Artikulua :: Juanra Madariaga 2026/03/24

Beti bide berriak saiatzen

Euskal Herrian badira sortzaile batzuk ahanzturaren lainopean erdi galdurik ibili direnak.  Horietariko bat Lurdes Iriondo izan da. 2025ean bete ziren 20 urte Lurdes Iriondo zendu zela.

Zeintzuk izan daitezke gure kulturaren historiaren mapamundian ez agertzeko arrazoiak? Asko, tartean, emakumeak panorama publikotik eta sozio-kulturaletik desagerrarazteko heteropatriarkatu nazkagarriaren betiko obsesioa. Beste aldetik ere, historiagileek ez dituzte emakume sortzaileak kontuan izan, beti periferian izan direla uste izan dutelako.
 Zorionez duela urte batzuetatik hona Iriondoren figurarekiko interesa berpiztu da, eta han-hemenka sorkuntza dezentek argia ikusi dute bere pertsona goretsiz eta gaurkotuz. 

Horietariko bat da Inge Mendioroz Ibañezek zuzendu eta Idoia Garzes Aldazabalek idatzi duten Lurdes Iriondo: ez gera alferrik pasako dokumentala, Euskal Herriko makina bat herritan eta hiritan pantailaratzen ari dena.
 Gutariko askok, kaletar sinpleok, kantari gisa ezagutu genuen Lurdes, agian, Xabier Leteren ondoan beti, estereotipaturik, baina emakume horrek sekulako lana egin zuen euskal kulturaren eta euskararen beraren transmisioan.
 Umeek euskara ikas zezaten haur eta gazteentzat makina bat  liburu eta disko sortu eta argitaratu zituen, bai eta ipuin laburrez osaturiko bideo txikiak grabatu ere. Ipurterrea ere bazen eta antzerkiaren deia jaso zuen nonbait, horren ondorioz, antzerki-lanak idatzi zituen, eta Urnietan, antzerki-talde bat ere sortu zuen. Antzerkiak liluratzen zuen, eta koherentziaz, plazer hori besteengan sortzeko antzerki-eskolak ere eman zituen.
 Filmaren zuzendariaren hitzek deskribatzen dute modu sotilean nolako pertsona zen Lurdes Iriondo: “Emakume izugarria iruditu zait. Artista polifazetikoa. Indartsua. Ezin dugu ahaztu bihotzeko gaitz larri bat zuela, eta, hala ere, batetik bestera ibili zen. Bizitza osoa lanean euskararen alde. Kulturaren alde”.

Beste lan interesgarri bat Lourdes Iriondo, Isilarazitako ahotsa (2024) liburua da. Egilea Jon Martin Etxebeste izan da. Joan den urtean, Donostiako Poesia Orduak programaren barruan, liburuan oinarrituriko errezitaldia eskaini zuen autoreak Irati Odriozola Zugarramurdi eta Ainhoa Ansa Zugarramurdi abeslariekin batera. Aurtengo apirilean, Arriaga Antzokian, emanaldi bera ikusi ahalko duzue. “Emanaldia bloke tematikotan egituratua dago, Iriondoren figuraren ezohiko berreraikuntza bat egiteko: haurtzaroa, musika, maitasuna, gaixotasuna, haurrak, euskara eta emakumea. Bloke bakoitzak poema edo testu dramatizatu bat eta abesti bat uztartzen ditu”.

Lorea Jainagak eta Alex Gurrutxagak Amorebieta-Etxanok antolatzen duen Santiago Onaindia bekaren XVIII. edizioa irabazi zuten, eta duela gutxi, autore hauek idatzitako  Lourdes Iriondo, bide-urratzaile liburuak argia ikusi du. Obra horretan, Lurdesen literatura eta kantagintza aztertu dituzte, horrek zer nolako garrantzia izan zuen geroan, eta horretarako material argitaragabeak berreskuratu dituzte eta ikuspegi feministatik borobildu dute lana “haren ondarea euskal kulturaren funtsezko atal gisa azpimarratzeko”. Paradoxikoa baita euskal literaturaren eta musikagintzaren sortzailearen izena ezaguna izatea, askotan aipatua izatea, baina bere obrari buruz ikerketa gutxi izatea.

Haien aburuz, Lourdes Iriondoren obra ikertu gabe egon da, eta bi ikertzaile hauek liburuz liburu, eta diskoz disko arakatu eta aztertu dute bere legatua.

Elkarte honek ere, EIEk, liburuxka txukun eta eder bat atera zuen, bai eta bertako kide guztiei bidali, non Lurdes Iriondoren bi kanta (Sarrera eta Txalupa) makina bat hizkuntzatara itzuliak izan diren, “Garai ilunetan euskararen etorkizuna amestu zuelako, euskal kantaria eta idazleak merezi duen tokia izan dezan gure letren liburuan” lerroak idatzita zekartzalarik.

Eta Zuberoan, tradizioa handia gordetzen duen aurtengo Pastoralean Lurdes Iriondoren bizitza izango da protagonista. Xiberoko Botzak esan duenez: “Sohütako herriak Lurdes Iriondo eüskal kantagintzako figüra ohüratüko dü aurtenko pastoralean eta mustraketan ontsa hasirik dira”. Pastorala üztailaren 19, 24 eta 26an emanik date.

“Gauza asko egin dut. Agian ez denak oso sakonak. Baina beti bide berriak saiatzen”  esan zuen Lurdes Iriondok. Bada bere figura eta berak euskal kulturaren alde egindako lana goresteko tenorea.

 

 

Juanra Madariaga