Artikulua :: MIREN MINDEGIA 2024/03/12

Bella Baxter edo Frankenstein garaikidea

Bilduta dago jada alfonbra gorria, itzali dira fokuak eta kamerak, akitu da zinemako mekako izarren jantzi eta soinekoen urteroko balorazio hutsala. Urtero bezala, Oscar sarietan banatu dira banatu beharrekoak, herri xehearen dibertimendurako tartea eman dute, nahiz eta bitxikeri eta une biralen uzta ez den bereziki emankorra izan. Will Smithen indarkeria erakustaldi matxirulotik gentozen, zer espero genuen, bada? Aurten norgehiagokaren bat bazegoen, hori Barbie eta Openheimerren artekoa (omen) zen, eta bonba atomikoaren asmatzailearen istorioak alde nabarmenez irabazia zuena izendapenak iragarri ziren momentutik. 

Zinea apurtzailea izan daiteke edukietan, baina ezin dugu espero zinemaren industria yankiak duen berezko izaera kapitalista eta hetero patriarkala bazterrean gelditzea egun batetik bestera. Gizon zuri batek protagonizatutako istorio heroiko-tragiko bat saritzea badago, ken dadila Barbie. Ken dadila ere, Ken saritu badezakegu. Izendapen gutxi jaso arren, nabarmena izan zen Greta Gerwigek zuzendutako eta Margot Robiek ekoiztutako panpin ospetsuaren filmaren presentzia Los Angelesek Dolby antzokian ospatutako sarien galan.

Nolanen filmak sari sorta oparoa poltsikoratu bazuen ere, egon ziren matxirulismotik kanpoko harnasgune batzuk. Horietako bat, zalantzarik gabe, Emma Stonek eramandako aktore onenaren saria, Poor Things filmeko Bella Baxter pertsonaia zirragararriagatik. Berak protagonizatu bakarrik ez eta ekoiztu duen filmak hautsak arrotu ditu baita kritika feministaren alorrean ere. Irakurketa desberdinak eta anitzak eskaintzen ditu Frankensteinen berrinterpretaziotzat ere hartu izan den kontakizunak, izan ere.  

Goazen bada memoria freskatzera. Frankenstein edo prometeo modernoa idatzi zuenean, Mary Shelley aurrekari bat ezarri zuen literaturan: zienzia fikzioa asmatu zuen. Inguratzen gaituen errealitateaz beste edozein generok baino hobe hitz egiteko gaitasuna duen generoa, errealitateak ezarri ditzakeen muga oro apurtzeko boterea duen heinean. Sakoneko gauzetaz, batzuetan, asmatutako hizkuntza batean soilik hitz egin baidaiteke. 

Shelleyren Frankensteinek zientziarekin obsesionatutako protagonista bat aurkeztu zigun, bere asmakizun eta esperimentuak muturreraino eraman, jainko izatearen ideiarekin jolastu eta erre den pertsonaia bat. Frankenstein doktoreak giza itxurako izaki bat sortzen du, ederra izateko asmoarekin eraiki duena baina, hara non, munstro itxura izaten amaitzen duena. Sorkuntzarekin nazkatuta, sortzaileak bere asmakizuna mespretxatzen eta ukatzen du. Ez du ezer jakin nahi, gorroto du. Gorroto hori izango du lagun izaki sortu berriak bere lehen taupadatik. Gorrotoa, inkonprensioa eta, oro har, jazarpena. Indarkeria jasatetik indarkeria erabiltzera pasako da une batean eta eleberria asmatzailearen eta asmakizunaren arteko estutzen eta iluntzen doan norgehiagoka izugarrian bilakatuko da. 

Zientzia fikzioaren bitartez gizartea sustraitzen duten arazoez hitz egiterakoan eta kritika zorrotza eraikitzerakoan bat egiten du Yorgos Lanthimos greziarrak zuzendutako Poor Things-ek ere. Eta Bella Baxterrek, istorioko protagonistak, hutsuneak izanagatik ere emakume rolen alorrean ekarpen gutxienez interesgarri bat egiten duen pertsonaia da. Egia da zalantza ugari sortzen dituela filmak aurkezten dituen egoeretako batzuk, prostituzioaren errepresentazioa eta sexuarekiko duen jarrera tartean, batek baino gehiagok gizonezkoaren begiradatik sortutako jarrera bat dela azpimarratu duena. 

Nik ez nuen hori pentsatu filma ikusi nuenean. Hortik urrun, eta aipatu zalantzak zalantza, proposamen interesgarria iruditu zitzaidan pertsonaia bezala, galderak pizten dituen horietakoa: Nolakoak izanen ginateke emakumeak sexismoaren eta matxismoaren zamarik gabe? Shelleyren Frankensteinen ez bezala, Poor Things-eko protagonistak ez du jasotzen duen indarkeria aintzat hartzen, ezta bere sortzailearen kontrako arma gisa erabiltzen ere. Biolentziaren gainetik pasatu eta bere burua zerotik eraikitzeko gaitasuna erakusten du, gorrotorik gabe eta bere buruarekiko adeitasun eta fideltasun txundigarri batez, baita inguratzen duen munduaren ankerkeria ezagututa ere. Ez da izango Shelleyrena, baina Frankenstein honek hausnartzeko zer edo zer utziko duelaren susmoa dut.

MIREN MINDEGIA