Artikulua :: PAKO SUDUPE 2023/04/19

Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (II)

Honen aurreko artikuluan egindako galderei erantzuteko, Robert Wilentzen arabera, ez zen benetako adostasunik egon ama besterentzat ekartzea hitzeman zuenaren aldetik. Kontratuaren arabera, hark konpromiso ezeztaezina hartu zuen, aurrez jakiteke zer-nolako loturak izango zituen umekiarekiko. Amak umea jaio aurretik ezin du erabat boluntarioki eta jakinaren gainean erabakirik hartu. Umea jaio zenerako amaren erabakia ez zen askea, kereilaren mehatxua eta hamar mila dolarren eraginak baldintzatua zegoenez. Dirudun emakumeek gisa horretako erabakirik hartuko lukete? Wilentz epaileak honela adierazi zuen: "Zalantza handiak ditugu diru-sarrera gutxiko bikote antzuek diru-sarrera handiak dituzten alokairuko amak aurkituko ote dituzten".

 

Beste bigarren arrazoi funtsezkoago bat ere eman zuen: gizarte zibilizatu batean badira diruak ezin eros ditzakeen gauzak. Amatasunaren subrogazio komertziala ume bat erostearen baliokidea da, edo behintzat, amak umearekiko duen eskubidea saltzea eta aringarri bakarra da erosleetako bat aita izatea. Eta enpresa bitartekari batek sustatzen du salmenta.

 

Egun, ugalketa-teknika berriek ordezkapen-haurdunaldiaren ekonomia aldatu dute, eta horrek berekin dakarren dilema etikoa areagotu. In vitro ernalketa agertzearekin batera, obulua emakume batek eman dezake eta beste batek sortu. Hornikuntza-katea "pakete" bakar batean ez etortzeak subrogazio-merkatuaren hazkundea bultzatu du. 2008an, Indiako Anand hirian 50 emakume baino gehiago haurdun zeuden Estatu Batuak, Taiwan, Britainia Handia eta beste lurralde batzuetako bikoteentzat. Emakumeek irabazten zuten dirua, 4.500 dolarretik 7.500 dolarrera, hamabost urtean irabaziko zuketena baino gehiago izaten zen. Egungo egunean, Ukrainan gertatzen ari da. %40 pobreziaren atalasean dira eta gero eta eskari gehiago dago eta sabel-eskaintza ere goraka ari da. 20.000 euro ematen dizkiete alokairuko amei ume bakoitzeko. Erditzean, umerik ez dute ikusten, afekturik ez sortzeko.

 

Filosofo morala den Elizabeth Andersonek dio amatasunaren subrogazio-kontratuek haurrak eta haurdun dauden emakumeak degradatzen dituztela, salgaiak balira bezala tratatzen dituztelako. Degradaziotzat jotzen du pertsona bat dagokion balioespen-modua baino apalago tratatzea. Gauzak ez ditugu soilik "gehiago" edo "gutxiago" baten arabera baloratzen, baizik eta kualitatiboki maila goragokoan edo beheragokoan. Haurrei afektua eman beharrean, maitasuna eta arreta merezi duten pertsona direnez, onura ekonomikorako tresna gisa erabiltzen dira. Eta emakumeak ere degradatzen ditu kontratu mota horrek beren gorputzak ume-fabrikak balira bezala trataturik, eta haiei ordaindurik umeekiko atxikimendua senti ez dezaten.

 

Andersonek arrazoi du, baina munduan dauden desberdintasunek dirauten bitartean, negozio degradatzaile horrek jarraituko du, Ukrainan, eta leku askotan. Baina horrek zer ikustekorik du armada profesionaleko "boluntarioekin"? AEBetako Charles Rangel kongresista demokrata Irakeko gerraren aurka agertu zen. Haren ustez, gerra hura inoiz ez zen hasiko politikarien seme-alabek joan behar izan balute. Estatu Batuetako gizartearen aukera-desberdintasuna dela eta, zerbitzu militarra merkatuaren bidez esleitzea ez da bidezkoa alternatiba gutxien dituztenentzat: "Iraken herrialde honen alde armekin borrokatu duten gehienak landa-eremu pobreetakoak eta gure hirietako auzo xumeenetakoak dira". Derrigorrezko soldadutza berriz ezartzeko eskatu zuen: "gerrara eramango dituzten amerikarrak dauden bitartean, guztiak eraman beharko lituzkete, ez bakarrik egoera ekonomikoagatik hezkuntza-pizgarriek eta errekrutatzeagatik ematen diren hobariek erakartzen dituztenak." Handik hona etorririk, 1921eko Afrikako gerratik (Annual-eko borrokatik, besteak beste) libratzeko 2.000 pezeta behar omen ziren.

 

Bi afera hauek justiziaren kontzepzio ezberdinak bereizteko balio duten bi galdera dakarzkigute: zenbateraino gara aske, merkatu librean aukeratzen dugunean?; ba al dago diruak erosi ezin duen bertute eta ondasun goragokorik?

 

PAKO SUDUPE