Artikulua :: Itxaro Borda 2025/02/13

BERRIZ ERE TWIN PEAKS

David Lynch (1946-2025) zinegileak mundu hau utzi zuen iragan urtarrilaren 15ean eta gutariko ainitzentzat artista amerikarraren obra berrikusteko aitzakia izan da. Mezuak trukatu eta bakoitza gure plataforma kutunenari lotu gatzaizkio, Mullholland Drive (2001) edo Blue Velvet (1986) edo oraino The straight story (1999) ikusteko, gozamenez eta pazientziaz. Lynchen zinema ez da erraza, mundu onirikoarekin jostatzen da, 56. Salmoa marmartzen duen Elephant Man (1980) izugarri hartan barne. Irudien zurrunbiloan galtzea onartu behar dugu, ez ulertzea, gauzak artistak eskaintzen dizkigun moduan onartzea, bizitzarekin egiten dugun eran funtsean.

Twin Peaks-era itzuli naiz ni. Washingtoneko estatuan badira benetan Gailur Bizkiak izeneko bi tontor. Baina 51201 biztanleko hiririk ez dago, David Lynchek bere imajinario kementsuari esker gurekin partekatu zuenaz aparte. Angelo Badalamentiren musikak berehala sartzen gaitu misterioaren, eta neurri batean, beldurraren eremuan. Oihanak habitatuak dira, zerrategiak, -Olaia Intziarteren Zerrautsak halaber-, behe-lainoak, egurrezko etxeak, txabola abandonatuak, RR Diner kafetegia eta The Great Northern Hotela ere bai. Dale Cooper FBIko agentea datorkigu medium iluminatu eta inspiratu gisa: Kyle MacLachlan (1959) aktoreak pertsonaia gorpuzten du begimen ditugun hiru sasoietan. Fire walk with me (1992) film luzean, haatik, ez da ageri, Laura Palmer kuttuna zerk eta nork eraman zuen heriotzara kontatzen zaigulako horretan.

Momentu bat libre dudalarik, Twin Peaks telesailaren 1990eko sasoiko atalak jartzen ditut ordenagailuko pantailan. 1991ko bigarren urtaroari interesatzen natzaio gero, eta nire bidaia bisuala 2017ko hirugarren garaian bukatzen dut. Azken hau haluzinatua da, Donald Trump Etxe Zurira heldu zen aurreneko aldian ekoiztua delako agian: irudietan herrialde histeriko bat sumatzen da, Dale Cooper agentearen hiru aldaerak, onenetik txarrenera, biolentzia purua, eta herritar polarizatuak, nahiz eta ez dakiten gehiago ongia eta gaizkia zer diren. Badirudi Trumpen aldarte berriarekin azaltzen zaigunez, egoera larritu dela, ideologikoki bederen: ez da gehiago bazter edo bestelako saihets bide zilegirik. Eskerrak, ez duela Lynchek, Trumpek Estatu Batuez, eta menturaz planeta osoaz, egingo duen terrorezko terreno hitsa ikusiko!

90 hamarkada hasiera haietako Twin Peaks antzeko telesaila kultu eta askotarikorik ez dago. Autoktonoak hor ekintzaile dira, emazteak, behialako X-Files handiosetan Mulderrena egiten zuen David Duchovnyk biziarazten duen Denise FBIko zuzendari transa. Diskurtsoak garatzen dira lur honetan denek gerizaño bat bagenu bezala, jendeek, onek, gaiztoek, gurbilek, drogatuek, abereek, mamuek, naturalak eta gain-naturalak. Batzuetan maiteko genuke Twin Peaksen errotzea, bertako police departement erruralean lan egitea, baina gehienetan, inguru haiek izugarria dira, David Lynch thriller kutsua duten lanen maisua delako. Egia erran, horrela hasi dut 2025 urtea, dardarka, 2006an ETBk bilbatu Balbemendi eta Izaskun Gracia Quintanaren Basokoa, biak, pasionatuki irentsiz...

Badakigu engoitik nork hil zuen Laura Palmer: barnean munstro bat zeraman bere aitak. Hemen ere David Lynch aitzindari suertatu zen, hiru hamarkada beranduago ezagunagoak zaizkigulako, zorigaitzez, genero eta familien baitako abusuen mekanismoak. Dale Cooper agenteak eta bere laguntzaileek ez zuten huts egin. Ez dio denborak telesailari zimur bakar bat ere eragin. Eta guk inozentzia betean hartzen dugu beti, atalez atal, generiko mitikoa hauteman orduko.

Kanada eta Estatu Batuetako mugako Snoqualmie, North Bend eta Fall Cityn grabatu ziren Twin Peaks episodioak oro. The Real Twin Peaks festibala antolatzen dute urtero, bertako paisaiak andere eta jabe. Mundu zabaleko fanak saldoan hurbiltzen zaizkie eta gainera, 2024an Kyle MacLachlanen eta Cathy Gregoryren bisita ukan zuten. Tokian bertan, errealitatea eta fikzioa ezkontzen dira, lekuko ekonomiaren onerako.

Itxaro Borda