Luis Baraiazarra Txertudi Sormen-lanak
Meñaka, 1940-2024. Meñakako eskolan egin zituen lehen ikasketak, 12 urte betetzeko zegoela Zornotzako Karmeldarren ikastetxean sartu arte. Latin eta giza zientziak Zornotzan eta Nafarroako Alesbesen egin zituen. Gasteizen burutu zituen Filosofiako hiru urteak eta Begoñako Karmelon teologiako lau urteak. 1966an apaiztu zen eta hiru bat hilabete Larrean egin eta 1966ko abuztuan Markina-Xemeinera joan. Harrezkero, bertan bizi da. Ohiko ziran eliz ikasketak burutu ondoren, maisutza-karrera egin zuen, Valladoliden 1970an titulua lorturik eta geroago euskal filologia Deustuko Unibertsitatean, lizentziatu titulua 1982an eskuraturik. Hogei urtean irakasle izan da O.H.O.n. 1988ko azaroan, irakaskuntza utzi eta "Bostak bat" Lantaldean hiztegigintzari eman zion dedikazio osoz. 1991ko abenduan hiztegi batuko batzorde berrian batzordekide izendatu zuen Euskaltzaindiak eta 1996an gramatika-batzordeko kide. Pixka bat lehenago, urte berean, euskaltzain urgazle izendatua izan zen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkari izan da urte askotan, orain dela bost bat urte arte. Epaile-zeregina bete du hainbat mailatan: Eskolartekoan, Araba-Bizkaikoan, Bizkaikoan eta Euskal Herriko txapelketa nagusian. Eskolarteko eta Bizkaiko txapelketetan ohiko epaile eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian bi aldiz epaile eta beste behin ordezko izan da. "Bostak bat" lantaldeko jardueraz gainera, Kili-kili aldizkariaren orrazketa eta euskara batuan jartzea izan ohi zuen bere gain. Gaur egun aldizkari hau ez da argitaratzen, baina Kiliberri izeneko liburuxkak ateratzen dira noizbehinka eta horren euskara aldetiko orrazketa lehen bezala egiten du. Karmel aldizkarirako artikuluak idazten ditu eta, hala behar izanez gero, beste zenbaiten lanak orraztu nahiz itzuli ere bai.
2024ko urriaren 6an hil zen, 84 urte zituela.