Artikulua :: Yolanda Larreategui 2026/11/16

Butsukari

Badira hizkuntza batean hitz bakar batez adierazten diren egoerak, beste hizkuntza batean esaldi oso bat behar dutenak azaltzeko, eta japonierak baditu horrelako hitz bereziak. Tsundoku, esaterako, liburuak erosi bai baina irakurri gabe pilatzeko ohitura da; karoshi, gehiegizko lan-kargaren edo estresaren ondoriozko bat-bateko heriotza; komorebi, zuhaitzen hostoen artetik iragazten den eguzki-argia; edo kintsugi, hautsitako zeramika urre-hautsez konpontzeko artea, pitzadurak eta akatsak ezkutatu beharrean agerian uzten dituena. Lau hitz, lau mundu. Filosofia.

Baina bada bosgarren bat, gaurko gogoetarako egokiagoa deritzodana: butsukari. Japonian, jende asko biltzen den lekuetan beste pertsona bat, nahita, sorbaldaz edo gorputzez jotzeko jokabidea izendatzen du. Ez da ustekabeko talka: norbait aukeratu, indarrez jo, eta aurrera jarraitzea da, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Hasieran, jokabide horren egileei butsukari otoko esaten zitzaien: «bultzaka dabilen gizona», hain zuzen ere. Gehienetan gizonezkoak ziren, eta emakumeak, haurrak eta beren burua defendatzeko aukera txikiagoa zuten pertsonak hautatzen zituzten. Ez zuten pareko bat bilatzen; ahulagoa zirudien norbait baizik. Geroago, ordea, jokabidea ez da gizonezkoetara mugatu: emakumeak ere badira bultzatzaile, eta biktimak beste emakume batzuk, haurrak eta pertsona zaurgarriak. Generoak ez du, beraz, bereizten gaur egun. Aldatzen ez dena, ordea, jokabidearen muina da: errazago menderatu, beldurtu edo baztertu daitekeen norbait bilatzea.

Bada, butsukari-aren jokabide horrek badu gurean ere bere isla. Ez kalean, sorbaldaz emandako kolpe fisikoaren bidez, baizik eta hizkuntzen arteko botere-harremanen bidez. Euskararen kasuan, gaztelania da indartsuaren tokia hartzen duena. Botere handiagoa duen hizkuntza da, hedadura, baliabide eta merkatu zabalagoak dituena; eta, hala ere, euskararen eremuan ere bere lekua zabaltzen jarraitzen duena, euskarak bereari eusteko ahalegin berezia egin behar duen bitartean. Bultzada ez da beti agerikoa, ezta beti pertsona jakin baten eskutik datorrena ere. Batzuetan epai baten bidez iristen da, beste batzuetan arau baten bidez. Baina ondorioa antzekoa da: euskararen esparrua estutu egiten da, eta gaztelaniarena, berriz, zabaldu. Ahulagoa jotzea, eta gero norberaren bidean jarraitzea.

Azken urteotan, behin eta berriro ikusi dugu euskararen normalizaziorako urratsak auzitegietara eramaten direla. Administrazioan euskara erabiltzeko neurriak, lanpostu publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko irizpideak, erakundeek euskaraz jarduteko duten aukera… dena jartzen da zalantzan, eta behin baino gehiagotan, epaien bidez, atzera egitera behartzen gaituzte. USaPeko euskarazko azterketaren inguruan gertatutakoa ere horren erakusgarri izan da. Ez dira kasu solteak: norabide berean pilatzen diren erabakiak dira, euskararen erabilera-eremua mugatzen dutenak.

Bultzada bakoitza banaka aztertuta… tira! Baina kolpeak pilatzen direnean, ondorioa nabarmena da: euskararen erabilera-eremua estutzen da, eta euskaraz bizi nahi duen herritarrak oztopo berriak aurkitzen ditu. Horixe da butsukari-aren arriskua: kolpea ez ezik, kolpea normaltzat jotzea.

Eta indarkeria hori ez dugu goiko erakundeetan bakarrik aurkitzen. Durangoko Azokan bertan ere bai baitugu horri buruz hausnartzeko aukera. Azoka euskal kulturaren erakusleiho nagusienetako bat da; euskarazko sorkuntzaren plaza. Horregatik, gaztelaniaz idatzitako dibulgazio-liburuak eta eleberriak saltzeko aukera egoteak galdera bat sorrarazten dit: zergatik behar du gaztelaniak gure plaza ere?

Argudioa ezaguna da: Euskal Herrian girotutako istorioak dira, gure historia edo paisaiak dituzte ardatz, eta, horregatik, Azokan egotea bidezkoa dela esaten da. Ez dut zalantzan jartzen egileek Euskal Herriari buruz idazteko duten eskubidea, ezta liburu horien balioa ere. Baina beste kontu bat da zer plaza erabiltzen den horiek merkaturatzeko. Gaztelaniak Espainia osoa eta Amerika ditu merkatu; euskarak, aldiz, badakigu.

Euskal Herrian girotutako eleberri bat gaztelaniaz idatzita egoteak ez du automatikoki euskal kulturaren sorkuntza bihurtzen. Eta Azokaren izaeraz galdetzea ez da inor baztertzea: zer sustatu nahi dugun erabakitzea baizik. Salmenta, aurkezpena eta katalogoan agertzea ez dira gauza bera; baina galdera nagusia argia da: euskararen plaza den Azokak zer hizkuntza eta zer sorkuntza lehenetsi behar ditu?

Indartsuak ahulagoari bultza egiten dionean, ez da beti ageriko indarkeria izaten. Batzuetan epai baten bidez gertatzen da; beste batzuetan, merkatuaren inertziak baliatuta. Sakakada ez da beti zaratatsua izaten, eta ez du beti aurpegi bera izaten.

Horregatik egon behar dugu adi. Ez daukagu zertan ateak itxi, baina ezin dugu gure ahultasuna ahaztu, ezta neutraltasun faltsuaren izenean indartsuenari bidea libre utzi ere. Euskarak bizitzeko, sortzeko, saltzeko, irakurtzeko eta erakusteko espazioak behar ditu eta espazio horiek zaindu eta defendatu egin behar ditugu. Ikus dezagun kolpea, izenda dezagun, izan gaitezen kritiko eta har ditzagun erabakiak. Gure hizkuntzaren etorkizuna gure eguneroko hautuetan ere jokatzen baita, ea babestu beharrean ez ote garen, gu geu, euskarari (hots, geure izaerari) bultza egiten ari.

Yolanda Larreategui