IDATZI, JOLASTU, SORTU

 

Idazteko nahia sentitzen dugu sarri, baina ez daukagu oso argi zer eta nola. Ideia bat ere izan dezakegu akaso, baina zaila da ideia-mamuak orri zurian hezurmamitzea. Espazio honen helburua hasiera horiei errespetua galtzea da, zentzurik onenean; buruan kateatuta geratu zaigun esaldi hori, lotara goazen bakoitzean azaltzen zaigun irudia, gorputza zeharkatzen digun egonezina hartu eta hitz, istorioa artean arrapatzera jolastea. Sorkuntza jolasa baita azken finean, jolasaren zentzurik serio eta osoenean.


 

Praktikarako topagunea izango da, ariketa desberdinak egingo ditugu traba egiten diguten epaiak astindu eta idazten hasteko. Abiapuntua lehendik gogoan dugun zerbait izan liteke, edo hastapeneko ariketetan sortuko zaigun txinpartaren bat. Hauxe garatzen joango gara, eta idazten hasiko garen hori partekatuko dugu taldean, pixkana norabideak ezarriz: zer kontatu nahi dut? Zein da bide egokiena hori kontatzeko? Zein ahotsetatik kontatuko dut?


 

-3 orduko saioak egitea proposatzen da, bi astean behin (moldagarria).

-Saioetan egindako ariketak eta etxean nor berak egindako lana tartekatuko dira.

-Saioen oinarrietako bat guk sorturikoa besteekin partekatzea izango da, baita kideen lana irakurtzea ere, taldean aztertuz, eztabaidatuz eta komentatuz, irakurketa kritikoa landuko dugu honela eta idazkera zorroztu.

-Sortzen ondo pasatzea da helburua, bidean azaltzen diren traba eta zailtasunak erronka moduan hartuz eta elkarrekin irtenbideak topatuz.



 

Izen emateko: eie@idazleak.eus