Artikulua :: PAKO SUDUPE 2023/05/16

Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta III)

Honen aurreko bi artikuluetan egindako galderei erantzuteko, eta antzeko galdera gehiagori erantzuna emateko gaitasuna lantze aldera, komeni da justiziaren gaineko teoria nagusiak kontuan izatea. Behin-behinekoz hirutan bil litezke: gehienon ongizatea maximizatzea xedea dutenak (utilitarista); guztiaren gainetik norbanakoaren askatasuna errespetatzearen aldekoak (liberala), eta komunitatean nagusi diren balioak errespetatzea proposatzen dutenak (komunitarista).

 

John Rawlsek –Sandel filosofoarentzat Estatu Batuetako filosofo politiko handiena-- 1971n Justiziaren teoria argitaratu aurretik, ikuspegi utilitarista zen nagusi AEBetan, eta filosofia politikoa lozorroan zegoen. Rawls inflexio puntua izan zen. Bi mota nagusi bereizten dira AEBetan liberalen artean: liberal libertarioak eta liberal igualitaristak, eta Rawls igualitaristen artean kokatu izan da.

 

Eta artikulu hauetan itsuaurreko darabilgun Michael J. Sandel? Komunitarista gehiago da liberal baino; gehiago zehaztuz, ordea, Aristotelesen ildotik, teleologista, hau da, eskubideak helburuen garrantzi moralaren arabera justifikatzea proposatzen duena. Bere artikuluetako batean (Filosofía pública. 2020: 337), honela dio:

 

Liberalek, zeinentzat eskubideen defentsa doktrina moral eta erlijioso substantibo guztiekiko argudio neutral batean oinarrituta egon beharko litzatekeen, eta komunitarioek, zeinentzat eskubideak gizartean nagusi diren balio sozialetan oinarritu beharko liratekeen, antzeko akats bat egiten dute: eskubide horiek sustatzen dituzten helburuen edukiari buruzko iritzi edo judizio oro saihesten saiatzen dira biak. [...] Hirugarren aukera, nire ustez gomendagarriagoa, da eskubideak justifikatzea haiek asebete nahi dituzten helburuen garrantzi moralagatik.

 

Teoria utilistaren eta liberalaren arabera, erabat harturik, armada profesionalaren auzian edo alokairuko amen aferean, garrantzizkoena izango litzateke deliberatzea ea nola aterako litzatekeen irabazten gehienon ongizatea, eta ea soldaduak beren borondatez joaten diren armadara --hark eskaintzen dituen pizgarriek akuilaturik--, eta herrialde pobreetako emakumeen kasuan ere antzera, ea beren borondatez eskaintzen duten beren sabela, alde batera utzita eztabaida publikoan, arazo moral eta erlijiosoak. Sandelen ikuspegiak, aldiz, armadaren helburuaz, eta halaber, umeak zertarako ekartzen ditugunaz hausnartzera garamatza.

 

Zertarako du estatu batek armada? Bere lurraldea defendatzeko, eta etsai izan daitezkeenen aurrean, disuasio moduan?, hots, NATOn parte hartzeko, gu geopolitikoki gauden tokian gaudela?, euskaldun gisan, oraindik beste galdera bat gehiago planteatzen zaigu: armada propiorik ez dugunez, izan arte ez dugu kezkatu behar?, halakoren batean estatua izatera helduz gero, orduan erabaki beharko genuke zertarako izango litzatekeen eta nola osatu beharko genukeen? Sandel zerbitzu militar derrigorrezkoaren alde dago eta armada profesional eta gerra egiteko kontrata pribatuen, hots, mertzenarioen aurka. Bat natorkio.

 

Alokairuko amen auzira etorriz, horren aurka dago. Sabela eskaintzen dutenei dagokienez, uste izan liteke gehienek aurretik beste ume batzuk izango dituztela, eta baliabide ekonomikorik ezak eraman dituela langintza horretara. Umeak ordainduta ekartzen dituztenei, berriz, ez zaie iruditzen nonbait horrela eskuratzeak kalte egin diezaiekeenik guraso gisa, hots, merkatuaren legeetara plegatuz gero, horrek salgai kutsua eman liezaiekeela direlako ume horiei eta guraso eta umeen artean harreman egokiak izateko kaltegarria izan litekeela. Kasu ezberdina da, noski, umeak adopzioan hartzea, hau da, tramitazioa soilik ordaindu beharra izatea.

 

Umeak zertarako ekartzen ditugu? Afektua emateko. Zaintzeko eta maitatzeko eta hezten ahalegintzeko --gero eta eginkizun zailagoa ikus-entzunezkoen mundu teknokratiko-digital honetan!--. Eta ume-ekartze kontuan, nago salerosketak degradaziorako bide segurua ematen duela. Zeren merkatuak ezin du dena erosi, ezta?, beste artikulu baterako gaia!

PAKO SUDUPE