1936ko Teneri
Nerea’k
Norbait izandakoa zara niretzat,
izango nintzen norbait nintzen zuretzat;
zure hitzek
airean marraztu dute zubi bat.
1936ko egun batez,
amets bat bidali zenuen
gerora etorriko zen aldira,
2036ra —
Nork esan dit, egutegi onen iyeki bat edo bestek,
edo… askok, idaztitegiren bateko apalan,
edo ganbara kutxetan
egun bat bestean,
eunki oso bateko loa egingo ez dutenik?
Inbokatu zenuen irakurle bat,
eta sinistu zenuen
euskara ulertuko zuela,
herri aske batean biziko zela.
Aurreratu egin naiz,
zure itxaropenez eraiki dut 2036ra doan pasabidea,
eta zure galdera —
ames dagidana egiztu da? —
azalean itsatsi zait
egun sargorietako izerdia nola.
Irudikatzen zaitut,
dendaoste hotzean,
paperari bi eskuez eusten,
ahotsik ez zegoenean ahots izaten,
lekurik ez zegoenean lekua hartzen.
Hitza zenuen tresna,
hizkuntza, egarri.
Zure ahotsa
haurtzaroko nire euskalkian datorkit;
gaur ahoskatzen ez dudana,
erabiltzen asmatuko ote nukeen
ez dakidana.
Herritik ihes egin nuenean,
hitzak ere aienatu nituen,
eta hitz egiteko moduak;
zauriek,
desberdin esanda,
min gutxiago emango balute bezala.
Bion ihesaldiak hain ezberdinak izateak,
urrundu egiten gaitu, edo elkartu?
Bat-batean, zure hitzak
nire esaldietan nahasten dira,
denbora desegiten da
eta ez dakit nola, baina
ni naiz zu izaten hasia,
eta zu, ni baino lehenago ni.
Ames dakit…
2036’ko zure Euzkadiz ames ere.
On, eder, azke iduri det.
Euzkotar guziak euzkeldun.
Zure galdera zaharra
nire ahotan errepikatzen da:
Ames dagidana egiztu da?
Gure herria ez da aske,
ez da beharko zukeen bezain on.
Ederra bai,
edertasuna modu berean
ulertzen badugu.
Eta ehun urte barru?
2125eko irakurleak
ulertuko al ditu hitzok?
Izango da oraindik herri bat,
arnas bat,
menderatzaileari eutsiko dion hizkuntza bat?
Entzun, irakurle, zenion.
Irakurri.
Iraun.
Irakurri zaitugu.
Entzun zaitugu.
Diraugu. Ez da gutxi,
beharrezkoa da,
baina ez nahikoa.
Au irizteko gaur lan dagit…
Zuretzat idazten det…
Hau iristeko gaur lan dagit.
Zuretzat idazten dut.
ARGIA'REN EGUTEGIA
1936 - 2036
Tene'k
Eun urte...
Nere bizitzaldi onentzat, ezin bat aña.
Egutegi onen irautearentzat, egun bat beste.
Nork esan dit, Egutegi onen lyeki bat edo bestek, edo... askok idaztitegiren bateko apalan edo ganbara kutxetan egun bat bestean, eunki oso bateko loa egingo ez dutenik?
Iñork ez.
Guztiz errex gerta litekena; ziur-ziur gertatuko dana.Orra ba zerk 1936'ko idazle au, 2036'ko irakurlearen begietan jartzen naben.
Onek eta euzkerak sendo iraungo duan itxaropenak.
***
Zuretzat ba 2036'ko irakurle orrentzat nere au.
Norbait izandakoa naiz zuretzat; norbait izango zerana zera neretzat.
Gerora etorriko dan aldikoa zu neretzat: aspaldi igaro zan aldikoa ni zuretzat.
Ala ere Egutegi oni eskerrak, aldi bateko edozein idazle-irakurle bestean gera zu ta ni gogoaz aurrez-aurre elkar mintzatzen eta aituko gera.
Ez da ba esango dizudan au, ez "lenagoko" ez "oraingo"; ez nere "uste" ez besteren. Jaungoikoa ta Aberria esateko ditudanak, Jaungoikoa betiko da. Aberria ludian dan arteko. Biak zuretzat eta neretzat berdin "lengo" ta "oraingo".
***
Jaungoiko ta Aberri'tzaz oldozten, ames dagit... 2036'ko zure Euzkadi'z ames ere.
On, eder, azke iduri det. Jaungoiko zale ta euzkeldun. Au gabe bestea ezin ba.
Jaungoiko gabe ezin errien zorionik; ontasun eta edertasunik. Beren zeingi gabe, ezta izaterik edo azkatasunik ere. Gurearen zeingirik bereziena euzkera; euzkera gabe Euzkadirik ez.
Baña... esan det: ames dagit 2036'ko zure Euzkadi on, eder, azke, da.
Euzkotar guziak euzkeldun, euzkotar guziak Jaungoikoaren. Goimaitasuna Euzkadin pake bide; zintzotasuna bere altxor; euzkera ezaungarri. Maitasun goikoagan, gogo ona bekoagan.
Ontasun guzi au gure aberriak beti bere izan du; izan dezan lan dagit; izango duala ames dagit.
Entzun 2036'ko nere irakurle orrek: ¿ames dagidana egiztu da?...
Irakurten banazu, bai: euzkera bizi dalako da-ta. Ta euzkera bizi ba'da baita euz kotarren sinistea ere. Zure Euzkadi, on, eder, azke da...
***
Zuretzat, 2036'ko irakurle orrentzat nere au.
Zuk nere au irakurri daizun ez da asko "Argia"ren Egutegi iyeki onen irautea. Bearreko euzkerak irautea. Euzkereaz, aberriak bizirik iraungo du; baita bere zinisteak
ere. Orrela zu ta ni elez ta gogoz aituko gera. Au irizteko gaur lan dagit... Zuretzat idazten det...
TENE