Argiaren zaporea ezagutu nuenekoa
Zortearen jainkoa da. Samurtasun basatiaren eroale. Lola Nieto
Ukondoak sukaldeko mahai gainean jarrita, tomatea zuritzeari ekiten diot idazkeran barrualdeko hitzak zuritzen ditudan bezala. Kaltetutako zatiak kentzen ditut, frutaren gainazal gorri eta leunaren gaineko orban ilun guztiak. Labana tomatearen bihotzean sartu eta berehala datorkit burura The seasons in Quincy dokumentala. John Berger eta Tilda Swinton ageri dira hizketan, sukaldean sagarrak zuritu bitartean. Orain ez dut gogoan bietatik zeinek ebakitzen duen fruta ilargi erdietan, laurdenetan gerora, baina jakin badakit azalek platera bete ahala, animalien inguruan mintzatzen direla, artelanak, hitzak, argazkigintza eta familia arteko harremanak ere aipatuz. John Bergerek dio bost edo sei urte zituela, bere gurasoen heriotzan pentsatze hutsak ikaratu ohi zuela. Bitxia da (edo erridikulua, nork daki), zeren eta ni ere, 43 urte izanik, beldur berak uzkurtzen nau. Ondo pentsatuta, gaur egun nik ere izu horretan murgilduta jarraitzen dut haiek bizirik jarraitzen dutelako, zorte hori dudalako (edo zoritxarra, esango lukete aitak eta amak bere ohiko irriari eutsiz); ondoan nabari ditudalako, dela goizeko zortziak aldera txakurra paseatzen, dela tomateak, kalabazinak, tipulak zein porruak baratzean hazten, biltzen.
Are gehiago, denborak gorputzari gerra deklaratu ostean, ikara hori hazten doa: hari gehituko baitzaizkio semearen irudi zaurgarria eskolako patio-mortu erdian eta lan mundutik kaleratu berri duten lagunaren prekarietatea. Baita gaixotasunaren mailu tematia ere, zeinek Sisifo krudel baten modura hainbeste maite dugun beste lagunaren gorputza kolpatu egiten duen. Orain arte gure ondoan amets egiten zuen maitale ohiaren zurrungen absentziak ere gure beldurren munstroari bazka berdea emango dio.
Sukaldeko mahaian jesarrita, tomate bat bestearen atzetik zurituz noa. Higatutako azala erauzten dut. Bere samurtasuna. Baita kolpatutakoen itzal ilunak ere. Gorputz esferikoen soberakinek metafora baten barrualdean murgildu naute. Esku ahurrean zabaltzen da metafora. Haragi gorriaren eta labanaren arteko tarte ezkutu horretan iltzatuta denbora luzez gordeta egon izan balitz bezala.
Señora edadetua bilakatzea hauxe da; gauzak galtzearen beldur izatea gauza horiek jada galdu dituzunean. Bukatu behar duenak bukatzeko joera duela ez ulertzea. Bukatu behar duen horrek bukatu behar baitu. Horri ezin diogu uko egin; nahiz eta galerari ihes egiteko gure burua giltzapetzen dugun. Nahiz eta kremailerari goraka tira egin ohi diogun, topea gainditu arte.
Nire semearen eskuak behatu ditut. Bere ahoa. Ogi apurrek bere ezpain ertzetan diraute. Horrela begiratu orduko, hainbatetan bizi izan dudan samurtasun basati horrek hartzen nau berriro. Tomatea nola zatitzen duzun ikustea gustuko dut, dio. Zer ba? Pelikula batean gaudela ematen duelako. Aurrez aurre tinko begiratzen dit, begiak zabal-zabalik. Tomateari darion zukuak mahaia zipriztintzen du eta tanta bat nire besoan zehar labaintzen da. Ez naiz erreakzionatzeko gai: une honetan sukaldeko mahai aurrean ireki den samurtasun-espazioa erauziko nuke eta kristalezko elur bola horietako baten barrualden betiko ezkutatu. Hola, egunero astinduko nuke une honetara itzultzeko, barruko malutak eta nire semearen aurpegia ikusteko. Santutegi batera behin eta berriro itzultzen den fededunaren usadioa lez. Itzalen jantzien azpian gordetzen diren orroei aurre egiten dien emakume bakuna lez.