ALDAKETEKIN BUELTAKA
Testu hau argitaratzen den egunean bertan, Euskal Herrira itzuliko naiz, hamalau urte Alemanian eman eta gero. Argitaratzen den momentuan, katua eta biok hegazkin batean egongo gara, orain dela hamalau urte aurkako norabidean egin genuen bezala. Bertigo itzela sentitu nuen txartela erosi nuenean (hamalau urtetan joan-etorriko txartela ez den lehenengoa baitzen), baita poza, aurretiaz sentitutako tristezia, hunkidura eta beste zenbait gauza batera ere.
Orain (testu hau idazten dudan bitartean) sentitzen dudana, etorkizuneko hegazkin horretara hamar egun bakarrik (ufa!) geratzen direnean, askoz okerragoa da. Poza eta ilusioa hortik (bular edo tripako lekuren batetik) dauden arren, goibeltasuna nagusi da une honetan. Eta nahasketa.
Esaten da etxe-aldaketak bizitzako esperientziarik estresagarrienetakoa dela, eta egia da. Etxea ez ezik, herrialdea ere aldatzen denean, izugarri igotzen da estresa. Gauzak sailkatu, antolatu, saldu/oparitu eta erosi, kutxak bete, izapideak egin, burokrazia (Alemaniakoa, gainera) pairatu, hainbat gauzatan alta hartu zein baja eman… eta maite duzun jende askori agur esan. Horixe da txarrena.
Zenbait etxe/herrialde-aldaira egin ditugun guztiok badakigu aldaketa bakoitza galera bat dela, bakoitzean atzean geratzen den zerbait baitago. Prozesuaren eta haztearen partea da. Baina batzuetan, orain bezala, galera hori bereziki mingarria da. Adi! Nik badakit pribilegiatua naizela, egoera onean nagoela eta gauzak txarto joango direla usteko arrazoirik ez dagoela (horrenbestez, orain errudun eta ahul eta eskergabe eta ganorabako ere sentitzen naiz), baina tira, ezin dugu kontrolatu tripan daukaguna. Eta inork kudeatzen irakatsi ez dizkigun aurkako sentimenduak, kontraesanak, gorabeherak, zalantzak, beldurrak, eta abar sortzen dira etengabe.
Horregatik ere gai honi buruz idazten dut une honetan, otsailetik hona buruan dudan ia gauza bakarra da eta. Egiten dudan ekintza guztietan, joaten naizen leku guztietan, lagun/ezagun bat topatzen dudan guztietan datorkit burura laster joango naizela, eta horixe pertsona horrekin/leku horretan/ez-dakit-zer egoeratan nagoen azken aldia izan daitekeela. Ezin dut arreta denbora luzez ezertan jarri, nire jaiotzatiko baldartasuna okerragotu egin da, gauzak ahazten ditut, uneoro uste dut zerbait txarto egin dudala, eta nerbioak dantzari dauzkat egun osoan. Eta ia jasanezina da.
Aldez aurretik sentitutako nostalgia edo sasiherrimina izan daiteke, hori sentitzea posiblea bada. Kontua da etxe-aldaketa egiteko irrikan nago, hemendik alde egiteko ez bada, adimen-osasuna salbatzeko, behintzat.
Dena den, esan dudan bezala, oraintxe bertan pentsa dezakedan ia gauza bakarra da, horregatik idazten dut horri buruz. Nagoen ziklo hau apurtzeko. Edo arintzeko. Edo atseden hartzeko behintzat. Eta gaia bihotzetik paperera pasatu dudanez gero, espero dut hurrengo orduetan apur bat arinago sentitzea. Eta beste sentimendu edo ideia batzuetako lekua egitea, hurrengo zutabea hain ezkorra izan ez dadin.
Eta gero, esaten den bezala, gerokoa.