Artikulua :: Jon Eugi 2024/06/26

Bi film bi esperimenturi buruzkoak 

Alemaniarrek  badute eskarmentua esperimentuei buruzko pelikulak egiten.  Nabarmentzeko moduko bi eraman dituzte pantaila handira, zein baino zein interesgarriagoa:  Das Experiment, (2001, Oliver Hirschbiegel), eta, Die welle (Olatua), Dennis Ganselena. Benetan gertatu ziren bi esperimenturen berri ematen dute eta biak ala biak dohainik ikusgai daude youtuben. Nik gaurkotasunik galdu ez duen filmari eskainiko diot artikulu hau, eta hurrengoa besteari. 

Kronologikoki berriagoa da Die welle, 2008an Dennis Ganselek zuzendua, Ganselek berak eta Peter Thorwarthek idatzitako gidoiarekin. Todd Straserrek 1981ean idatzi zuen The wave (Olatua) liburuan oinarritu ziren testua idazteko. Era berean, idazleak liburu hori idazteko, Ron Jones irakasleak Palo Altoko (Kalifornia, AEB) eskola batean burutu zuen esperimentu bat hartu zuen hizpide, Hirugarren olatua izenekoa, hain zuzen ere. 

Esperimentu hau 1967. urteko apirilean eraman zuen aurrera Ron Jonesek. Historia irakasle honek, institutuko ikasleei ezin azaldurik zergatik alemaniarrek onartu zuten naziek milioika lagun gas ganbaretan akabatzea, modu praktiko batean erakustea erabaki zuen. Hala, gizarte ustez askeak ez daudela salbu ideologia autoritarioetara lerratzeko erakutsi nahi izan zien. Lehen egunean jokaera arau batzuk ezarri zizkien; adibidez, nola eseri behar zuten agindu zien, edo hitz egiteko zutik jartzera behartu zituen. Bigarren egunean taldeak komunitate zentzua garatu zuen eta Jonesek mugimenduari Hirugarren olatua izena jarri zion, gauza jakina delakoan itsasoko olatu sail batean horixe dela indartsuena. Guztiek leialtasuna eta motibazio handia erakutsi zuten arauak eta zereginak betetzeko: mugimenduaren logo bat diseinatu zuten eta taldeko kide ez zirenei ikastetxean sartzea debekatu zieten. Esperimentuak bizitza propioa hartu zuen, ordea, ikastetxe guztiko ikasleek bat egin zutenean eta, hasieran, hogeita hamar  kide baziren, amaieran 200 izatera iritsi ziren. Irakasleak hori ikusita, mugimendua bukarazi zuen faxismoari buruzko esperimentu baten parte izan zirela esanez. Izan ere, denengan barneratu zen besteak baino gehiago izatearen sentimendua, hain juxtu ere, nazien garaiko populazio alemaniarrean bezala. Gertakari hauetan oinarrituz telefilm bat egin zuten 1981ean: The Wave.  Todd Straserrek, Morton Rhue goitizen pean, gaia nolabait aintzat hartuz, nobela bat idatzi zuen, aipatutako Olatua, eta gero liburu horren egokitzapen bat egin zuten pelikula alemaniarrean.  

Filmak liburuaren interpretazio aske bat egiten du.  Abiapuntua, ordea, funtsean antzekoa da: irakasle bati autokraziari buruzko klase praktiko bat ematea otuko zaio, demokrazia batean diktadura nagusitu daitekeela erakustearren. Hala, doktrinamenduaren praktikak jarriko ditu martxan ikasleekin. Egunez egun, kontzeptu eta ideiak txertatuko dizkie: diziplina, talde lana, lider batekiko jarraipen itsua… Ikasleetako gehienak nahikoa modu otzanean murgilduko dira esperimentuan. Fenomenoaren ertz ezberdinak oso ongi islatzen dira istorioan, kasu hau, esaterako: nola bakarrik sentitzen den pertsona batek babesa aurkitzen duen taldean eta noraino heltzeko prest dagoen ideia bati jarraitzearren. Halako prozesuetan gertatu daitekeena era sinesgarrian kontatzen du, alegia, esperimentua eskuetatik joatea eta sortzaileak kontrola galtzea.  Izan ere, multzo bateko partaidea izateak ematen duen indarrarekin, nagusi izatearen sentsazioaz jabetuko dira mugimendukoak eta hala, beste gelako ikasleen aurka joko dute eszena batean. Amaiera, (lasai, ez dut espoilerrik egingo) benetako esperimentuaren aldean, ezberdina da. Nire iritziz egokia da, zabaldu nahi den mezua indartzeko balio baitu. Bereziki gomendagarria iruditzen zait gaztetxoentzat, pentsamolde propioa garatzeko adinean daudenentzat. Gainera, protagonistak ikasle gazteak direnez, eta haien bizipenak jasotzen direnez, gustura ikusiko dutelakoan nago.  

 

 

Jon Eugi