zutabea :: Itxaro Borda 2023/07/06

ANDEREXO

 

          Irulegiko eskuak gure baitako Indiana Jones ezkutua iratzar arazi zuen. Bilatzaile txapela buruan eta mendi malkartsuak igotzeko pioletak eskuan ilkitzen  gara etxetik. Ipar orratza eta karta geografikoak bizkar-zakuan bildu eta hara, prest gara lau haizeetara hedatzen zen Novempopulaniako ordokiak oinezkatzeko. Ez daukagu garbi zeren atzetik gabiltzan, baina duda izpirik ez dugu abenturaren literaturtasunak akuilatzen gaituela. Helena Shaw ez da urrun eta Harrison Ford adinduak partitzeko tenorea jotzen digu. Alabaina, fikzioz elikatzen zituzten izakiak gara, otoitzak, irudiak, ipuinak irentsi ditugu gure buruen balizko finkotasuna bermatzeko.

            Ez dakigu beti nondik datorkigun dakigun apurra. Ez gara seminarioetarik pasatu, are gutxiago eskuin muturrarekin flirteatzen zuten Zuzenbide Unibertsitateetatik. Laborantza eskoletan ibili ginen, historia ikasten gero eta azkenik, lehen lerroko lanbideetan, laido eta irain artean. Kasko zokoan, hargatik, halako mentura nahikunde bat eduki dugu egundainokoan, haurtzaroan leitzen genituen Jules Verne handiaren eta beranduago ustiatzen genuen HP Lovecraften itzaletik xendrak urratuz. Garai haietatik atera ginen Miskatonic Universityko cum laude diplomarekin.

            Barkatu, irakurle, sarrera luze eta aspergarri hau. Ingurugiroa plantan jarri nahi dut. Iragan egun batez, halatan, “Istoria d’Aran” liburuxka aurkitu nuen sarean, 2022ko urrian publikatua. Eta Eduardo Orduña Aznarrek idatzi “Es lengües e era epigrafia dera Val d’Aran ena Antiquitat” artikulua irakurri nuen, araneraz. Nire mintzairan ez zen idazkuna deszifratzen eta entelegatzen saiatzen nintzen, arkeologo erne baten pare, zalantzak eta uste zitalak gaindituz. Mende urrundu haietan, gaur egun bezala, jatorri ezberdineko hizkuntzak nahasten ziren, kalakarien baliabide linguistikoak edota diglosia egoerak biderkatuz. Iberikoa -ez urdaiazpikoa!-, akitaniarra, erromanoa eta euskara, aldizka, bazter eta batera... hauxe Arestiren itsaso zabalaren egiazko metafora. Artikuluaren egileak euskara erabiltzen du, beste linguista askoren maneran funtsean, harrietan zizelkatu ele bakun arraro batzuen erranahia argitzeko.

            Entziklopediak itxi eta amoroski prestatu bizkar zakuak autoko maletan metatzen ditugu, eta karbono aztarnaz axolatu gabe, highway 64 delakoan sartzen gara, bidean entzuteko Mikel Laboaren zazpi Lekeitio USB giltza batean gatibatuz: bai, jende bitxiak gara, egiazki. Bidearen buruan, Escunhauko elizako hilerrian kausitzen gara. Sarrerako burdinazko ateak kurrinka egiten du eta euria dugu bakartasun hezeak troxatzen duen Aranen. Bero handien ondoko berehalako hezetasunarengatik, loreak usteltzen ari dira, salbu bistan dena plastikozkoak. Begiak galtzen ditugu elizaren frontoi monumentalaren eskuinaldeko horman eta bai, hantxe dago, Sant Beateko marmol zurian etzan eta behialako artikuluak aipatzen zuen erromatarren denborako inskripzioa: Ilurberrixo Anderexo, bi hitz, txiki txikiak, misterioz beteak, alta aurreneko begi kliskan berean ulergarriak ematen dutenak: ez al gara gu ere Lur berriko Anderetxoak?

            Andere hitzaren okurentzia historikoaren aitzinean belaunikatu ginen, ahuspez, hunkimenaren mugetan, erortzear. Gure buruen izendatzeko modua hain aspaldikoa suertatzearen harrotasunak inarrosi zizkigun erraiak. XIX mende bukaeran, Maurice Gourdon (1847-1941) deituriko pireneista famatuak atzeman zuen pieza hau, berarekin eraman, suntsiketa ekiditeko, baina hil zenean, ondorengoek bere puskak barreiatu zituzten eta fragmentu baliosa betirako galdu zen. Eskerrak Gourdonek argazki bat egin zuela eta horrela osatu zen, guk, Escunhauko elizaren murruan miretsi ahal izan dugun kopia hori.

            Vielhako udaletxeko arkupeetan gizon hordi bat kantari zebilen, Condo Sambeat poetaren gaskoizko aldarrikapen baten azpian. Goseak hil Anderexo menturazale ginen, eta elizaren maldako Era Plaça ostatuko terrazan plantatu ginen, Aran euskararen sehaska ote zen galdezka, jakintsuen eztabaiden urmaeletara sobera lerratu gabe. Literaturak edonora bultzatzen gaitu, zangoak non laxatzen ditugun kasu eginez bistan dena.

Itxaro Borda