Adimen artifiziala eta sorkuntza artistikoa
Nik umetan xakean jokatu nuen. Garai hartako xakelari onena Gari Kasparov izan zen, 1985etik 1993. urtera munduko txapelketa irabazi zuena. 1997. urtean beste erronka bati egin zion aurre: Deep Blue izeneko ordenagailuaren aurka jokatu zuen eta Bakuko jenioak IBM etxeak garatutako makinaren aurkako partida galdu egin zuen. Aditu batzuen iritziz, azerbaijandarrak gaizki jokatu zuen eta ez zuen asmatu makinari behar bezala aurre egiten. Beste batzuen iritziz, urte hartan Kasparov gainditu ez balu ere, denbora kontua zen makina gizakiari nagusitzea joko horretan non kalkulua, estrategia eta taktika bezalako ataletan ordenagailua azkarrago eta hobeto molda daitekeen giza burmuina baino. Edonola ere, azken buruan, makina gizakiari gailendu zitzaion.
Garai hartan ordenagailuak hastapenetan zeuden eta ezin genuen aurreikusi etorriko zena. Urtez urte teknologiak garatzen jarraitu zuen eta ordenagailuak ia etxe guztietara hedatu ziren. Robotizazioa lan munduan txertatzen hasi zen, izan ere, eginkizun errepikakorretarako ezin hobea zen langilea aise ordezkatzen zuelako. Hala, autoen muntaketan erabiltzen zirela ikusi genuen, edo baita mediku operazio zailetan ere. Denboraren poderioz teknologiaren garapen hori geldiezina izan da eta maila ikaragarrietara iristen ari da. Oraingoz, ez dira bere kasa pentsatzeko gai baina eboluzionatzen jarraituko dute. Lehen, zientzia fikzioa zena errealitatea bilakatzeko bidean da. Isaac Asimov-ek, zientzia-fikzio generoko idazleak, erabili zuen robotika hitza estreinakoz. Hainbat liburu idatzi zituen robotei buruz eta haien eta gizakien arteko jokaera arautzeko dekalogo bat asmatu zuen. Dekalogo horretako arau batek dio makinek gizakiari obeditu beharko diotela beti eta ezingo diotela sekula minik eman. Baina Stanley Kubrick zinegilearen 2001 space oddity filmean espaziontziko ordenagailu nagusia gizakiaren aurka nola errebelatu zen ikusi genuen. Eta Terminator-en filmeetan makinak etorkizunetik gizakia akabatzera zetozen. Fikzio hutsean utzi beharreko kontuak? Badaezpada ere, Stephen Hawking fisikari eta astronomoak makinak hain azkarrak egitearen arriskuez ohartarazi gintuen duela urte batzuk. Eta ez zen edonor, esklerosi gaitzak kurpil aulki batean egotera behartua egon arren zientziarako dohain apartak zituen gizona baitzen.
Gaur egun, ordenagailuak imitazioz ikasten ari dira, patroien errepikapenaren errepikapenez, eta aurrerapena alor ezberdinetara iritsi da. Esate baterako, hizkuntzen itzulpenean asko hobetu da. Halaber, norbaitek jarraibide batzuk eman eta adimen artifiziala gai da testu bat osatzeko edo irudi bat marrazteko eskatzailearen parametroen araberakoa. Egia esan, aitortu behar dut nire harridurak koxka bat gora egin duela sorkuntza artistikoari (kantuen konposizioa edo fikzio literarioaren idazkuntza, esate baterako) heldu diotela jakin dudanetik. Momentuz, hasi besterik ez dira egin eta makinek, nolabait, pertsonen lanaren osagarri funtzioa betetzen dute. Baina galdera da: adimen artifizialak gizakia ordezkatuko du sorkuntza artistikoan? Gizakiak obra sublimeak sortu ditu literaturan, musikan, zinean eta beste arteetan, eta sorkuntzarako bulkada nagusia emozioa izan da, (emozio positiboa: poza, edo emozio negatiboa: tristura). Izan ere, emozioa guztiz gizatiarra da. Makina arrazionala izango da beti, arau batzuk jarraituko ditu. Orduan, niri kosta egiten zait sinestea gai izango dela, demagun literaturan, hizkuntza modu berri batean asmatzeko, gramatika moldatzeko beharrezkoa bada, metafora bat idazteko. Pertsonok makinek baino obra eder hunkigarriagoak sortzeko ahalmena dugu, guk sentimenduak ditugulako eta ordenagailu batek ez; ordenagailu bat ez da sekula hunkituko, eta ez du jakingo gizakion bihotzera iristen. Hala egiten jarraituko dugu, iraganean bezala, gure gozamenerako, sorkuntza artistikoa gizakion zeregina izan behar dela uste dudalako.