zutabea :: Xabier Etxeberria 2022/03/17

ANONYMOUS

Kuriosoa da gure burmuinak nola funtzionatzen duen.

Albistegia ikusten ari nintzela, aitarekin gogoratu naiz aspaldiko partez. Albisteak ez zuen berekin zuzeneko loturarik, egia esan. Errusiaren aurkako ziber-eraso bat izan dute hizpide, Anonymous hacktibista taldeak burutua antza denez. Datubaseak omen dituzte batik bat jo-puntuan hacker anonimo hauek, Errusiarentzat funtsezkoa den informazioa blokeatu edo galaraztea omen da helburua. Esatariak -irribarrea ezkutatu ezinik-zioenez, Putinen gobernuak erasoari aurre egiteko zailtasunak izango omen ditu, zaila baita non dagoen eta nor den ere ez dakizun arerio baten aurka borrokatzea.

Ipuin eta alegia zaharretan bezala, pentsatu dut nik orduan, eta gure aitak kontatzen zizkigun istorioak gogora etorri zaizkit ustekabean. Animaliek oraindik hitz egiten zekiten garaietako ipuinak. Erraldoien, sorginen eta lapurren kondairak. Kastilloprankorenak. Juan Hartzenak. Eta, jakina, herensugeenak.

Horixe izan da, bai. Horrek eragin du aitaren oroitzapenak nire barruko kobazulo ezkutu batetik telebistaren pantailaraino jauzi egitea. Kuriosoa da gure burmuinak nola funtzionatzen duen.

Aitak kontatzen zigunez, herensuge bat hiltzeko modu bakarrenetakoa haren izena jakitea da. Alferrik joango da zaldun indartsuena altzairuzko ezpata dizdiratsuarekin herensugearekin borrokatzera, ez du ezkata gogorrez estaliriko haren gorputzean zauri txikiena egitea lortuko. Baina, zorte on edo azpijoko makur baten ondorioz herensugearen izena ezagutzera iritsi denak, piztia menderatzen bukatuko du beti.

Hori baita benetako arerioa: Izendatua Izan Ez Daitekeen Hura, Harry Potterren liburuetan esango luketen bezala. Etsaia. Edo ez derrigor. Deitu ezaiozu zuk nahi duzun bezala, baina juduek jainkoaren izena esatea debekatua zuten eta, horregatik, tabu horren ordezko beste hamaika ez-izen, eufemismo eta katramila kabalistiko sortu zituzten.

Bai, gauzak nola diren. Kopeta zimurtu dut oroitzean.

Zazpi zenbaki kabalistikoagoa izango zen baina sei neurologo behar izan genituen guk, aitak zuen gaitzari izena jarri ahal izateko. Ondoeza nabaria zen, izan bazen erorketa-nahasmendu-desorientazio-ahaztura ugari, baina izenik ez, tratamendurik ez, sendabiderik ezta.

Seigarrenean aidanez sendagile bat izen hura ahoskatzera ausartu zen arte: PSP. Entzun genuenean ez genekien zer egin, negar edo barre. Playstation kontsola baten marka ez al zen hura? Ez, ez. Bestelakoa zen PSP hau: Paralisi Supranuklear Progresiboa. Gaisotasun arraroa, gutxi omen zekiten hari buruz. Bi gauza baino ez: hacker nekaezin baten antzera aitaren burmuinaren datubasea blokeatu eta galaraziko zuela batetik, eta sendabiderik gabekoa zela bestetik. Kontsolatzeko aukerarik ez. Game Over.

Kuriosoa da gure burmuinak nola funtzionatzen duen.

Eta nola uzten dion funtzionatzeari.

Azkar joango zela esan zuten, baina ez zen hala izan. Gogorra izango zela esan zuten, eta horretan asmatu zuten. Bost urte bete dira aitak gure artean hutsunea laga zuenetik, izango den ala ez zalantza egiten dudan izenik gabeko leku batera joan zenetik.

Albistegia amaitu da. Telebista itzali dut. Erantzunik ez duten eta izango ez duten galderak burutik uxatzen saiatu naiz arrakasta gabe. Lehen zantzuak ikusi genituenean gaitzari izena jartzen asmatu izan bagenu, gauzak ezberdin izango al ziren? Gure esku zeuden baliabide guztiak erabili al genituen? Bukaera arte bere ondoan ginela konturatzen al zen?

Sofatik altxatu naiz pentsamendu horiek atzean uzten ahalegintzeko. Sukaldera abiatu naiz, baso bat ur behar dut. Edo baso bat ardo, agian. Pasaeran apalategiko liburu batera joan zait begirada ustekabean. Bizkar urreztatua du, dotorea da. Aitak oparitu zidan. Gelditu eta besoa luzatu dut liburua eskuratzeko. Herensuge zuri eder bat agertzen da azalean. “Myhtes et contes populaires russes” izena du. Kasik gogoz kontra, irribarrea atera zait. Kuriosoa da gure burmuinak nola funtzionatzen duen.

Xabier Etxeberria