Artikulua :: Juanra Madariaga 2025/11/18

Bideak, ur-jauziak eta hildakoak

Udagoien honetan zoriak irri egin dit eta bidaia eder bat burutu ahal izan dut, askotan amesten den horietako bat, nahiz eta nire ametsa errekurrentea den.
Tokia ezaguna da nire begientzat, garai preteritoetan ibili bainaiz alderrai herrialde horretako kapitaleko kaleetan, bai eta bere geografia txundigarrian barna, mutu anitzetan. Ez dut amnesiarik.

Nepal zoragarria abegikor agertu zitzaidan beste behin, eta betiko botere baltsamiko edo katartikoa luzatu zidan. Lehen unetik ber ezagutu nituen duela urte batzuk ibilitako tokiak, eta berehala -hoteltxoan traste guztiak laga ondoren- Katmandu hiri kaotikoko kaleetara irten nintzen, hango usain eta azantzen hibridazioa dastatzera, Namaste hemendik, Namaste handik.

Nire egunerokoan hala deskribatu nuen populazio-dentsitate handiko urbe hau: Birikak hats arraroz betetzen dira hemen. Koloreak ostadarraren anonimoak dira, bestelakoak. Kaleetatik paseoan aritzea abentura hutsa da Katmandun. Jende mordoa dabil harat-honat ikustatzeari etekin handiena atera nahian, ikusteko hiria baita Katmandu. Edozein txoko izaten da adierazgarria. Hiritik bertatik kanpo ere hedatzen da giro berbera. Jendea apalagoa agian, baina koloreak, usainak eta iruditeriak ez du parerik.
Animalia izutu baten begiekin munduratzen zara goizero hemen. Elefantea zara, gepardo arina, begi handidun jirafa, antilope izukoia, errinozero kubiko grisa.
Katmandu asegaitza da, gure kuriositatea bezala.

Hiri anarkiko honetan bizpahiru egun eman ostean, beste abentura bat hasi zen, hori altuagoa. Himalaiako menditzar horietako bat igo nahi nuen, baina betiko legez, ama naturak agintzen du hemen, eta klimatologia ez zen guk desiratu genuena izan.

Laburtuz, eguraldi kaxkarra egin du eta elurtza handiek paisaia konkistatu dute beste behin. Egun horietan deus gutxi egin ahal duzu. Abrozidu, aspertu, gogaitu edota irakurri.

Nik Himalaiara egin ditudan espedizio guztietara liburuak eman ditut beti, hiruzpalau: poesia, saiakera eta narratiba, euskaraz eta gaztelaniaz (pisu dezente hara eramaten dugun mendiko materialari gehitu behar izaten diodana).

Aurten baina, pare bat liburu eraman dut, eta horien artean berriz irakurtzeko gogoz neukan bat: Raymond Carver poetaren Un sendero nuevo a la cascada. Asko miresten dudan poeta da Carver, gehien estimatzen dudan horietariko bat. Berebiziko zirrara sortu zidan deskubritu nuenean (oraindik sentitu ahal ditut egun hartako hotzikarak). Horrexegatik eroan nuen liburua, magnetismo itzela sortzen didalako.

Liburu horretako poema askok min sastadak sakabanatzen dituzte, bertso-lerro askorekin identifikatuta sentitzen direlako irakurleak -neu tartean, nola ez- . Agian, iraganeko esperientziarekin ezinbesteko lotura bat agitzen da bat-batean, gertaera nimiño batek asaldatu egiten ditu zure kromosoma guztiak, bertako manamendu poetikoek bihotzaren aorta guztiak betetzen dizkizute. Edo halako zerbait.

Poeta honen bizitza oso gogorra (adjektibo egokia?) izan zen, ezinezkoa, zaila, beldurgarria eta epikoa. Baina poesiak salbatu omen zuen. Tess Gallagher idazlearekin harreman sentimentala hasi zuen, eta garai hartan bereziki emankor bilakatu zen Carver, ehunka poema idatzi baitzituen, tartean lan honetakoak.

Deigarria da nola poema liburu horretan bereak ez diren poema batzuk sartzeko deliberoa hartu zuen, tartean, Anton Chejov, Czeslaw Milosz edo Tomas Transtromer idazleenak, nik garai hartan ere deskubritu eta irakurri nituenak, berezi Transtromer (Suediako Akademiak 2011ko Literaturako Nobel saria eman zion). Nekez ahaztuko dut  Hiperion argitaletxeak kaleratu zuen Para Vivos y Muertos lana.

Tira, kontua da Nepal herriak bestelako magia sorrarazten didala, eta onartu behar dut Carverren lanak ez direla oso egokiak izan bertako mistika horretarako. Katmandura heldu nintzen eta hurrengo eguneko goiznabarrean Pashupatinath tenplura joan nintzen, Shiva jainkoa gurtzeko munduko tenplu hinduistarik garrantzitsuenetako bat da. Bertan, Bagmati errekaren ondoko dekoratuan gorpuak erretzen dira.

Mundu osoko milaka erromes etortzen dira egunero tenplua ezagutzera, mantra indar-berritzaileak hipnotizaturik, Shiva gurtzera.
Batzuetan, Izaki Bizidunen Tenplua ere deitu zaio toki honi, baina hemen zendu berri diren pertsonak erretzen dira eskrupulurik eta liturgia askorik gabe, sinbolismoz beteriko erritoekin. Kontraesana?

Agian okerreko erabakia hartu nuen Carver hartuta. Hobe nuen Tomas Transtromer idazlearen Para Vivos y Muertos poema liburua ekarri izan banu.

Juanra Madariaga