Kronika :: XALBAT ALZUGARAY 2024/04/04

Bazterrak gorpuztu

Gorputza ez da hezurren eta haragiaren arteko batuketaren emaitza baizik. Gorputza emozioa da, ukimena edota gizakiaren barne espazioa espazio gisa definitu daitekeena. Bide honetatik gorpuztu zuten Alaine Agirrek, Patxi Zubizarretak eta Irati Goikoetxeak Geroa Hemen zikloko hausnarketa. Descartesek aldiz, gizakiaren gorputza, materiaren eta arimaren arteko batuketa gisa analizatu zuen. Ondorioz, pentsatzen dut beraz banaiz esakunetik at, sentitu, usaindu, izerditu beraz banaiz ere atera daiteke gorputzaren bidea zehaztu nahi bagenu.

Gorputz “neutroaren” definizioan ardaztuta, hau da, gorputz onartuaren definizioa ikusiz gero, gizona, heterosexuala eta zuria dela ohar gaitezke. Hortik kanpo gelditzen dira beste gorputz mota guztiak: lodiak, LGTBIQA+ gorputzak, etab. Guzti hauek ez dira onartzen eta ez dira kokatzen gorputz “neutroaren” definizoan. Testuinguruari ere erreparatzen bada, gorputz pribilegiatuak saltzen dizkigute gizartean: medikoki baloratuak direnak eta besteak anitzetan zigortuak direnak. Etengabeko sailkapen bitarrean hezi gaituzten honetan, hausnar dezagun gure gizartean definizioak zein gizarte marko gehien-gehienak gizon zuri eta heterosexualak eman dituela.

Gorputzarekin idazten dut beraz banaiz. Eskuz idazten duelako gorputzarekin idazten du idazleak, gorputza hunkimena ere baita. Adibide gisa, tindulari japoniarrek haien pintzelak lurperatzen dituzte behin haien obra bukaturik. Naturaren, obraren eta gorputzaren arteko harmonia eta ezkontzaren gurutzugunea aurkitzen baitute nolabait.
Literaturaren kasuan, emakumeen gorputzen plazaratze berantiarra aipa daiteke euskal literaturan. Gorputz hegemonikoa gailendu da urteetan zehar, luzaz erlijioaren eta gizonen menpe egoniko literatura izanik. Emakumeen gorputzak pixkanaka-pixkanaka sartuz joan ziren literaturaren arloan. Batzuk aipatzearren, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox aipa daiteke emakumearen egoera zapalduaz aritzen bagina edota dudarik gabe, Miren Agur Meaberen Azalaren kodea obrako “euria ari zuen nire clitori gainean” emakumearen gorputzaz jardutean zein Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibearen kasuaz.

Sufritzen dut eta oroitzen dut beraz banaiz. Gorputza da kabia edo gudu zelaia, jasandako bortizkeria eta ttipitatik zizelkaturiko istorio eta bizipenen aztarnategia delako. Edozein gauza kabitzen baita gorputzean. Izan daiteke haurtzaroan jasandako bortizkeriaren arrasto fisiko edo oroimenean dugun dolua zein oroitzapen ona edota istripu baten orbaina: “eskerrak ahulak garen” dio Anariren kantuak.

Gorputza berreskuratzeko ere idatz daiteke. Ekoizten dut beraz banaiz zuhur hitz kapitalistaren kontrako joera sustatu dezakegun heinean, kabian egoteko gorputzetan bizi, gorputzak behatzen ikastea zein zaintzaren eredua erdiguneratzea ere bada gaurko iraultza. Iraultzailea baita elkar zaintza eta anitzetan bere burua zaintzea gizarteko inertziak eramaniko erritmo frenetikoa gelditu eta patxadaz bere barnera behatzeko prozesua bera da, iraultzailea. Kapitalismoaren azkartasunaren zein merkatuaren arau librearen guztiz kontrakoa eragiten baitu.

Gu hori: gorputza, gizartean kokatuan den heinean, besteekin hartu-emanean emana da. Gorputza kolektiboa da, plurala da, gorputz batek bertzeen gorputzez idatz dezakeelako batik bat. Oroimenera heltzen ahal zaigu Annie Ernaux-ren Emakume izoztua eleberriaren kasua non bere haurtzaroa deskribatzen duen, inguratzen zituen gorputzetaz mintzo baita, bere gurasoen jarreraz etxearekiko eta boterearekiko, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun sozialak azaleratuz.

Bazterretatik ere idaztea ezinbestekoa den honetan, binarismotik haratago, zuribeltzezko aukera bitar eta hegemonikoaz gain, gorputz desberdinek idatz ditzatela. Gorputzaren kontzepzioa zabal dezagun, bi generoetan mundu osoa zentratzeaz aparte, periferiek ere har dezatela hitza. Ausartu gaitezen gorputz transexual edo arrazializatu bat film bateko protagonista bihurtzen, derrigorrezko kuota bat bete ordez. Euskarak ere falta ditu gorputzak deskribatzeko hitzak. Bada gurea, bada hizkuntza aberatsa, zuhaitz hitza errateko hainbat euskalkitan baina placenta hitza euskaratzeko zailtasun ugarirekin gaudelarik.

 

 

XALBAT ALZUGARAY