Artikulua :: Juanra Madariaga 2025/03/25

Buruaz eta beste

Etxeko liburutegiko liburuen antolamendu berrian murgildu naiz egunotan. Liburu zaharrak berrikusi, xarma galdu dutenak desagerrarazi, eta balizko bezuza baterako balio dutenak apartatu. Hala ibili naiz arratsalde askotan, eta ezin dut esan sorpresarik hartu ez dudanik. Zaharren artean, behinola irakurri nituenen (eta ahaztu ditudanen) artean, perla batzuk ediren ditut, apalategiaren luze-laburren horietan ostendurik (eta horiztaturik) zebiltzala jakin barik.

Batek deitu dit atentzioa: Antologia de Poetas Suicidas: 1770-1985. Hor barruan, eta edonon topa daitekeenez, autore ezagun eta ezezagun batzuk badatoz, izan ere, bere buruaz beste egitea erabaki duten idazleen zerrenda luzea da.
 Batzuk, honako hauek: Chatterton, Gérard de Nerval, Antero de Quental, Sylvia Plath, José María Arguedas, Sergei Esenin, Cesare Pavese, Arthur Crava Costas Cariotakis, José Asunción Silva, Ángel Ganivet; Georg Trakl, Mario de Sá Carneiro; Raymond Roussel, Marina Tsvetàieva, Gabriel Ferrater,  Paul Celan, Alejandra Pizarnik, Leopoldo Lugones, Jacques Rigaut, Vladimir Maiakowski,….

Esaten da Chattertonen pozoitzearekin (1770) suizidioaren aroari hasiera eman zitzaiola. Horren ostean, beste askok hartu zuten bide hori beren bizitza propiotik edota porrot artistiko eta literariotik ihes egin nahi zutelako, edota zuten sentiberatasun kontrolagaitzak itotzen zituelako, edota beren baitako munduaren desirarik sakonenak ezin asez ibili zirelako. Seguruenik, denek sentitu zituzten behin baino gehiagotan min ziklotimikoa, onespenik eza, obra baten aurreko amildegia eta zoratzeko zorabioa, ezereza, ezerk ez ziela botere baltsamiko edo katartikoa luzatzen, maila afektibo ahula, desamodioak, noraeza, eta bestelako ezintasunak arrazoi aitorrezinez josiak.

Batzuek aukera hori hartu zuten beren bizitza amaitzeko azken delibero gisan, bakarrik, bakardade beltzenean. Baina beste batzuek erritual hori bakarrik ez egitea erabaki zuten. Stefan Zweig, kasurako, bere emazterekin batera suizidatu baitzen, edo hala esaten da, bederen. Vienako idazlea eta emaztea ohean etzanda aurkitu zuten goiz batean, besarkaturik, eta antza denez, barbiturikoen gaindosi batengatik hilik. Petropolis herrian (Brasil) bizi ziren erbesteraturik. Argi-itzalez beterik dago Stefan Zweig eta Lotte Altmannen agurra.

Harrigarriak izaten dira idazle zenbaitek, bizitzarekiko harremanetan zein heriotzarekikoetan dituzten usadio zorrotz eta obsesiboak. Suiziden zerrendari begiratuz gero, beste datu “kuriosoak” topa daitezke.
 Ernest Hemingway idazle handiak Nobel Saria jaso zuen, eta makina bat idazlan eder utzi zituen. 1954an, eskopeta batekin ahoan tiro egin zuen, aipaturiko saria jaso eta zazpi urtera. Aurretik beste ahalegin batzuk egin zituen hiltzeko. Gizon gogorra ematen zuen beti, baina itxurakeria horren atzean, gaixotasun mentalak, trauma eta beldur sakonak, eta suizidiorako joerak deskubritu ziren. Bera arin jabetu zen horretaz, eta amaiera jarri nahi izan zuen.
 Bada, idazle horrek anaia gazte bat bazuen, Leicester Hemingway. 1982an bere buruaz beste ere egin zuen. Agian genetikak bere araudi zaurgarri partikularra ezarri zuen familia horrengan.

Pablo de Rokha (Carlos Ignacio Diaz Loyolaren ezizena) poeta txiletarra izan zen. 1965eko Literatura Sari Nazionala jaso zuen, eta bertako handienen artean (Gabriela Mistral, Pablo Neruda, Vicente Huidobro) kokatu da bere obra. Idazle honek hainbat seme-alabaren aita izan zen, tartean, Carlos de Rokha (Carlos Díaz Anabalónen ezizena) poeta eta pintorearena. Bere bizitzan zehar, eskizofrenia izan zuen, eta horren erruz, behin baino gehiagotan ospitale psikiatrikoan egon zen. Carlos 41 urte zituela farmako gaindosi baten ondorioz hil zen. Bere aitak ezin izan zuen inoiz pairatu semearen heriotza, eta Ernest Hemingwayren moduan, bere buruaz beste egin zuen ahoan tiro eginez.
 Trajedia bikoitzak.

Euskal idazleen artean Jon Mirande dugu suizida. Jon Mirande Aiphasorho euskal literaturako XX. mendeko idazle nabarmenenetako bat izan da, zalantzarik gabe.
 “1973ko urtarrilaren lehen egunetan bisitan joandako lagun batzuek aurkitu omen zuten hilik bere apartamenduan, bi botila whisky eta lau tubo barbituriko hutsen ondoan. Medikuek abenduaren 28an datatu zuten haren heriotza. Jon Etxaide bezalako lagunek nahi gabe edo uste baino alkohol eta pilula gehiago hartuta hil izango zela pentsatu bazuten ere, oso uste hedatua da ezagutu zutenen artean heriotza bilatu egin zuela nolabait. 47 urte besterik ez zituen, eta 15 urte inguru zeramatzan gaixorik”.
 Idaztea zen bizitzan axola zitzaiona kontu bakarra, baina depresioz depresio bizi izan zen azken urteetan, eta horrek desesperaziora eraman zuen.

Bizitzaren desenkantuen izugarrikeriak.

Juanra Madariaga