Ama ez-perfektuak, iheslariak, abortistak eta emakume obsesionatuak, 2023ko zinemako uzta
Fikzioa leiho eta ispilu dela esan zuen behin Estibaliz Urresola zinema zuzendariak Iruñean eman zuen aurkezpen solasaldi batean. Ispilu, errealitatearen isla den heinean; eta leiho, errealitateak proiektatzeko duen gaitasunagatik. Pertsonaia bat edo egoera bat fikzio baten bitartez aurkezten denean, existentzia aitortzen diogu, jendaurrean erraten dugu, ozen: hau badago, gure errealitatearen parte da. Errepresentazioa, hala, jendartea atzera elikatzen duen arma boteretsu bat da.
Urtea bukaeraren atarian gauden honetan, atzera begiratu eta errepaso azkarra eginez, uste dut zinemak errepresentazio ariketa zoragarriak utzi dizkigula 2023 honetan, errealitate anitzak islatuz eta argi-ilunez betetako pertsonaiak eraikiz. Batez ere emakumezko pertsonaietaz ari bagara.
Ezbairik gabe, aurtengo harribitxirik distiratsuenetako bat izan da Urresolarena bera, 20.000 erle espezie, haur transexualitateaz mintzo zaigun filma. Pertsonaia nagusiaz harago, filmak emakumezko pertsonaia txundigarriak erakutsi dizkigu: perfektua izatetik urrun dagoen ama, bere alaba ulertzeko zailtasunari eta ezintasunari aurre egiten dioena, ulertzen saiatu arren onartze prozesuan bertan galtzen dena. Hanka sartzen duen ama bat da Ane. Genero arau oro hausten dituen izebaren pertsonaia ere kontutan hartzekoa da, gozagarria suertatzen zaigun pertsonaia karismatiko horietako bat.
Zalantza, akaso, amatasunaren eskutik doan ezaugarrietako bat da. Hala agertzen zaigu ere Silvia Muntek zuzendutako Las buenas compañías filmean Itziar Ituñok hezurmamitzen duen pertsonaia. 70eko hamarkada bukaeran kokatzen da filma, Franco ondorengo urteetan. Aldaketa garaiak dira, baina oraindik diktaduraren urte ilunei lotutako gizarte batean bizi dira filmeko pertsonaia nagusiak. Beak (Alicia Falcó) 16 urte ditu eta emakume-talde batekin lankidetzan aritzen da kausa feminista ikusarazteko eta abortatzeko eskubidea onartzeko. Halako batean Miren ezagutuko du, amak garbitzen duen etxeko alaba diruduna, eta haren eskutik bere sexualitatea deskubritzen hasiko da. Ama-alabaren arteko talka belaunaldien arteko talka bera da, aldatu nahi baina oraindik ere lotuta bizi den gizartearen isla, urte luzez isiltasunean itota bizi izan den eta orain oihukatu nahi duen horrena.
Abortuaren gaia jorratzen duen aurtengo film zoragarrienetako bat dugu O Corno, Donostiako Zinemaldiko urrezko maskorra, Jaione Cambordarena. Aurrekoaren garai bertsuan kokatzen da narrazioa, kasu honetan landa eremuko Galizian, Portugaleko mugan bertan kokatzen den Illa de Arousan. Filmeko protagonista dugu María, marisko biltzailea. Ezbehar batek bere herria uztera eta Portugal aldera abiatzera bultzatuko du María. Bere bidaiaren eskutik, emakumeen sare ikusezina norainokoa den baliagarri ulertuko dugu, gure zapalkuntzen esperientzia komunak elkar lotzen gaituen hari ikusezina dela. Kontakizunak, hala, hamaika gai uztartzen eta mahaigaineratzen ditu eta arraza, klasea eta generoaren arteko lotura banaezinaz hitz egiten digu.
Erran gabe doa Isabel Coixeten Un amor filmak ekarri digula aurtengo emakumezko pertsonaia interesgarrienetako bat: Nat. Sara Mesak idatzitako eta eraikitako pertsonaia bat, filmeko zuzendariak aitortu bezala, akaso literaturako pertsonaia gorrotatuenetako bat ere badena. Eta gorrotatua dio, hain zuzen ere argi-ilunez betetako pertsonaia dugulako. Bere miseriak besarkatzen dituen eta amildegian behera erortzen uzten den pertsonaia bat delako. Desiraren, dependentziaren eta obsesioaren artean mugitzen den emakume aldi berean indartsu eta ahul bat, gure porroten ispiluaren aurrean jartzen gaituena. Nat gorroto dugu, bai, gure kontradikzioak gorrotatzen ditugun modu berean.
Pantaila handiak aurten erakutsi digun beste pertsonaia gorrotagarri-maitagarri bat dugu ere Canneseko urrezko palmaren film irabazleak erakutsi diguna. Justine Triet frantziarraren Anatomie d'une chute edo Erorketa baten anatomia filmeko protagonistaz ari naiz, Sandra Hüller erraldoi batek antzezten duen Sandra. Genero rol guztiak apurtzen dituen pertsonaia bat, horrexegatik filmean bakarrik ez eta ikuslearen begitan ere epaitua dena. Izan ere, epaiketa baten kontakizuna da filma, baina zer epaitzen den eta zergatik epaitzen den ere bada kontakizunaren muina bera. Zalantzarik gabe, ikusi beharreko luzemetraila.
Ane, Bea, Miren, María, Nat edo Sandra, denak ala denak beharrezko pertsonaiak dira, emakume izatearen argi-ilunak eta aniztasunak erakutsi dizkiguten kontakizunetan agertu zaizkigunak. Errealitatearen leiho eta ispilu izan diren filmak, kurioski (edo ez?) denak ala denak emakume bat izan dutenak zuzendari.