Badago itxaropena
Gauzak gertatzen dira Iruñean. Toki guztietan bezala. Baina erran nahi dudana da, gauza interesgarriak gertatzen direla Iruñean. Ikusi nahi dituenarentzat, noski, eta interesgarritzat nik hartzen ditudan gauza berak hartzen dituenarentzat, ere. Iruñea badelako, alde batetik, Opus Deiren etxea, eliza usaina dariona nonahi, zezenketak eta entzierroak eta erakin faxistak kentzeari beldurra dion leku hori. Baina belarrimotza bezain euskalduna den Iruñean, aste berean, lau egunen bueltan, ikusi ditzakezu ekintza poetiko performatiboak, mugak hausten dituzten antzezlanak eta aniztasunari lekua egiten dioten besta espazioak.
Ostegunean Mejillon Tigre kolektiboaren txanda izan zen. Bi neska gazte, mikrofono pare bat, poesia eta umorea. Umore asko. Non eta Geltokin, lehen besterik gabe eta letra txikiz idazten genuen geltokian. Aski ongi gogoratzen dut orain hain retroa eta hain ederra eta hain guaya iruditzen zaidan toki hori bera lehen zikina, iluna eta kasik beldurgarria ere iruditzen zitzaidanekoa. Nola aldatzen diren espazioak edukia bera aldatzen denean. Erran gabe doa ez beti, ez denontzat, ez eraikin guztien kasuan, hortxe baitaukagu ere Iruñean Erorien Monumentuaren munstroa.
Pentsamendu horiek endredatu zitzaizkidan barruan Mejillon Tigrekoen emanaldiaz –eta giroaz, eta pintxoez– gozatu bitartean. Hortxe geunden hamarnaka lagun, eszenatokiaren bueltan jarritako mahaietan eserita, laguntasuna, maitasuna, itxura, gorputza, harremanak, feminismoa eta matxismoa erritmoz eta umorez blaituta harilkatu zuen euskarazko spoken word emanaldian erabat sartuta. Magia izan zitekeen, baina poesia hutsa izan zen. Edo poesia magikoa, edo magia poetikoa, edo nik zer dakit. Baina barrenean hozka txiki bat egiten dizun zerbait izan zen, atxiki ñimiño bat bihotzean txikia izanagatik aski ongi nabaritzen duzun horietakoa, ikutzean min gozagarritxoa eragiten dizun eta horrexegatik harramazkatzeaz utzi ezin dezakezun zauri bat.
Hari ikusezin batez bezala lotuta, ostegunekoaren antzeko emanaldi batek hartu zuen igandean Nafarroako Antzerki Eskola. Las Nenas Theatrek Torcidxs emanaldia taularatu zuten, biluztasun erabatekoan, eszenatokiari dagokionez, ahotsari dagokionez, gorputzei dagokienez. Literalki. Diba deskokatuak, artista martirizatuak, birtualtasuna erdizka. Autotunearekin ere gaizki abesten duen artista eta diskurtso teoriko amaigabe bat kaskoetatik ahotsera zuzenean doana. Originaltasun saiakera bat, bakarra izatearen saiakera bat. Eta bronka, saiakera horrek porrot egiten duenean. Guzti hori izan zen lau aktore gazteek taularatu zutena, tarteka deseroso, tarteka inkrepatuta eta aretora sartu bezain pronto obraren parte sentitu zen publikoaren aurrean –aipamen berezia fokoen argia reflejatzeagatik burua estali behar izan zuten lehen ilarako bi gizon burusoilei–. Ikaragarria izan zen. Magia izan zitekeen, baina antzerki hutsa izan zen.
Ordubete eskas aski izan zuten Las Nenasek bertan bildu ginenen barrunbeak astintzeko, aretotik Zer-gertatu-berri-da? sentsazio batekin ateratzeko. Batzuetan, ez delako gertatu dena guztiz ulertu behar, zerbait gertatu dela sentitzeko. Eta hala izan zen, duda izpirik gabe. Non eta Iruñean. Non eta Nafarroako Antzerki Eskolan, baduena, bidenabar erranda, etxeko egongelaren erosotasunetik zerbait.
Ostegunaren eta igandearen artean, Mejillon Tigreren eta Las Nenasen artean, Geltoki eta Nafarroako Antzerki eskola artean, bestelako ekitaldiek bete zuten asteburua etxean, artean Iruña Kultur Elkarteko dantza taldearen kauterek, Alde Zaharreko kaleak inauteriz astindu zutenak; Laba espazioaren “gero arte” bestak edo Aintzina tabernako lurpea hartu zuen Plazeratu LGTBI kolektiboaren ekimenak. Mariame Kabak esaten du itxaropena ez dela munduan lor daitekeenak eragindako emozioa, diziplina bat baizik –Angela Davisek Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta liburuan gogoratzen duen bezala–. Eta horrelako aste bukaerek, gizartea ekintza performatibo etengabe bat dela gogoratzen digutenek, Iruñea bezalako leku batean, diziplina horixe elikatzen dutela errango nuke. Badago itxaropena.