarraskirik onartzen ez dutenez, ezin eman ez den gertakari baten aurrean damurik agertu. Burua makurtu eta galerari ahal duen moduan aurre egitea tokatzen zaio biktima bakoitzari. Bakarrik.

489P kamerak zooma aktibatu du 85B eremuan. Mugimendu sentsoreak estresarekin bateragarria izan daitekeen jokaera hauteman du. Gobernuarentzat lehentasun osoa du horrelako arazoak identifikatu eta irtenbide bat emateak. B departamentua arduratuko da irudiez.

AITZIBER ETXEBERRIA GARRO