Artikulua :: Pako Sudupe 2025/10/10

Adimen artifizialaren etika (III)

Honen aurreko artikulua galdera batekin amaitu dugu; galdetzen genuen ea adimen artifizialaren hedadurak ekar dezakeen despotismoa eragotzi ote daitekeen. Berez, adimen artifizialaren oinarriak 50eko hamarkadan ezartzearekin batera, printzipio etiko batzuk ere ezarri izan dira, baina ekimen etikoen kontua batez ere azken urteetan zabaldu da, sinesteak lanak dituen AAren aurrerapen alimalekoekin batera, eta Luciano Floridik dioenez, gehiegi eta guzti, zeren ekimen bakoitzak printzipio, balio edo postulatuen adierazpen osagarria ekarri baitu berekin, eta errepikapen eta teilakatzeen arriskua baitago.

Oraindainoko sei printzipio multzo garrantzitsuenak elkarren artean alderaturik, Floridi heldu da sei multzoek oinarrizko lau irizpide partekatzen dituztelako ondoriora. Eta horiek ahalbidetzeko beste bosgarren bat ikusten du beharrezkoa.

Lehen printzipioa Ongintzarena da, gizadiaren ongizatea sustatzea bilatzen duena. Sei dokumentuetatik zabalen jorratzen duena GEE da (Europako Batzordearen "Adimen Artifizialari, Robotikari eta Sistema "Autonomoei" buruzko adierazpena (GEE, 2018)). Horrek bereziki azpimarratzen ditu "giza duintasuna" eta "jasangarritasuna". Jasangarritasunari dagokionez, honela dio: "AAren teknologiak gure planetako bizitzarako oinarrizko aurretiazko baldintzak bermatu behar ditu. Gizateriaren etengabeko oparotasuna eta ingurumen ona zaintzea etorkizuneko belaunaldientzat". Zein idealista, ezta?, gainera dokumentu hori europarra da, eta Europa, jakina den bezala, AEBen eta Txinaren ondoan, nano bat da adimen artifizialean.

Bigarren printzipioa Gaiztagintzarik eza-rena da. Sei dokumentuek ongintzazko AA sortzea sustatzen dute, eta AAren teknologiak gehiegi edo behar ez bezala erabiltzearen ondorio negatiboez ohartarazten dute. Bereziki kezkagarria da norberaren intimitatearen aurkako arau-hausteen prebentzioa. Zenbait dokumentuk AAren arma-karrera baten mehatxuen eta AAren autohobekuntza errekurtsiboaren aurka egiten dute, eta AAk "muga seguru batzuen barruan" funtzionatzearen garrantzia azpimarratzen dute. Beste dokumentu baten arabera, AA garatzen dutenek beren gain hartu behar dute erantzukizuna, eta lan egin behar dute euren berrikuntza teknologikoetatik eratorritako arriskuen aurka. Hala ere, ohartarazpen horiek ez dute erabat argi uzten zein animatu behar diren gizakiari minik ez egitera: AAren garatzaileak ala teknologia bera.

Dilema horren muinean autonomiaren auzia dago. Erabakitzeko boterea nork izan behar duen. AAren testuinguruan, autonomiaren printzipioa berresteak oreka bat aurkitzea esan nahi du geuretzat gordetzen dugun erabakitzeko ahalmenaren eta AAren esku uzten dugunaren artean. Autonomia artifizialaren hazkundeak giza autonomia kaltetzeko arriskua du. AAren autonomiak berez itzulgarria izan beharko luke, giza autonomia babestu edo berrezartzeko premia gertatzen denerako. Edozein eskuordetzek deuseztagarria izaten jarraitu beharko luke. Eta horrek zerikusia du justiziaren lehentasunarekin.

GEE dokumentuak dio AAk justizia globalari eta AAren teknologien onurak eskuratzeko berdintasunari lagundu behar diela. Era berean, AAren sistemak entrenatzeko erabilitako datu-multzoek alborapenak izateko duten arriskuaz ohartarazten du, eta elkartasunaren mehatxuen aurka defendatzeko beharra azpimarratzen du, elkarrekiko laguntza-sistemak barne, hala nola gizarte-segurantza eta osasun-laguntza.

Hitz gutxitan adierazita, gizakiok AAren "tratamendua" jasotzen dugun pazienteak gara, ala hori agintzen duen "mediku" gisa jarduten dugunak; ala biak? Esplikagarritasunaren printzipioarekin bakarrik konpon daiteke hori.

AA ongia izan dadin eta ez gaizkia, hura gizarteari benetan egiten ari zaion ongia edo gaizkia ulertzeko gai izan behar dugu. Bestalde, AAk giza autonomia susta eta muga ez dezan, hots, nork erabaki behar duen erabakitzeko, jakin behar dugu gure ordez AAk nola jokatuko lukeen eta errendimendua nola hobetuko lukeen; eta AA justua izan dadin, emaitza negatibo larriren bat gertatuz gero, jakin beharra daukagu etikoki erantzule nor egin behar dugun.

Pako Sudupe