Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (I)
Zeuen artean esango duzue: baina zer ikustekorik du armada profesionalera “bere borondatez” doanak sabela “bere borondatez” alokatzen duen emakumearekin? Hausnar dezagun elkarrekin!
AEBetako gerra zibilaren (1861-1865) lehen hilabeteetan, iparraldeko estatuetan gazte ugarik eman zuten izena armadan, baina lehen porroten ondotik, boluntario aski ez eta Abraham Lincolnek iparraldeko estatuen Batasunaren lehen derrigorrezko errekrutatze legea eman zuen 1862ko uztailean. Alabaina, gerrara joan nahi ez zuen soldadugaiak bazeukan beste bati ordaintzeko aukera gerrara ez joateko. Hegoaldeko estatuen Konfederazioak ere baimentzen zuen ordezko bati pagatzea gerratik libratzeko. Honako esapide hau hedatu zen: "aberatsen gerra; borrokan pobreak, ordea!" Ordezkoei pagatu zietenen artean, besteak beste, Theodore eta Franklin Roosevelt presidenteen aitak, eta presidente izatera iritsiko ziren Chester A. Arthur eta Grover Cleveland. Atzo eta gaur antzera, etortzen zaigu burura!
XX. mendeko bi mundu gerretan, AEBek derrigorrezko zerbitzu militarraren bitartez bete zituzten armadaren premiak, eta Vietnameko gerraren aurkako kontrakotasunagatik proposatu zuen Richard Nixonek 1973an, derrigorrezko zerbitzu militarra abolitzea, eta harrezkeroztik armada profesionala da, Espainian eta Frantzian 2001etik bezala.
2007ko irailean, Irakeko gerraren garaian, estatubatuarren %80 derrigorrezko zerbitzu militarraren aurka zegoen eta %18 alde, Gallup-ek egindako inkesta baten arabera. Gerrak erabakitzen dituzten kongresisten artean, %2k baino ez zuen seme edo alabaren bat indar armatuetan.
AEBetatik Europara etorriz, Ukrainan gerra dagoen honetan, Europaren motor ekonomikoa den Alemanian eztabaida dago 2011n baztertu zen zerbitzu militar derrigorrezkora itzuli ala ez. Planteatzen den aukera bakarra ez da zerbitzu militarra; izan liteke, urtebete GKE edo suhiltzaileetan ematea. Inkesta baten arabera, alemanen %61 itzultzearen alde dago.
Ematen du herrialde arrotz baten borrokatzeko armada profesional "boluntarioa" nahiago dela baina norberaren herrialdea defendatu beharra gertatuz gero...
Zerbitzu militarra merkatu libreak erabaki behar du? Betebehar zibiko gisa ulertu behar genuke, eta hartara, guztiok konpromiso gehiago hartzeko? Euskaldunon kasuan, auzia gehiago korapilatzen da, askok Espainiako armada geure armadatzat ez dugulako.
Gatozen pagatutako haurdunaldietara. Ukrainan gaur egun negozio handia da; 16.000 euro ematen dizkiete amei ume bakoitzeko. 1985ean, New Jersey estatuko Tenafly herrian bizi ziren Elizabeth Stern pediatrak eta haren senar William Stern biokimikariak umea izan nahi zuten, baina ezin zuten. Kontratu bat sinatu zuten 29 urteko Mary Beth Whitehead-ekin. Delako Mari Beth horrek onartu zuen Williamen espermarekin haurdun gelditzea, eta umearen gaineko eskubide guztiak galtzea 10.000 dolarren truke. Neska izan zuen, eta bere umearengandik ezin bereizirik, ihes egin zuen umearekin. Floridako poliziak aurkitu zuen eta zaintzarekiko afera New Jerseyko epaitegietara heldu zen.
Argudia liteke Mary Bethek ez zekiela tratua egin zuenean zer sentituko zuen umea bere altzoan sentitzean; diru-premia larriak itsutu zuela, eta ez zela pertsona askea kontratua sinatzean. Argudia liteke era berean umearekin ezin dela salerosketan ibili beste edozein salgai balitz bezala. Bada, Harvey R. Sorkow epailea ez zuten konbentzitu bi argudio horiek. Ukatu zuen negoziazioan bi aldeetatik inor bestea baino posizio hobean egon izana. Prezio bat ezarri zen bakoitzak egin behar zuenagatik, eta inork ez zeukan botere negoziatzaile neurrigabea. Eta halaber ukatu zuen amatasunaren subrogazioa umea saltzearen parekoa zenik. Aita biologikoak ez zion umea erosi, baizik eta zerbitzu bat ordaindu zion, esperma berarena baitzen.
Mary Bethek apelazioa aurkeztu zuen New Jerseyko Auzitegi Gorenean, eta han aho batez Sorkow epailearen erabakia ezeztatu zuten, eta auzitegiak erabaki zuen subrogazio kontratua baliogabea zela. Auzitegiaren izenean sententzia idatzi zuen Robert Wilentzek zer argudio eman zituen?