AUTOA PIRUBIKA
—Malentxu, musu eta banoa.
—Ez amaaa! Turekin nahinut.
—Berandu iritsiko naiz lanera.
—Malen, maitea, agurtu ama. Gaur plastilinarekin ibiliko gara!
—Etut patinina nahi.
—Zatoz, txiki. Leihotik esango diogu agur.
Nagorek irakaslearen besoetan utzi du alaba. Negar-zotinka. Bera, berriz, blai dago; euriz eta izerdiz. Etxea eta eskola arteko bidea karroarekin eta aterkia zabalduta zeharkatzea ezinezkoa da. Esku bakarrarekin ezin du Malen aldapan gora bultzatu. Ez behintzat bere goizetako marka mantendu nahi badu. 14 minutu ikasgelako ateraino + 30 segundo Malen agurtzeko. Gaur minutu bateko atzerapenarekin doa; alaba hanketik desitsatsi eta irakaslearen besoetan uzteko behar izan duena.
Goizeko rallyan bere burua ez bustitzea bigarren mailako arazoa da. Lantokira garaiz iristea da lehentasuna. “Ba atera lehenago etxetik!”. Badaki amaginarrebak arrazoi duela, baina Nagorek ez du lortzen goizetan denboraz lasai ibiltzea. Eskolara 5 minutu lehenago iritsi eta atean ilara umoretsu egin ohi duten gurasoak miresten ditu. Aldiz, berak nahiago izaten du loa 10 minutu luzatu eta Maleni presa sartzeko bost oihu histeriko gutxiago bota. Beraz, bidean denbora irabazteko, aterkirik ez. Zira eta katiuskak. Ondorioz, bi metrora antzemateko moduko izerdia. Eta kiratsari soluzioa: desodorante eta abarrez betetako nezeserra motxilan. Aldatzeko arropa eta oinetakoekin batera. Horri gehitu laneko koadernoa, estutxea, tuperra eta ur botila. Hau da, 5 kiloko harria bizkarrean.
Piribi, pirubi, pirubi, pirubi…
Nagorek eskua eraman du bularrera. Hor dago segurtasun-uhala. Lotzeko mekanismoa ukitu du segidan. Barruan dago. Orduan zergatik hasi da joka gerrikoaren alarma?
Hotsa isildu egin da.
“Guztiz lotu gabe izango nuen…”, pentsatu du Nagorek. “Egiaztatzerakoan ez dut klak entzun, baina tira”. Dena dela, egurtasun-uhala jartzea ahaztu izan balu ere ez zen harrituko. Izan ere, gidari bezala, deskuiduen historial luzea du. Anekdota guztietan garaile, bezperan non aparkatu zuen gaizki gogoratzen zuelako udaltzainei autoa lapurtu ziotela esanez deitu zienekoa.
Pirubi, pirubi, pirubi…
Berriro pirubika hasi zaio autoa. Oraingoan, sistema zaharkituaren beste akats bat dela pentsatu du Nagorek. Bere monobolumen aguretuak baditu-eta hainbat tara; bat bera ere ez ditxosozko pirubi horiek entzunez gidatzea bezain gogaikarria.
Hotsa isildu egin da.
Pirubi, pirubi, pirubi…
“Ai ama! Eta kotxean beste norbait badago?”. Beldurrak hartu du Nagore. Eserlekuen errepasoa egiteari ekin dio. Bat: berea. Bi: kopilotuarenean motxila baino ez. Atzerako ispiluan zehar begiratu du. Hiru: Malenen aulkia hutsik. Lepoa biratu du.
Hotsa gelditu egin da. Atzera begiratu duen unean isildu izanak auto barruan beste norbait dagoen susmoari indarra eman dio.
Piiiiiiii. Gidari batek klaxona jo du Nagore alboko karrilera sartu delako. Bolante-kolpe batez norabidea zuzendu du.
Hotsa isildu egin da.
Mugimenduarekin polizoia beldurtu dela ondorioztatu du Nagorek. “Azkar banoa ez dit eraso egingo”. Azeleragailua zapaldu eta errepasoarekin jarraitu du. Lau: erdiko eserlekuan inor ez. Beste hiru aulkiak gune itsuak direla ohartutakoan, 7 eserlekuko autoa izateaz damutu da. Ikaratuta dago. “Zer nahiko du? Lapurra ote? Nork ostu nahiko luke txatarra hau?”.
Pirubi, pirubi, pirubi…
—Ez nazazu hil.
Nagore hizketan hasi zaio ezkutuko bidaiariari, atzera-begirako ispiluari finko begira.
Hotsa isildu egin da. Eraginkorra delakoan, Nagorek diskurtsoarekin jarraitu du.
—Bi urteko alaba bat daukat.
Pirubi, pirubi, pirubi…
“Kaka zaharra!”. Ez da gerrikoaren pirubiengatik kexatu, baizik eta eskolatik irteterakoan ez duelako Malen agurtu. Hiltzaile potentzialari alaba aipatzerakoan ohartu da. “Gaur hiltzen banaiz, ama penagarri gisa gogoratuko nau”. Baina kontzientzia harra berehala bigarren planora pasatu da. Izan ere, bat-batean, 10 metrora bi txirrindulari dituela ikusi du. Azkarregi doa. Frenoa zapaldu du. Ez da ezbeharrik izan. Balaztadaren ondorioz, motxila lurrera erori da. Besterik ez.
Hotsa isildu egin da.
Sustoaren eraginez, motelago gidatzen hasi da. Motxila lurretik jaso eta kopilotuaren eserlekuan utzi du berriro.
Pirubi, pirubi, pirubi…
Motxila eserlekutik kendu du.
Hotsa isildu egin da.
Motxila eserlekuan jarri du.
Pirubi, pirubi, pirubi…