Artikulua :: Matxalen Bezos Arketa 2025/06/05

50 URTE ETA GERO ARESTIREN ARRASTOA

BEGIRADA BAT, HASIERARA

 

"idazle berri modura zein izan den Gabriel Arestik nire bizitzan izan duen garrantzia”

Atzera begira hasi eta eskola eta institutu garaietara eginen dugu salto, han ireki baizitzaizkidan ateak. Gogoan dut gauetan amak ipuin bat irakutzen zidala, eta nik behin eta berriz irakurtzeko eskatzen niola, eta uneoro istorio bera kontatzen zuela.

Horrez gainera, gogoan dut eskolako liburutegira joaten nintzela eta zoriz liburu bat hartu eta irakurtzen saiatzen nintzela, baina, noski, ez nuen lortzen eta frustratu egiten nintzen, amorratuta pasatzen nituen orduak, baina hurrengo egunean, berriz ere kontu berarekin joaten nintzen txoko magiko horretara.

Letrek garrantzia handia izan dute nire bizitzan, txiki-txikitatik izan dut hitzak eta esaldiak ulertzeko grina hori, hitz berri bat ikasi eta harekin esaldiak sortzen nituen, eta oraindik ere halaxe egiten dut.

Urteak pasatuz joan ziren eta institutura iritsi nintzen. Bertan pasatu nituen momenturik ilunenak eta esanguratsuenak. Iseka egiten zidaten nintzen bezalakoa izateagatik, eta nik gauza horiek guzti-guztiak sinetsi egiten nituen. Hau da, ez nuen nire burua maite, ezta nire gorputza ere. Nire amildegi propioan erori nitzen, beheraino eta hondo-hondoraino; inoiz baino ahulago, bigunago bihutu nintzen sentsazioa nuen.

Era berean, gauza txar horiek guztiak pasatzen zitzaizkidan bitartean, institutuko irakurle kluba sortu genuen zenbait irakaslerekin batera. Geroxeago, zuzendaritzarekin hitz egin ostean, eta bere oniritziarekin, institutuko departamentu ezberdinek esku hartu nahi izan zuten proiektu horretan, Euskara, Gaztelania eta literatura, Plastika, Giza Zientziako departamentuek hain zuzen ere. Haiek izan ziren gehien inplikatu zirenak, eta horrela, haien laguntzaz jarri genuen martxan geure proiektutxoa.

Irakurle klubari "Rompiendo el calendario" izena jarri genion; egia esan, zehazki ez dakit zergatik jarri genion izen hori, baina uste dut guretzat izen horrek esan nahi zuela, nolabait esateko, moldeak hautsi eta guztion artean institututik haragoko ekintza bereziak sortu behar genituela, ikasle eta irakasleen arteko harremanak sendo zitezen.

Eta nire irudikoz, halaxe egin genuen. Komikiak irakurtzea erabaki genuen, irakurtzeko errazagoak iruditzen baitzitzaizkigun, baina komikiari buruzko iruzkinak eta hausnarketak komentatu ondoren, tartetxo bat uzten genuen taldekide bakoitzak etxetik ekarritako testuak besteen aurrean erakusteko eta irakurtzeko.

Alde batetik, baziren kronika eta ipuin laburrak idazten zituztenak; eta beste alde batetik, baziren ere haien poemak edota bertso propioak idazten zituztenak. Ni etxetik poemak ekartzen zituen horietako bat nintzen; hasieran, ezkutuan eramaten nituen, lotsa ematen baitzidan norbaitek olerki propioak idazten nituela jakiteak. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, konturatu nintzen testu propioak besteekin partekatzea oso ideia aberasgarria izan zitekeela, testu bat beste pertsona batzuen pentsamendutik, galbahetik, eta ikuspegitik pasatzeak testuari zentzua eta hobetzeko asmo hori ematen ziola.

Lehen esan dudan bezala, oso gazte nintzela, hasi nintzen olerkiak idazten. Banekien, poesiak behar nuen argitasuna emango zidala, eta hori lortzeko asko borrokatu behar nuela, baina zer da poesia ez bada borroka? Arestik berak esan zuen poesia mailu bat zela, "Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela." Poesia soziala jorratu zuen Arestik eta zorionez, ez zen bakarra izan. Erreferente ditudan artista askok bat egin baitu berak zioenarekin. Adibide bat ematekotan, nire lehendabiziko poema liburua, Jaiotzetik erreboltari izenekoa, aipamenez josia dago; eta liburuaren hasieran honako hau agertzen da "Poesia ez da iraultza, baina ziur naiz, iraultza nimiñoena gauzatzen ere, poesia ezinbertzekoa dela" Hitz hauek Jon Barberena Ibarrarenak dira, eta nabarmena da borrokatzea eta bizitzan zehar sortzen diren egoerei aurre egitea izan zela haren xede.

Nire ustez, euskaldunok borroka oso presente izan dugu beti, geure kultura eta geure hizkuntza defenditzea izan baita helburu nagusia. Nahiz eta borroka horri aurre egiten saiatu, beti badago zergatik euskaraz? galdetzen duen norbait.

Txiki Medina Solak, Iruñeko artistarik polifazetikoenak ere, antzeko zerbait esaten zidan errezitaldietan topo egiten genuenean. Momentu bat iritsi zen non jendeak euskaraz idazten nituen olerkiak itzultzeko esaten zidan ez zuelako deus ere ulertzen, eta nik jendeari men egin nion une batez. Baina egun batean, Txikik zera esan zidan: "Etzazu zure esentzia galdu, euskaraz bizi denak bere etxea defenditzeko gai izan behar baitu, eta argi dago zuretzat etxea euskara bera dela; hortaz, borrokatu eta gogoan izan nondik zatozen". Ordutik, hamabost urte pasatu dira, baina esaldi hori kaskoan dut uneoro, bai poesia idazten dudanean, baita edozein testu idazten dudanean ere.

Idazleak ez ezik, musikariak ere izan dira poesiara eta hain zuzen ere, bai Sarrionandiarengana eta bai Arestirengana hurbildu nautenak, horietako bat aipatu behar baldin badut, Eñaut Elorrieta izanen da. Bere abestiek sekulako eragina izan dute bizitzan zehar; eta urteak pasatu arren, inoiz baino presenteago daude bere melodiak eta letrak. Gainera, bada Ken Zazpiren esaldi bat ez zaidana inoiz burutik kenduko "Gauzak aldatzeko beharra, sarrailak bidean, begiak ireki behar dira kolpe eta kolpe artean bidean" horrek markatu zuen nire haurtzaroa eta bereziki nire nerabezaroa, aurretik aipatu ditudan arrazoiengatik.

Oso kuriosoa iruditzen zait, Edorta Jimenezek, Ibon Enbetitak eta hirurok "Mundaka ezagutu" elkartea sortu genuen berariaz, Mundakako herriari, gure eskualdeari eta Gabriel Arestiren obrari balioa emateko aitzakiarekin, eta aldi berean, Eñaut Elorrieta bera eta Iñigo Astiz ere Arestiren "Enplego zoriontsuago bat" izeneko emanaldi poetiko-musikatua eskaintzen ari dira Euskal Herri osoan zehar.

Uste dut haren lana zutik mantentzea ezinbestekoa dela, eta artistok gure sorkuntza lanak elkartzen eta uztartzen baditugu, gauza asko lor ditzakegula, hori bai, soilik elkarrekin sortzeko nahia eta prestutasuna badugu. Eta zinez espero dut egunen batean, izan hil honetan edo etorkizunean, gure indarrak batzea eta horrelako ekimenak sortzen jarraitzea.

Horregatik, animatzen zaituztet ekainaren 13an eta 14an, Mundakan prestatu dugun Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenaren egitarauaren parte izatera. Har dezagun poesia harekin herria osatzeko, euskara beti erdigune izanen duen herri bat eraikitzeko.

Matxalen Bezos Arketa.

 

 

Argazkiaren iturria: Bidegileak

Matxalen Bezos Arketa