Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria Atzera

2018
Bizenta txiki
Denonartean
2018
Klasikoak gaur: Marixor
Denonartean
2016
Aho bete amets
Denonartean
2016
Kulun kuttuna
Denonartean
2014
Argiaren alaba
Autoedizioa
2014
Maddalenen usaina (Irudiak: Eider Eibar)
Ibaizabal
2014
Txango bat iraganera/Una excursión al pasado. Y. Arrieta & Leire Urbeltz.
Martinez i Viñaspre
2012
Ai,ai,ai ( Ainara Azpiazugaz batera)
Mezulari
2012
Basajaun eta Martin (irudiak: Maite Caballero).
Erein
2012
Bizenta Mogel ( 1782-1854). Andre argi baten ikurrak
2011
ABCD berri bat
Mezulari
2011
Amaren urteak
Aizkorri
2011
Iturretako ermita
Markina-Xemeingo Udala
2010-01-24
Amaren aholkua alabari
Ipuin moderno hau narrazio mitologiko-mitikoaren eitearekin osatutako kontakizuna da, irakasgai bat proposatzen duena, sinboloz eta iradokipenez betetako ibilbide narratiboan.

Ama batek, ama guztietatik edonor izan zitekeen ama batek, irakaspen magistrala eman nahi dio alabari, bizitzaren aurrean izan beharreko jokamoldea zehaztuz, zer gerta ere, bera han ez dagoenerako, bere burua bakarrik defenditu behar duenerako.

Gutxi-asko, hau kontatzen digu Arrietak: Izenik gabeko andre hark ezin du haurrik eduki eta laguntza eskatu dio Basoko Andereari. Honek hazi bat eman dio erein dezan. Andreak zaindu ditu jaio zaion landarea eta haren baitatik jaio den umetxoa, eta, nola ez, Lorea jarri dio izena. Ama hark, ama guztien isla den ama hark, daukan guztia eman dio Loreari, eta dakien guztia irakatsi. Eta Lorea hazi denean, ama hil egin da. Baina mezu bat utzi dio, hosto batean idatzirik: «Ekin zeure bideari». Horra. Eta loreak bere bideari ekin dio, aurrera egiten du, amak aholkatu bezala. Txitxarra zitalari aurre eginez. Sasietan erorita ere aurrera eginez. Hartz kumearekin arrosa oheetan gelditu ordez, aurrera eginez. Urpean, aurrera eginez, beti aurrera, ekinaren ekinez. Ama ere ikusiko du urpean, baina arraro, desberdin, eta honek ondo ari dela esango dio, ekiteko bere bideari. Eta uretatik aterako da, hondartzara, izaki batzuekin topatzeko, globo aerostatiko batean seiak, Lorea eta bost izakiak, hegan joateko, beste leku baterantz. Norantz?

Ilustratzaileak, Aitziber Alonsok, tonu mitologiko-sinboliko bertsua erabiltzen du kontakizunaren haria josteko, fantasiazko elementuekin orobat. Besteen artean, landare fantastikoz betetako basoan kokatzen gaitu, inoiz ikusi gabeko landarez inguratuta. Heroiak ametsezko lorategi arrosak topatzen ditu, sabaitik loreak -eta eskailerak- lanparatxoekin dilindan dariela, azpi guztia zetazkoak diruditen lorez betea, hartz kumearen magalean betiereko ametsean sartzeko gogoa ematen duten giroan. Itsaso azpia karakola erraldoiz betea agertzen zaigu, haien baitan iluntasunetik izaki ezezagun batzuek -agian izpirituak?- begi pare bana erakusten dutelarik, giro hotz eta desatsegina sortuz. Amaierako izakiak ere, globoan Lorearekin doazenak, erabat estrainioak dira, aurpegiera hutsarekin, biribil zurbil batean bildutako begi-aho arrastoak baino ez dituztelarik buru gisara.

Zalantzarik gabe apustu arriskatua egin dute egileek, bilduma honi ohikoa zaion eran. Liburu hau OKER sailaren hamabigarrena baita, eta jadanik ezaguna zaigun parametroetan kokatzen da liburu hau ere: testu labur eta iradokitzaileekin eraikitako kontaketa, kolore eta letra-tipo ugarirekin jolasean, irudiaren parte eta ia irudi bihurtu arte testua bera ere.

Nire iritziz, Agur, ama! lanak diskurtsoa sinboloetan galdu du, indar larregi jarri da mezua zabaltzen eta testuaren sintetikotasunak mesede baino kalte egin dio halako asmo sakoneko lanari. Interpretazio zaileko elementu gehiegi daude: amaren heriotza (sinbolikoa?), hartza (maskulinitatea?), bidaideak (???). Ideia xumeago batekin eta sinpleago jokatuz, esan beharrekoa errazago eta argiago esan zitekeen: ekin zure bideari maitea, ez amore eman, heldu gogor sinisten duzun horri.
2010
Itzalpetik
Erein
2010
Nitaz ahaztu dira
Erein
2009-12-13
Ama joaten denean
“Andre batek ezin zuen haurrik eduki” diosku Yolanda Arrietak ipuin honen hasieran, baina izenburuak berak ematen digu amatasun horren pista bat. Bai, andreak Basoko Andereak emaniko hazia erein eta zaindu egingo baitu, eta bertatik zer irten eta erdi lore, erdi ume bat, Lorea. Ipuinak, baina, ez digu andrearen istorioa kontatzen; ez, Lorea dugu protagonista eta “andrearen bizitza amaitzen” denean Loreak amaren mezu bat aurkitzen du: “Ekin zure bideari”, eta ibilbide iniziatiko horretaz ari dira liburu egileak, horretaz eta heriotzaz.

Gure gizartean badira haurrei ezkutatzen dizkiegun –edo ezkutatzen saiatzen garen– errealitate batzuk; horietako bat heriotza dugu. Literaturan ere antzeko zerbait egiten da, eta horrela oso kasu gutxitan hitz egiten da heriotzaz haurrentzako lanetan (askotan, gainera, hildakoa animalia izan ohi da, edo aiton-amona zaharra). Arrietak eta Alonsok eskaintzen diguten lan honetan, aldiz, ama da hil egiten dena. “Lorea asko hazi da. Andrearen bizitza amaitu egin da” diosku idazleak esaldi tinko eta laburrez osaturiko testuan. Eta, ondoren, Loreak ekindako bidaian zehar, zenbait gertakariren ondoren itsas hondoan emakume berezi batekin egiten du topo: “–Nor zara?/ –Zure ama. Ez al zaitu ekarri hona nire usainak?/ –Bai, baina, zu desberdina zara!/ –Egia. Hemendik aurrera zeuk gura duzun lekuan aurkituko nauzu, baina beste itxura batekin.” (18-19. orr.).

Agur, Ama! lan honek maite dugun baten heriotza azaltzeko edo ulertarazteko balio digu, dolua pasatzen laguntzeko, gaur egungo gizartea eta bizitza nolakoak diren ulertzeko. Eta alde horretatik errealismo kritikoan, haurrei gizarteko kontu guztiak azaldu nahi zizkien korronte barruan, koka genezakeen istorio hau; baina errealitatetik bezala fantasiatik, fikziotik, edan dute egileek eta horrela pertsonaiak fantastikoak ditugu, “erdi lore, erdi ume” istorio errealean.

“Oker” saileko gainerako liburuetan bezala honetan ere istorioaren ikustea oso garrantzitsua da, letren tamaina, itxura eta kolorearekin jolasten da, eta irudiek –testuarekin bat egiten dutenak istorioan, narrazioa aberastuz eta osatuz– liburua albumen arlora eramaten dute. Hitza eta irudia dira liburuko osagaiak, eta horregatik lehena, testua, dugu hain sintetikoa. Esaldi laburrak, bata bestearen ondoren, ideiak adierazteko. Eta bakar-bakarrik elkarrizketen kasuan ageri dira osatuago.

Liburu ausarta dugu, beraz, Yolanda Arrietaren eta Aitziber Alonsoren azken lan hau istorioa narratzeko moduagatik, baina baita ere, arestian aipatu bezala, aukeratu duten gaiagatik eta heriotzaren aurrean haurrak prestatzen joateko eginiko apustuagatik.
2009-10-04
"Nekatua naiz tradizioarekin"
Lea-Artibaiko Etxebarrin jaioa, 1963an. Irakaskuntzan aritua. Antzerkia eta Kultur-gizarte Antropologia ikasia. Idazketari buruzko tailerren gidaria. Irudia eta hitza uztartzen ditu bere lanetan. Haurrei eta gazteei begirada kendu gabe, helduentzako liburua eraiki du berriki: Off-On (Erein). Etxearen teilatu zaharra eta modernoa ageri da liburuaren azalean. Iragana eta geroa uztartu ditugu orainean.

Idazle ofizioko hainbat arlotan dihardu Yolanda Arrietak: “Batek huts egiten duenean badakit bestera pasatzen, baina finean denak hitz batean biltzen dira: sorkuntzan. Hitza eta irudia ditut lanabes, barne eta kanpo irudiak. Barne irudia tailerretan lantzen dut. Irudimenarekin lotzen dut irudia, sortzeko ahalmenarekin. Horiek dira sormen guztien giltzarria”. Amaraunen Alamandrea (Gero/Mensajero) liburua da, berba hauen araberako azken emaitza. Haurrentzako egindakoa, Leire Urbeltz marrazkiegilearekin elkarlanean: “Ez da ohiko lana: idazleak ipuina idatzi ondoren Leirek ilustratua, edo alderantziz, bere ilustrazioen harian nik idatzia. Bion arteko lana da. Irudien eta hitzen ikerketa lanetan aritu gara, elkar elikatuz”.

Ilustratzaileekin zein musikariekin aritzea laket du idazle honek. Konparazione, Off-On nobelaren aurkezpen musikatua egin du Juantxo Zeberio pianojolearekin: “Lurra zapalduz baina izarrei begira lan egin nahi dut, eta begirada horrekin ari den jendearekin batera. Horrek pizten nau”.

Off-On liburuan barrena sartu gara ameslari honekin. Off eta On, piztu eta itzali ibili gara eraiki berri duen nobela-etxean.

Off-On... Bitxia izenburua, adiera bietan.
Begietatik eta paperetik baino lehenago, belarritik heldu zitzaidan hizkuntza. Off-On klik-klak onomatopeikoa da: nago baina ez nago. Nahi dut baina ez dut nahi. Agian bai/agian ez. Bi hitzetan: piztu eta itzali. Aldaketa garaian bizi garen sentsazioa adierazi nahi nuen. Orain artekoak ez du balio, eta geroan ez dakigu zer gertatuko den. Sarritan, hainbeste zarataren eta argiren inguruan, burua itzali eta aurkitzeko beharra izaten dut. Offekin itzaltzen naiz eta Onekin piztu. On euskaraz ona izaki. Horrek guztiak jokoa eman zidan.

Zeri erantzuten diote liburuaren ideiak eta formak?
Liburua osatzean tira egin diot nire alde ilunari. Egungo gizarte modernoan jendea nola ikusten dudan adierazi nahi izan dut nik neuk. Askatasunaren argi-ilunak ekarri nahi izan ditut. Formari dagokionez, ez dut tradizioarekin hautsi, baina nekatua naiz tradizioarekin. Ondo dago tradizioa, babesa delako, baina hortik askatu naiz. Emakume heldua naiz, neure mugak ezagutzen ditut, nire bertuteak ere bai. Nahi dudana aukeratzeko gai naiz eta horrekin jokatzen hasia.

Nobela deituta ere, liburuan poesia ere badago, eta ipuinak. Genero berria ote?
Testuok hiper-laburrak deitutako generoan sartu daitezke, oso ezagunak Hego Amerikan. Idaztean motzean jokatu nahi nuen, motzean aritzeak eskaintzen duen jokoa erabiliz. Esan nahi nuena, esan gabe adierazi nahi nuen, irakurleak berak testua osatzea. Baina ez nuen egitura zehatz bat erabili nahi, aske jokatu nahi nuen: izenburuaren asmakizun puntutik hasi eta amaieran kolpea jo. Izenburuaren eta bukaera indartsuen jokoa erabili dut.

“Itxaropen hitzek politikoen ahoetara egin dute jausi eta egunerokoak nekea du abizen” gaztigatu diguzu etxeko sarreran.
Hitzekin jokatzen duzu eta esaten diozu zure buruari: “Hori adierazi nahi duzu, baina zenbat bider erabili duzu hitz hori?”. Beraz, egoerari buelta eman nahi nion, trabak kendu. Ahalik eta garbien mezuak eman. Nahiz batzuetan errebueltaka aritu naizen. Libre jokatzeak elkarrizketa txikiak ekarri dizkit, ipuin txiki-txikiak, aforismoak, epigrafeak. Mezuak zuzenak dira baina metafora bidez helaraziak. Mezu askok, zuzenean esanda, indarra galtzen dute.

Eraiki duzu etxea hartara.
Bai, baina ateak zabalik utziz.

Ez zara bakarrik eraikinean, nahiz eta munduan gero eta urrutiago bizi garen elkarrengandik!
Etxea mundua da. Hor nabil, sartu eta irten. Etxebizitzaz etxebizitza dabilen bidaiari imajinatu dut nire burua, leku batzuetan denbora gehiagoz geratzen naiz. Batzuetan, ez bakarrik bizilagunak behatu, haien egitekoak egiten ditut haiek nolakoak diren ezagutzeko. Bestetzuetan, modu neutroan, ikusi dudana kontatzen dut. Pertsonen artean badaude lagunak, baita senideak ere. Eta ezezagunak... zenbat eta gorago joan askatasun bide horretan, espirituekin ere aritu naiz. Munduan ez dago askatasunik eta liburuaren bitartez askatasuna eraikitzen aritu naiz. Askatasuna bilatze horretan zeruarekin bat egiten dut. Nire tokia aurkitu dut. Sormena, utopia eta ametsa behar ditut. Baina ez naiz bakarrik munduan, beraz sortzen ari diren pertsonekin eraiki behar dut. Horren aldarrikapena ere badago liburuan.

Garajetik hasi zara, zomorroak lagun.
Gizakiek azken bilera egin dute eta laguntza eskatu diete zomorroei. Finean gizakiok ere zomorroak bihurtuko baikara. Hor dago jokoa, zein da gizakia eta zein zomorroa? Pertsonaia ugari osatu dut eta denei bizia eman diet, baita gauzei eta espirituei ere. Izena duen guztiak bizia du. Baserri giroko kulturatik heldu zait hori. Txikitatik jasotako ezaugarri horiek hartu ditut eta ipuin giroko aldeetan agertu. Fikziora salto egite horrek errealitatea transgreditzeko jokoa ematen zidan. Bestela, oso... oso argazki errealista atera zitekeen.

Horien guztien adibide batzuk hartuko ditugu hizpide: (H)iriologoa testua.
(H)iriologoan hiriaren erretratu bat egin nahi nuen. XXI. mendean, urbanoa deitzen dugun hirian, zarata besterik ez dago, etengabeko mugimendua eta “uuuuuu” hori. Batzuetan aukera bakarra etxeko ateak ixtea da, zure burua itzali beharra daukazu. Testuan, Ikearen “Etxea errepublika da” propaganda mezuaren aurrean babes premia aldarrikatu dut, zibilizazio postmoderno honetatik babesteko. Mugimendu zoro honek beronek autista puntu bat sorrarazten duela adierazi dut.

Udazken (ko)loreak.
Berez etorri zitzaidan. Euskalduna naiz. Entzun eta irakurri egiten dut gurean gertatzen dena. Eta hitzak ia beti berberak dira: euskal gatazka, la cosa edo ezin izendatua delakoa. Izena beti bera, baina aurpegi asko dituena. Alderdi hori ukitu nahi nuen, familiaren aldea. Askatasun faltan direnen senideak etxean daude. Hauek, senidea kartzelan dutela, aurre egin behar diote bizitzari, hamar, hogei edo hogeitamar urtez. Horien bizimodua nire erara deskribatu dut. Askatasunaren alde egiteagatik ordaintzen den prezioa ikusi dut familian. Askatasunaren alde egiteak dakartzan alde argi eta ilunak: umeak kartzelan dagoen aitari eskutik heltzen dio. Umeak aita maite du, baina aske nahi du: Off-On. Zer dago garbi zer ilun? Zer den on edo txar? Zilegi da bide hori aukeratzea, baina gauzak ez direla ez txuri ez beltzak adierazi dut.

Gabon zahar gaua.
Garraztasuna dago hor... buaf! Gure mundua hori ere bada! Gure garaikook bizi izan dugun mundua badoa eta ezin diogu heldu. Zaharren, gurasoen, gazteen eta haurren begiradak azaldu ditut. Izan daitezke bestelakoak noski, baina niri etxe honetan ikusi dudana horrela atera zait. Ziur aski, neuk ez ditudalako egungo Gabonak gogoko. Familiarekin egotea maite dut, baina gaur egun batez ere egutegiak markatutako jaia da, dekretuzkoa. Jaia elkartasuna sortzen duena da. Argiz eta pozez gainezka egotea ondo da, baina zer sentitzen dugu? Ba al dago benetako bizitzarik Gabonetan?

Ikusezinak eta Hiritik hara testuak... Izar bidaiariak dira azken hauek
Ikusiezinak delakoan Tene Mujika, Katalina Elizegi, Errose Bustinza edota Bixenta Mogel azaldu ditut. Berauek aipatzean erabat liberatua geratu naiz. Ez euskal nazionalistak edo idazleak zirelako. Egungo emakumeen modura jarri ditut. Interneten ikasten hasiak, e-mailen jokoan. Mundu modernoa eman nahi izan diet, ez heroi moduan hartu, gure kausaren alde aritu zirelako. Agian, bestelako gauzak ere egin nahi izan zituzten. Eguneroko zereginetan jarri ditut, ganbaran. Kultura herrikoitik natorrenez, ikusten ditugunak eta ez ditugunak erabiltzeko gogoa neukan. Maite ditudan pertsonak hor kokatu ditut. Batez ere, nonbait daudela sinestu nahi dudalako. Horregatik jarri ditut Mikel Laboa eta Jorge Oteiza ere, edota nire aita, musikari zena. Ikusezinak diren horiek ganbarara igo dira, askatzen joan dira, eta haiekin askatzen noa ni ere.

Esperantzari leihoa ireki ez ezik, etxe bat, hiri bat, mundu bat eskaini dizkiozu esperantzari.
Bai, baina ez dago bukatuta. Irekita dago. Esperantzatsua izan daiteke, dagoenaz gain guk egiten duguna garrantzizkoa dela sinesten badugu. Zerua ere horregatik dago. Utopiaren, ametsaren alde egin dut. Guk egiten ditugu itzala eta argia. Parean ikusten dugunaz harago begiratzen jarri behar dugu, gauza berriak imajinatzeko eta eraikitzeko.
2009-10-04
Klik-klak!
Berriki Erein argitaletxeak Bakanak bilduman argitaratu dituen azken bi liburuak Yolanda Arrietak sinatu ditu. Hiru urtez zutabegintzan eginiko hausnarketak bildu ditu Uretan lez liburuan, «bizitza edo errealitate zati batzuei buruzko begirada-pentsamendu-hausnarketa sorta» eskainiz. Gaurkoan hizpide dugun Off-On liburua idazteko, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskarazko literatur sorkuntzarako Koldo Mitxelena bekaren laguntza izan du Arrietak. Emaitza pasarte laburrez osaturiko narrazio-puzzlea izan da eta gai nagusitzat «askatasunaren argi-ilunak gaurko imaginario urbanoan» landu nahi izan ditu idazleak.

Imaginario urbanoko zutoin gisa etxe bat sortzen du Arrietak, eta halaxe aitortzen du hitzaurrean: «Eraikin bat antolatu dut egitura gisa; hiriko eraikin bat, garaje, pisu, ganbara eta guzti. Gero, horietako bakoitzean biztanleak sartu ditut, aldraka nahiz bakarka. Biztanleak pertsonaiak dira, noski, baina ez, beti, pertsona itxurakoak (...). Denak, baina, bizi dira hiriko eraikin honetan eta, tarteka, multzo batak bestearengan dauka eragina, gainera, auzokide diren neurrian» (barka horren aipu luzea hona ekartzea, baina egilea beste edonor baino zuzenago arituta, ez du merezi zeharkako aipuetan galtzea).

Egiazki, ezin esan liburuaren ernamuina bere horretan oso originala edo berritzailea denik, George Perec-en La vie mode d'emploi maisulanetik hasi eta Francisco Ibañezen 13, Rue del Percebe bikaineraino, etxe bat eta bertako biztanleak protagonista diren hamaika kontakizun izan direlako. Off-On liburuan, berezitasuna testua osatzen duten narrazio labur, olerki, gogoeta, aforismo eta mikroipuinetan egon daiteke: horien artean, monotematikoak dira zenbait, batzuk metafisikoak ere bai, baina nagusiki eguneroko gogoeta eta bizipenetatik eratorritako kontakizunak dira. Gai asko eta askotariko ikuspuntuak eskaini nahi dira liburuan, baina oinarrian egungo gizartean nagusitzen ari den autismorako joera salatzea ei dago. Estiloari dagokionez, ironia, umorea eta zorroztasuna baliatu nahi izan ditu Arrietak idatziriko 180 testu laburretan.

Baina nago ironia edota liburuko beste hainbat kontu lehengai oso pertsonalak direla, eta Arrietaren idazkeran barne mundu bat azaleratzeko gogoa eta beharra sumatu uste izan dut. Hori ongi dago irakurlearekin konektatzen asmatzen denean. Baina, niri dagokidanez, pasarte asko ezin arrotzagoak egin zaizkit, batzuk oso hotzak, beste zenbait naifkerian erortzeko zorian ikusi ditut, eta beste muturrean, aitorpen kutsuko asmo-deklarazioekin ere ez dut bat egin. Azken batean, esan dezaket nik neuk ez dudala asmatu off-on intermitentzia horretan mugitzen. Izan daiteke hainbat kontakizun jarraian irakurtzeko modukoak ez direlako eta agian, zenbait pasartek pausaleku bat baino gehiago eskatzen dituztelako, aurreneko irakurketaren ondoren bestelako begirada bat bilatuz. Baina jakina da zerbait birritan irakurtzeko beharrezkoa dela aurrenekoan halako irrika bat piztea, eta kasu askotan gogo horren irrika falta izan zait atzera egiteko. Aurkezten den poesia moldeak ere izango du eragina, behin eta berriro errepikatzen diren anafora eta paralelismo jokoek ez didatelako asko lagundu. Edonola ere, narratibako pasarteak gustatu zaizkit gehien, ohikoenak izanagatik ere.

Azken batean, Arrietaren liburuan esperimentaziorako joera nagusitzen dela baderitzot ere, Off-On pizte-itzaltze horretan nik neuk ez dut asmatu argia ilunetik bereizten duen irakurketaren botoi horri klik egiten.
2009-10
Irakurlea nolakoa zaren, horrelako nobela duzu ediren
Off-On izena du Yolanda Arrieta idazlearen nobela honek. Lea-Artibaiko Etxabarrin (Bizkaia) jaioa da. Usurbilen bizi da egun. Izenburua nolakoa halakoxea ere nobela: bitxia. Bitxia, bi adieretan. Haur eta gazteen munduan buru-belarri dabilen idazle honek helduen mundura begira paratu du bere burua oraingoan.

Zaila da ideia berriak hausnartzea. Zaila da ezer berririk sortzea eta plazaratzea. Pentsamendua antzutu samar ei dago. Literaturarenean ez da aise ere hitz eta irudien lanketa berririk topatzea. Hitza biziki maiseatuta dago. Hitz xahutuak darabiltzate/gu hitzak lantzen dituztenek/ditugunok.

Yolanda Arrieta idazleak ez du etsi ordea. Haur eta gazteen munduan aritzeak imajinazioa zorrozten dio, antza. Hitza, irudia eta musika gertu-gertuko lanabesak ditu, eta beraiek, ageri denez, adimena zoli atxikitzen laguntzen diote. Helduentzako idatzitako Off-On nobela dugu berba sorta honen adibide eta froga.

Literaturarenean ez dela aise ideia berrien lanketa erran dut. Ideien xerka tinko aritzeak hitzen sortzea dakar ordea. Hitzen bilatze saiatuak eta landuak ideien forma berrien antolaketa dakarte. Ideia eta forma berrien peskizan, aurrerabide ona da laburrean aritzea. Yolanda Arrietak horrela jokatu du, laburrean.

Bere pentsamendutik jalgiriko ideiak laburrean taxutu ditu hitzegile honek, baita motzean forma eman ere. Izenburu beretik, hitzen higaduran erreparatuz, hitzekin jostetan hasi da idazlea. Off-On, piztu eta itzali, abiatu da jokoaren hasmentan. Ez du aldez aurretik jokoa mugatu ordea, alegia, ez ditu ideiak marko edo genero jakin baten barruan sartu eta mugatu.

Ideiak testu hiper-laburrean errenditu ditu batzuetan. Bestetan, hitzak ipuin labur modukoak bihurtu ditu. Elkarrizketa txikiak ondu ditu halaber, aforismoak eta epigrafeak ere ekarri ditu. Zuzen jardun nahi izan du. Nahiz eta batzuetan bistan da, zuzen jokatzeko itzuli-mitzulin ibiltzea saihestezin izan zaion.

Literaturenean esatean, literaturaren etxean gaudela esan nahi dugu. Hartara, Yolanda Arrietak etxea eraiki du aipatutako txatal eta jokamoldearekin. Azalean berean erakutsi digu etxea. Etxeko teilatu zahar samarra, eta bertan ageri diren eguzki-plaka berriak. Iragana eta geroa. Tradizioa eta berrikuntza. Munduaren bilakabidea, gizakion bizitza existentzia eta erresistentzia legez.

Tradiziotik edan ohi duen idazle hau etorkizunari begira paratu da. Tradizioari bizkarra eman gabe, begirada pausatua —haur eta gazteekiko begirada pausatua atxikiz betiere— eta aburuak gogoan tinko eramanez, etxe-nobela eraikiz joan da. Hamaika pertsonaia asmatu ditu. Alabaina, bera ere etxean barrena menturatu da. Menturatu eta bertan bizitzen jarri ere. Begiak zoli eta gogoa erne.

Garajetik hasi da. Etxabean dautzan mamutxak aintzat hartu ditu hasteko. Izaki eta izakariek leku hartu dute eraikuntzan. Izenak duena izatea dauka idazle honen langintzan. Behetik hasita, solairuz solairu, etxe bat ez ezik mundu bat eraiki du. Etxean mundua baitago. Pizten eta itzaltzen den mundua. Batzuetan txuri eta bestetan beltz ageri den mundua. Pertsonak, ez garela onak ez txarrak adieraziz. Ez guztiz txar ez guztiz on, bederen.

Pertsonok ez gara soilik haragia eta pentsamendua. Pertsonok espirituak ere osatuak gara. Horregatik, idazleak iraganeko pertsonak irudikatu ditu etxean, bere munduan, eta haiekin batera zerurantz egin du bide. Bide irekia. Ez etxea ez nobela, ez baitaude bukatuta. Gure existentzian hasiera eta amaiera guztizkorik ez dagoela adierazi digu idazleak.

Nolanahi den ere, idazleak ez du dena esaten, zuk irakurle aurkitu behar duzu. Egungo errealitatearen hamaikatxo pieza eta mosaiko aurkituko dituzu. Ez zaude liburuaren antolaketaren bide bakarra —ezta bide zuzena ere— segitzera behartuta. Liburuko txatalak hartu behar dituzu, zuk zeuk puzzle gisara antolatu, eta zuretzako moduko eleberri-etxea eraiki.

Hona, azkenik, testu honen izenburua lema gisa: “Irakurlea nolakoa zaren, horrelako nobela duzu ediren”.
2009-09-12
Askatasunaren argi-ilunak
Eraikin batean kokatu du Yolanda Arrietak eleberri puzzle berrian idatzitako azken liburua. Sartu-irtenean ibili da egilea, ikusle, aldi bateko biztanle, bisitari edota entzule gisa. Behetik gora antolaturik datoz istorioak, pisuz pisu, atez ate… auzokide diren neurrian kateatuta datoz denak. Bertan, egungo gizarte post-modernoan askatasuna nola bizi dugun eta askatasun horren alderdi argi-ilunak jorratzen ditu Arrietak, horiexek bere azken eleberriaren muina. Era horretara, liburua ez da amaitutako istorio bat, asko baizik.

Zehar erretorika eta ironia gustuko ditu Arrietak, nabarmen sumatzen da halakorik istorioetan. Halaxe, irakurlearekiko bilatzen duen konplizitate harremana etengabea da, irakurle aktibo baten aldeko apustua egiten du bertan. Mundua gero eta txikiagoa omen, baina jendea bata bestearengandik gero eta urrutiago bizi dela argi uzten dute liburuko pasarteok. Umorezko begiratua ematen dio inguruko mundu anabasari egileak, momentu askotan begiratu iradokitzailea, dudarik ez, horixe egileak burutzen duen ahalegin etengabea.

Hortaz, ezeren gainetik, liburu iradokitzailea da Arrietak idatzitakoa, zenbaitetan ere gizarte honetan jokatzen dugun paper eta rolarekiko ironikoa izan nahi duena, hausnarketara gonbidatzen duena. Funtsean, bizitzaren alderdi askoren errepasoa egiten du, testuok gogoeta bat-batekoak, inkonszienteak dira askotan, errealitatearen erakusle direnak, egunerokoaren adierazleak. Baina era berean, baita liburu dibertigarria ere bada pasarte askotan, eta halaxe horren arrastoan Off-On izenburuan ere, egungo garaiaren intermitentzia erakutsi nahi duena, zurrunbilo zentzugabearen arrastoa.

Nolanahi ere, testu laburrak dira, ezinbestean, egilearen heldutasunaren ispilua direnak. Bere buruari ere ari zaio Arrieta, bere buruarekin elkarrizketa etengabea da liburua, eta aldi berean, horren partaide egiten du irakurlea. Irakurle aktiboa desio du idazleak, gogoeta partekatua autoreak. Baita lortu ere. Testuok maiz esplizitoak dira, egunerokoaren oihartzuna. Azken batean, barru-barruko zertzelada ironiko zirikatzaileak etengabeak dira liburuan zehar, irakurlearekiko konplizitate keinu ugari isurtzen ditu egileak. Horren lekuko, esaterako, Izan ala egin, Izan bidean, Izan asmotan, Izan nahian, Izan aitzinean, Izan gibelean… umorezko begiratu konplizeak denak inguratzen gaituen errealitate anabasari.
2009-07-18
"Gustuko ditut zehar-erronka eta ironia"
Gaur egungo gizarte post-modernoan nola bizi dugun askatasuna eta askatasun horren alderdi argi-ilunak, Yolanda Arrietak idatzitako azken eleberriaren muina. Eraikin batean kokatu ditu egileak liburuko istorio guztiak, eta sartu-irtenean ibili da, ikusle, aldi bateko biztanle, bisitari edota entzule gisa. Bere esanetan, liburua ez da amaitutako istorio bat, asko baizik. Era horretara, hiria eta askatasuna bikotea buruan, ahalik eta biztanle gehien erabili ditu Arrietak kontakizunean, ikuspegi eta jokabide ezberdinak sartu asmoz, izenburuak dakarren argi-ilun sentsazio horri erantzunez.

Off-on izenburuko eleberri-puzzlea argitaratu berri duzu. Nondik nora hasi zinen liburu hau idazten?
Duela urtebete inguru modu jarraituan, gipuzkoako Foru Aldundian literatura sortzeko diru-laguntza bat eskatu nuenean, proiektua antolatzen hasi nintzenean, baina, haziak, hots, sentsazioak, ideia, nahia... bizpahiru urtetan sortzen joan den prozesu bat izan da.

Liburua ez da amaitutako istorio bat, asko baizik. Ba al dute beren artean loturarik?
Batzuk bai, besete batzuk ez. Eraikin batean kokatu ditut denak eta ni sartu-irtenean ibili naiz, ikusle, aldi bateko biztanle, bisitari edota entzule gisa. Pisu bakoitzeko etxe bakoitzean biztanle bakoitak zati bat kontatzen du eta familiei dagokienez, partaide guztien zatiak irakurtzean bakoitzari buruzko informazio gehiago lor dezake irakurleak. Horrez gain, badaude pertsonaien arteko lotura asko, pisu arteko konexio-deskonexioak ere, edozein eraikinetan gertatzen direnak bertako jendea ezagutzen hasten zarenean...

Zein da liburuak kjorratu nahi duen muina?
Gaur egungo gizarte post-modernoan nola bizi dugun askatasuna,hots, askatasun horren alderdi argi-ilunak. Tradiziotik salto egin eta imajinario iritarrean gizakiaren askatasuna bilatzen dugu, hau da, nolabaiteko h iri mentalitate bat, non subjektu bakoitzak berak aukeratzen baitu zer bizimodu egiin nahi duen, tradizioak edota tribuak ezarritako paper, rol eta jokabideei amen egin gabe. Hortik izenburu iradokitzailea: Off, alegia, kanpo, solte, itzalita, anonimatuan egotearen alderdi ON-a, eta era berean, Off-On, batzuetan itzalita, hurrena piztuta, eredu argirik gabe, egitura finkoegi gabe, nolabaiteko intermitentzian bizi dugu egungo garaia.

Testu laburrak ageri dira bertan, hitz gutxirekin indarra esaten ez den horretan jarri nahi izan duzu. Zer dela eta?
Gustuko dut laburrean idaztea, zehar-erretorika eta ironia, jende batekin gauzak erdizka edota metafora bidez esanez sortzen den konplizitatea. Dibertigarria iruditzen zait asmakizun antzeko jokoan aritzea. Liteartura, irakurlearekin sortzen duzun harreman-joko bat ere badelako. Hala ere, testuak bere horretan ere irakur daitezke, ziur nago irakurle bakoitzak bere zentzua aurkituko duela, ezeren bila joan gabe ere, konplizitate hau oso inkonszintea delako. beraz, jendeak irakur ditzala testuok, lasai, atzekoz aurrera edo jarraian, banaka-banaka edo nahi duen moduan, unea gozatuz... uretan balego moduan.

Zein irakurle mota izan duzu buruan liburua idazterakoan? Nolako harremana sortzea nahi zenuke irakurlearekin?
23-60 urteko jendea izan dut gogoan, heldua izateko bidean dabilena edota heldutasun bide horren erdi-erdian dagoena... Konplizitate-harremana sortu nahi izan dut, irakurle aktibo baten aldeko apustua egin dudala esan daiteke; hori ikuspegi murriztailea ere izan daiteke, bakoitzak bere erara interpretatzen duelako errealitatea, eta kasu honetan, batzuk nire jokoaren ehuneko 80a jaso arren, beste batzuk beste irakurketa bat egingo dute, nire ikuspegiarekin zerikusi handirik ez duena. Beraz, bakoitzak bizi dezala esaten dudana nahi duen moduan, liburua dagoeneko, ez baita nirea; irakurleona, baizik.

Haurrak, gazteak, bikoteak, helduak, zaharrak... era askotako pertsonaiak azaltzen dira liburuan zehar.
Bai, eta objektuak, aldarteak, ikuspegiak... Eraikinaren egiturak asko lagundu dit horretan. Batetik, errazago eta libreago utzi nahi nuen neure burua sortzeko prozesuan, eta, bestetik, hiria eta askatasuna bikotea nituelarik buruan, ahalik eta biztanle gehien erabili nahi nuen, ikuspegi eta jokabide ezberdinak sartu asmoz, izenburuak dakarren "argi-ilun" sentsazio horri erantzunez.

Helduentzako narratiba nahiz haur eta gaztentzakoa ere jorratu dituzu argitaratutako hainbat liburutan. Non aritzen zara erosoago?
Bietan, biak dira sorkuntza, biak dira literatura. Norekin ari zaren da kontua, batzuetan neure alderdi helduarekin, besteetan neure alderdi gazte edo umearekin... Denak daude neure barruan eta batarekin zein bestearekin aritu, informazioa nola jaso eta kudeatzen dudan da kontua, eta, noski, gero informazio hori irakurlearengana iristeko moduan kudeatzea, egituratzea eta kontatzea. Literatur generoa baino gehiago enpatia kontua dela uste dut, nahiz eta, ezin uka, idazleok ere merkatuaren sistemako partaide izan.

Liburu honetan nabarmenduko zenukeen pasarterik...
Askatasunaren eta askatasun horrek pertsonaiengan sortarazten dituen argi-ilun horiek biltzen dituena: "5A-ko Gizakia" (51.or); bestalde, neure askatasun-aukera, artean aurkitzen dudan utopia, ametsa: "Zeru, izarrarte, izartegia" izenburua duena.

Esaldi motzak eta akzioz eta irudiz beteak erabili dituzu. Zer bilatu nahian?
Zentzuen bidezko irakurketa emozionala; instante motz indartsuen uneko zaporera eta ondorengo arrastoa. bonboi baten efektua.
2009-03-14
Komunikazioaren mirari etengabea
Egunerokoak abiapuntu dira Yolanda Arrietak libururako idatzitako gogoeta eta iritziak. 2004tik 2007ra Deia eta Berrian argitaratutako artikuluok eguneroko bizimoduari begiratzeko modu pertsonalaren agerpenak dira, xehetasunetatik eraikitako gogoetak askotan, modu bateko edo besteko gaurkotasuna biltzen dutenak. Egunerokotasunetik abiatutako hausnarketa zabalak dira, prentsan argitaratutako artikulu labur mamitsuak. Detaile txikietatik eraikitako gogoetak dira batzuetan, gaurkotasun bete-betekoak bestetan. Iritzia eta emozioa bildu ditu berauetan, bizitzaren alde gordeak deskubritzeko bideak gertatu zaizkio artikuluok.

Nolanahi ere, komunikatzea helburu argia duten mezuak dira. Egunkari bidez azaldutakoak perspektiba desberdina hartu ohi du denboraren joanean, eta zenbaitetan, argitaratutako egunean bertan baino lorpen komunikatzaile beteagoa dutela iruditu zaizkigu. Ugariak dira adibideak, horixe meritua, mezuotan hartzaileak komunikazioaren mirariaz gozatzen duenean. Baieztapen ugari tartean, leku askotatik heldu daitezkeen kontuak dira bertan egileak bildutakoak. Asko egunkarien egunerokotasunera erakartzen gaituzten ideiak, egia erdiak edo erdi gezurrak, egia borobilak ere bai… grinak eta ezinak. Artikuluok horren lekuko dira.

Izan ere, zentzuzko errealitate islak dira Arrietak isuritakoak, bereak izanda ere gertukoak sentitzen direnak. Gogoetok ariketa literarioak dira askotan, baina errealitatean sendo errotuta daudenak. Gustura egindako lanak badu adierazgarria izateko irrika, esanguratsua gertatzeko grina. Asko dira ere kronika kutsua dutenak… azken batean, gure gizartea azaltzeko islak eta ikuspegiak. Ohiko bizimoduari begiratzeko aitzakiak, artikuluok begirada hunkigarriak dira, begirada kritikoagoak hainbatetan, begirada azkarrak eta neurtuak.

Artikuluotan komunikabideek zabaltzen dituzten estereotipoak alde batera uzteko saiakera sumatzen da argi, horixe eskertu diogu gehien egileari, iritziekin batera emozioa eta mezuarekiko inplikazioa liburuko oinarri direnez. Gogoetaz gogoeta, iritziz iritzi, emozioz emozio… errealitateari eta ohiko bizimoduari adi garamatza liburuak, hausnartzeko plazerra idatzizkoarekin uztartuz.

Bestalde, joan zaizkigunen gaineko oroitzapen hunkigarriak ere baditu tarteko… esaterako, Jose Martin Apalategi, Asun Balzola, Andolin Eguzkitza, Begoña Bilbao, Juan Mari Lekuona… egunerokoarekin joan ohi diren testigantzak berreskuratzeko eta ahazten ez uzteko liburu freskoa da Arrietarena, ideien eta egunerokoaren uretan murgiltzeko tresna aproposa, dida batean irakurtzeko modukoa. Oroimenaren nahiz gertuko kontuez lagungarri.
2009-02-03
"Artikuluok zentzuetatik iragazitako errealitatearen islak dira"
Egunerokotasunetik abiatutako hausnarketa zabalak eskaintzen ditu Yolanda Arrietak bere azken liburuan. Prentsan argitaratutako artikulu labur-mamitsuak dira, eguneroko bizimoduari begiratzeko modu pertsonala agertzen dutenak. Detaile txikietatik eraikitako gogoetak dira askotan, gaurkotasun bete-betekoak bestetan. Yolanda Arrietaren esanetan, iritzia eta emozioa bildu ditu berauetan, bizitzaren alde gordeak deskubritzeko bideak gertatu zaizkio artikuluok.

2004tik 2007ra bitartean Deia eta Berria egunkarietan argitaratutako arikuluak argitaratu dituzu liburu berrian. Nola sortu zen liburu hau argitaratzeko ideia?
Ariketa literarioak izanik, material pila batekin aurkitu nintzen, ez nintzen gogoratzen oso ondo zer esanda neukan eta zer ez. Esanda neukan hori guztia nolabait bildu beharra neukala ohartu nintzen, berriro ez errepikatzeko, eta aldi bati atea behar bezala itxi eta hurrengoa zabaltzeko.

Zenbat artikkulu bildu dituzu liburuan? Zeren arabera aukeratu dituzu?
Ez dakit oso ondo zenbat diren, ez baititut zenbatu. Asko dira aukeratuak, asko ere utzi ditudanak. Gustukoenak aukeratu ditut, niri neuri, oraindik ere, zerbait esaten didatenak eta, era berean, bizi dugun garaian, aldaketak aldaketa, oraindik ere adierazgarri zian daitezkeenak gaiaren trataeragatik nahiz albiste iturriaren eboluzio ezarengatik.

Ipuina, fikzioa, kritika, gogoeta... zer gailentzen da liburuan zehar?
Egunerokotasunetik abiatutako hausnarketa zabalak. bizitzari begiratzeko modu pertsonal bezain sozialak. Detaile txikietatik eraikitako ariketa literarioak. Zentzuetatik iragazitako errealitatearen islak... Edukietatik eraikitako formak dira, irakurleak esan dezala zer diren.

Gure gizartea azaltzen duten artikuluak ere sartu dituzu; esate baterako, Familia, Etxeko ardurak, Aitaren eguna... nola bururatzen zaizkizu gaiak?
Hasieran, ohiko iritzi artikuluaren formari heltzen nion idazteko orduan, baina beti gertatzen zen zerbait, albiste gisa, garrantzitsuagoa zena eta, ondorioz, beti zalantzan ibiltzen nintzen. Ez nuen gozatzen. Beraz, formula berri bila hasi nintzen: "adi egongo naiz bizitzari baina bakarrik barruan 'dindilin' egiten didaten horiei helduko diet" pentsatu nuen. Eta halxe egin nuen. Adi egotean, beti dago zerbait deigarri egiten zaidana, eta horri tira eginez ohartu nintzen, plazerrez ez ezik, arin eta solte ere idazten nuela, eta, gainera, idatziak berak neure burua definitzen ere laguntzen zidala. Laburtuz, iritzia eman beharra barik, emozioa jarri nuenean idazteko giltzarri, dena aldatu zen eta gaiak berez etorri ziren.

Komunikabideek zabaltzen dituzten estereotipoak alde batera uzten saiatu zara artikuluotan...
Bai, idatziok neure burua bilatzeko eta definitzeko bilaketa-ariketak izan diren neurrian, horretan saiatu naiz.

Gogoetarako testuak dira, denborapasakoak baino?
Batak ez du bestea kentzen. Zergatik ez, denbora pasatu, bide batez gogoeta eginez?

Liburuan hainbat pertsonaia ere gogoratu dituzu, esate baterako, Jose Martin Apalategi edo Asun Balzola...
Bai, eta Andolin Eguzkitza, Begoña Bilbao, Juan Mari Lekuona... Tokatu egin zitzaidan eta neure akorduan gorde izan nituen, bizitzea egoki zaidan aldiko kideak izan direlako, batzuk ezagunagoak beste batzuk baino, baina guztiak, aldi honetako bizikide eta guztiak garaiotako erreferentzia. Bide batez, heriotzari neure zentzu propioa bilatzen lagundu didate, maite ditugun eta alde egiten diguten horiek guztiak beste nonbait daudela gure zain sinestu nahi dudalako.

Zenbaitetan txikitako oroimena berreskuratzeko lagungarriak gertatu al zaizkizu honelako artikuluak?
Txikitako oroimenek gaurko ahotsa eraikitzen lagundu didate. Haur ahotsa, handiak garenerako, amatatzen utzi beahr ez den txinparta dela begitantzen zait.

Gertuko kontuez idaztea errazagoa al da aspaldikoez baino?
Aspaldikoa gertuko egiten dugunean ez dago bereizketarik. Emozioak eta arrazoiak batera lan egiten dutenean, denbora eta espazioa zerbait deskubritzeko erronka bihurtzen dira; elkarren kide, ez etsai.

Non sentitzen zara erosoago, prentsarako artikuluak idazten ala haur eta gazteentzako ipuinak sortzen?
Unean unekoa. Badira aldiak neure alde heldua lantzekoak, badira neure haur edo nerabe aldeak lantzekoak... Idaztea, sortzea eta bizitzea geure alde gordeak deskubriteko bideak direla uste dut eta bide horiek asetzen saiatzen nahiz unean uneko une errepikaezina ahalik eta beteen biziz; bizitza, ura lez, badoalako...

'Maite kuttuna' dela eta ETBri kritika egiteko idatzi duzu artikulu batean.
Ba, bai, baina halakoak botatzen jarraitzen dute. Dena den, egunotan irakurri berri dut haurren telebistako programak begiratzeko eta zaintzeko eskatu dutela gobernuan... Etxeaen hasten da umearen gobernua baina, gaur egun, etxeak adina eragin dauka gizarteak ere eta, zalantzari gabe, telebista da horren isla bat. Uste dut gehiago begiratu beharko genituzkeela beraren bidez transmititzen ditugun irudi, emozio, rol, balore eta harreman-motak, beti ere, aitakera orotik urrunduz baina jakinaren gainean egonda helduok garela ondorengoei jaten ematen diegunak. Eta, zer jan, hura zara...

Ia liburu bukaeran 'Sari bat irudimenari' izenekoan Ikastolen Elkarteak Londresen jasotako sariaz diharduzu.
Bai, halako berriak gure 'imajinarioa' elikatzeko moduko albisteak direlako. Bertan agertzen da zergatik: euskaratik abiatuta egindako lanagatik, hezkuntza, umeak eta etorkizuna eraikitzeko ahaleginagatik, gizonezko eta andrazko arteko lankidetzagatik, eta antzeko lan isil eta esker gutxikoetan dabiltzan guztientzako keinu positiboarengatik.
2009-01-25
Dosi txikien eragin handia
Zerk bultzatzen gaitu egunkaria zabaltzean bertako zutabeak irakurtzera? Munduan gertatzen dena ezagutzeko gogoak? Gertatzen denari buruzko iritziak jasotzeko asmoak? Zutabegilearen ahotsaz eta estiloaz gozatzeko irrikak?

Liburu honetan Yolanda Arrietak 2004tik 2007ra Deian eta Berrian argitaratutako artikuluak aurkituko dituzu. Bere bizitzaren puska batzuk eskaintzen dizkigu testu hauen bidez, bere sormenaren fase bat izan dena batu du hemen, liburu, egutegi eta ekitaldiez gain, egunkarietan ere ekarpen aipagarria egin duelako.

1.400 karaktereko zutabe hauetan urte horietan gertatutakoaren errepasoa aurkituko dugu, orduko albistegietan agertutakoak eta egilearen egunerokotasunean gertatutakoak. Gertaera sozial eta etxekoak, iritzi eta hausnarketak, kezka eta desioak daude bata besteari jarraika.

Idazle honen ahots irudimentsuak bizitza eta errealitatea modu desberdinetan begiratzeko proposamena luzatuko digu testuotan barna. Denboraren iragaite bizkorra, naturaren presentzia, oroimenaren garrantzia, emakumeen lanaren balorazioa, euskal gatazkaren pisua, identitate anitzen aldarrikapena eta haurren mundua izango dira jorratuko dituen gaietako batzuk.

Begirada behatzaile eta deseraikitzailearekin, hizkera “arina bezain sakona” erabilita, irudi ugari emango dizkigu. Kolorez jantzitako ipuin kontalaria daukagu, batzuetan argi eta besteetan ilun agertuko dizkigu bere kontuak. Batzuk goxo helduko zaizkigu, besteak zorrotz. Jakin-min handia duen haur batek hitz egingo du orain eta esperientziak erakutsitako helduak gero. Galdera-erantzunak erabiliko ditu batzuetan bere testua egituratzeko, edo haur eta objektuei emango die hitza besteetan, kontua, lehen esan bezala, ikuspuntua aldatuz jolastea baita.

Bizitzari buru-bihotzez begiratzen dio benetako ikuspegi global edo unibertsala emanez. Norbaiti femeninoa begitanduko zaio, sentimentala, arrosa. Beraz, balekoa ez dena, partziala, neskentzat. Baina bada garaia norberaren esperientziatik abiatutako kontaketa guztiontzat aldarrikatzeko, zentzumenen bidezko ezagutza plazaratzeko eta barruan gordetzen ditugun duda eta kontraesanak erakusteko. Azken finean denok sentitzen dugu eta pentsatzen dugu, denok daukagu, Arrietaren zutabeetan azaltzen den bezala, etxe aurrean udaberria datorrela esaten digun mimosa landare bat; eta denoi gustatuko litzaiguke euskaraz publiko guztientzako ganorazko programazioa egotea telebistan.
2009
Agur, ama!
Ibaizabal
2009
Amarunen alamandrea
Gero
2009
Off-on
Erein
2009
Ongi etorri!
Galdakaoko Udala. Euskara Zerbitzua
2008
Uretan lez
Erein
2008
Zazpi pertsonaia istorio bila
Aizkorri
2008
Zorionak!
Iurretako Udala. Udal Liburutegia
2007
Oinutsik jauregian
Ibaizabal
2006ko otsaila
"Tradizioaren kontra joatea pixka bat ilegala izan daiteke batzuetan"
Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963) idazlearentzat idaztea bezain garrantzitsua da literaturaz gozatzea eta hausnartzea. Hain zuzen horregatik literatur lantegiak koordinatzen ditu han eta hemen. Hari horretatik tiraka argitaratu du Gatzaren atzetik. Mari-Xor lana, non ipuin tradizionaletan emakumeen rola eta tradizioak ezarritako hainbat arau astintzen dituen.

Tradizioaren izenean dirudi oraindik ere gauza asko ezin direla aldatu! Txanogorritxok, Mari-xorrek, Mari Errauskinek eta abar gehiegi ez al dute pisatzen guregan?

Tradizioa gauza handi eta aberatsa da. Besteak nola bizi izan diren jakitea beti ondo dago, norberak ere modu horiek probatzeko edo ukatzeko. Baina euskal kulturan, askotan gure euskaltasuna eraikitzeko orduan tradizioan oinarritzen garelako, tradizio altxortzat hartu izan dugu. Eta altxor izate horrek ukaezin ere bihurtu du pixka bat, hau da, egia absolutu, eta hor dagoena ezin da ukitu ere egin, berez tradizioa denez eredugarria delako. Ni horrekin ez nago ados. Literatur zale naizen aldetik, izugarri estimatzen ditut ipuin herrikoiak eta txanogorritxoak eta mari errauskinak eta beste hainbat eta hainbat ipuin, esaera, kantu eta poema. Azken batean egungo literatura kontenporaneoa ahozko tradiziotik datorrelako. Nire sustraiak ezin ditut ukatu bestela nire amaren eta aitaren kontra joango nintzatekeelako. Baina ni ez naiz bizi haien moduan, ni gaur egungo munduan bizi naiz. Ipuin herrikoiak gustatzen zaizkit oinarrizko pasioetara jotzen dutelako: beti bizitza, heriotza eta harremanak egoten direlako horietan. Baina pasio horiekin gero egiten den marrazkia, ipuin hori, erabiltzen diren harremanak, emakumearen irudia, zeri ematen zaion balorea, zer baztertzen den... guzti horri premiazkoa izango litzateke gaur egungo begiekin, bizipenekin, beharrekin eta nahiekin buelta ematea, astintzea.

Azkenaldian ari dira bestelako ipuinak argitaratzen: printzesa itsusiak, urdinak ez diren printzeak... protagonista dituztenak. Magia guztia kendu behar al da zuzentasun politikoaren izenean?
Beste mutur batera goaz hor. Tradizioa gure egungo galbahetik pasatu behar dugula esaterakoan ez dut ukatzen ipuin herrikoietan badagoela egitura finko bat, mendez mende iraun duena. Eta zerbaitengatik irauten du. Gaur egungo ipuinak asamtzen ditugunean eta haur eta gazte literatrua egiten dugunean zeri balorrea eman zaindu beharko genuke. ni behintzat ahalegintzen naiz horiek zaintzen, aita eta ama nola jarri, ez horrenbeste urdin edo arrosa diren, baina bai ekintzei erreparatzen. Gustatzen zait ama ere pixka bat aita izatea, eta aita ere pixka bat ama izatea. Baina hori gaurko literatura egiterakoan. Bestean, kontuz! Mari-Xorren mila bertsio egin daitezke, eta ondo eginda badaude, ederki. Baina kontua ez da herri ipuinak hartu eta gaurko mozorroarekin jantzi eta dena konponduta dagoela uste izatea. Hori baino sotilagoa da. Barne eztabaida gehiago eskatzen du. mari-Xorren liburuarekin h ori nahi nuen nik egin. Azken batean tradizioari hautsa kentzeko aitzakia izan daiteke. Eta magian sinesten duenak ez du magiarik suntsituko horrelako azterketak egin arren.

Liburuan aipatzen duzu emakumeoi berezkoa zaigula hizkuntzarako erraztasuna eta askotan indarrean daudenentzat, oztopo galanta izan dela.
Hori Dolores Julianok esaten du, eta nik uste dut arrazoi duela. Bere tesia da ipuin herrikoien bidez, etxe giroan, emakumeek euren aldeko diskurtsoa, nolabait gizarteak ukatzen zizkien ereduak, bideratu dituztela zeharka. Gertatzen dena da nik hemen ikusi dudana dela gizonezkoek ere parte aktiboa dutela. Joxe Arratibelek, ipuina jaso zuenak, aitari jaso zion; nik etxean ere gauza asko amarengandik jaso ditudan arren ahozkotasuna aitarengandik jaso nuen. Joxe Arratibelek kontatu zidan ipuiin herrikoi hauek bera bizi zen auzoak jaso zituela, baina bertan bazirela pertsona batzuk kontalari rola egiten zutenak, tartean bere aita. Gainera bere aitak ipuinak kontatzen zituen galtzerdiak egiten zituen bitartean. Hemen pixka bat diferentea da beraz. Dolores Juliano antropologoak "emakumeak, zein koitaduak diren..." jarrera hori ez dela horrela frogatu nahi du, emakumeek beste bide batzuk erabili izan dituztela euren bizipenen berri emateko. Eta etxean, umeen hezkuntza beraien esku zegoelako, ipuinen bidez beste balore batzuk bideratzen zituztela. Baina begirada batean, euskal erromantzeetan ere pertsonaiak oso diferenteak dira, oso indartsuak, eta gizonezkoak eta emakumezkoak ere oso aktibo ikusten ditut. Mari-Xorrera ere horixe ikusten nuelako iritsi nintzen: emakume oso indartsua, aitari kontra egiten diona.

Ipuin biltzaile gehienak gizonezkoak izan dira; haur ipuin sortzaile gehienak Euskal Herrian behintzat ere gizonak dira. Mariasun Landak dio hori ikertu beharreko fenomenoa dela...
Biltzaileak izaten dira normalean gero idazten dutenak. Eta hemen idatzi zeinek idatziko zuen bada? Idazten zekienak eta ikasi zuenak, eta horiek fraideak eta abadeak ziren, gehienak gizonak. biltzailea beti lumarekin lotuta dator, eta luma hezkuntzarekin, eta hezkuntza orain dela ehun urte arte-edo nagusiki gizonen esku egon da, eta normalean erlijioarekin lotuta. Beraz, hor ze galbahe erabili den ere ez dakigu, kontalaria ere autorea delako neurri batean. Alegia, biltzen dena ez dela berez horrela aseptikoa. Eta hori, testuingurua, ez da aztertua izan. Zergatik hemen gizonezko gehiago izan den? Hezkuntzagatik.

Baina guar egun ere horrela omen da haur eta gazte lteraturan...
Hezkuntza gero bihurtzen da ohitura; eta ohitura bihurtzen da lege; eta gero tradizioa legea da askotan. Horregatik niri traba egiten dit batzutan: tradizioa lege bihurtzen denean, legearen kontra joatea pixka bat ilegala izan daitekeelako. Ez agian epaiketa batean, baina epaitzeko modu asko daude eta epaile asko dago, batzuk agerian daude eta beste batzuk ezkutuan. Eta mariasunek dioen horretan uste dut epaileak ezkutukoak direla eta epaiketa ezkutukoak egiten direla, ikusten ez direnak; eta ilegaltasun horretan hori agerira ekarriz gero, begi-bistan geratuko lirateke agian komeni ez diren jarrera asko. Askotan, norberak ere, traba egin arren hain onartuta eta barneratuta dauzka, hor ere lan handia dagoela egiteko. Mariasunek dio gizonek gobernatzen dutela euskal kultura eta euskal literatura zer esanik ez. Eta ni ados nago. Hor ere tradizioak pisu handia dauka, eta tradizioa ohiturekin doa. Baina ohitura berriak sortzeko, tradizioari ere hautsak kendu behar zaizkio, kontxoiari buelta eman behar zaio. Eta hori n ork egingo du? Koltxoaia eroso duank ez behintzat, besteok egin beharko dugu. Eta orduan besteon lana gelditzen da besteona bezala, bazterreko edo txiki. Batzuek diote lan literario bat egiten dugunean berdin dela zeinek egin duen, ona edo txarra dela lana eta listo. Ez dut uste hori beti horrela denik. gustua ere egin egiten da, eta gustua ere ohitura da. Andrazko askok idazten du, baina nolabait esateko etxeari lotutako lagun talde batean. Hor ondo mugitzen gara, figura publiko izatera salto egiterakoan daude arazoak ordea. Hori neurri batean ulertu ere egiten dut, hor gatz handia behar delako! Zeren batzuetan essaten dituzun gauzak izan daitezke gustuko, baina beste batzuetan diferenteak ere izan daitezke. Diferente bizi gara andrazkoak eta gizonezkoak Euskal Herrian; euskal kulturan zer esanik ez, eta euskal literaturan, are gehiago!

Zergatik beldur hori saltoa ematera?
USte dut hor tradizioak pisu handia duela. Ez dakit zein den bidea, baina beldurra daukagula? Bai, nik neure buruari begiratzen diot, eta gero eta beldur gutxiago daukat. Baina lau edo bost urte kosta zait lan hau ateratzea. Hor ibili naiz bueltaka eta bueltaka. Beldurra ematen zidan esateak aitaren etxea defendatuko dut beharrean aitaren eta amaren etxea defendatuko dut esatea nahi dudala nik. Orain esan dut eta listo. Baina horiek pisu handia daukate. bizitzan beti nahi duzu besteek estimatzea: lehenengo nahi duzu gurasoek estimatzea, gero lagunek, gero bikoteak, gero horrelako gauza publiko at egiten duzunean irakurleek estimatzea, lehiaketetan irabazten ez baduzu ere zuk idatzi duzuna gustatzea... beti besteen estimazioaren neskame bihurtzen gara, eta uste dut emakumeok hor lan handiagoa dugula egiteko gizonezkoek baino. Horrek ez du esan nahi gizonezko guztiak errege sentitzen direnik, norroi asko sentitzen da oraindik ere. Baina emakumeok balantza horretan kamuflatu egiten ditugu bene-benetan nahi ditugun gauzak: "Hau nahi dut baina agian hau egoista da, niri tokatzen zait bete hau egitea, eta besteak ondo badaude ni ere ondo nago". Bada bai, baina batzuetan diskurtsoa ere aldatu egin behar da: "Nik hau ez dut nahi, nik hauxe egin nahi dut; ni neu ondo banago agian besteak ere kutsatu egingo ditut nire zoriontasunarekin", Estimuaren eta afektuaren neskame izate horretan gaude kateatuta.

Euskal kulturan orain 20 urte sortutako erakundeetara hausnarketa garaia iritsi dela irakurri dizut. Benetan ari al dira hausnarketa egiten edo inertziaz euskal kulturan sortzen eta sortzen jarraitzen dugu?
HAusnarketa egiteko nahia badago. Egin egiten den ez dakit. Nahia eta premia ikusten dela uste dut. Baina hain goaz azkar,hori egiteko gelditu egin behar dela. Eta gelditzeak esan nahi du agian gauza asko zalantzan jarri behar direla eta gauza asko zalantza jartzeak esan nahi du ez egitea. Eta ez egiteak... beldur handia ematen du!
2006-11-02
"Literatura bakardadean sortu behar da"
Bizitza hamarkadaka antolatuta dauka Arrietak. 60ko hamarkadan jaio egin zen, Etxebarrin (Bizkaia), eta herri txikiko askatasunaz gozatu zuen. Hurrengo hamarkadan Markinara joan zen eskolara, eta herri txikia eskualdera zabaldu zitzaion. 80ko hamarkadan, berriz, unibertsitatera, Eskoriatzako irakasle eskolara. Han hasi zen literaturara hurbiltzen: Iñaki Mendiguren eta Jexux Garmendia irakasleei esker erabaki zuen hura zela gustatzen zitzaiona.

Eta hortik idazle bihurtzera?

Ikasketak amaituta, hezkuntza eta umeak gustatu arren, erabaki nuen ez nuela egun osoa horretan pasatu nahi. Euskaltegi batean ere aritu nintzen, baina hura utzi eta 90eko hamarkadan Donostiara joan nintzen antzerkia ikastera; antzerkia baino, fikzioa. Fikzioa lantzen ikasi nahi nuen, eta ez nuen beste tokirik topatu. Eszenak lotzea eta, batez ere, pertsonak eraikitzea gustatzen zitzaidan. Aldi berean, antzerki tailerretan hasi nintzen, hau da, sorkuntza kolektiboan. Orduan ekin nion antzerkia idazteari, tailerretan ateratzen ziren eszenatxoak lotzeari, forma emateari, erregistroak bilatzeari,... Gero bakarka hasi nintzen, ipuin bat idatzi, saria irabazi eta jendea deika hasi zitzaidan, “idazlea zara” esanez. Antzerki tailerrak idazketa tailer bihurtu ziren apurka-apurka, eta gaur arte.

Idazten ikasi egiten da, ala? Idazten irakasten duzu?
Ez naiz irakastera joaten, entrenatzeko trikimailuak ematera baizik. Umeei esaten diet futbolean jokatzeko entrenamenduetan ez dutela beti futbolean jokatzen. Batzuetan ariketak egiten dituzte, beste batzuetan luzaketak, hurrengoan jokoak,... Bada, idazteko eta sortzeko ere entrenatu egin daiteke, ariketak, jolasak eta jokoak eginez. Irudimena gihar bat balitz bezala irudikatu behar dugu, zenbat eta gehiago landu, orduan eta hobeto aritzen dena, eta utziz gero, txikitu, lehortu eta eskastu egiten dena. Sormen prozesuan ere zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta biziago egongo da baliabide hori. Azken batean, idatziz ikasten da idazten. Dena dela, nire ustez, literatura bakardadean idatzi behar da, norberaren ukitu errepikaezinaren bila. Hori berezkoa den ala ez, ez dakit.

Norekin konpartitzen duzu literatura sorkuntzan bakarka egiten duzun lan hori?
Badaukat dozena bat lagun-edo nire lana erakusteko, nahiz eta gero unea heltzen denean agian ez erakutsi. Guraso edo irakasleek lana amaitzen dutenean, norberaren belaunaldiko kideren bat aurkitu behar da. Hori zaila da, batez ere emakumeentzat. Orain konpontzen ari bada ere, arau bat badago, edo egon da, gizonezko sareak egon dira, eta horietan sartzeko, edo ideologikoki eurekin bat etorri behar duzu, edo eurekin lan egin, edo eurekin zerikusia duten gauzetan ibili,... Esparru hori irabazi egin behar izan dut, ez daukat argitaletxe ziur bat. Argitaletxe guztietan mugitzen dira lagun koadrilak, logikoa da, baina ni beti izan naiz zentzu horretan iheskorra, ez zait gustatu inoiz inorekin ezkontzea, eta horrek prezioa ordainarazten dizu. Bakarrik nahi duzu? Bada, bakarrik egin beharko duzu bidea ere. Hala ere, badaukat nora jo eta ez dut kupoa betetzeko idatzi nahi, ez dut bat gehiago egin nahi. Liburu bat argitaratu nahi badut, zerbait esateko benetako premia dudalako izan behar du, edo diskurtso bat eraiki nahi dudalako. Bitartean nahiago dut beste gauza batzuk egin. Niretzat garrantzitsuena eguna nire gustuko gauzekin betetzea da, berdin zait liburua egiten edo beste zerbaitetan. Adibidez, orain Galdakaon eskoletan eta etxean erabiltzeko literatur egutegi bat prestatzen ari gara.

Azkenean nahiko lan egiten duzu umeekin irakasle izan nahi ez zenuela erabakitzeko...
Bai, baina tira, tarteka ibiltzen naiz, eta gero alde egiten dut, bakarrik egoteko premia ere sentitzen dudalako. Hiru edo lau plater ezberdin edukitzen ditut dantzan, oreka dinamiko hori bilatzen dut, gauza bakar batekin ibiltzea gustatzen ez zaidalako. Gainera, beti hartzen dut denbora egiten dudan guztia neure galbahetik pasatzeko, zerk elikatzen nauen eta zerk ez ikusteko, behar ez dudana kentzeko eta nahi dudanarekin geratzeko.

Irakurzaletasuna bultzatzeko tailerrak, idazketa tailerrak, gero eta irakurle gutxiago omen... Irakurle barik geratzearen beldur zarete?
Azken urteotan asko ekoitzi dugu, baina behin liburuak kaleratuta, albo batera uzten dira. Liburu piloaz gain, begietara oso azkar sartzen diren beste kontu asko ere badaude. Irakurtzea gustatzen zaionak beti aurkituko ditu bere gustuko gauzak, baina asko ito egiten dira informazio bulimia honen aurrean eta antzeko gustu literarioak dituen jendearekin biltzeko gogoa dute, eta ugaltzen hasi diren irakurle klubek lagundu egiten dute horretan. Ni aurten hasiko naiz Markinan hilean behin jendearekin biltzen liburuez aritzeko. Ilusioa egin zidan proposatu zidatenean, nolabait etxera itzultzea delako, eta euskaraz dakien jendeak gaztelaniaz irakurtzeko ohitura duelako. Beraz, helburua euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea da. Gainera, egungo gizartean gabezia handiak daude, komunikabide ugari dauzkagu eskura, baina gustuko jendearekin gustuko gaiez hitz egiteko denbora hartu egin behar da, eta hori kostatu egiten da. Azken batean, liburuak bide bat izan daitezke zeure antzeko gustuak dituen jendearekin noizean behin egoteko.

Zer elementu behar ditu ipuin batek umeentzat egokia izateko? Egokiak dira negar eragiten dutenak?
Begira Maite Kuttuna, kritika piloa jaso du, baina hor dago, eta “kulebroi” itzela da. Nik ez dakit zein faktore dagoen hori hain erakargarri egiteko, ez dago inon kokatuta, ezta garai batean ere, ez dauka gizarte eta kultura ingururik, eta ezin duzu horrekin ezer landu. Emozio guztiek eragiten dute negar, umeak helduen pare jartzen dira, eta helduen gauzak konpontzeko bitarteko moduan erabiltzen dituzte; dena da tragedia, pozoitsua dela iruditzen zait,... baina hor dago. Hainbat eta hainbat kritika jaso ditu ETBk, baina inbertsioa eginda dago eta orain etekina atera behar. Gainera, audientzia daukanez... Nik udan debekatu egin nion alabari, baina debekatzeak kontrako eragina ekartzen duenez, ostiraletan bakarrik uzten nion ikusten. Ez dakit zer behar duen ume batentzako ipuinak, baina ni eskutitz moduan idazten eta neure baitako umea bilatzen saiatzen naiz. Umoreak, adibidez, beti laguntzen du gauzak lasaitzen, gauzak beste era batekoak izan daitezkeela azaltzea ere asko gustatzen zait,... Idazten jartzen naizenean, eskutitzak idazten dizkiet irakurleei, ahalik eta lotuen eta integratuen, ulertzeko moduan.

Nahiz eta gizartea aldatzen ari, gaur egungo neskatoek ipuinetako printzesak izan nahi dutela diote oraindik ere...
Orain beste era batera idazten da, baina nahaste handia dago. Ikusi behar da nola erabiltzen diren herri ipuinak, berrikusi egin beharko genituzke, jatorrizkoak hartuta, aztertu nola ulertzen diren gaur egun. Nik probak egin ditut gaztetxo batzuekin, eta lilura horrek indar handia dauka oraindik, zerbait sinboliko dago, itxura denez, barruan eragiten diguna. Baina hortik klasikotzat hartzen diren Disneyren bertsio mamuetara... Horiek ez dute zerikusirik ipuinekin.

Non dago gakoa orduan?
Kontua da zer egiten duen gaur egun ipuinekin merkatu edo enpresa batek, horien atzean ideologia zehatz eta indartsua dago, emakumeak zer egin behar duen erakusten duena, nahiz eta emakumea izateagatik errealitatean inork salbatzen ez zaituen. Ipuin horietatik gizartera jauzi handi bat dago. Irakurketa kritikoa egitea falta da, batez ere eskoletan. Baina ez dugu asmatu eginda ematen dizkiguten gauzak auzitan jartzeko eta eztabaidatzeko lekuak sortzen. Lanean ordu piloa sartzen dugu, eta etxera heltzen garenean edozein txorakeria ikusi eta mundua ahazteko gogoa besterik ez zaizu geratzen. Eztabaidatzen ez den bitartean, irentsi eta irentsi besterik ez dugu egiten eta irentsitako hori buruan geratzen da; ondorioz, izugarrizko nahaste-borrastea sortzen da izan nahi duzunaren eta eskatzen dizutenaren artean.

Zergatik da hain garrantzitsua umeek irakurtzea, zergatik dago irakurri beharra?
Ni “behar” hori kendu nahian nabil, baina ez da erraza, “behar” hori oso euskalduna delako eta oso sustraituta daukagulako. “Nahi” aditza sartzen ahalegintzen naiz. Logikoa da ume batentzat beste gauza batzuk askoz ere errazagoak izatea, makinatxo horiek adibidez, baina liburuek gauzak beste era batean irudikatzeko aukera eskaintzen dute, baita gauzak beste pertsona baten ikuspuntutik ikusteko eta bizitzeko aukera ere. Bizi, bizi daiteke libururik gabe, baina irakurtzen duen ume batek hizkuntza aldetik trebetasun gehiago ditu, diskurtsoaren kohesioa ere barneratuago dauka,... Baina irakurri “behar” hori pixka bat lasaitu behar dela uste dut, beste bide batzuk bilatu behar ditugu umeak liburuetara modu goxagarri eta dibertigarriagoan iristeko. Gaur egun utopia da, baina nik horretan sinesten dut, oro har gustuko gauzak gogoratzen ditugulako eta gauza onekin geratzen garelako.

2005-11-02
"Tradizioa egungo bizimoduaren galbahetik pasatu behar dugu"
Euskal herri ipuinak beti izan ditu gustuko Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak (Etxebarria, Bizkaia, 1963). Baina duela zazpi urte,
antropologia ikasketak egiten ari zela, herri ipuinei buruzko galdera batzuk planteatu zizkion bere buruari, eskolarako lan baten aitzakian. Batetik, herri ipuinak zergatik zituen gustuko jakin nahi izan zuen; bestetik, ea bera bat zetorren emakumeak herri ipuinetan zuen irudiarekin. Gerora, herri ipuinen beste arlo batzuk jorratu zituen, egitura soziala esaterako. Orain azterketa horien emaitzak liburu batean bildu ditu: Gatzaren atzetik. Emakumeen irudia euskal ipuin herrikoietan: Mari-Xor. Eta berak eman du argitara liburua, azaleko irudia Rosa Etxaberi enkargatuta.

Tesi bat defenditu baino gehiago, galderak planteatu eta eztabaidarako bidea irekitzen duzu liburuan.
Nik uste dut emakumeon irudiarena hitz egin beharreko kontua dela gaur egun; ahal dela, foro txikietan. Zer irudi daukagu guk? Zer amesten dugu? Zer oztopo dauzkagu? Zer lortzen dugu bide horretan? Emakumearen zer irudi uste dugu nagusituko dela hemendik 20 urtera? Zer irudi nahi dugu gure alabentzat, eta baita gure semeentzat ere, denak nahastuta biziko baitira? Nola jokatu gizarte nahasi horretan subjektu aktibo moduan? Zertan dira lagungarri eta zertan traba tradizioa eta kultura?É Erantzunak baino gehiago, galderak dauzkat oraindik, nahiz eta erantzun batzuk deskubritzen ari naizen, oso txikiak, subjektiboak eta unean unekoak.

Herri ipuinetan oro har, zuk liburuan aztertu duzun Mari-Xor ipuinean adibidez, gizonezkoek zuzeneko lotura dute boterearekin, eta emakumeek zeharkakoa, zaintzari eta erreprodukzioari dagokiona.
Ez ditut ipuin tradizional guztiak aztertu, baina uste dut badagoela horrelako joera bat. Horren atzean, etenik gabeko galdera biribila dagoela uste dut, biologiak ere bere indarra baitauka: haurra beti emakumearen barruan hazten da. Mari-Xorrek aurre egiten dio aitari; emakume ausart eta indartsu gisa agertzen da. Baina ipuina xehetutakoan, jabetzen zara aitaren etxetik alde egin eta gero maiorazkoaren etxean amaitzen duela. Boterea jabearena da. Baina beharbada boterea banatu egin behar da, eta jabetzarekin bakarrik lotu beharrean erabilpenarekin ere lotu. Bata bestearen premian daude maiorazkoa eta Mari-Xor. Zeregin eta ikuspegi ezberdinak izan arren, biak dira beharrezkoak, eta gizarteak aintzat hartu behar du hori.

Egungo gizarteari begira egiten duzu planteamendu hori, Mari-Xor ipuinetik abiatuta.
Gaurko gizarteko gaiak gordin-gordin hartzen baditugu, berotuta eta eztabaida gogorrean amaitzen dugu gehienetan, unearekin kutsatuta gaudelako. Nik nahiago dut pixka bat atzerago joan eta distantzia hartu. Horretarako baliagarria zait Mari-Xor ipuina. Ipuin hori gustukoa baitu egun ere jendeak. Mari-Xor-en azpian Errauskine-ren mitoa dago, eta horrek beti funtzionatu izan du. Distantzia pixka bat hartzeko aukera ematen digute horrelako ipuinek, gaur egungo gaiei buruzko eztabaida sortzeko. Horren ordez, Irungo Alardearen gaia hartzen badut mintzagai, hiru minututan bero-bero jarriko da jendea.

Herri ipuinek hainbat gairen inguruan eskaintzen dituzten ikuspegiak ez datoz bat gaur egun gizartean, ustez behintzat, nagusi direnekin.
Guraso askoren kezka izaten da hori, batez ere indarkeriak ipuin batzuetan duen agerpenarengatik. Nik uste dut geuk sentitzen duguna transmititu behar dugula. Tradizioa oinarrizkoa da, baina ez da bere horretan eta gordin-gordinean ehuneko ehunean erabili beharrekoa. Geuregandik pasatu behar du tradizioak, geuk izan behar dugu tradizioaren galbahea. Tradizioa gaur egungo bizimoduaren eta gaur egungo nahien, emozioen, beharren eta abarren galbahetik pasatu behar dugu. Norberak ezer aurkitzen ez badio ipuin bati, ipuin horrekin ez du ezer transmitituko. Horrelakoetan, hobe umeari musua ematea, ipuinik kontatu gabe.

Baina, zuk esan duzun bezala, kasurik gehienetan funtzionatu egiten dute herri ipuinek, liluratzen jarraitzen dute, nahiz eta haietan agertzen diren ikuspegiekin bat ez etorri.
Herri ipuinak, gizarteak ematen dizkigun rolak eta gainerako jantziak kenduta, zuzen joaten dira pasioetara, oinarrizko emozioetara. Lau edo bost pasio edo emozio dira horiek, eta mundu osoko jendearentzat berberak. Pasio horiek harrapatzen dituzte herri ipuinek. Nola? Ez dakit.

Horra hor herri ipuinen misterioa
Mari-Xor ipuinarena ere misterioa da: ahoz aho transmititu da, aspaldidanik, eta Joxe Arratibelen aurretik ez zuen inork idatzi. Estibalitzen idatzi zuen, egoera bortitz batean, monasterioko zuzendaria atxilotu zutenean. Une gogor hartan, koadernoa hartu eta takada batean idatzi zituen txikitan auzoan entzundako ipuinak. Zuzenketa txiki batzuk baino ez zizkion egin gero Jose Mari San Sebastian Latxaga-k, lehen argitalpenerako. Egituraz perfektua da. Misterio bat da ipuin batek nola irauten duen leku askotan horren egitura trinkoz, ia-ia matematikoz. Arratibelen koaderno horretako eskuizkribuaren kopiak sartu ditut liburuan, Mari-Xor ipuinaren lehen argitalpenaren kopiarekin eta Arratibeli egin nion elkarrizketarekin batera.

Zergatik argitaratu duzu zeuk liburua, argitaletxe baten bitartez kaleratu beharrean?
Eraman nuen argitaletxe batera, eta interesatu ere egin zitzaien, baina esan zidaten ez zela batere komertziala. Gero Emakunderen laguntza jaso nuen, liburuaren argitalpenerako, eta orduan argitaletxea aurrera egiteko prest agertu zen. Baina laguntza hura ez zen bateragarria Eusko Jaurlaritzak euskal liburuak laguntzeko liburutegietarako egiten dituen erosketekin. Azkenean, neuk argitaratu dut liburua, Bergarako K3 inprentan, Emakunderen laguntzarekin.

Norentzat da liburua?
Lehenik eta behin, ipuin herrikoiak gustuko dituen edonorentzat. Gero, ni bezala, emakume izateaz gain gizarte honetan pertsona aktibo gisa gauzak egin nahi dituen edonorentzat. Baina nahi duten gizonezkoentzat ere izango da, egin behar ditugun gauzak elkarrekin egin beharko baititugu. Emakumearen irudi ideala berreskuratzea ez da bakarrik gure lana. Gizonena eta umeena ere bada. Eta denok batera egin beharrekoa.

Etxea denona delako, ez bakarrik aitarena, liburuaren amaieran diozuna gogoratuz
Hori da, bai, etxea denona delako.
2005
Astebeteko kontuak
Aizkorri
2005
Gatzaren atzetik. Emakumeen irudia euskal ipuin herrikoietan: Mari-xor
Egilea-editore
2005
Jostorratza eta haria/Aguja e hilo
Atenea Linguistika Aplikatuko Zentroa
2005
Yolanda Arrietarekin solasean
Etxebarrian jaio zen Yolanda, Usurbilen bizi da egun. Haur eta Gazte literatura lantzeaz gain, helduen literatura ere idatzi du. Antzinako Mari Xor ipuina egunera ekarri eta kontaketa hura bizi-bizirik dagoela erakutsi du bere azken lanean.

Zein izan zen literaturarekin izandako lehen harremana?
Literaturarekin lehenengo harremanean, bereizi egin beharko lirateke literatura eta euskal literatura. Etxean ez nuen literaturarik irakurri, gure etxean ez baitzegoen libururik. Baina idazteko erraztasuna neukanez, eskolan idatzi egiten nuen. Etxebarritik Markinara ikastera joan ginenean, literaturako gaztelaniako irakasleak `¿no te gusta leer?´galdetzen zidan; nik baietz, baina ez neukan irakurtzera bultzatzen ninduen inor inguruan. Gero, hamasei-hamazazpi urterekin, UNED-en, D titulua ateratzen hasi nintzen eta ariketa asko egin behar genuen. Aldi hartan hasi nintzen deskribapenak eta narrazioak egiten, egun bat kontatzen… Ondo pasatzen nuen hori egiterakoan. Irakurzaletasuna ere garai horretan deskubritu nuen. Irakasle eskolan hasi nintzenean, euskal literaturari buruz genuen ikasgaian, nobela bat idazteko eskatu ziguten. Ariketa bat besterik ez zen baina nik `nobela bat idatzi behar dugu´, bere garrantzia eman nion. Askotan larunbat iluntzeetan edo gauetan idazten geratzen nintzen. Nahiago nuen idatzi, tabernara joan baino. Ariketa hura, gozamena izan zen niretzat.

Zeri buruz idatzi zenuen? Gogoratuko zara, seguru!
Bai. Bizi puskak ziren. Gerora Jostorratza eta haria izan denaren haziak. Jesus Garmendiak literatura ematen zigun, erdarazko literatura nagusiki. Asko irakurri behar zen bere eskoletarako. Niretzat gozamena zen liburuen izenburuz betetako zerrenda edukitzea. Bazenekien denbora epe batean zer irakurri behar zenuen. Autobusean, etxean…, topatzen nituen tarte guztietan irakurtzen nuen. Unibertsitateko irakasleak izan ziren giltza, haien eragina jaso nuen. Hortik aurrera, ondorio bat atera nuen; `eskolak ematea ondo dago, baina aste guztia umeekin eskola batean sartuta lanean? Ai ama!´. Garai horretan, HABE-ko udal euskaltegiak hasi ziren eta urtebetez, Santurtzin aritu nintzen lanean. Ordurako, herrian antzerkia egiten nuen. Ez zegoen idazle eskolarik eta fikzioa ikasteko era bakarra, antzerkia egitea zen. Antzerkia ikastera Donostiara joatea erabaki nuen eta orduan, maisu-maestrei eta umeei antzerki eskolak ematen hasi nintzen. Astean zehar ikasi eta asteburuetan tailerrak eman… Antzerkiaren bidez, hezkuntza kolektiboa bultzatzen ahalegintzen nintzen. Hori guztia lotzeko, antzerki pixka bat idazten hasi nintzen eta modu horretan idatzi nuen nire lehenengo lana: Badago ala ez dago…?, sorginei buruz. Paraleloki, lehen ipuina ere orduan idatzi nuen: Begigorritarren erlojua. Antzerki lanarekin Euskadi Saria jaso nuen eta ipuinarekin Baporea saria. Bidea ikusi nuen eta aurrera egitea erabaki. Orduz geroztik, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, hor ibili naiz beti.

Antzerkia eta haur literatura idatzi duzu batik bat, baita nobela eta saiakera ere…
Ni ez naiz generoaren bila joaten. Antzerkia, haur literaturako erritmoak, narrazioa…, idatzi dut. Azken lan honi ez nekien saiakera deitzen zitzaionik. Lan bat egin nuen eta gero jakin nuen saiakera zela. Gai horrekin makina bat forma ezberdin frogatu dut; nobela, esaterako. Baina konturatu nintzen kasu honetan, nobelak ez zeukala zentzurik; izan ere, ipuina bera baita fikzioa. Ipuinean oinarrituta, beste hausnarketa batzuk egin ditut nik. Beste aukera guztiak baztertu ondoren jarri diot entsegu edo saiakera izena. Lan hau azterketa luzea da eta tesiak, hipotesiak eta hausnarketa pertsonalak daude. Interpretazio huts horietatik eztabaida zabaldu nahi dut, baina hori ez dago nire esku. Aurrez pentsatu gabe, lan bakoitzak bere forma hartu du nire ibilbidean.

Langintza ezberdinetan aritu zara: telebista gidoilari, literatur lantegien koordinatzaile… Idazketarekin lotutako lanak.
Idaztearekin, literaturarekin…, fikzioarekin azken batean. Ikusten eta bizi dudanaz gain, balizko beste errealitate batzuetan ere sinesten dut. Imajinatze hutsa da horietara iristeko lehen pausoa; dagoenaz gain, bai baitago ez dagoena ere eta, ez dagoen horri forma ematea besterik ez da falta. Balizko errealitate horien inguruan idaztea, eztabaidatzea, hausnartzea, pentsatzea, sortaraztea, xaxatzea, jasotzea…, gustatzen zait. Inguru horretan zabaltzen dira beste rol guztiak; xaxatzailea, jasotzailea, idazlea… Ezberdinak direla ematen du baina ez dira erabat ezberdinak. Emozioak eta irudimena beti daude balizko errealitate horren barruan eta tartean.

Komunikabide ezberdinetan egiten dituzu zutabeak. Zutabegintza literaturatik oso gertu dagoen lana da, ezta?
Literaturarekin lot daiteke, bai. Iritziak ematerakoan, gauzak ikusteko edo imajinatzeko era horri neuk jartzen diot abiapuntua. Literatur ariketa moduan hartzen dut. Gustatzen zait, zure egunerokotasunarekin egoteko bide bat delako eta egunerokotasun horri beste begi batzuekin begiratzen laguntzen dizulako. Zoom-a hartu eta detailera joan. Duela bi urte hasi nintzen zutabegintzan, aurrez ere eskaini zidaten lan hori egitea, baina ez neukan iritzirik emateko gogorik. Gauza bakoitzak du bere momentua eta egia esan, gustua hartu diot zutabeak idazteari. Bere arauak dituen joko bat da: azkar, argi, takada batean irakurtzeko moduan idatzi behar duzu. Berria zarenean ondo, baina gero, kontuz; esandakoa ez baituzu errepikatu behar. Jokoak gero eta arau gehiago dauka. Apustu txiki bat da, polita. Idazkera lantzeko oso ona da niretzat zutabeak idaztea. Hitz gutxirekin asko esan nahia… Mugak hor daude, noski. Mundu bat dago komunikazioaren inguruan: buruan daukazuna, ateratzeko gai zarena, besteek irakurtzen dutena gehi momentu horretan interpretatzen dutena… Lau elementu horiek bat etortzea, eguzkia goizean hiru aldiz ateratzea bezain zaila da. Beno… Behin hori idatzi eta handik hiru egunera eklipsea izan zen eta, neuk ikusi… Agian ez da hain zaila... Agian hogeita hamabost bat urte itxaron beharko da, edo berrogei, baina ez da ezinezkoa. Ez dakit zenbat denbora iraungo dudan zutabegintzan. Esan behar nuenaren edukinontzia betetzen denean, bukatu dela konturatuko naiz eta beste edukinontzi bat bete behar dudala.

Une honetan EIEren I+G gunea diseinatzen ari zara. Zer da hori zehazki?
Ikerketa eta garapena lantzeko beka bat da. Joan zen udaberrian kaleratu zenean, aurkeztu egin nintzen eta onartu egin ninduten. Ia-ia amaitu dut lana. Ez dakit I+G gune hori martxan jarriko ote den. Egia esan, momentu honetan beste gauza asko planteatu beharra dago eta ez dakit nondik nora joango den Idazle Elkartea. Lan hori egitean ere, fikzioa egiten ari nintzela konturatu naiz, fikziozko ikerketa lan bat, ilusio bat. Laino arteko gaztelu bat da; izen horrekin, bai. Helburua, Idazle Elkartean etenik gabe egiten diren egitasmo guztien hausnarketa egin eta lan hori nola hobetu eta egitasmo berriak nola eraiki aztertzea zen. Makina beti olioztatuta edukitzeko modu bat, oinarria gaur eguna izan arren, gerora begirako ikuspegiarekin. Lana polita da, sormenarekin oso lotuta dagoelako eta sortzeko bideak aztertzen dituzulako. Baina, kultur elkarte askotan –ez Idazle Elkartean bakarrik- nora goazen eta gauzak zertarako egiten diren aztertzeko unea iritsi dela uste dut. `Ekintzak egiten ditugu, baina zertarako egin nahi ditugu?´ galdetzeko garaia heldu da. Bizitzako edo gizarteko momentuarekin lotuta dago hori. Orain hogei urte euskal kulturan gauzak egin beharra zegoen, ezer ez zegoelako. Orain `nora goaz?´, `hau guztia zertarako?´, `elkarteak zer egin behar du jende horrekin guztiarekin? Literaturarekin?´, `Zein paper dauka literaturak egungo gizartean? Ezer eman dezake, bai ala ez?´. Hori guztia planteatzeko garaia iritsi dela uste dut.

Euskal Herriko ipuinak beti izan dituzu gustuko. Zer ikusten diezu?
Ez naiz baserrikoa, baina baserri girokoa bai. Etxebarria 800 biztanleko herri txiki-txikia da. Hori batetik eta bestetik, etxean ere, amak bai baina aita zenak, gauza asko kontatzen zuen. Etxean ahozkotasuna oso bizirik sumatu dut. Aitak ipuinak, pasadizoak, kontuak, atsotitzak, kantuak…, askotan berresan ditu. Ipuin tradizionalak oso indartsuak izan dira niretzat beti. Ez bakarrik euskal ipuinak, baita Europa mailakoak ere, -asko eta asko berdinak dira gainera, lekututa daudelako aldatzen zaie forma, baina muina berdina dute-. Sorkuntza kolektiboa bultzatu dudanez, tailerretan asko erabili izan ditut herri ipuinak. Sorginenak esaterako. Garai batean sorginei buruzko liburu eta ipuin guztiak irakurri nituen. Gustukoa nuen gaia eta tailerretan gogoko nituelako erabiltzen nituen. Azken batean norberak bere gustuko gauzak egiten ditu eta gustutik transmititzen dugu dena. Hori argi eta garbi daukat.

Antropologia ikasten ari zinela sortu zitzaizun Mari Xor ipuina aztertzeko gogoa…
Mari Xorren ipuina aspaldidanik neukan. Liburuan aipatzen dut nola UEUn Bernardo Atxagari entzun nion, oraindik Obabakoak idazten ari zenean, pentsa! Ipuina irakurri zuenean, `bai polita!´ pentsatu nuen. Hitzaldiaren amaieran, liburu zaharra zenez ez nuela topatuko, baina berak etxera bat bidaliko zidala esan zidan, hiru ale zeuzkalako. Bidali egin zidan eta etxean daukat gordeta, karta eta guzti. Horrek nire ilusio eta fantasia hori oraindik eta gehiago piztu zuen, `liburu honekin zerbait egin behar dut´ pentsatu nuen. Gerora, Irakasle eskolan ipuin batzuk aztertu nituen. Mari Xor ez, luzea zelako. Hori hor neukan eta gazteei zuzendu beharreko lana zela argi neukan. Zer egin baina? Antropologian, `perspektiba feministak´ gaiaren barruan lantzea erabaki nuen. Irakasleak herri literatura oso gutxi aztertuta zegoela esan zidan eta oso gai interesgarria zela. Berotu egin nintzen eta ipuina aztertzen hasi nintzen, lehenengo eskema txikiak eginez. Geroago, `egitura sozialak´ gaiaren barruan, ipuin horren egitura sozialera hurbilketa bat egin nuen; jakinik hurbilketa bat izango zela, kontalariek osatu zutelako ipuin hori, nahiz eta hasieran norbaitek asmatu zuen.

Lotura asko atera diozu ipuinari, zuku handia…
Bai. Ipuin hau, beste asko bezala, oso-oso-oso indartsua da. Oso ondo eraikita dago gainera. Dena oso lotuta dago, dena bere lekuan, dena orekatuta. Espazioak, harremanak, pertsonaiak… Zenbat pertsonaia kolore? Zenbat emakume klase? Gizonezkoak ere bai. Jokabide desberdinak daude… Baloreak aztertu ditut batetik, beti baloreen arabera jokatzen baitugu eta horrek ideologia baten berri ematen baitigu; zerk balio duen eta zerk ez…Rolak eta harremanak aztertzea ere garrantzitsua da; konturatu gabe, kulturalki eta tradizioaren izenean, mundu sinboliko oso bat eraikitzen dugulako. Mundu sinboliko horren arabera jokatuko dugu bizitzan zehar ere. Zer egiten dugun, zer jasotzen dugun, zer kontatzen dugun eta zer iraunarazten dugun…, gu ere konplize gara. Liburu hau hausnarketarako gonbidapena da. Gauza asko egon daiteke ipuinaren barruan, besteak beste, baita alardea bera ere; tradizioarekin oso lotuta dagoen errito bat delako.

Agian emakumeen eta gizonen arteko harremanak du pisu gehien liburuan…
Bai. Azken batean, sinbolikoki idatzita dago liburua: etxea eta gatza. Kemena, indarra, boterea, dirua..., hori guztia gatza da eta etxea, gizartea izan daiteke. Eta zeinena da gizartea? Zeinena da etxea? Zeinena da gatza? Ikusgarriagoak izan dira askotan gizonezkoen jarduerak baina, emakumezkoek ere beren lana izan dute; isilekoagoa izanagatik. Hortik balorearen kontura egingo genuke salto; gaur egun zerk daukan balorea, zerk ez…`Nolako gauzak egin nahi dituzu emakume edo gizon bezala hemendik denbora batera?´, `zeri emango diozu balorea?´, `nolako emakumea nahi duzu zure ondoan?´, `nolako gizona?´, `nolakoa izan nahi duzu?´, `zer baztertuko duzu?´, `zer indartuko duzu?´ Tradizioa gure barru-barruan dago, azal-azalekoa da. Egungo begiekin eta egungo bihotzarekin eztabaidatu beharreko kontua da. Tradizioa hitzak ez du esan nahi era batera bizi behar dugunik eta hori ukiezina eta aldaezina denik. Euskaldunontzat indar handia dauka tradizioa hitzak, baliabide bat delako. Kanpora begira ere mezu hori erabiltzen dugu. Mundu global honetan, gure izate eta lekukotasun berezi hori besteen aurrean eta gure buruen aurrean defendatzeko eta erakusteko. Askotan tradizioak laguntzen digu, indarra eta ikuspegia ematen dizkigu…, baina gauza asko ez da eztabaidatu ere egiten, ustez, horrelakoak direlako eta horrelakoak izan behar dutelako. Kontuz, askotan tradizioaren izenean, eztabaidatu gabe, kontu askok onartu beharrekoa ematen du. Hor dago emakumeon papera. `Nik aukeratu beharko dut, ba, nolako emakumea izan behar dudan!´. Identitatea kontu irristakorra da eta emakume izatea ere hor dago; eskolak, tradizioak…, erakutsi digutena. Izan nahi dugunaren arabera, geuk moldatu beharko dugu nahi dugun edo ahal dugun mundu ikuskerarekin. Erakutsi diguten guztiak balio duen arren, heldutasunera iritsitakoan momentu asko baitago nola jokatu ez dakiguna. Hori guztia egin gabe dago eta guk egin behar dugu. Guk egiten ditugu gauzak eta tradizioa ere guk egiten dugu, gure zigilua jartzen gu gabiltzala onartzen dugun momentuan. Aldatu nahi badugu, alda dezakegu; moldatu nahi badugu, molda dezakegu. Ez genuke amaituko aldatzeko zenbat gauza dagoen esaten hasiko bagina. Orain maiorazgorik eta ez dago baina esaterako, oraindik euskal gizartean Arestiren esaldia erabiltzen da, `nire aitaren etxea defendatuko dut´. `Non dago ama?´ galdetzen dut nik. Liburuan agertzen da hemendik aurrera aitaren eta amaren etxea defendatuko dudala; etxea, abertzaletasuna, gizartea, kultura…, denon artean egiten baitugu dena eta denona delako dena.

Gatzak ipuinean duen garrantziarekin ekiten diozu liburuari… Nola deskribatuko zenuke gatza?
Gatzaren atzean ikerlan handia dago, oso gai polita da gainera. Oso metafora aberatsa da gatza. Euskal kulturan gatza edukitzeak garrantzia handia izan du urteetan zehar. Gatzaren ardura edukitzea ezkontzarako prest egotearekin lotzen zen. Sinbolo erlijiosoa izateaz gain, gatzak konnotazio asko dauka. Lehen dirurik ez zegoenean, gatza erabiltzen zen trukerako askotan. Hozkailurik ez zegoen garaian, janaria mantentzeko ere gatza erabiltzen zen, gatzetan gordetzen baitzen janari guztia. Tribu askotan gatza izan da oinarrizko elementua, bizimodu guztia antolatzeko modua. Mundu oso bat dago gatzaren atzean, zergak ere gatzarekin lotuta zeuden. Garai bakoitzean istorio asko eraiki da gatzaren inguruan. Gatzak bidaiak egitera eramaten gaitu: erregeengana lehenik, handik zergetara, zergek boterera, botereak elizara, elizak ideologiara… Gaia ez da sekula bukatzen eta dena lotuta dago, gainera. Irakurtzeko eta idazteko ere oso bide erakargarria da gatza, baita ikerketa bat egiteko ere. Gatzak gaurko egunetik atzera bidaia bat egiteko aukera eskaintzen du.

Ipuinaren azterketa egiteko, batetik bestera ibili zinen, tartean Lazkaoko Maizpide euskaltegiko ikasleekin bildu zinen…
Antropologiako Mari Luz Esteban irakasleak eman zidan ipuina kontatzearen aholkua. Lana egin eta gero, `orain ipuin honek gaur egun zer eragiten duen jaso beharko zenuke´ esan zidan. Duela bi urte, bero handi haiek egin zituenean, Lazkaoko barnetegira joan nintzen. Euskaldun berriak baino, urbanoak nahi nituen nik; gaur egunekoak, hirian bizi direnak… Ipuina herri-giroan eta sutondoan sortu eta iraunarazi dugula dirudi, baina ipuinak gaur egun ere zirrara sortzen ote duen egiaztatu nahi nuen. Kontalaria, neurri batean, autorea ere badela konturatu nintzen eta hipotesi hori berretsi egin nuen. Eragiten diguna transmititzen dugula, alegia. Ikasleei asko gustatu zitzaien ipuina eta nik kontatu nuen moduagatik ere izan zitekeela esan zidaten. Ipuina, berez, ez da ezer kontalaririk gabe. Gauzak guk egiten ditugu, guk ematen diegu balorea. Nik ipuina gustuko nuen eta halaxe kontatu nien. Ipuina berez gustatu egin zitzaien, baina baita niri gustatu zitzaidalako ere. Eztabaida luzea izan genuen gero, azken batean, gustuko ditugun gauza asko ez baitator arrazoiarekin bat. Bukaerarik gabeko eztabaida horretan, `lilura arrazoitu egin behar al da?´ galderara iritsi ginen. Batzuetan edertasunari gorazarre egiten diogu eta kito. Beste batzuetan, berriz, forma batzuen bidez eraiki egiten dugu eta hori arrazoitu egin behar da. Lilura eta arrazoia, bi zutabe daude hor.

Mari Xorren paperaz zein iritzi biltzen da egun?
Mari Xorri goizero dena eginda etortzen zaio, azkenean Ama Birjina bihurtzen den emakume xahar horren bitartez. Mari Xorrek denari bai esaten dio; `bai, bai, bai eta bai´. Hark esaten diona egiten du. Azken batean hark eramaten du maiorazgoaren etxera, eta, azken batean, maiorazgoa aitaren etxea da; maiorazgoa aita izango delako Mari Xorri esker. Maiorazgoak ere Mari Xorren beharra dauka maiorazgo izaten jarraitzeko; umerik gabe eta andrerik gabe ez baitauka etxerik. Mari Xorren premia ere badago, beraz. Bakoitzaren beharraz hitz egiteko unea iristen da orduan eta hori gustatzen zait niri. Ipuinetik irakurri eta lan guztia egin ondoren, atera dudan ondorio nagusiena, harremanak oso garrantzitsuak direla da. Batak bestearen beharra baldin badugu, goazen harremanak aztertzera. Gaur egun emakumeekin dauden hainbat eta hainbat arazoren sorlekura joatea.

Zuk kaleratu duzu liburua, ez duzu argitaletxe baten eskutik kaleratu.
Argitaletxeek liburua gustatzen zitzaiela baina ez zela errentagarria esaten zidaten, ez zela komertziala. Zer egin behar nuen; lana etxean gorde? Dagoeneko jende batek bazuen liburuaren berri, osatuta zegoen eta oinarri duin batean argitaratzea falta zen. Lan hura bukatuta zegoen eta amaitu egin behar nuen liburuarekin, argitaratu eta nahi duenak erabiltzeko moduan utzi. Emakundek ematen dituen dirulaguntzetara aurkeztu nintzen eta dirulaguntza jasoz gero, agian argitaletxeren baten eskutik argitara nezakeela. Azkenean, ez ziren ezkontzen diru-laguntzak. Beraz, bakar-bakarrik kaleratu behar izan nuen; dirua lortu, argitaratu… Bergarako K3 inprimategian inprimatu zuten liburua. Azala Rosa Etxabek egin du, txikitako lagun batek. Bera poz-pozik eta ni pozikago. Liburua irakurri eta bat-batean hareazko erloju bat ikusten zuela esan zidan. Ideia horretatik abiatu zen irudia osatzeko. Orain ikusita, ez da hain zaila liburu bat argitaratzea, baina momentuan…

Bibliografia zabala erabili duzu liburuan, idazle euskaldunen nahiz kanpotarren lanetan oinarritu zara hainbat eskema garatzeko...
Bai, lan hau ikerketa-lan baten emaitza denez gero, ipuinaren zati guztiak aztertzen saiatu naiz ahalik eta ikuspegi integralena erabiliz. Ondorioz, zati horietara guztietara jotzeko iturburu ezberdinetatik edan behar izan dut, nolabait, zuk diozun bezala, oinarrizko eskema edo planteamendu batzuk behar izan ditudalako, alegia, “hegaldiari” ekin baino lehen “hegazkina” finkatzeko oinarriak. “Hegazkin” ezberdinak erabili ditut, baina, zalantzarik gabe, Dolores Juliano antropoloak kultura herrikoiaz, egitura sozialaren dramatizazioaz, emakume eta folkloreaz eta zeharkako jokoen nondik norakoaz egiten dituen hausnarketak oinarri-oinarrizkoak izan zaizkit hegaldi guztien lotura eta mapa osatzerakoan.

Zein egoeratan ikusten duzu egungo ipuingintza?
Hor bereizi egin beharko genuke ipuingintza herrikoia eta gaur eguneko ipuingintza. Lehenengoa kontalariekin lotura dago eta alderdi horretatik uste dut ipuin kontalaritza haurrekin loturiko ekintzatzat hartzen duela jendeak. Eskoletan ere kontatzen direla uste dut, baina, zortzi edo bederatzi urte arte. Handik aurrera, badirudi ipuin herrikoiak ez duela lekurik eta gehiago jotzen dela egungo idazle eta lanengana. Batak ez du kentzen bestea, ordea, niretzat ipuin herrikoiek pertsonaren ohiko pasioetara jotzen dutelako zuzen-zuzenean, eta, ondorioz -esku artean dugun lana lekuko-, hainbat eta hainbat gai kontenporaneo lantzeko aukera paregabea dira: baloreak, rolak, ideologia, egitura sozialak, identitatea, norbera eta besteak, norbere nahiak eta ingurua, harremanak, desioak, ezinak, nahiak, beharrak, ametsak, utopiak, jaiotza, heriotza, kateak, amodioa, askatasuna... Horretarako, ordea, lehenengo eta behin, bitartekariek balore horiei erreparatu behar. Bitartekari diodanean esan nahi dut guraso, liburuzain, monitore, irakasle eta abar...
Gaurko ipuingintzari dagokionez uste dut bere lekua hartzen ari dela. Ipuin herrikoiarekin gertatzen den moduan, normalean jendeak ipuina, genero bezala, haurrekin lotzeko joera izan du, baina, azken urteotan uste dut gaurko ipuingintza erakusten ari dela bere benetako balioa, irakurlea haurra, gaztea ala heldua izan.

Zein asmo duzu aurrerantzean?
Idazten jarraitzeaz bat, literaturaz gozatzeko eta gozarazteko egitasmoak antolatzen jarraituko dut, izan tailer gisa, izan literatura egunerokotasunean integratzeko bestelako ekimen moduan.
2004
Eskola Antzerkirako gida
EIE
2004
Groau!
Aizkorri
2004
Zaunka egiten ikasi nahi zuen katua in ­Cuac! Quac! Kuak! ­Cuac!
OEPLI
2002-01-26
Bizitzaren hariari tiraka
Josteak arreta handia eskatzen du, urrats bakoitzari dagokion garrantzia ematea, denboraz ahaztu eta era berean denbora ondo neurtzea. Jostean gauza txiki askori eman behar zaio arreta, gauza horietako bakoitza besteekin ondo orekatu eta aldi berean, osotasunaren zentzua galdu gabe jardun.

Josturaren metaforaz baliatzen da Yolanda Arrieta "Jostorratza eta haria" liburuan bere narrazioa hedatzen hasteko; are gahiago, liburua bere osotasunean bilakatzen da metafora, metafora bizi eta zabala. Izan ere, haria lerro eta jostorratza hitz bihurturik abiatzen baita autorea ezohiko egituraketa zein narrazio honetan. Oinarrian, ama batek, amona eta amamaren laguntzaz, jaiotzear den alabari kontatzen dion istorio multzoa topatzen ahal da. Historioaurrean hasi eta azken mendea errepasatuz, istorioen katea biltzen da egungo sentipenetaraino. Hasieratik hari nagusia bakarra izanagatik, istorio txiki ugari gehitzen zaizkio bata bestearen atzetik.

Narrazioa etengabe aurrerantz garatu arren, atal bakoitzean josketa lezioetara itzultzen da bati, bata zein besteari osotasun berezia emanez. Joskerari loturiko aholku, lezio, irakaspen eta adibide bakoitzak historia-istorio pertsonal horri loturiko kontakizun bat ekarriko du, pixkanaka narrazioaren jantzia osatuz.

Hasierako ataletan, historiaurrean hasi eta ondorengo belaunaldietan, Mari eta Txomin izen generikoetan bilduko ditu autoreak gertakizun nagusiak. Horrek zenbaitetan narrazioa ahuldu dezake, eskolako lezioen kutsu handiegia hartzen baitu, baina badago narrazioa lagunduko duen magikotasunaren ezaugarria ere. Zenbait pasarteren kutsu fantastikoak narrazioa aberastuko baitu istorioen hastapenetan.

Liburuak aurrera egin eta etorkizuneko alabaren famili arbolaren adarretan murgildu ahala, istorioetako pertsonaiak izen propioz jantziko dira apurka, azken mendeko gertakizun garrantsitzuen berri emanez gainera. Horrelaxe ezagutuko ditugu gerriko, botoi, titare eta ohialen artean aurreko mende hasierako feriak, gerraren etorrera, migrazioak, gerraostea, belaunaldi berrietako gazteen asmo berritzaileak... etorkizuneko alabaren gurasoetara iritsi arte.

Ama dugu une oro lanaren egile, amama eta amonaren laguntzaz. "Konpontzeko" deritzon atalean, amaren beraren garaira iristen da haria, narrazioak liburuko unerik barnekoenak eta poetikoenak ezagutuz bertan. Ama adabakiez osatutako jantzia egiten saiatzen da, delako jabearen izaera edo itzala bederen osatu nahian.

Atal honek apurketa nabarmena ekartzen du aurrekoen aldean. Istorio txikien egitura mantendu arren, tonua beste bat da. Aurrekoetan bazegoen narrazioarekiko distantzia bat, denborarik eratorria; nolabaiteko memoria historikoa izatean halako urruntasuna hartzen zuen iraganak. Honetan, ordea, lanaren egilea dugun ama iraganaz mintzo da baina bere oroitzapen propioen barnekotasunean oinarrituta. Are gehiago, bere gaztaroan planteatutako ametsak eta erronkak azaltzen ditu. Amets horiek bizitzaren zeharbideetan eraldatu arren, haien funtsak bere horretan jarraitu du, gaztetako konformitate ezak formak berriak hartu ditu orainean.

Atal honek poesiaren eragina duela esango nuke, ez bakarrik gai eta kezken tratamenduan, baita formetan ere. Zenbaitetan errepikapenek, errimek eta hitz jokoek garrantzia hartzen dute. Guztiek osatzen duten oroimenezko adabakiak josi eta bere izaeraren silueta marrazten du.

Etorkizunera begira iraganetik jasotako jakituria biltzen da liburu honetan, josturaren metafora bizitzari berari eskutik lotuz. Josturen garrantsitzuak dira gauza txikiak, urrats bakoitzari dagokion garrantzia ematea. Josturan erabilitako arau eta aholkuak bizitzan ere baliagarriak izan daitezkeela erakusten du liburu honek.
2002-01-05
Soineko berria
Ez da nahikoa esatea Jostorratza eta haria, segur aski, Yolanda Arrietaren lanik bikainena dela. Ez da nahikoa esatea haur eta gazte literatura genero txikitzat duten irakurle eta kritikoentzako lezioa paregabea dela obra honekin Arrietak helduen unibertso literarioari egin dion ekarpena. Zer garen galdetuz hasten du liburua idazleak: ikasten duguna edo berezkotik dakarguna? Jaiotzear dagoen alabari ama batek historiaz eta denboraren iraganaz egiten dion hausnarketa da Jostorratza eta haria.

Historia eta denbora etenik eta ertzik gabeko oihalak direla konturatzen da idazlea: "Jostorratzez eta hari ezberdinez josten goazen historia-istorio multzoa gara, eta era berean, istorio historia horien haziak jaiotzen garenean gurekin datoz". Bizitzaren etengabeko joana azaltzeko, historia joskintzarekin konparatzen duen metafora amaigabe bat eraiki du Arrietak: soinekoa da bizitza; soinekoa garai ezberdinak lotzen dituen elementua; soinekoa, garai berriei egokitzeko egiten dugun ahaleginaren irudia. Soineko berria, finean, aurrezarritako gizarte arauen eta historiaren bilakaeraren noraeza kritikatu nahi dituen idazlearen joste saioa.

Denboraren joanak kezkatuta dago idazlea, eta ikuspegi antropologiko aberats batez jantzi du bere lan hau, historiaurretik hasi eta gaur egunerainoko gizarte eraketaren edo bizitza moldatzeko eren azalpen literarioa eskainiz.

60-70-80ko hamarkadako eraldaketek kolpatua, idazlea konturatzen da bizitzan gauza gutxik jarraitzen dutela aldatu gabe. Giza izaeraren eta historiaren joanean giza bilakaeraren ezagutzaile da Arrieta, eta mundu nahasi honetan gauza asko aurkitu ditu josteko. Josteko garaian gaudela dio: iraganeko zuloari jostorratza sartu eta birjosten hasi beharreko tenorean. Liburu osoa metafora bat da, ikasgai bat, irakurlea jostorratza behar den zuloan sartzera gonbidatuko duen hausnarketa etengabea.

Ahots anitz

Yolanda Arrietak ahots propioa dauka. Poetikoa. Iradokitzailea. Jostaria. Esaldi laburrak dira bereak, hitz jokoz eta metaforaz josiak. Eta irakurleak lotu beharko ditu esaldiak, ideiak eta pasarteak.

Dokumentazio lan izugarri baten fruitua du azken lan hau Arrietak. Dokumentu hilak zein biziak erabili ditu horretarako, liburutegietan gordetako josteko patroiak zein bere inguruko familiakideei eginiko elkarrizketak. Idazleak jaiotzear dagoen alabari josten irakatsi nahi dio, baita narratzaileak irakurleari ere. Batak zein besteak, birjosi beharra daukan bizitza honi adabakiak nola atondu azalduko dute.

Arrietak askatasun handiz idatzi du. Erritmo, ahots, denbora eta ikuspegi anitz erabili ditu; historia bat sakonean, istorio anitz azalean, jostearen artearen deskribapena harian, giza izaeraren zergatiaren oihala mahaian.

Pertsonaiei dagokienez, jaiotzear dagoen alabaren amaren, amamaren, amonaren, aitonaren eta birraitonaren ahotsak entzuten dira eleberrian, baita narratzaile neutro, gomendio-emaile eta irakurketa gidatzen duen batena ere, eta bakoitzari bere euskalki edo herri hizkuntza egokitu dio. Hizkera erabilera hau oso egokia da irakurlea denboran eta espazioan kokatzeko, hizkerarekin batera baitatozkio irakurleari garaien arteko aldaketak interpretatzeko giltzak.

Binomio etengabea

Eleberria sei atalek osatzen dute. Azaleko egituran, josteko erremintak zeintzuk diren, josteko moduak, soinekoaren atalak, ohial eta harien aukeraketa nola egin eta nola birjosi jakiteko gomendioak ematen zaizkio irakurleari, denboraren joanean eta mundua interpretatu behar horretan irakurleak bere burua koka dezan.

Atal bakoitzak sarrera bat dakar, atal osoaren arrazoia aurreratuko eta sakoneko historiaren interpretaziorako balioko duena. Eta atal bakoitzeko istorio bakoitza mezu bat da. Sakoneko historiaren atal bat, eta, era berean, esateko modu berri bat. Mezu bakoitzak azpi-ipuin bat dauka, eta ipuin bakoitzak bi zati: bat, historia, eta bestea, jostearekin zerikusia duen azalpen paraleloa. Binomio etengabea da liburua, historiaren azalpenaren eta istorioen arteko uztarketa, denboraren joanaren eta jostearen arteko konparazio taigabea, edukiaren eta formaren arteko borroka amaiezina.

Yolanda Arrieta, mundua ulertu nahian, historiari eta iraganari adabakiak jartzen dizkiogula esatera datorkigu. Berak, soineko berri baten joskintzarekin jolastuz, milurteko berriko atorrek nolakoak izan behar duten esango digu, eta batez ere, astegun eta igandeetako arropak nahastea aldarrikatuko du.

Jostorratza eta haria irakurri ondoren, irakurleari pret-a-porter erosteko gogoak uxatuko zaizkio. Ez litzateke gehiegi esatea, liburu hau irakurri ondoren, batek baino gehiagok izango duela josteko makina zaharrari hautsak kendu eta aspalditik buruan darabilen patroiren batekin soineko berria josteko tentazio sanoa.
2001-12-19
Jostorratza eta haria
Yolanda Arrietari merezimenduren bat baino gehiago onartu behar zaio "Jostorratza eta haria" izeneko eleberri hau idazteagatik. Izan ere, idazle hau, ohikoa ez den zerbait desberdina egiten saiatu da, gainditu nahi zuen listoia oso altua jarrita. Eta literaturan atentzioa ematen duen zerbait desberdin egitea zaila izaten denez gero, ausardi puntu hori azpimarratzekoa da. Nobela honetan idazleak Historia (letra larriz) azaltzeko ahalegina egiten du, karma berean lotuta egongo balira bezala denboran zehar hurbilduz doazen bi familia-ildoren istorioaren bidez. Eta honetarako jantzietan eta gai honekin lotuta dauden kontuetan oinarritu da, sinbolizazio prozesu konplexu batetik pasarazita. Argumentuak, ia hizkuntzarik eta jantzirik gabeko mundu batetik XX mendearen bukaerara arte eramaten du irakurlea. Hasierako pertsonaiak oso eskematikoak dira, izen batzuk besterik ez. Baina nobelak aurrera egin ahala, pertsonalitatea hartuko dute. Liburua ipuinen antzeko zati txikiz eginda dago; gaiarekin lotuta, adabakiz-adabaki egin duela esan daiteke, beraz. Bestaldetik, zatiok askotan ahozko kontagintzaren zordun direla nabari da. Eta oraingo literaturan gutxitan agertzen delako, ahotsak bereizteko euskalkien erabilera ere aipatu behar da.
2001-12-09
"Ama batek alabarentzat idatzi-jositako istorioa da"
Nor da Yolanda Arrieta, «Jostorratza eta haria»ren egilea?
Hirurogeiko hamarkadan jaio nintzen. Gurean ez zen telebistarik, eta nik etxeko ezkaratzean deskubritu nituen hitzen arteko jostura anitzak, mahai gainean periodiko orria zabaldu eta gainean koadernoa jarrita, amak bere jostekoekin lur guztia hariz eta oihal txatalez betetzen zuen bitartean. 70eko hamarkadan eskola eta herri handiagoak ezagutu nituen, eta auzoko herrietakoen hizkera doinu ezberdinak, amak hariak sartu eta hariak atera, soineko barrenak albaitzen zituen bitartean. 80ko hamarkadan, amak bakarrik jarraitu zuen josten, eta ni, ikasle pisuetako sukalde txikietan lehen bizipen oroitzapenak idazten eta josten hasi nintzen. 90eko hamarkadan, biluzik somatu nuen neure burua, eta orduan, aldi berriari soineko berri bat egitea erabaki nuen.

Eta nolakoa behar zuen soineko-idazlan berriak?
Adabakiz betea. Txikitako oroitzapenek, etxean jasotako kontuek eta urteak aurrera joan ahala izandako bizipenek osatuko zuten. Haria, berriz, oso ohikoa izan arren, gertu suertatzen denean erabat berezi bihurtzen zaigun gertaera, nor bere aitaren heriotza eta nor bere umearen jaiotza bezalakoa, hau da, bizitzaren etengabeko gurpila.

Soineko horrek patroia ere beharko zuen, bada...
Jakina. Hiriko liburutegi batean josten ikasteko eskuliburu zahar bat topatu nuen, eta neuzkan idazki-adabakiak bertako hiztegi eta eskemetara egokitzen joan nintzen. Gero, istorioaren historiaurrea asmatu nuen, eta ondoren, harentzako mito sortzailea. Halaxe sortu zen, gutxi gorabehera, "Jostorratza eta haria", ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat idatzi-jositako istorioa.
2001
Jostorratza eta haria
Alberdania
2001
Jostorratza eta Haria
Demagun zure ama naizela eta zu nire alaba. Demagun jaiotzear zaudela eta 2012. urtean 18 urte izango dituzula. Demagun opari hau egiten dizugula.

Demagun horixe...




Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian?

Bi galdera horien inguruan mugitu nahi izan dut "Jostorratza eta haria" idazterakoan; alde batetik, jostorratzez eta hariez josten goazen historia-istorio multzoa garelako; baina, era berean, istorio-historia horien haziak jaiotzen garenean gurekin datozelako bi begi, bi hanka, bi beso eta bihotz bat datozen bezalaxe.

Istorio-historia honen muina, beraz, hauxe da: ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat kontaturiko istorio-historia. Istorioa zergatik? Oinarri erreala eduki arren, "Jostorratza eta haria" fikzioa delako % 99an. Historia zergatik? Galbahe pertsonalez osatua egon arren, "Jostorratza eta haria"k, Historiaurretik abiatu arren, batez ere azken mendeari bira ematen diolako.

Ama neu naiz. Amama neure ama, eta amona aitaren ama.

Amak amamaren eta amonaren familia-adarrak josi, eta haurtzarotik umea sortu arteko hariak korapilatuko ditu. Jostunetxen bizi zenekoak eta amamari eta amonari entzundakoak kontatu dizkizu. Aitaren berri ere emango dizu. Lehen pertsonan arituko da, eta amamaren eta amonaren, bien, hizkeren ukitua agertu arren, haiek baino esaldi motzagoak erabiliko ditu.

Amamak ezkondu eta Jostunetxera bizitzera joan zenetik gaur arteko hariak askatuko ditu. Hariotan birraititaren eta aititaren berri emango du. Lehen pertsonan arituko da, baina bere herriko berbetan.

Amonak bere hiriko kontuak harilduko ditu. Birraitonaren berri, aitonaren berri eta aitaren berri emango du. Lehen pertsonan arituko da, bere jaioterriko kutsua duen hiriko hizkeran.

Aipaturiko emakumeez gain, laugarren ahots bat ere agertuko zaizu. Honek atal guztiak josiko ditu jostorratz bat balitz moduan, denboraren hari amaigabea lagun hartuta. Hirugarren pertsonan arituko da, hizkera motz eta sotilean.

Gainontzekoan, jostearen inguruko tresnek mozorrotuko dituzte istorioaren aldian aldiko gertaera guztiak. Aldiro-aldiro itxuraldatuta agertuko den larru, oihal edota soineko beltzak, berriz, garai zaharren bukaera eta berrien hasiera markatuko ditu.

Baina, hau guztia horrela izan arren, gogoratu gauza bat: fikziozko istorio hau ez da gure familiaren historia osoa.

Bai, zeren eta istorio-soineko hau egiteko zaborrontzira jaurti ditugun oihal txatal, hari, jostorratz, patroi paper, klarion zati eta beste abarreko asko eta asko ere badira, horiek ere historia dira.

...Eta jostotzararen batean, ahaztuta, soineko berriren bati jartzeko gelditu diren poltsiko, txaplata, botoi, gerriko, lepoko eta mahukak ere bai...

...Eta San Joan suetako panpinari jantzi dizkiogun alkandora, praka eta txapela...

...Eta Jostunetxeko kutxan, hurrengorako geratu diren amamaren josteko apunteak...

...Eta amonak josteko kontuak agertu ahala gogoratzen joan den gaztetako soineko gorriaren itxura hura...

...Eta aitita-aitonen argazkietan agertzen diren traje marroi-urdinak...

...Eta aitak bere paseo luzeetan kontatuko dizkizun "Botoi-zulo txiki" eta "Botoi handi"ren arteko kontuak...

...Eta istorio-soineko hau osatzeko asmatu dugun patroia...

...Eta bihotzean, josteke, geratu zaizkigun adabakiak...

...Eta buruan, dagokien josturaren zain geratu diren albainak...

...Eta une honetantxe, istorio-soineko hau hasteko idatz-josten ari naizen hitz-puntada hau...

Azken batean, historia eta denbora ertzik gabeko oihalak direlako biak.

Hasieran bukaera eta bukaeran hasiera dutenak, biak.

Etenik gabeak.


0- HASIERAN :

Hasieran biluzik zegoen dena. Lurrik gabeko landa zirudien herriak. Hormarik gabeko etxea, auzoak. Soingainekorik gabeko gorputza, kaleak.

Gelditzeko parada behar zela-eta, lurra asmatu zuen norbaitek.

Berotzeko lekua behar zela-eta, hormak egin zituen beste batek.

Arimak ez uxatzeko estalkia behar zela-eta, soingainekoa asmatu zuen hirugarren batek.

Eta josten hasi ziren denak.

Orduan, arimak ez ezik, lotsak, tristurak, pozak eta mota guztietako grinak ere estaltzeko erabili zituzten arropak.

Eta berotzeko...

Eta babesteko...

Eta apaintzeko...

Eta oparitzeko...

Eta gogoratzeko...

Konturatu orduko, soinekoz bete zitzaion arropategia gizakiari.

...Josten egitea ahaztu, ordea...

Hiru hitz


Demagun.

Demagun Txomin dela lehena.

Eta Mari bere andrea.

Demagun Historiaurreko lehen aroan gaudela. Gizakiak harria landu, ehizan egin eta fruituak biltzen ditu.

Txomin gaztea eta garaia da. Baita sendoa ere. Mari ere halakoxea da.

Txomin pozik eta harro dago. Goizean goiz jaiki eta ehizara abiatu da. Mari leizean geratu da.

Herenegun etorri zen Mari Txominekin bizitzera. Horretarako, Mariren amak senar zenaren soingainekoa utzi zion Txomini, eta Txomin orduantxe bihurtu zen Mariren senar.

Horrexegatik dago Txomin pozik gaur. Txomin, jadanik, gizona delako, haraneko basurde ederrenaren larrua soinean duelako eta, larru horrek, basurdearen indarraz gain, soinean jantzita eraman duenaren izpiritua ere erantsiko diolako. Marik delako basurdearen letaginak jaso ditu herentziaz. Amak eman dizkio, aitaren oroimenean, ekaitz beltzaren itzalak kalterik egin ez diezaion. Marik, orain, lepoan jarri nahi ditu zintzilik, iduneko baten antzera. Ezin jakin, oraindik, milaka urte barru apaindura gisa erabiliko den bitxia asmatzear dagoenik. Marirentzat babesgarria, kutuna, zinginarria besterik ez da izango basurde tendoiaz eta letaginez eginiko zintzilikarioa.

Horrexetan ari da Mari eta Txomin leize barruan sartzen da. Ezkerreko masaila ebakita eta soingainekoa goitik behera urratuta dator gizon gaztea :

-Atorra tarrat teink ! -hiru hitz esan ditu, arnasestuka, basurde larru apurtua andreari erakutsiz.

-Atorra tarrat teink? ! -hiru hitzok, berriro ere, Marik, erdi galdera, erdi oihu, eskuak buruan, bular aldea dar-dar.

Txominek bizkarrean dakarren basurde hil berria lurrean utzi du. Gero, eskua masaila bustitik pasatu ondoren, piztia nola harrapatu duen antzezten hasi zaio Mariri, andrearen barkamena eskuratu nahirik-edo. Mariren hasierako kopeta iluna argitzen doa, apurka-apurka.

Txominek, azalpenekin bukatzeaz bat, soingainekoa erantzi du. Marik aita zenaren larrua lurretik jaso eta gizonaren aurpegiari begiratu dio. Hiru pauso eman eta harengana hurreratu da. Zauria miazkatu dio; eta, bide batez, lepoan behera lehortutako odola ere garbitu egin dio.

Miazkada laztan, laztana fereka, fereka oihu, eta mina dena ahaztu.

Eginak egin ondoren, Txomin lurretik jaiki eta basurde hil berria larrutzen eta zatitzen hasi da aizkoraz. Heriotzarekin gutxi balu bezala, dinbi-danba, kolpe bakoitzaz zigor berria erantsi nahi dio errudunari. Mina, berriz ere, masailean. Mina soingainekoaren itzalean ere.

Mari isilik. Hontza uluka. Haizea. Harrabotsa. Sua egitera doa andre gaztea.

Makila bat eta bi esku. Marik igurtzi eta igurtzi makila, bi eskuekin. Eta makila, txinparta. Eta txinparta, gar. Garra, su. Sua, argi. Leize zuloak egun argi dirudi.

Marik larru biak, zaharra eta berria, begiratu ditu. Elkarren ondoan jarri ditu. Biak lotzerik balego!

Leize inguruetara so egin du. Zerbait nahi du. Oraindik berak ere oso ondo ez dakien zerbait aurkitu nahi du. Lo gelditu da senarra, aizkora lanek (eta bestelakoek) eragindako nekeen ondorioz. Marik, inguruak behatu ondoren, lepora eraman du eskuineko eskua. Kutuna. Non dago ?

A! Berehala gogoratu da. Txomin etxeratu denean zegoen letaginak tendoi haritik zeharkatzear; izan ere, zulotxo bana zuten haiek, euren jabe ikaragarriak sustraietan txantxarra-edo zuelako, nonbait. Erraz zeharkatu du, beraz, tendoia letagin batetik. Berdin bigarrenetik ere.

Marik zuzia hartu eta kanpo alderantz bideratu ditu oinak, zintzilikario bata lepoan eta bestea eskuan dituela. Auzora doa. Auzoko beste Marirengana.

Eta heldu da auzora.

Auzoan, Mari lehenak eskuan daukan kutuna erakutsi dio Mari bigarrenari. Mari lehenak, keinuka, ostikopean dagoen arrain hezurra eskatu dio truke Mari bigarrenari. Berehala ulertu du Mari bigarrenak auzoaren proposamena. Eta baita onartu ere.

Orain, Mari lehena bere leizera doa, berriro ere, arrain hezurra eskuan duela.

Hara heltzean, larru zahar urratua hartuko du bi eskuekin. Gizonaren aizkoraz ebaki antzerakoak egingo dizkio ertzean. Berdin larru berriarekin ere. Elkarren parean jarri eta arrain hezurra eta tendoi luzea pasatzen hasiko da parez pareko zuloetatik.

Josten alegia.


1998-10-10
Irakurketak eta patroiak (II)
Irun Hiria Literatur Sariak Kutxa Fundazioak antolatzen ditu. Lehiaketa honetara orain dela 27 urte deitu zen lehen aldiz, aurrena ipuin, eleberri, olerki eta saiakera alorrak jorratuz. Gero, 1994tik aurrera, Irun Hiria Literatur Sariak olerki, eleberri eta saiakera jeneroak bilduko zituela erabaki zen, eta baita ipuinak eta antzerkiak —alor berriak— Donostia Hiria Literatur Saria izena eramango zutela ere. Hots, egun, sari guztiak Kutxa Fundazioak antolatzen eta argitaratzen ditu oraindik.

Azken hilabete hauetan, 1997ko Irun Hiria Literatur Sariak argitaratu dira. Irabazleak honako hauek izan dira: olerki arloan, Karlos Santisteban Arima basaltoan lanarekin; eleberrian, Jostorratza eta haria liburuarekin Yolanda Arrieta; eta Teknikaren meditazioa lanarekin Joxe Azurmendi saiakeran.

Bestalde, 1998ko Donostia Hiria Literatur Sariak ere banatu eta argitaratu dira. Ipuin alorrean Karlos Linazasorok irabazi du, Gret lanarekin, eta, antzerkian irabazlea Pantxo Hirigaray izan da, Beherearta obrarekin.

Gehienetan gertatzen den bezala, aurten argitaratu diren liburuen artean ere askotariko lanak aurki ditzakegu. Karlos Santistebanen Arima basaltoan poemategia lan txukuna eta ederra da, hala ere, olerki biribilagoak egiteko gai dela argi uzten du eta horretan jarraitu behar duela, bere estiloa leunduz. Gehiegizkoaren joera Karlos Linazasorok ere hartu du Gret ipuinean, oinaze eta frakasoaren istorio hau gehiegi nahasten du hasieratik eta bidea galtzeko arriskuan aurkitzen da behin baino gehiagotan. Bestalde, Joxe Azurmendi eta Pantxo Hirigarayren lanak interesgarriak dira, baina orijinaltasun gehiago faltan botatzen da.

Horietatik guztietatik; printzipioz arreta gehien pizten duena Yolanda Arrietaren eleberria da, Jostorratza eta haria. Lan honetan idazlea honelako galdera interesgarri eta iradokitzaileei erantzuten saiatzen da: “Zer gara? Berez gurekin datorrena ala, bizitzan zehar egiten goazena?”. Yolanda Arrietak galdera hauen inguruan mugitu du Jostorratza eta haria eleberria, bide batez “belaunaldi berrientzat memoria historiko zatitxo bat, behintzat, berreskuratu nahirik”.

Eleberriaren planteamendua oso orijinala da, jostorratza eta haria bai era metaforikoan eta baita era zuzenean ere (askotan liburuak josten ikasteko manual itxura hartzen du) erabiltzen baititu idazleak istorio-historia multzo desberdinak lotzeko. Eleberriak irakurtzeko orduan ohituta gauden patroiarekin hautsi egiten du beste bat sortuz, baina berri honetan galtzeko arrisku handia dago. Irakurlea gogoz hasten da jostorratza eta haria jarraituz, baina hainbeste bira eta jira eman ondoren bidea galdu, interesa erori eta istorioa bera eleberriaren pisu guztia sustengatzeko arazoekin aurkitzen da.

Hala ere, agian arazoa neurea da, jostorratzak eta hariak ez bainaute inoiz erakarri. Oraingoan ere, irakurleak bere irakurketarekin erabaki dezala nahiago dut.
1998
Badago ala ez dago?
Aizkorri
1998
Jostorratza eta haria
Kutxa Fundazioa
1996
Bihozkadak
Egan
1996
Lekurik bai?
Eusko Jaurlaritza
1996
Nola bizi, zazpi bizi
Desclée de Brouwer
1995
Denboraren kanta-kontuak
S.M. Baporea
1995
Noiz baina!
Egan
1994
Hegaldiak
S.M. Baporea
1992
Begigorritarren erlojua
S.M. Baporea
12/2007
Postal literarioak
Galtzagorri Elkartea
11/2012
Basajaun eta Martin
Erein Argitaletxea, S.A.
10/2016
Kulu-kuttunak
Hualde Alfaro, Luis Enrique y Pascual Loyarte, Unai
10/2016
La hija de las luces
Hualde Alfaro, Luis Enrique y Pascual Loyarte, Unai
10/2016
Luna-cuna
Hualde Alfaro, Luis Enrique y Pascual Loyarte, Unai
10/2014
Maddalenen usaina
Editorial Ibaizabal
09/2012
Ai, ai, ai
Mensajero, S.A.
09/2005
Gatzaren atzetik : emakumeen irudia ipuin herrikoietan : Mari-Xor
Arrieta Malaxetxebarria, Yolanda
08/2009
Papa Noelen kasua
Giltza
08/1992
Ba dago ala ez dago--?
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
07/2004
Eskola antzerkia lantzeko gida
Asociación de Escritores en Lengua Vasca = Euskal Idazleen Elkartea
06/2005
Jostorratza eta haria = Aguja e hilo
Centro de Lingüística Aplicada Atenea
05/2009
Amaruren alamandrea
Mensajero, S.A.
04/1998
Badago ala ez dago--?
Aizkorri
03/2010
Ipotx zelatarien kasua
Giltza
03/2008
Ez da hain erraza haurra izatea!
Giltza
03/1995
Denboraren kanta kontuak
Fundación Santa María-Ediciones SM
02/2015
Irakasleen epidemia. Misteriotsuaren kasua
Giltza
01/2011
"Irakasleen epidemia" misteriotsuaren kasua
Giltza
Izar bat erori da zerutik lurrera = A star fell down from the sky
Baigorri Argitaletxea, S.A.
Jostorratza eta haria
1998. urtean argitaratu zuen Yolanda Arrietak (1963) urtebete lehenago Irun Saria irabazi zuen Jostorratza eta Haria nobela. 2001. urtean Alberdania argitaletxeak berrargitaratu zuen, eraberriturik, eta, harrigarria, gazteentzako sailean kokaturik. Erabaki biak, eraberritzeak eta gazteei zuzendutako sailean sartzeak, esanguratsuak egin zaizkigu irakurle potentziala zein den adierazteko. Gure asmoa edizio bien arteko aldaketen berri zehatz ematea ez bada ere, eta iruzkinak azterketa genetiko bati ekiteko helbururik ez badu ere, ezinbestekoa izan zaigu baten baino gehiagotan testuen arteko desberdintasunez mintzatzea. Hala ere, bigarren argitalpenari lotuko gatzaizkio batez ere.

Nobela liriko gisa definitu izan den testu honetan badira joko bi: literatura ehuna egitearekin lotu izan da Grezia klasikoaz geroztik, eta nobelak metafora hori hartzen du haritzat, testualki testu bat josteko, testua josten duen neurrian testua osatzeko (Kortazar 2000, 284). Lirikoa izateaz gain, nobela metaliterario bat ere bada, zehatzago esateko, modernitatearen ondoren eragin handia izan duen konstruktibismoari lotua dagoena, literaturaren konponketari buruzko nobela bat, alegia.

Kontaketa jaiotzear dagoen alaba bati zuzentzen zaio:

“Demagun zure ama naizela eta zu nire alaba. Demagun

jaiotzear zaudela eta 2012. urtean 18 urte izango dituzula. Demagun opari hau egiten dizugula.

Demagun horixe…” ( 9)

Testu horrek aipatu jokoaren aurrean jartzen gaitu berriro: tonu autobiografikoa den neurrian (”ama neu naiz”, 9), da sinbolikoa esaldia. Bigarren argitalpeneko zuzenketak, gainera, garbi azalduko luke lehenengoaren tonu autobiografikoa, 18 urte betetzeak dakarren sinbolismoa indartu da bigarren bertsioan, eta beraz, nagusitu egin da idazlearengan sinbolizaziorako joera.

Kontaketaren ardatza familia baten historia da. Josten ikasteko esku liburu gisa aurkezten den nobela honek, garbi azaldu du bere joera sinbolikoa. Kontalariak iraganera salto egin eta iragan urrunetik hasita gaur egunera arte jarraitzen du kontakizuna, batzutan kutsu sinboliko eta fikzioa nabari-nabariak izanik, eta beste batzutan, errealitateari estuago atxikirik. Horrela, bada, historiaurreko lehen emakumeak egindako lehen joskuraz hasi eta historian zeharreko ibilbidea egiten digu arin-arin, oihal, orratz, hari, eta jostekoek bidea zabaltzen diotelarik. Arianaren hariari jarraiki, historia eta istorioen mataza-labirintuan barrena garamatza. Guztiz fikzioa den eta egia antzik izateko inolako asmorik ez duen hasierako atala emeki josten du idazleak errealitateari lotuago dagoen familiaren historiarekin, eta kontalariaren hurbileko historiarekin, sinbolikotasunaren haria askatu gabe. Kontakizuna, jaiotzear dagoen alabari zuzentzen dio kontalari den amak, nolabaiteko bizitza testamentu gisa. Eta bizitza eta bizitzarako tresna izango denez, azalpen eta aholkuak ez dira falta lehen eta hirugarren pertsonarekin bigarren pertsona deiktikoa nahasten dituen kontakizunean.

Lehen edizioan bigarrenean baino luzeago ematen zitzaigun, testuaren egitura gotorra erakutsiz. Aurkibidean josturaren pausoak -esanguratsua da josturaren arlo semantikoan hitzen batasuna- argi agertzen dira: “Hasieran”, “Ezagutzeko”, “Jakiteko”, “Ekin aurretik”, “Konpontzeko”, “Azken aholkuak”. Aldaketak ikus daitezke bigarren edizioan: batetik, sarrera moduko bat dugu eleberriaren hasieran, non kontalariak, eta idazleak testua osatzean, izan duen helburua, testuaren muina eta ulertzeko klabe nagusiak azalduko dituen; bestetik, lehen edizioko atal bakoitza azpiatalez josita zegoen aurkibidean, eta azpiatalok idazlearen bidearen berri ematen zuten. Bigarren edizioan, ostera, bost atal nagusiak mantendu badira ere, ez dago aurkibidean azpiatalen aztarnarik. Argiago azaldu nahi izan dira, nolabait, antolaketaren bloke nagusiak, bai aurkibidean zehaztuz eta bai testu barnean egindako banaketa argiaren bidez. Egitura horrela emanez gero, askoz ere zehatzagoa da irakurleak egin behar duen irakurketa, askoz ere markatuago geratzen da idazleak aurkeztu nahi zuen egitura. Azpiegitura estalirik, testuaren zehazgabetasuna baliogabetu egiten da, eta irakurlearen esku uzten da, indartu egiten da.

Arestian aipaturiko egitura gotorra nabaria da atalen barne egiturak erakusten duen simetrian. Atal bakoitzak bere hitzaurretxoa du, atalean zehar garatuko den istorioaren zuribide erako zerbait. Ondoren azpiatalak ditugu, gehienak josteko ekintzarekin, oihalekin, tresneriekin, soinekoekin zerikusia dutenak. Azpiatalaren izenburuan adierazten den kontzeptuaren azalpen sasi-objektiboaren ostean, ama-kontalariaren istorio zatiak ageri dira, arbasoekin ala aspaldiko ahaideekin lotura zuzena egiten delarik batzuetan, eta besteetan, ostera, kontzeptu horrekiko zerikusirik gabe.

Edozein modutan, azalpena eta ondorengo istorioaren arteko lotura, zuzena edo ez hain zuzena, ez da beti garbi adierazten edo ulertzen. Sarritan aramu haria bezain mehea eta distiratsua da. Badirudi, bada, zinez egin nahi duen oroimen kolektiboaren transmisio-haria argi eta garbi utzi nahi duela zenbaitetan, errakuntzarako ala gaizki ulerturako aukerarik eman gabe. Horrela gertatzen da liburu osoan zehar loturatzat erabiltzen diren zenbait elementuekin: hasierako “basurde larrua”, geroko “lazu gorri-gorria”, edo “soineko baltza”.

Esan bezala, beste batzutan, lotura ez da argia. “Konpontzeko” atalaren “adabakiak” azpiatalean, adibidez, hasierako azalpenaren ondoren ataltxo ugari dauzkagu: “Olgetan 1, 2, 3″, “Ibilian 1, 2, 3″, “Ametsetan 1, 2, 3″, “Hazten 1, 2, 3″, “Ixten 1, 2, 3″… Hasierakoek (”Olgetan” eta “Hazten”) neskato baten hazte prozesua laburtzen dute, haur txikia denetik lehen maitasuna ezagutzen duenera arte. Ondorengoek, azpiatalaren “Adabakiak” izenburupean zuhurki bildurik, gogoetak, oroimenak, oldozketak, asmoak…. eskaintzen dizkigute, zenbaitetan epigrama itxurarekin: “Izpiritua -haririk gabeko puntada-, traperoak eraman dit bart. (Albainu eske itzuli zait goizaldean)” (137).

Jostungintzari buruzko testua izaki, ezin aholkuz josiriko istorioa “Azken aholkuak” eman gabe utzi. Atal honen sarreratxoan oihal bat aipatzen da, guztien esku dagoen eta guztientzat den oihala: “…Bazen behin oihal bat… Lurralde hartako jostunek modako patroien arabera ebaki eta puntadaz betetzen zuten beraien arropak egiteko” (147). Oihal hori “guztien” barnean eta “denon” esku legokeen oroimen kolektibo zein historia orokorra litzateke, baina ez idatziriko historia, ez liburuetan dagoena, ahoz-aho dabilena baino, Peter Burkek (1996) dioen bezala, batez ere emakumeen bitartez transmititu den oroimen historia, emakumeei dagokielako herri tradizioan ahozko eta oroimenaren historiaren transmisioa. Baina historia, zientifikoki azterturiko historia, idatzizkoa, denborari loturik dago. Historia, denbora, Kronos batean gertatzen da. Aitzitik, ez da hala eleberri honetan. Ugariak dira, bai, denborari buruzko aipamenak, baina denbora hori ez da inoiz zehazten, ematen dira datu batzuk hala nolako kokapen bat egiteko (”Eta gerra iritsi zen, bere soineko beltz ederrenez apainduta” 73), baina gehienetan denbora aipamenak askoz zehazgabeagoak dira (”Garaiak azkar aldatu ziren…”49). Denbora kronologikoaren jarraipenik eza belaunaldiei buruzko aipamenez ordezkatzen da sarritan (”Maritxu eta Txomin txikiren ondorengoek …” 40), hau da ahoz kontatutako historia gordetzen duten herrietan egiten ohi den bezala, are gehiago, badira ipuinetan erabilitako formula zehazgabeak ere (”Bazen herri hartan gizon bat…” 33). Azken honi, eta belaunaldiekiko aipamenei, eleberri osoan zehar pertsonaien izenak Txomin-Domingo eta Maria-Miren direla gehitzen badiogu, areagotu egingo zaigu zehazgabetasun irudia: belaunaldiak ugariak izan dira, eta berbera dira era berean, pertsonaiak aldatu egiten dira belaunaldiz belaunaldi, baina berbera dira funtsean oraingoko pertsonaien muin direlako antzinakoak, gaurko oihala antzinakoa den bezala, eta gaurko denbora aspaldikoa. Denbora aldatuz doa, belaunaldiak eta haiekiko istorio txikiak aldatzen diren bezala, baina gaurko denboran, gaurko historian, gaurko oroimen eta oihalean antzinako denbora, historia, oroimena eta oihala mantendu nahi dira. Pertsonaiak etengabe aurrera doan denboraren kontra ageri dira batzutan (”Denboraren kontra borrokatuko dut beti-beti aurrera doalako.” 133), eta gaurko bizimoduak eskaintzen dituen aukeren kontra, baina baita denboraren ezinbesteko joana onartu beharrean ere gehienetan (”Garaiak azkar aldatu ziren” … 49).

Denboraren zehazgabetasunean sakontzeko, bada azken datu bat: kontakizunak hasierara itzultzea proposatzen du azken atalean, “Ez ahazteko” izenburupean (”Hasieran bezala, biluzik bazaude, eta bat-batean, josten egitea ahaztu zaizula konturatzen bazara, zatoz etxera eta jantzi zeure aurretiko norbaiten jantzia. Baliteke arropa horrek larrua babesteaz gain soinean eraman duenaren izpiritua ere eranstea.” 149).

Abiapuntu gisa metafora bat hartu du egileak bere kontaketaren bidean: esaldia josi egiten da, eta nobela eta testu literarioa jostera doa orain. Jarraitzeko, josteko prozesuan ematen den garapena aukeratu du kontaketaren garapen gisa, arlo semantikoak batu egiten ditu, josturaren hiztegia erabiliz azpi ataleko izenburu gisa, eta gainera hasierako sarrera moduko ataltxoan nobelaren nondik norakoa adierazi dio irakurleari.

Prozedura guztien gainetik baina, indar sinbolikoa dago nobelan. Helburu bat, lehen-lehenik, identitateari buruzko aurkezpen bat, nobelaren hasierak ere indartu egin duen bide bat:

“Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian?

Bi galdera horien inguruan mugitu nahi izan dut Jostorratza eta haria idazterakoan.” (9).

Eta beraz, historia eta istorioa, errealitatea (autobiografiarekin lotu dezakeguna) eta fikzioa nahastatzen saiatzen den kontaera da. Helburua adierazi ez ezik, sarrerak agertzen diren kontalarien berri ere ematen du. Hiru kontalari mota daude (Gutierrez, 2000, 47), baina lau ahots: narratzaile estradiegetikoa: historiaren hariak kanpotik josten dituena eta hirugarren pertsonan mintzo dena; hiru narratzaile intradiegetiko, akzioaren parean kontatzen dutenak; autodiegetikoa (”Ama neu naiz”, 9), eta bi metadiegetikoa, akzioaren barne mailan kontatzen ari direnak, “amama” (”amama neure ama”, 10) eta “amona” (”eta amona aitaren ama”,10). Narratzaile autodiegetikoak garbi adierazten du nola kontatuko den testuan barrena. Ama lehen pertsonan arituko da, eta aitaren berri emango du, esaldi motzak erabiliz; amamak birraititaren eta aititaren berri emango du, lehen pertsona erabiliz, bere herriko berbetan; eta amonak birraitonaren eta aitona eta aitaren berri emango du, hiriko hizkera erabiliz. Aipatu behar litzateke sarrera argigarri hau ez dela agertzen lehen edizioan eta, hori aldaketa esanguratsua da. Lehen edizioan ohar solte batzuk baziren, bai, baina nobelaren azken aldean kokaturik.

Kontakizunaren maila eta ahots desberdinak aipatu ditugu, baina bada aniztasuna edo txatalkako jarraipenerako aukera ematen duen beste elementu bat ere. Lehen edizioan bada orrialde berean istorio bi kontatzen duen atala. “Adabakiak” sailean, kontalariak hari bi jarraitzen ditu, historia bi, kontakizun bi, bata bestearen jarraitzaile, bata bestea babestuz, azalduz, argituz (100-140) agertzen zaizkigunak. Berez testuaren simultaneismoa (idazkera eta irakurkera kokatzen diren zuzenbide bakarreko denbora hautsi nahiaz) azpimarratzen zuen kutsua ere moldatu egin da bigarren edizioan, esperimentazioari toki txikiagoa emanez.

Jostorratza eta haria eta modernitate ondorengoari lotzen gatzaizkiolarik, batez ere ezaugarri nabarituko zaizkigu, nahiz eta zabaldu dezakegun ezaugarrien zerrenda pixka bat gehiago. Batetik, adabaki txikiez osaturiko liburua dugu (Kortazar 2000, 248), fragmentarioa beraz, zatiari nagusitasuna ematen diona, eta, bestetik, lan “eraikia” da, (lan guztiak eratzen baitira, edo eraikitzen), kostruktibismoaren barnean kokatzen dena.

Egileak berak azpimarratzen du bere testuan “zatia”-ren nagusitasuna, txatalak, hariak, josiz eta bilbatuz sortzen da istorioz beteriko historia hau. Maiz aipatzen da zatia kontaketan, baina txataldun izate horri kritikarik eza ere gaineratzen zaio, txatalez osatutako soinekoan bezala (”Demagun, orain, adabakiez osaturiko jantzi bat egin nahi dugula, hau da, kolore, itxura eta ehundura askotako oihal zatiez osaturiko jantzia…” 123) gertakizun, kontakizun eta istorioak pilatu egiten dira bata bestearen ostean, eta datozen bezala behar dira, pastitxe itxura emanez, diskurtso identitarioan sarri gertatu ohi den bezala. Izenburuan argi aipatzen den hari horrek, ahozkotasunaren hariak, berariaz eraiki gura den oihala josten du. Arbaso eta inguruko herritarren identitateek eginiko txatalkako identitate-oihal nagusian, eta oihal horretan ez da txatalik baztertzen, denak dira baliagarriak. Zer izan garen, zer garen, dena dago uztarturik denbora ez kronologikoan. Kontakizunaren lirismoa (sentipenak adierazten dira, sentimenduak eta ametsak jaiotzear dagoenarekiko), epikotasunarekin batera agertzen zaigu nahasturik, kolektibitatearen istorioari errealitate kutsua ezartzen zaionean, eta herrian gertaturikoa eta herriak bizirikoa adierazten direnean. Nahasketa hori lehenago aipaturiko ahots desberdinen erabilerari loturik agertzen zaigu zuzen-zuzenean, e kontalari desberdinek erabilitako ikuspuntu desberdinak bezalaxe.