Artikulua :: Oihana Arana 2026/06/04

Aurreikusgarria zen

Zapatila zaharrak jantzi eta aldapan gora zoaz besapean liburu bat eta belarri gainean arkatz zorroztu berri bat hartuta. Ez dakizu osteguna den edo martitzena. Egiari zor, ez zaizu gehiegi axola ere. Arratsalde bakarra daukazu libre ekain osoan: gaurkoa. Hori da inporta zaizun bakarra. Asko ziren plan posibleak. Lagunekin elkartu, hondartzara joan, palan jokatu, terrazaren bateko garagardo usainetan ito… Baina zuk liburu batekin paseatzea erabaki duzu. Aurreikusgarria zen.

Lagun idazle batekin geratu zara aspaldiko partez. Izozki gozoegi banarekin gurutzatu duzue alderik alde Zarauzko malekoia. Ez duzue liburu bat bera ere aipatu goiz osoan. Idazlerik ere ez. Literaturaz baino gehiago, bizitzaz egiten duzue berba. Gertatzen ari zaizuenaz berba egitea idatziko duzuenaz berba egitea da. Zuen bizitzari buruzko liburuak argitaratzen dituzue gero. Aurreikusgarria zen.

Telefonoz deitu dizu amak. Zer moduz zauden galdetu eta tomate landareak hazten ari zaizkizula esplikatu diozu. Zure landareen osasunaren arabera neurtzen duzu zure ongizatea. Ortua txukun daukazu, leihoetako loreak ere bai. Baina aspaldi da ez duzula logela barruko ziklamena ureztatu. Hil egin da. Hil egin duzu. Aurreikusgarria zen.

Zure ogibideari buruz galdetu dizute. Jator erantzun duzu. Hori benetan lan egitea ote den galdetu dizute. Ez duzu erantzuten jakin. Aurreikusgarria zen.

Gauerdian esnatu zara. Inoiz idatzi duzun esaldi onena agertu zaizu begien parera. Ohetik salto egin duzu berbak zirriborratzeko orri zati baten bila. Argia piztu gabe egin duzu hori guztia. Eguerdian esaldia berrirakurri duzunean ez zaizu batere gustatu. Are, ez zaizu esaldi bat denik iruditu. Uste duzuna baino askoz mediokreagoa zara. Zure uste gehienak faltsuak dira. Aurreikusgarria zen.

Zure azken lana irakurri duela esan dizu ezagun batek. Ez zara begietara begiratzeko gai izan. Irribarre arraro bat jantzi eta pozten zarela esaten diezu denei, pozten zarela gustatu bazaie. Ezer esan ez dizuten horien guztien berbekin amesten duzu gero. Aurreikusgarria zen.

Itsasoa usaintzera joan zara. Orain usaindu esaten duzu lehen ikusi esaten zenuen lekuan. Ez zara horri buruz pentsatzen ari. Ez zara pentsatzen ari. Normalean bai, baina gaur ez dizu ezer oparitu itsasoak: ez poemarik, ez samin zaharrik, ez ezer. Geldi egoteko aukera bakarrik. Egotekoa. Zerbaiten bila joan zara, baina ez zara ezer topatzeko gai izan. Ez dakizu naturak zer esan nahi dizun. Esaldi hori baino ez duzu apuntatu. Aurreikusgarria zen.

Ordenagailuarekin sartu zara ohera. Besteei ez egiteko esaten diezun hori guztia egiten duzu zuk une oro. Aurreikusgarria zen.

Jendaurreko ekitaldi bat izan duzu. Praka luzeak jantzi dituzu termometroak hogeita hamahiru gradu markatzen zituen arren. Ez zaizu beti gertatzen, baina batzuetan bai: inpostore sindromea. Negargura izan duzu bukaeran. Ia inork ez du igarri, zure bertsio garaikidea gertutik ezagutzen dutenek bakarrik. Poza antzeztu duzu osteko tragoan. Etxera joan baino lehen lagun baten besoetan urtzea beste erremediorik ez duzu izan. Aurreikusgarria zen.

Oharrez eta irakurri gabeko liburuz gainezka duzun idazmahai xumearen aurrean eseri zara. Idaztera eseri zara. Derrigor biharko bidali behar duzun testu hori amaitu behar duzu. Hasi, hobeto esanda. Eseri zarenetik, bazkaria egin duzu, ipini dituzu bi labadora, irakurri dituzu egunkariko titular guztiak, jokatu duzu Egunean Behineko partida, eta ez. Ez duzu berba bat bera ere idatzi. Aurreikusgarria zen.

Supermerkatuko ilaran zaude. Zintan ipini dituzu komuneko papera eta olozko gailetak. Erdeinuz begiratzen diezu zure aurreko andreak aukeratu dituen kokozko jogurtei. Harriduraz atzeko mutilak erosiko duen ahuakate poltsakadari. Zeure bizitza ahazten duzu besteenak asmatzera jolasten zarenean. Besteek zure erosketa juzgatuko ez dutelako ziurtasuna bazenu moduan bizi zara. Besteek zutaz ezer jakingo ez balute bezala. Izenez deitu dizu kutxako langileak. Aurreikusgarria zen.

Ez dakit existitzen den idazle jendearena bezain bizimodu aurreikusgarria duen inor. Horri buruz idatzi duzu. Aurreikusgarria zen.

 

 

Oihana Arana