zutabea :: ITXARO BORDA 2024/02/20

BIZAR URDINEN TXABOLAN

Frantziako egunkarietan, eskuineko ideologia hobesten duten pentsalarien zutabeak irakurtzen dira, woke deitzen den iratzartze edo esnatze mugimenduarekiko oldar bortitzak... kolonialismoa, sexismoa, patriarkatua, nerabeen sexualizatzea kritika ezinezko gaiak bailiran. Eskolan ingelesa ikastean murduskatzen genuen aditz irregularra da hitz seinalatu hau: to wake, I woke, woken marmaratzen genuen, Madame Cassou irakaslearen behako larderiatsuaren menpean. Badu zenbait urte dagoeneko, #Nikere traolaren ildotik, bortxaketa, familiarteko biolentzia eta pedofilia kasuak paperean etzaten dabiltzala idazleak, kazetariak, kirolariak eta hondar asteotan europar zinemako ikonoak diren antzezle batzuk. Judit Godrechen aldi da gaurkoan muturra agertzeko, Benoit Jacquot eta Jacques Doillon zinegile mitikoak -sistemaren arabera- akusatuz.

Noiz arte onartuko dugu artearen betetasuna lortzeko sortzaile batzuek emazteen eta nerabezaroa zirtzikatzen zaien neskatxa hutsen gorputzez baliatzea? Beraien “gauzak” balira bezala tratatzea? Musak behar al dituzte obra handiak kreatzeko? Zergatik erromantizismoak emakumeen aurkako sarraskiak justifikatzen ditu? Zirika eta mise-en-scène delakoa nahastea zilegi da? Pantailan ikusten ditugun musuak bi parteek adostuak dira? Bizar Urdinen txabola al da munduko zinegintzaren eta literaturaren ekimen eremu bakarra? Fikzioaren eta errealitatearen arteko harreman lanjeros baten menpe gaude film edo liburu batek hunkitzen gaituenean? Hamalau urtetan Jacquot zinegileak banpirizatu zuela salatzen duelako, goi-mailan diren zinegile batzuen boterea zalantzan emanez, Judit Godreche wokismo uhinaren maldara lerratu dela errepika dezakete behialako ideologo unibertsalistek? Filmak bestela ikusiko al ditugu aktore eme bakoitzaren gibelean, haurtzaroa ebatsi zaion emazte bat izan daitekeela pentsatzen hasten baldin bagara?

Sortzailea eta bere biografia erreala. Hemen ere baditugu trenka ezinezko auziak. Sexu arloko aferarik ez dago -oraino- baizik eta joera politikoen aldetik garatzen diren eztabaidak. Lehena, ezaguna dugu: zuritzen saiatzen garen arren, Jon Mirande (1924-1972) idazlearen biografian geldituko da nazismoaren itzala, Hitlerrengana zeukan miresmena, indioen, beltzen, judutarren eta homosexualen kontrako diskurtsoen artean. Haur besotakoa nobelaren gibelean galdera bat dator zintzilik: zer dago erreala? Zer dago fikzioa? Narratzailea pedofiloa baldin bazen, Mirande bera ere bai? Hozka ez dago hor gure irudiko, baizik eta bere ikusmolde politiko errealetan, eskuin muturreko ideologiak arbuiatzen ditugun jendarteotan arazoa haz dezaketena. Baina, Mirande misoginoa eta nazia, egundainokoan, euskal idazle ausart eta magikoen panteoian dago!

Azken hilabeteotan, izparringietan, azaldu dira Eduardo Chillida (1924-2002) donostiar artistaren frankismoaren garaiko egikera batzuen inguruko xehetasunak. Bere sortzearen ehungarren urteburuko ospakizunen gainean, halatan, halako tatxa bat itsatsiko da: Chillida frankismoari lotuko dugu, izena entzunen dugun aldi oroz. Bistan dena, alor uher horietan egia jakitea hobe da, Chillida frankista baldin bazen, eta hala bide zen, zergatik ez erran? Miranderi bere nazismoa barkatzen zaio eta Chillidaren frankismoak balio digu euskal munduren parte batek sekula arras estimatu ez duen artista baten baztertzea baimentzeko.

Biolentzia mota franko baimentzen dituen jendarte bateko biztanleak gara. Orokorrean, emazteek eta neskatxek dituzte sufritzen min hauek, eta aipatzen dituztenean, histerikoak edo gezurterrak izatea leporatzen zaie. Nazismoak eta frankismoak, halaber, emakumeak menderatzea zeukaten helburu, faxismo guzien antzera. Berunezko maskulinismo txapa batek lehertzen gaitu, eta sistemak aukeratzera akuilatzen gaitu, nire alde dagoena zure kontra dagoelako printzipioaren aizolbean. Mansplaining eta gaslighting egikerak bermatzen dira indartsu, zapalduen eta kolpatuen ustezko wokismoari bideak ixteko!

ITXARO BORDA