Jose Garmendia Arruabarrena Sormen-lanak
Zaldibia, 1925-2005. Gasteiz eta Erroman ikasi ondoren, Idiazabalen apaiz urtebetez egon ondoren, Andaluzian bizi izan zen 36 urtez, jubilatu ondoren berriro Euskal Herrira etorri eta Donostian bizitzera itzuli arte. Euskal Herritik kanpo eman zituen, beraz, bere urterik kementsuenetakoak, eta Euskal Herria bezala Andaluzia ere beti bere bihotzean geratu da. Euskal Herriaz bezala asko ikertu eta argitaratu duelarik Andaluziari buruz. 2005eko urtarrilean zendu zen. Euskal idazle batzuen eta euskaldunek Ameriketan utzitako arrastoen bila eman zuen artxibo-gizon eta historiagile ere bagenuen apez hau. Bere lana eta bere kemena besteen bizitzan argi egitera eskaini zuten ikerle horietakoa, inolaz. Euskal idazleen artean Iztuetaz ikertu zuen gehien, nahiz eta Zaldibiko Lardizabal eta Jauregiren inguruan ere idatzi zuen. Iztuetaren kasuan, oso ezagun ez ziren Iztuetaren olerki eta gutunak eman zituen argitara, eta baita Iztuetaren berri jaso ere bere ondorengoen eta senitartekoen paperen artean arakatuz. Horren lekukotasunak geratu dira Iztuetari buruzko bere bi libururik ezagunenetan. Iztueta'ren olerkiak eta Obras inéditas de Iztueta liburuetan. Bukatzeko han eta hemen, Diario Vasco eta La Voz de Españan emandako iritziak bildu eta borobildu zituen Zaldibiko Iztueta Fundazioak Alberdania argitaletxearekin argitara eman zuen Juan Ignazio Iztueta, Dantzarien Maisu. Miscelánea lanean. Iztuetari buruz han-hemenka jasotako lanen aipamenak, ondo eginak, jasoak izan ziren askoren artean idatzi III. Gerriko Ikerlan-Sariketa irabazi zuen Juan Ignazio Iztueta Etxeberria (1767-1845) lanean. Goiherriko Euskal Eskola eta Maizpide Euskaltegian argitara eman zuen liburu hau, eta goierritarrentzat eskura-erraza dena. Hara bada nola Iztuetaren argi-ilunak aztertzeko emandako bidean, ikerlaria itzalean geratu izan den. Euskaldunek Ameriketarako izandako joeren berri ikertu zuen urtetan Sevillan Jose Garmendiak. Sevillako Indietako Artxiboa baitzegoen bertan. Jose Garmendiak diruen bideak, Euskal Herrian desagertuak ziren abizen euskaldunen lekukotasunak, Indiako Artixboetan euskarak eta euskarazko dokumentuek egindako bideak aurkeztu zituen. Han eta hemen argitaratutako bere lan asko eta asko hainbat liburutan eman zuen argitara. Esate batera, Tomás Ruiz de Apodaca, un comerciante alavés con Indias. Diicionario Biográfico Vasco (Meritos, servicios y bienes de los vascos en el Archivo General de Indias) dira liburu gisara aurkeztutako lanak. Baina horiez gain asko dira hainbat aldizkaritan argitaratutako artikuluak. Aldizkariak hauek dira Boletin de Estudios Historicos sobre San Sebastian, Boletin de la RR Sociedad Bascongada de Amigos del Pais, RIEV, Euskera, Santa Ana (Ordiziako urtekaria) eta Dos Hermanas (Sevillako herri horretako urtekaria). Euskalduna izan arren gazteleraz idatzi zuen ia beti Jose Garmendiak. Horretan gerra-aurreko euskaltzale askoren jarraitzaile izan zen. Gazteleraz idazteaz gain, euskara batuaren auzian ere euskalkien aldeko agertu zen, eta horrek ere, Euskal Herrian beti "ALA"koak garenez, batua gailendu ahala euskalkia erabili zutenen lana ere gutxiestera eraman gaituenez, Jose Garmendia ezezagun xamar izaten lagundu du, nahiz eta azken urteetan, hala ere, auzi hori gailendu eta hainbat elkartetatik omendu eta zoriondu egin ohi den euskararen alde aritu den oro. EIEk ere (Euskal Idazleen Elkarteak) eskaini zion omenaldia Jose Garmendiari eta bere garaiko beste hainbati, eta alde horretatik ere aipagarria da Zaldibiko Iztueta Fundazioak Jose Garmendiaren hainbat lan bilduz egindako artikulu-bilduma. Iztuetaren olerkiak liburuko poemak irakurri daitezke sarean.