Artikulua :: Aintzane Galardi 2025/10/07

074. ARETOKO LURRINA

 

  Edertasuna, beste ezeren gainetik, norberak maite duen hori da

  Safo, 16. pasartea

(Itzulpena: Maite López Las Heras)

 

Antzinako eskultura greko-erromatarrak kolore zuriz ikustera ohituta gauden arren aspaldi jakin genuen, gure harridurarako, jatorrian polikromatuak zirela, hots, kolore biziz margotu zituztela. Eta oraintsu, 2025eko martxoan, Oxford Journal of Archaeologyn argitaratutako ikerketa bati esker jakin dugu antzinako eskulturei lurrina zeriela.

Cecilie Brøns arkeologoaren ikerketa: Zizeron, Kalimako, Plinio Zaharra eta Pausanias bezalako egile klasikoen testuetan oinarriturik dago, zeinetan esaten baita eskulturak polikromatuak egoteaz gain, oihalez eta metal preziatuz ere apaintzen zirela, eta lurrinez bustitzen. 

Zizeronek dio Segestako Artemisaren estatua olio aromatikoz igurzten zela erritual erlijiosoetan. Delosko uhartean, inskripzio batzuek arrosa-lurrinen erabilera aipatzen dute, Artemisa eta Heraren estatuak usaintsu mantentzeko, eta Kalimako poetak, “perfumedun estatua hezeak” aipatzen ditu.

Argizariak eta olio lurrintsuak ematen zitzaizkien eskulturei, distira areagotzeko eta gainazala babesteko. Eta tenpluetan erretxinak eta esentziak erretzen ziren, eskulturak beren lurrinarekin bustitzeko. 

Safok ere aipamen horixe egiten du: “Zatoz, Afrodita, Kretatik/ hona, aldareetan intsentsua darion/ tenplu sakratu honetara,” (2. pasartea).

Literaturan (poesiara mugatuko naiz) antzinako eskultura greko-erromatarren aipamenak ugariak dira. Idazleen zerrenda luzea litzateke, hona hemen batzuk: Wislawa Szymborska, Sophia de Mello, Giorgos Seferis, Oskar Wilde, Rubén Darío, Yannis Ritsos, Giorgos Seferis, Konstantino Kavafis, Rosario Castellanos, Francisco Villaespesa…

Wislawa Szymborskak “Greziar estatua” poeman dio: “Marmolezko estatuak, ordea, zuriki hiltzen dira/ eta ez beti erabat.”

Oskar Wilde Antinooz mintzo da “Esfinge” poeman: “Esklabo gazte eta berezi haren marfilezko gorputza”.

Francisco Villaespesak “Venus Miloskoa” poeman dio: “Zure haragiaren marmola hotzez dardarka dago”.

Gurean ere aurki genitzake hainbat adibide. Anjel Erroren Eta harkadian ni liburuko “XLII” poeman Hermesen eskultura aipatzen da: “Praxitelesek zizelatu Hermesen antz/ ikaragarria duzu, Glauko./ Sinesgaitza,/ estatuak beregan nola biltzen dituen/ zure edertasun ezin erran ahalakoa eta/ zure marmolezko hoztasun mingarria”.

Gorputzeko humoreak liburuan “Vasariren aipu bat” poeman margotzen duen irudia zinez ederra da:

1493ko/ urtarrilaren egun batean/ elurte handia egin zuen/ Florentzian. Pedro Medicikoak/ Michelangeloren bila bidali/ zuen bere morroi bat,/ jauregiko patioan/ elurrezko estatua bat egin ziezaion”.

Antzinako Eskultura greko-erromatarrak lurpetik atera zituztenerako, jadanik kolorea desagertua izaki eta kolore-gabezia hori Errenazimentuko artistek hedatu zuten gero, klasizismorako "itzulera" batek bultzatutako aldi batean.

Zuritasuna — edo, hobeto esanda, kolorerik eza — edertasun bikainarekin parekatu zen Errenazimenduan, eta noski, Michelangeloren eskulturak ez ziren margotu.

Rikardo Arregi Díaz de Herediaren  estatua eta tenpluak zuriak dira; Iker Aranberriren besorik gabeko estatuak ere zuriak dira; Giorgos Seferisen Efeso, Hades eta Dioniso zuriak dira, baita Yannis Ritsosen estatuaren esku moztua ere.

Adibide hauetan guztietan; eskulturak, tenplu eta eraikinak, zuriak dira. Zuri ikusten zituzten/dituzte poetek eta zuri ikusten ditugu irakurleok. Esango nuke, zuri nahi ditugula.

Izan ere, kolore zuria argiaren eta betikotasunaren sinbolo nagusia dela esan genezake. Horregatik, jainkoarekin, aingeruekin, eta santuekin zuzenean lotzen da. Artean, zuria garbitasunaren eta argitasunaren adierazpen gisa arakatu izan da. Literaturan kolore zuria elementu indartsu eta moldakorra da, eta modu askotara erabil daiteke ideiak eta emozioak komunikatzeko. Garbitasuna eta inozentzia, heriotza eta galera, edo itxaropena eta argiztapena sinbolizatuz.

Vasili Kandinskik zuritik isiltasun handi bat azaleratzen dela idatzi zuen, ez isiltasun hil bat, baizik eta isiltasun sakon eta aukeraz betea.

Niretzat zuriak isiltasunaren doinua du eta denborarik gabeko eremua da. Horregatik, antzinako eskultura greko-erromatarrak kolore zuriz ikustera ohituta dagoen honek, bere horretan ikusi nahi ditu aurrerantzean ere, eta lurrinez gainezka ahal bada.

Barkaidazue, amaitu beharrean nago, Pradoko Museoan 074. aretoan sartzera noa. Antinoo ederra agurtu nahi dut.

Esango nuke efeboari Annick Goutalen Eau d’Hadrien perfumearen lurrina dariola…

Aintzane Galardi