Kronika :: Idoia CarramiƱana 2023/09/22

Ametsek aske egingo gaituzte

Geroa harik eta hurbilago dugu eta, ez bazarete konturatu, baduzue garaia ez zaitzaten derrepentean harrapatu, halako batean BBK Kuna bezalako eraikin moderno baten adimen artifizialeko igogailuan gertatu ahal zaizuen bezala, baina pasadizo horri buruzkoa beste kronika baterako gordetzen dut. Eta, egia esan, ez naiz ni hala mintzatzen naizena, edo ez behintzat bakarra. "Geroa hemen da" dio EIEk 2023an zehar antolatu dituen hitzaldi sorten izenburuak, eta, hain zuzen, irailean izan da urteko hirugarren topaketa.

Oraingoan proposatu galdera oso mamitsua iruditu zitzaidan, hartan ere, hain materialista eta produktibitatearen menpekoa den gizarte honetan, non gelditzen dira ametsak? Zein da eskaintzen diegun lekua gure egunerokoan? Ametsei eustea, ilusio hutsa al da? Idazten dugunontzat, batik bat, ez da gai arrotza, ezta?


Zer esango dut nik, ezin naizela ohetik jaiki gauean barrena nire burutik pasatu diren irudi bitxi eta hain egiazko guztiak ulertu eta aztertu arte. Baina amestea ez dago lo egitearekin lotuta. Beraz, ez da beharrezkoa lo egotea gure imajinatzeko makina martxan jartzeko, horixe baita, azkenean, ametsek eraman gaitzaketen lekua: imajinazioa. Bidea, hala ere, ez da beti erraza.

Ondo baino hobeto azaldu zuen Juan Kruz Igerabidek, Faetonen mitoa guztion gogora ekarriz: Faetonek eguzki-orga gidatzeko eskatu zion aitari, eta horrek zaldiak gidatzeko arriskuaz ohartarazi arren, azkenik, eguzkira gehiegi hurbildu eta hondamendia gertatu zen. Baina gure ametsak lortzeko saiakera horiek ez dira beti zoritxarrean amaitu behar, dena zaldiak galgatzeko gaitasunaren araberakoa baita. Eta ametsak bridatzen laguntzeko bertan izan ziren ere Garazi Arrula eta Aintzane Usandizaga. Hiru idazleen artean ametsen esanahiaz aritu ziren, literaturan bertan izandako presentziatik hasita (Shakespeare eta Calderon, besteak beste) gure egungo gizartera arte.

Ametsak nerabezaroaren eremukoak dira. Baita erromantikoena ere. Agian, horregatik mesfidantza sor dezakete, mundu arrazionalizatu honetan, emozioak kontrolaezinak izan daitezkeelako. Baina, egiatan, hori da bultzatzen gaituen motorra. Eta gure hiru solaskideek argi utzi zuten ametsek garrantzi handia dutela elementu eraikitzaile gisa, izan ere, utopia edo ilusioa egia bihurtzeko gaitasuna azaltzen dute, eta berez, gainera, sortzeko materialez hornitzen gaituzte. Niretzat, preseski, ametsak inspirazio-iturri handia baitira.

Baina denok ez dugu aukera bera ametsak edo horietatik eratorritako irudiak eskuratzeko. Egia da, bakoitzak mekanismo desberdinak darabiltzala eta, batzuen kasuan, horrek olioztatze erregularragoa eskatuko liokela. Baina, gizarte mailan, zalantzan jarri zuten zeri erantzuten dion zabaldua dagoen literaltasunak, ulertu nahian zergatik ez omen garen dagoeneko trebeak irudiak edo sinbologiak irakurtzen, deszifratzen.

Literaturaren alorrean, adibidez, zertaz doa liburu hau? galderak asaldatzen zituen hizlariak, liburu baten aurrean gaudela, ezin dugulako hura mugatu jorratzen duen gaira. Eta arrazoia badute, sinplifikatze horrek artelanaren emozioa eta garra zapuztuko bailuke. Aldi berean ere, nabaria da, orokorrean, askok poesiari dioten beldurra, hark dakartzan iruditegiak, metaforak eta esanahiak gugan ezkutatuta dagoen zerbait piztuko balute bezala. Hura ere pentsamendu ez oso arrazionala, bide batez, ejem!

Ikaskuntza edota tradizio falta izan daiteke, baina horrexegatik ere, jabetu behar dugu globalizazio sistema fagozitatzaile honen barruan dugun arriskuaz, iruditeriaren bateragarritasunera bultzatzen gaituena. Baina horretarako erremedioa ere azaldu zuten gure idazleek, hau da, berezko irudimena berreskuratzea, identitatea osatzen dituzten elementuak beretuz eta ikasiz. Hala ere, tarteka abaildurik begiratzen diote Euskal Herriko panoramari, eta bat datoz estrategia berriak bilatu beharrarekin, hizkuntzaren beraren indar emozionala nabarmentzekotan. Hori da literaturaren betekizunetako bat, lekuan lekukoak jaso eta transmititu, sistematik at irudi berriak sortzeko gai izan gaitezen.

Nik etxean halako eztabaida kuriosoak izan ditut noizbait. Aita ameslari dut; ama, berriz, pragmatikoagoa. Eta azken batean, solasaldi horietatik ondorioztatu dut

benetan merezi duela zerbaitekin amets egitea, izan ere, existitu daitekeela imajinatzea besterik ez, gauzatzen ez bada ere, gogobetegarria da oso. Nietzschek esan bezala, “ezer ez dagokizue jabetzan, zuen ametsak besterik ez”.

Beraz, galdetzen badidazue zertaz joan zen astearteko hitzaldia, 1) tesiari erreparatuta: ametsen eginkizunaz gure gizartean; baina 2) muinari dagokionez, emozioak metatuak ditut; hortaz, begiak itxi eta irudikatu, bakoitzak bere erara: ardo-turrusta erortzen botilari kortxoa kendu ondoren, koloretako konfetia ilean, eskuekin xaboi-burbuilak harrapatzen saiatzea, liburu baten barruan ohar anonimo bat aurkitzea, su artifizialak, giza beroa, literatura, ametsetan bizi den itxaropena, poza, azken batean, bizitzeko gogoa. Baduzue?

Nola ez, ezin nuen azaldu irudi batekin ez bazen.

Idoia CarramiƱana