Elkarrizketa :: miel a elustondo – zaldi ero 2023/03/02
Maitane Azurmendi

Belaunaldi baten historia gogorra da ‘Azken bidaia’

Amamaren jostundegian ikusi zuenetik du begian iltzatua Picassoren ‘Guernica’. Bizi osoan lagundu dion margolana da, obsesio bat, ‘Azken bidaia’ liburuan modu ederrean gauzatua. Maitane Azurmendi ilustratzaileak (Mungia, 1978) paperera ekarri ditu Gernikaren bonbardaketa eta nonahiko gerraren izugarrikeriak, zuri eta beltz, bere marka duenez. 1937ko apirilaren 26ko Gernikako zeruaren su gorria beste kolorerik ez da narrazio grafiko honetan. Joseba Sarrionandiaren atariko poema beste hitzik ez.

Kontakizun hau aspalditik dator”, diozu liburuaren sarrerakoan. Hain da aspaldikoa –idatzi duzunez–, ez baitzenuke asmatuko zeure bizitzako momentu zehatz batean kokatzen...

Bai, aspaldi dago lan hau nire buruan. Hala ere, halako batean, dei bat jaso nuen, Zorrotz argitaletxearena: “Zure lana ikusi dugu sare sozialetan, ikaragarri gustatu zaizkigu zure ilustrazioak. Nahiko zenuke zure ilustrazio horien liburu bat egin?”. Nire erantzuna: “Ez dakit, bada. Nire ilustrazioak liburu batean bildu baino, nahiago nuke istorio bat kontatu: Guernica-rena, neure Guernica-rena”. Eta apur bat azaldu nien barruan neukana, eta baietz esan zidaten. Epea baizik ez zidaten agindu, iazko Durangoko Azokan egon ahal izateko.

Testurik ez dakar liburuak.

Ez du behar, ezta? Ilustrazioek kontatzen dute istorioa. Gernikako Bakearen Museoan ere horixe esan zidaten, liburuak ez duela testurik, baina ez duela behar ere, eta, horrela, gainera, liburuak ez duela mugarik, ezta adinik ere. Haurrek era batera ikusiko dute, adinekoek beste modu batera; Gernikan eta Euskal Herrian, era batera, eta beren modura Alemanian edota Italian. Asko idatzi da egun hartaz: “1937ko apirilaren 26an, azoka-eguna Gernikan...” eta hau eta hura. Hortaz, zertan idatzi behar nuen ezer? Bestalde, belaunaldi berriek ez dute liburu askorik irakurtzen, bestela eman behar zaizkie gauzak, modu bisualagoan, gertatua azalduz, jendearen sentimenduak erakutsiz… Zer idatzi behar nuen?

Zeuk esan duzuna: “1937ko apirilaren 26an, azoka-eguna Gernikan...”.

Bai, eta, berez, apirilaren 20an ziren Gernika bonbardatzekotan, Hitlerrek egun hartan betetzen zituelako urteak, erregalua egin nahi zioten, baina eguraldiak ez zuen lagundu eta hegazkinek ezin izan zuten aireratu, atzeratu egin behar izan zuten erasoa, baina, hala ere, astelehena behar zuten, astelehena azoka-egun jendetsua baitzen beti Gernikan… Hori dena kontatu behar nuen? Ez. Eta nire ondokoek ere berdin pentsatu zuten: “Zuk marraztu, eta inork dudarik baldin badauka, galde dezala!”. Eta ohartu naiz jendeak gauza asko ez dakizkiela, Mungian bertan ere! Adibidez, Lauaxetarena.

Zer esan nahi duzu, “Lauaxetarena”?

George Steerrek zabaldu zuen bonbardaketaren albistea munduan, haren informazioari esker margotu zuen Picassok Guernica. Lauaxeta, berriz, berriemaile joan zen Mungiatik Gernikara, harrapatu egin zuten, eta handik hiru hilabetera Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten. George Steer gerra-kazetaria zen, jakina, baita Lauaxeta ere! Estepan Urkiagak larrutik ordaindu zuen, bizia kendu zioten! Lauaxetaren historia Mungian kontatu, eta ohartu nintzen askok ez zekitela. Edo Guernica-k egin dituen bidaiak…

Liburuaren hasieratik ekin diogu, baina amaieran ere badugu aski hastapen, zure lanaren zioa ulertzeko giltzarik. Amama Pantxikeri buruz ari zara, haren jostundegiko Guernica-z.

Horixe dut bizi honetako oroitzapenik lehenetako bat, amamaren Guernica-rena. Jostuna zen, denda zeukan Mungiako Beko kalen, eta, hantxe, Guernica. Margolanak nire arreta bereganatu zuen. Haren kolore zuri-beltzek, formek, edo zer edo zerk. Gero, margo hari buruzko galderak egiten hasi nintzen, zer zen, zergatik margotu zuten, zer gertatu zen… Galderak, margolanaren inguruan beti. Bestalde, txikitatik marraztu dut, eta guztiz presente izan dut beti Picassoren margo hori. Institutu garaian halako karpeta batzuk ibiltzen genituen, eta nire lagunek karpeta azalean halako artistaren argazkiak-edo ipintzen zituzten. Nik, Guernica-rena! Eta Madrilera joan eta margoa lehen aldiz ikusi nuenean, negar ere egin nuen! Askok esaten didate koadro horrek obsesionatuta naukala, eta baliteke egia izatea. Besoa ere, eskumuturretik sorbaldaraino, Guernica-z tatuatuta daukat. Baina obsesiorik ez baduzu ere, Reina Sofiara joan, Guernica ikusi, eta ikaragarria da. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esaten dute, ezta? Bada, horixe da Guernica.

Nola ekarri duzu obsesio hori liburura?

Galderak dira oinarrian: “Zergatik margotu zuten? Zergatik ez dago Gernikan? Zein da margolan honen historia?…”. Niri kontatutako lehen bertsioaren arabera, jendea babesleku antiaereoetan zegoen. Eta, niri dagokidanez, Guernica babeslekua dela pentsatu izan dut beti, leku bat non denak babesten diren: haurra galdu duen ama hori, zezena… Picassok inoiz ez zuen azaldu irudi bakoitzaren esanahia, eta horretan, behintzat, asmatu zuela esango nuke, era horretara guk geure interpretazioa egiteko aukera baitugu. Batzuek esango dute margoa amaituta ez dagoela. Beste batzuei ez zaie batere gustatuko. Niri Picassoren margolan hori babeslekua iruditu zait beti. Eta nire liburu hau egiterakoan ere, azalean horixe jartzea erabaki nuen: bihotz bat, bihotz anatomikoa, gure babeslekua. Munduak erasotzen dizunean non babestu behar duzu? Zeure buruan, zeure barruan, zeure etxean, zeure familian, zeure adiskideen ondoan, zeure neska-edo mutil-lagunaren ondoan… Bihotz anatomikoa, hala ere, pultsazioak eta guzti.

Zein pauso eman dituzu ideia horretatik liburuaren zehaztapenera heldu artean?

Hasteko, apirilaren 26ko goiza hartu nuen gogotan. Picasso Parisen, azoka-eguna Gernikan, eta hainbat osagai: Jose Labauria, Gernikako alkatea; emakumeak plazan; [Wolfram] von Richthofen; Kondor Legioa Soria, Burgos eta Vitoria-Gasteiz artean… Eta hegazkinak datoz, sirenak jotzen du… Lau minutu iraun zuen sirena hotsak, eta eguneko unerik zirraragarriena da, nire ustez. Ikaragarria izan zen unea, orduko beldurra. Eta Kondor Legioa Gernikako zeru gainean jira eta bira, bonbaka eta bonbaka, jendeak ez dezan ihes egin. Lehen bonbardaketa eta gero, hegazkinek itsasorantz egiten dute, bi ordu zain egoten dira, jendea babeslekutik irten dadin, eta, orduan, hegazkinak berriro Gernikara itzuli, eta babeslekuetatik irten den jendea akabatzen hasten dira… Eta, hurrena, nola heltzen den berria Parisera, eta hasten da Picasso Guernica margotzen… Historia izugarria da!

Zuri-beltza duzu betiko kolore, zuri-beltza da liburua, baina gorria sartu duzu tarteko orrialde bitan…

Biziraun zutenek horixe esaten dute: “Gernika sutan zegoen!”. Une batean, Gernika gorri-gorri egon zen, eta horixe eskatu zidan liburuak, kolore gorri horixe. Bonbetatik ihesi, batzuk Errigoitira igo ahal izan ziren, eta handik gorri eta sutan ikusi zuten hiria. Osorik bonbardatu zuten, Astra izan ezik. Eta zergatik ez zuten Astra bonbardatu? Arma-fabrika zelako, eta Bigarren Mundu Gerraren atarian, naziek armak behar zituztelako. Ondo pentsatuta zeukaten. “Okertu egin ginen!”. Baita zera ere! Osorik utzi zuten Astra. Eta, bestalde, galdera: “Zein izan ote da?”. Zeren lehenengo bonbak izan ziren, gero gezurrak, eta gero isiltasuna, hitz egiterik ez baitzegoen! Amamak, esate baterako, ez zuen hartaz hitz egiten, baina bai haren neba txikienak: istorio gogorrak kontatzen zituen. “Hemen mutiko batzuk hilik zeuden… Han lubakiak… Italiarrak handik etortzen ziren, umeei buruz galdezka...”, zeren, uste dut sexu abusurik ere izan zela tartean... Osabak kontu asko kontatzen zituen, gu umetan haietaz jabetzen ez baginen ere. Latza izan zen!

Guernica Gernikara duzu aldarri.

Bai! Hamaika bidaia egin zituen Guernica-k, hamaika! Horregatik duzu liburuaren titulua Azken bidaia, Madrilgo Reina Sofia museotik Astrara egin behar du margolanak, 420 km-ko distantzia dago handik hona. Esate baterako, bonbardaketaren 80. urteurrenarekin, erakusketa bat egin zuen La Caixak Gernikan. EAEko lehendakaria ere etorri zen, eta hantxe jarri ginen gu, pankartari helduta: “Guernica Gernikara”. Erakusketaren aurkezpenean La Caixako ordezkariak hitz egin zuen, eta orduantxe esan zuen: “...obra bidaiari hau...”. Obra bidaiaria, eta 40 urte daramatza Madrilen! Segi dezala bidaiatzen! Datorrela Gernikara! Ez Bilbora, gero! Ez Guggenheimera, Gernikara baino! Aitzakia merkeak ematen dituzte: “Eta logistika? Eta margoari ezer gertatzen bazaio?”. Nik ez nuke nahi margo horri okerrik gertatzea, baina badakizu zer logistika dugun gaur egun?

Aitzakiarik ez dagoela esan nahi duzu.

Bihotz bat taupaka ekar dezakegu Tokiotik Euskal Herrira, eta ezin da Guernica Gernikara ekarri? Ekonomia da arrazoia, ez dago besterik: Guernica-k diru parrasta handia uzten du Reina Sofia museoan. Guernica preso dago Reina Sofian, eta hargatik ipini dut marrazki batean Guernica-ko txoria kaiolan, Reina Sofia barruan. Madrilen bai, eta Gernikan ez?! Faborez! Gainera, oraintxe ekarri behar da, bonbardaketa sufritu zuten batzuk oraindik bizirik daudela. Arantza horixe daukat. Eta, gainera, Picasso errepublikarra izan, eta Guernica Reina Sofia museoan? Museo itsusiagorik inon baden ez dakit. Malagan balego, sikiera, Picasso hangoxea zen, eta ulertuko nuke, baina Reina Sofian?!

Horixe genuke margoaren azken bidaia, Gernikarakoa.

Bai. Eta dudatan izan nintzen, nola egin aldarri hori. Guernica hegazkin baten barruan sartu behar nuen? Beste moduren bat asmatu?... Azkenean, mapak baliatzea erabaki nuen, askoz ikusgarriagoak baitira. Margoa Cincinnatin [AEB] ere egon da, eta ez da Gernikan egongo? Chicago, Milan, Hamburgo, Amsterdam, Paris… hainbat tokitan erakutsi dute, eta Gernikan ez? Batzuek galdetzen dute: “Eta zergatik egon behar du Gernikan?”, eta galdera, berriz, alderantziz formulatu behar da: “Eta zergatik ez? Emadazu arrazoi bat. Zergatik ez du Gernikan egon behar?”. Margoa Madrilera heldu zenean, hantxe izan ziren Gernika batzordekoak. Beren buruak kateatu zituzten, eta Picassoren alabarekin, Paloma Picassorekin, hitz egin ahal izan zuten. Hark baietz esan zien: “Bai, uste dut aitak begi onez ikusiko lukeela margolana Gernikan erakustea”.

Baina Guernica Gernikara ez da inoiz etorri…

Ez da etorri, ez. Jakina, bestelako istorioak ere kontatzen dituzte, Jose Antonio Agirre lehendakariari ez zitzaiola margoa gustatu, edo EAJ barruan esan zutela: “Picasso? Eta nor da hori? Eta zer egin du Euskadiren alde?”. Eta Picassori erdeinu hori ez zitzaiola batere gustatu, eta esan zuela: “Nire margoa nahi badute, datorrela Agirre bera niri eskatzera!”… Hala ere, nik nahiago izan dut halakorik ez kontatu, ez baitakit egia diren, ez diren.

Batetik, bonbardaketa sufritu zuen jendea dugu, hilak eta biziak. Bestetik, haien seme-alabak. Zuk hirugarren belaunaldikoak ere gogoan dituzu, lobak.

Gerran gertatu zena lehen eskutik entzun dugun azken belaunaldikoak gara. Nik neure lobei kontatzen ahal diet: “Amamak kontatzen zuen...”. Baina amamak niri kontatutakoa da, ez da amamak berak nire lobei zuzenean kontatutakoa. Nirea ez da lehen eskuko testimonioa. Gernikako Lobak gara, erakusketa bat ere egin genuen, artearen bidez Gernikako bonbardaketa belaunaldi berriei transmititzeko helburuarekin. Behin, afari bat ere egin genuen, apirilaren 26 baten bezperan, bonbardaketaren aurreko gauean Gernikako jendeak afaltzeko zer jan ote zuten bizitzeko. Memoria osatze aldera egin genuen, alegia: zer jaten ote zen garai hartan, zer ematen ote zuten Gernikako eta inguruetako ortuek… Janaria ere memoria da.

Loba zara, gerra bizi izan zuen belaunaldi baten ondorengoa, baina mungiarra. Dakidanez, ez zarela Gernikakoa aurpergiratu izan dizute inoiz.

Proiektu bat lantzen ari ginen batean gertatu zen. Indar handiko egitasmoa zen, eta asmoak halakoak direnean tentsioak ere laster sortzen dira. Eta, behin, eztabaida baten beroan, lobak gora eta lobak behera, argudio horixe baliatu zuen batek: “Zu ez zara-eta Gernikakoa!”. Eta egia da, ez naiz gernikarra, naiz mungiarra, baina ez zitzaidan batere gustatu kide haren esanak, min egin zidan. Eta biharamunean, bilera genuen Astran, nire mina adierazi nuen, eta esan zidan [Gernika Memoriaren Lekuko] taldeko [Hibai] Muniozgurenek: “Maitane, denok gara lobak. Berdin da non jaioa zaren, Mungian, Madrilen edo gure duzunean: denok gara lobak. Denok ditugu aitaita-amamen historiak, Gernikan, Burgosen nahiz munduko beste edozein lekutan”. Horixe da egia: denok gara lobak. Berdin da non jaioak garen. Eta Azken bidaian ere, gogoan izan ditut lobak.

Liburua eginik, askatu duzu obsesioa? Liberatu zara, hein bat, bada ere?

Apur bat, beharbada. Inoiz ez nuen pentsatuko liburua egingo nuela. Erregalu hutsa izan da. Erakusketak ere egin ditut lan hau baliatuta, eta, apirilean, erakusketa egingo dut Gernikan, liburuko ilustrazioak erakutsiz. Erakusketa, Gernikan, apirilean! Ilusio handia egin dit liburuak, pozik baino pozikago nago. Liburua inprimatu behar zuten egunean, bertara joan nintzen, eta ikusi nuenean, eskuetan hartu nuenean, uste baino ederragoa iruditu zitzaidan, kasik zorabiatu egin nintzen, emozioaren emozioz. Belaunaldi baten historia gogorra da Azken bidaia.

miel a elustondo – zaldi ero
Maitane Azurmendi
“Askok esaten didate koadro horrek obsesionatuta naukala, eta baliteke egia izatea”
Entresaka
“Niri Picassoren margolan hori babeslekua iruditu zait beti”
Entresaka
“Gerran gertatu zena lehen eskutik entzun dugun azken belaunaldikoak gara”
Entresaka