'Igela' aldizkaria, umezurtz baina ez ahaztua
Igela aldizkaria eta haren ekarpena gogora ekartzeko hiru aitzakia eman zituen 2022 urte iragan berriak: aldizkariaren sorreraren 60. urteurrena (1962ko otsailean sortu zen), Jon Miranderen heriotzaren 50. urteurrena (1972ko abenduaren 28an hil zen) eta Txomin Peillenen heriotza (2022ko abenduaren 9an). Beraz, sortzaileetako bat —Mirande— duela 50 urte hilik, erabat umezurtz geratu da orain Igela, beste sortzailea —Peillen— pausatu eta gero.
Umezurtz baina ez ahaztua, bere burua «euskaldun heterodoxoen errebista» izendatu zuena eta haren egileak euskal irakurzaleen gogoan baitaude. Horren froga da Mirande, heriotzaren 50. urteurrenagatik ez ezik, haren bretoierazko hainbat testuren aurkikuntzarengatik eta argitalpen birtualarengatik ere izan berri dela albiste, Deabruaren Eskola literatur-webgunearen eskutik.
Lehen zenbakiaren aurkezpeneko testutik erakutsi eta egiaztatu zuten Igela aldizkariaren izaera heterodoxoa Mirandek eta Peillenek, batez ere kontuan harturik orduko euskal munduaren eta euskal kulturaren katolikotasun itxi eta zorrotza:
Gure mundu txar hau apostolu gaiztoz betea da. Batak laguna terrorismu egitera bultzatzen du, berak ezer egin gabe; besteak otsemaiten zaitu bertutera, berak aplikatu egin gabe. IGELAK ez du iñor, ezertara, deusetara bultzatzen salbu eta pentsatzera predikatzen digutenek, ongiaren bidean, ez dutela guk bezin beste egiten.
Jende askok, pertsona hainitzek, paradisu bat itzematen dizute. Guk, ordea, infernu bat eskaintzen dizutegu, pozez eta alagrantziz erre gaiten».
Iturria: https://andima.armiarma.eus/igel/aurki.htm
Heterodoxoen aldizkaria
Parisen sortu zen Igela, han egin baitzuten topo haren bi sortzaileek: Jon Mirande Aiphasorho (Paris, 1925-XI-1010 / 1972-XII-28) eta Txomin Peillen Karrikaburu (Paris, 1932-XI-17 / Kanbo, 2022-XII-09).
Peillen artean ere gaztearekin batera, Andima Ibiñagabeitia (Elantxobe, 1906-I-26 / Caracas, Venezuela, 1967-XI-02) izan zuen euskarazko literaturari buruzko lehen solaskide Mirandek 1950eko hamarkadako Parisen, baina Ibiñagabeitia Venezuelara joan zen 1954an. Gutun bidez izan zuten jarraipena Mirande eta Ibiñagabeitiaren arteko harremanek.
Urte batzuk geroago, 1962an, Peillenek eta Mirandek euskarazko aldizkari bat sortzea erabaki zuten, Parisen, hiru hilean behin zenbaki bat argitaratzeko asmotan: Igela, euskaldun heterodoxoen errebista izendatu zuten, «propaganda politiko eta erlijiozkorik gabea» izango zela ohartarazita.
Erredakzioa Saint Germain bulebarreko 15.ean ezarri zuten, eta Parisen bizi zen zuberotar bukinista batek lagundu zien aldizkaria roneotipoz edo multikopiaz egiten.
Parisen egindako aldizkaria eskandalagarri gertatu zen garai hartako euskaltzale askorentzat lehendabiziko zenbakitik, baina Mirandek eta Peillenek aurrera jarraitu zuten egitasmoarekin, Ibiñagabeitiak Venezuelatik igorritako laguntza ekonomikoari eta Federiko Krutwig eta Juan San Martinen kolaborazioari esker, neurri handi batean. Beste euskaltzale batzuk ere gertuko laguntzaile eta adore-emaile izan zituzten, Nemesio Etxaniz, besteak beste.
Euskal Herritik jasotako kritika gogorrei eta arbuio gaitzesleei beren bidean tinko eginez erantzun zieten Mirandek eta Pellenek, zabaltzen ari ziren bidea euskal kulturarentzat onuragarria eta beharrezkoa zela iritzita, aldizkariaren 4. zenbakian (1962ko urria) argitaratu zuten Igelak azken hitza bere artikuluko hitz hauek agerian uzten dutenez:
Berriz ere erran behar dugu gure aldizkaria sorthu genduela Euskaldunen edo bederen euskal idazleen artean ohart emaiten genituen tabu ugarien erauztekotz, hala nola sexualitatearen ez aiphatzea, eliz-gizonen ez hunkitzea, euskaldun nazionalisten ideologia bakharra izan omen daitekela, kristau-demokraziari ez oldartzea, e.a. Ez du horrek erran nahi gu lizunzale edo antiklerikal garenik are gutiago bertzelako doktrina politiko bat aldarrikatu nahi dugunik gure aldizkarien bitartez. Baina zinez uste dugu holako tabu gehiegi atxikiz gure literatura bethi zainhil, mugatua, aspergarri egonen dela. Aitzitik ikhusten dugu bertze herri gutiz gehienetan —gurea bezain saindu eta aratz diren herrietan ere— idazleak mintzatzeko libertate askoz gehiago dadukala, irakurle batzuen iritzi edo aintziniritziak hunkitzen baditu ere.
Mutatis mutandi, gaurkotasunik galdu ez duen adierazpentzat jo daiteke, akaso, duela 50 urte baino gehiagoko hori.
Orotara, sei zenbaki kaleratu zituen Igela-k: lau 1962an eta bi 1963an.
Miranderen osasun arazoek eta Peillen eta Miranderen ikuspegi politikoen urruntzeak eragin zuten Igela-ren amaiera, Peillenek berak, Joanak Ibargaraik egin eta Berria-n (2020ko azaroaren 15ean) argitaratuko elkarrizketan, adierazi zuenez:
Zaila zen. Mirande gaizki zen. Propaganda egiten zuten gure kontra. Eta badakizu zer den? Orain, azkena naiz Mirande ezagutu duena. Esperientzia izan dut harekin, eta ez dut salbatu ahal izan. Badakizu, eri bat daukazunean aitzinean, ari zara borrokatzen pareta batekin. Adiskidea bipolarra denean zure aitzinean, zaila da. (…) [Mirandek] Uste zuen kanpotik etortzen ziren indarrek Europa deseginen zutela: komunistek eta musulmanek zutela mendebaldea deseginen. Parisen, Errusian komunisten kontra borrokatzera joan ziren batzuekin egoten zen. Nik ezin nuen haiekin egon. Ez zuten indarrik; ez ziren gai ezer egiteko, baina ideia biziki bortitzak zituzten. Miranderentzat, Jean-Marie Le Pen ere ez zen bortitza. Beste mundu batean bizi zen. Ongi zenean, abertzale zen; gaizki zenean, nazi. Euskaltzalea ere bazen: hori beti.
Iturria: https://andima.armiarma.eus/igel/aurki.htm
Peillen, «idazle elkartea»
Miranderi eta Igela aldizkariari lotuta gogoratzen da maiz askotan Peillen, baina obra pertsonal oparo eta askotarikoa utzita hil zen iazko abenduan: hiru poema liburu, bost ipuin bilduma, hamar nobela, haur literaturako hiru narrazio, etnologiako eta dibulgazioko lan ugari, Paristar euskaldun bat… ni neu autobiografia, Jon Miranderen biografia…
Euskal kulturaren ezagutza sakona bazuen ere, literatura idaztean munduko beste kulturetako joerak ere aintzat hartu zituen, eta bere garaiko euskal idazleek gutxi landutako gaietara lerratu zen sarritan, ikuspegi kritiko batekin beti, eta tabu nagusiak urratzeko beldurrik gabe: Aljeriako gerrari buruzko lekukotasun gordinak (Aldjezairia askatuta, Txalaparta, 2013), pederastiari, bortxaketei eta maskulinitateari buruzko gogoetak (Minotauro, Alberdania, 2020), kritika sozial zorrotza alderdi askotatik egina, euskal animismoa… Peillen ez dela «euskal idazle soil bat» idatzi zuen Joseba Sarrionandiak Peillenen Zaldi beltzak zeruan narrazio bildumaren hitzaurrean (Pamiela, 2018), «euskal idazle-elkarte bat» baizik.
Peillenek esana da artean gazte eta idazten hasi berri zela Andima Ibiñagabeitiak eskatu ziola idazteko eta idazten zuen harekin euskal literaturari «sakristia usaina» kentzen saiatzeko. Burubide horri lotu zitzaion Peillen, neurri handi batean, hastapenetik amaierara bitarte. «Euskaldunak besteak bezalakoak dira», adierazi zion Peillenek Nora Arbelbide kazetariari, Berria-n egindako elkarrizketan (2018ko martxoaren 8an argitaratua). «Laboraria txarra izan daiteke, eta hiritarra ere bai. Nik ez dut deusetan sinesten salbu eta gizona erdi aingeru eta erdi deabru dela. Batzuetan, erdi deabrua nagusitzen zaio erdi aingeruari, eta, batzuetan, erdi aingerua besteari. Baina ez da zeruan ez aingerurik, ez deabrurik, ez jainkorik».
Modetatik eta gune mediako nagusietatik aparteko idazle sentitu zen, bazekien ez zegoela euskal idazlerik ezagun eta arrakastatsuenen artean, baina umorez eta ozpindu gabe onartzen zuen egoera. Hala erakutsi zuen azaroaren 15eko Berria-ko elkarrizketan: «Ez naiz sekula modan izan, eta hobe. Beti erraten dut hobe dela bigarren mailako idazle on bat izatea lehen mailako idazle txar bat izatea baino!».
Euskaltzain oso izan zen, 1988ko apirilaren 24tik 2013ko apirilaren 26an euskaltzain emeritu izendatu zuten arte. Horrez agin, Euskal Pen Klubeko kide nabarmena eta ohorezko lehendakaria izan zen Peillen.
Mirande, heterodoxoetan heterodoxo
Parisera joandako zuberotarrak zituen gurasoak Mirandek, Sohütakoa ama, Garindainekoa aita. Ez zuen umetan euskaraz ikasi, baina hogei urte zituela ekin zion ikasteari, eta gero zuberotarrez mintzo ohi zen gurasoekin.
Euskaltzaindiak antolatuta 1956an Arantzazuko santutegian egin zen 36ko Gerraren ondoko lehen batzarrean parte hartu zuen. Mirande euskaltzain oso izendatzeko proposamena egin zuten 1962an Aingeru Irigarayk, Federiko Krutwigek, Koldo Mitxelenak eta Luis Villasantek, baina Piarres Lafitte ez zegon ados agertu, eta Mirandek berak uko egin zion izendapenari.
Miranderen euskaltzaletasunak talka gogorra izan zuen bere garaiko euskaltzale gehienen ikuspegi kristau eta katoliko hertsiarekin, kristautasunaren moralitatea gaitzesten baitzuen. Horrez gain, nazismoaren hainbat alderdirekin bat egin zuen zenbaitetan, juduen aurkako iritzi gogorrekin, besteak beste. Idazle batzuen erabateko arbuioa ekarri zion horrek; beste batzuk, irekienak, harekin kontu askotan ados egotetik urrun sentitu arren, haren euskarazko lanak argitaratzearen alde agertu ziren.
Haur besoetakoa eleberria da Miranderen obrarik ezagunena, bera bizirik zela argitaratutako liburu bakarra, eta argitaratu aurretik zein ondoren polemika-iturri oparoa izana. Testua 1954an idatzi zuen baina 1971ra arte itxaron behar izan zuen argitaratzeko. Pedofilia, intzestua eta suizidioa dira, besteak beste, nobelako gaiak, garaiko moral judeo-kristauarentzat oso deserosoa zen ikuspegi batetik jorratuak.
Nolanahi ere, Haur besoetakoa eleberriaz gain, poemak, narrazioak eta pentsamenduko artikuluak ere idatzi zituen Mirandek, eta horietan ere orduko euskal literaturan ezohikoak ziren gaiak landu zituen, ikuspegi formal batetik begiratuta ere garaiko euskal literaturaren joera nagusietatik aldenduta.
Miranderen bretoierazko lanen berreskurapena
Haren heriotzaren 50. urteurrena gogora ekartzearekin batera, Jon Mirandek idatzitako eta ordura arte argitaratu gabeko bretoierazko hamabi testu aurkeztu zituen, urtarrilaren 3an, Deabruaren Eskola literatur-webguneak, horien artean Goulven Pennaod lagun bretoiarekin elkarlanean idatzitako poema, beste poema, artikulu, gutun eta bestelako idazlanekin batera. Horrez gain, aurrez euskaratuta zegoen Nire sinestea artikulua berriro itzuli dute, orain arte ezagutzen zen bertsioan «akats esanguratsuak» zegoela iritzita, izenburutik beretik hasita, Gure sinestea baita, Deabruaren Eskolako arduradunek diotenez, izenburu zuzena.
Ar Stourmer aldizkarian 1962 eta 1965 artean argitaratutako testuak dira jasotakoak, eta Deabruaren Eskolaren webgunean daude orain irakurgai, Mikel Soto idazle eta Deabruaren Eskolako kideak horietako bakoitzari buruz egindako analisi banarekin batera. Soto izan da ikerketa lanen arduradun eta bultzatzaile nagusia. Entzuna zuen Mirandek bretoieraz hainbat testu idatzi eta argitaratu zituela, baina ez ziren ezagutzen, eta horien bila ahalegintzea erabaki zuen.
Testuen osagarri gisa, Mirandek Telesforo Monzoni idatzitako bost gutun ere jaso dituzte testu horien ondoan, 1948koak horietako lau, eta 1957koa bestea.
Miranderen «literaturari, lirikotasunari, pertsonari eta politikari» buruzko argia ematen dute testu berreskuratuek, Sotoren iritziz. Aurkezpena egitean, Txomin Peillen ere aipatu zuen Sotok. Peillen hil baino lau egun lehenago, abenduaren 5an, Sotok mezu bat igorri zion Peilleni, Miranderen bretoierazko testuen berreskurapen prozesuaren berri emanez, baina ez zuen erantzunik jaso, Peillen ordurako oso pattal zegoelako. «Oraindik ez naiz ausartu galdetzera haren azken egunez», esan zuen Sotok urtarrilaren 3ko aurkezpenean, «baina badut itxaropena agian irakurriko zuela mezua, sikiera jakin zezan gauza bat, bazekiena, nire ustez: badagoela jendea berak egin zuen lanari jarraitzeko, zeren hari esker daukagu daukagun Mirande».
Euskarara itzulita daude testu guztiak webgunean, bakoitzaren jatorrizko bretoierazko testuarekin batera —«Témoignage vascon» testua izan ezik, salbu frantsesez argitaratua baita—, eta zubi-gisa erabili den frantsesezko itzulpena ere irakurgai dago.
Hainbat irudi eta argazki orain artean ezezagun ere badira webgunean. Esate baterako, 1954ko irailaren 9an, Cornuallesko Newcastle Doren Jon Mirande bardo izendatzeko zeremonia Gorshed-ekoak, irudian Mirande bera agertzen ez bada ere.
Bi urteko prozesuaren emaitza izan Miranderen bretoierazko testu horien aurkikuntza, itzulpena eta argitalpen digitala. Mikel Sotorekin batera, honako hauek hartu dute parte lan horietan: Irati Jimenez eta Esteban Montorio Deabruaren Eskolako kideek; Padrig an Habask, bretoierazko itzultzaileak; Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio itzultzaileek eta Urko Aiartzak, Olaso Dorrea Fundazioaren izenean.
Helbidea: https://www.deabruareneskola.eus/mirande/