Elkarrizketa :: Iñaki Zabaleta Urkiola 2026/07/17
Nikolas Xamardo

Beltza uso mezularia lagun. Nikolas Xamardo gaziliar eta euskalduna, gertakizunak eta borrokak

Beltza ere bada eta Beltza izenaz deitzen du Nikolasek. Ipar Euskal Herriko usozaleek Arabako Berrikano herrixkatik Bruselara garraiatu zuten kamioi batean, beste hainbat uso mezularirekin batera, eta han askatu zuten, hega eta itzul zedin etxera, bere usategira.

Etnolinguistikan irakurtzen denez, hegazti saldo eta animalia taldeetako kideei ez zaizkie izenak jartzen, “baina uso hori berezia da, ez da urdina, pixka bat beltza da, nortasun berezikoa, eta nirekiko daukan hurbiltasuna... badakit nik. Harreman oso berezia du nirekin. Eta harreman hori zauri batetik hasi zen. Normalean, usoengana hurbiltzen bazara, ihes egiten dute. Baina honek ez du ihes egiten ondora joaten natzaionean”.

2023a zen eta inoiz ez zen usorik itzuli Bruselatik Arabara ordura arte. Beltza izan zen lehena eta zaurituta heldu zen Berrikanoko usategira. Hegazti harrapakariek erasotu zuten 1.000 kilometro baino gehiagoko bidean, auskalo zein lurraldetako zeruan. Nikolasek sendatu egin zizkion bular eta hego zaurituak. Orain, hurbiltzean, ez da urruntzen.

Nikolas Xamardo, frankismoaren garaiko Galiziako maisu baten semea, galiziar eta euskaldun konprometitua, hainbat eta hainbat borrokatan engaiatua eta zigortua, Parisen Linguistika estudiatu eta Lacan eta Badiouren ikaslea, “gertakizunaren” erabaki-kontzeptuaren aztertzailea, XIX. Mendeko erromantiko berantiarra, uso-mezularien zalea.

Zer da gertakizuna, bizitzan, politikan, kulturan?

Gertakizuna salbuespenezko haustura bat da, aurreko egoeraren jarraitutasuna eten eta errealitate berri baten sorrera ahalbidetzen duena. Adibidez, ideal baten alde konpromiso sendoa hartzea, existentzia bera aldatzen duen aurkikuntza zientifiko edo matematiko bat egitea, Picassoren Guernica margotzea edo maitasun sakon berria  sortzea gertakizunak dira. Horrelakoek pertsonen nahiz gizarteen bizitza errotik aldatzeko gaitasuna dute.

Gertakizunak, gainera, hasiera batean inkomunikatu egiten gaitu eta interpelatu egiten du gure kontzientzia. Dei bat egiten dio gure justizia-zentzuari, gure iruditeria eta ordena sinbolikoa hausten ditu, eta subjektua eraldatzen du, pertsona berri bihurtzeraino. Hori dela eta, gertakizunak ez dira une isolatuak, baizik eta egia-prozesu baten abiapuntuak.

Zure haurtzaroko gertakizun nagusia?

Familia barruan, 16 urte arte oso errebeldea eta desobedientea izan nintzen. Geroago, psikoanalisiari eta Lacani esker ulertu nuen zergatia: ni jaio aurretik nire anaia nagusia pneumoniaz hil zen, antibiotikorik ez zegoelako garaian, eta haren heriotzak hutsune handia utzi zuen familian. Nire jaiotzak ezin izan zuen hutsune hori bete, eta, nire bihotzean eta ustean, behar bezala edo behar hainbat maitatua sentitzen ez nintzenez, nire egoneza desobedientziaren bidez adierazten nuen: ez nuen ikasten, eskolatik ihes egiten nuen, eta mendian ematen nuen denbora habiak bilatzen, zaldi basatien atzetik edo untxien gordelekuak arakatzen.

Txikitatik nuen naturarekiko zaletasunaren adibide da hurrengoa: txurru edo berderoi txori-kume bat etxera ekarri nuen eta kaiolatik irteten eta sartzen erakutsi nion. Ikasten ari nintzen gelan askatzen nuen. Orduak ematen nituen kaiolatik nola irteten eta sartzen zen begira. Ikasten ez nuenez, aitak askatu egin zuen. Lorategiko zuhaitz baten adarrean geratu zen. Nik kaiola eraman nion, eta txoria bertan sartu zen. Urteetan, etxea alaitu zuen bere kantuarekin.

Ikaskideen artean ere sarritan probokatua sentitzen nintzen, baina beti egiten nien aurre. Esperientzia horiek nire nortasuna markatu zuten: neure buruarengan konfiantza izaten eta injustiziaren aurrean matxinatzen ikasi nuen.

Zure konpromiso politikoa nola hasi zen?

1968ko udaberrian Parisen estudianteek egindako mobilizazioak Santiagoko unibertsitatera ere heldu ziren eta ikasle-matxinada haiek mugarri izan ziren nire kontzientzia sozio-politikoaren garapenean, nahiz eta orduan oraindik kontzientzia politiko sendorik ez izan. Frankismoaren aurkako itxialdi, manifestazio eta pintadetan parte hartu nuen sentimendu antierrepresiboak bultzatuta. Geroago ulertu nuen bizipen haiek nire baitan hazi bat erein zutela, denborarekin ernatu zena.

Ondoren, 1973-1974an, soldadutza amaitu ondoren, Santiagon Farmazia ikasten ari zen gasteiztar batekin ezkondu eta Parisera joan ginen. Han, Paris VIII Unibertsitatean Linguistika Orokorra ikasi eta lizentziatu nintzen; aldi berean, Alain Badiouren Filosofiako eta Jacques Lacanen Psikoanalisiko mintegietara joan nintzen.

1975ean Euskal Herrira etorri ginenean, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak interpelatu egin ninduen, eta horrek nire kontzientzia politikoa eta soziala errotik aldatu zuen, ondorengo jarduera politiko eta akademikoa markatuz. Ordutik nortasun bikoitza sentitzen dut: euskalduna eta galiziarra.

Galiziar etxe txikiaren istorioa

Nire galiziar kontzientzia, Euskal Herrian ernatua, Galiziara egindako bidaia batean sendotu zen. Gertakizun subjektibo eta erabakigarria izan zen nire bizitzan. Verín herrira sartzeko, autobidetik irten nintzen kafe bat hartzera. Bat-batean, eskuinean, harrizko etxe galiziar txiki bat ikusi nuen, tximiniatik kea ateratzen eta aza galiziarrez betetako baratze txiki baten ondoan. Irudi hark erabat hunkitu ninduen; autoa gelditu behar izan nuen. Une hartan ulertu nuen, sekula baino argiago, hura zela nire lurraldea, nire aberria. Gaur ere, urte asko igaro ondoren, pasarte hura gogoratzeak zirraratu egiten nau.

Zein izan da zure harremana literaturarekin?

Literaturarekin izan dudan harremana, batez ere, saiakeraren bidez gauzatu da. Cidadán Kane. Os media, o poder e os seus límites (Ed. Noitarenga, Santiago, 2004) liburuan, boterearen handitasuna eta ahulezia aztertu nituen: komunikabideen botere izugarria eta, aldi berean, botere horren mugak, hau da, boterearen komunikabideak eta komunikabideen boterea. Da identidade à norma (Ed. Laiovento, Santiago, 2017) saiakeran, azaldu nahi izan nuen idatzizko arau oro hautu politiko bat dela. Horregatik, zalantzan jarri nuen alternatiba grafiko baten alde egitea objektibotasunaren, neutraltasunaren edo asepsia zientifikoaren izenean justifikatu daitekeenik.

D ereduaren aldeko borroka

1978 eta 1983 artean, Toki Eder Ikastola erreferente nagusia izan zen Gasteizen eta Araban euskarazko irakaskuntza publikoaren aldeko borrokan. Garai hartan D eredua debekatuta zegoen Araban. Gurasoek eta irakasleek itxialdiak egin genituen, espazio publikoak okupatu genituen, gure seme-alabei eskolak ematen genizkien baimenik izan gabe ere. Azkenean, Arabako Foru Aldundiarekin negoziatu eta lortu genuen Toki-Eder ikastola publikoan D eredua ezartzea.

Euskararen normalizazioari bultzada erabakigarria eman zitzaion Araban eta herritarren kontzientzia nazionala indartu zen.

Borroka akademikoa eta Koldo Mitxelena

1980an, EHUko Filosofia eta Letren Fakultatea sortu zenean, ordurarte zegoen Unibertsitate Ikastetxeko irakasle guztiak fakultate berrira igaro ziren, bost izan ezik; ni bost horien artean nengoen. Arrazoi politikoengatik baztertu gintuzten, eta erabaki haren arduradun nagusiak Koldo Mitxelena eta komisario dekano zen Emiliano Fernández de Pinedo izan ziren.

Kaleratze haren aurrean, 1980ko ekainean itxialdi luzea egin genuen Gasteizko Seminarioan, Fakultate berriaren egoitzan, gure eskubideen alde. Azkenean sartu ginen.

Irakaslego propioaren borroka gogorra

1987tik 2007ra, hogei urtez parte hartu nuen UPV/EHUn irakasle propioen lan-kontratuaren aldeko borrokan. 1987an borroka horretan aritzeagatik bi urteko enplegu- eta soldata-etena ezarri zidaten.

1992an, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak lan-kontratuak baliogabetu zituen. LAB sindikatuak administrazio-kontratua onartzearen alde egin zuen, eta irakasle gehienek bide hori hartu zuten. Azkenean bost irakasle baino ez ginen geratu borrokan, eta horrek gatazka beste hamabost urtez luzatu zuen. Denbora horretan, UPV/EHUtik kanpo, egunero Leioako campuseko sarreran pankarta baten atzean egon ginen.

Borroka horren baitan, hainbat gose-greba ere egin nituen: 1992an, El Salto del Negro espetxean gose-greban zeuden ETAko presoekin elkartasunez; 1993an, Antton Azkargortarekin batera, kaleratutako irakasleen azterketak onar zitezen; eta 1995ean, nire bulegoan, irakasle kaleratuen egoera salatzeko.

Agian gose-greba gogorrena azkena izan zen, 2003an egina, EHUren Leioako campus aurrean, autokarabana batean sartuta. Honen arrazoia bikoitza izan zen: batetik, errektore taldeak niri ezarritako zigor berria salatzea (bi urtez soldata eta enplegua kentzeaz gain, nire irakasle titularraren plaza ere ezabatu baitzuten, hau da, de facto, unibertsitatetik kanporatu ninduten), eta bestetik, unibertsitateak kaleratutako irakasleekin konponbide bat adosteko negoziazioari ekin ziezaion eskatzea.

 

 

 

Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean, 2026ko ekainaren 13an, euskararen eta Euskal Herriaren Pizkunde berrirako deia egin zuenean bete zituen Nikolasek 80 urte. Alvaro semea, bi bilobak, JM Zalakain eta elkarrizketagile hau izan ziren lekuko eta lagun ospakizun xume baina sentiberatsuan, Berrikano herrian, Arabako lautadan.

Beltza oraindik hor dago. Eta Lucky mastin zakurra ere bai, etxea zaintzen eta bisitariak usaintzen.

Iñaki Zabaleta Urkiola
Nikolas Xamardo