Xabier Etxaniz Rojo

Xabier Etxaniz Rojo Atzera

2019
Denok gara Google
Erein
2016
Waterloo-n galdutakoak
Erein
2013
Sirena-hotsak
Erein
2010
Txatartegirako ipuinak
Erein
2009
Atrezzoari begira
Arabako Foru Aldundia
2008
Ekialdetik iritsi zen Enara
Alberdania
2006
Marrazkia
Kutxa Fundazioa
2006
Nork bere ozeanoa
Erein
2003
Koadro isila
Erein
2002
Hamar manamenduak
Erein
2000
Begiak itxi eta kitto
Elkar
1998
Ipuin erotikoak
(beste egileekin) Txalaparta
12/2010
Txatartegirako ipuinak
Erein Argitaletxea, S.A.
12/2002
Gabriel Aresti sariak, 2000-2001: Euskara : Bilbao hiri ipuinak
Ayuntamiento de Bilbao
04/2009
Lo que arde lento = Atrezzoari begira
Publicaciones de la Diputación Foral de Álava / Arabako Foru Aldundiaren Argitalpenak
04/2006
Marrazkiak
Fundacion Kutxa Ediciones y Publicaciones
01/2013
Akelarreak
Publicaciones de la Diputación Foral de Álava / Arabako Foru Aldundiaren Argitalpenak
2019-04-17
Xabier Etxaniz Rojok "Denok gara Google" eleberria plazaratu du

Xabier Etxaniz Rojok "Denok gara Google" eleberria plazaratu du

Xabier Etxaniz Rojok Denok gara Google eleberria plazaratu du Erein argitaletxearen eskutik. Bi hari, bi istorio, komunikazioaren lubaki teknologikoen garaiaren isla: maitasun istorio bat, gerra zibilera begiratzen duen kontakizuna, bilatzen ari diren pertsonei buruzko narrazioa.

Egileak prentsaurrekoan azaldu duenez, Google gure bizitzetan guztiz txartatua dago egun. Nolakoak ziren Google aurreko garaiak, nola bizi ginen? Denok gara Google liburuko kontakizuna anekdotatik haratago doa, dena den, Google pertsonen funstzeko ezaugarri baten marka bilakaturik: bilaketari buruz hitz egiten du funtsean liburuak, "Denok bilatzen dugu zerbait, eta bila genbiltzan hori topatzen dugunean,bilaketa berriak egiten hasten gara.Batzuetan hobea izaten da bilatzen duzun hori ez topatzea. Bai baitago ez jakitea baino gauza latzagorik."

Ikus jarraian liburuaren aurkezpena osorik:

 

Sinopsia:

denok gara google

Eleberri honetako protagonistak bila dabiltza. Horietako bat eguzki-lore baten azpian ezkutatzen den emakume baten bila dabil; beste bat, berriz, iraganeko mamu baten peskizan ari da. Badakite zer bilatu nahi duten. Ez dakite nola. Badakite zer bilatu nahi duten, zer topatuko duten ez dakite ordea.

Bilaketak. Bizitza osoa ematen dugu bilatzen: zoriontasuna, maitasuna, dirua, ospea, sexua, arrakasta, lana, ongizatea, egia… Denok bilatzen dugu zerbait, eta bila genbiltzan hori topatzen dugunean, bilaketa berriak egiten hasten gara.

Batzuetan hobea izaten da bilatzen duzun hori ez topatzea. Bai baitago ez jakitea baino gauza latzagorik.

“–Maite dozu maitalea?

 

–Bai, izugarri.

 

–Eta bikotekidea, maite al dozu?

 

–Bai, izugarri.

 

–Bi pertsona itzel maitatzea posible da, ala?

 

–Ez dakit posible den baina nik egiten dut.

 

–Nik esandako guztiak gogoratzen dozuz?

 

–Ez, soilik interesatzen zaidana. Bestea erreseteatu egiten dut.

 

–Iñigo.

 

–Zer?

 

–Zergatik kontatu deustazu hori guztia?”

 

 

Egileari buruz:

xabier etxaniz rojo

 

Xabier Etxaniz Rojo (Trintxerpe 1971)

 

Bere literatur ibilbidean ipuingintza da gehien jorratu duen generoa. Bost ipuin bilduma argitaratu ditu: Begiak itxi eta kitto (2000), Hamar manamenduak (2002), Nork bere ozeanoa (2006), Txatartegirako ipuinak (2010) eta Sirena-hotsak (2013).

 

Ipuingintzaz gain, beste genero batzuk ere jorratu ditu, hala nola kronika Ekialdetik iritsi zen Enara: nazioarteko adopzio baten istorioa (2008) eta eleberria Koadro isila (2003, Donostia Opera Prima saria)  eta Waterloo-n galdutakoak (2016).

 

Hainbat urtez zutabegile aritu zen Berrian, Irutxuloko Hitzan eta Aizu aldizkarian.

 

1993az geroztik, A EKn dabil irakasle lanetan.

Metro koadroa
Ramonek irribarre egin zion saltzaileari prezioa entzutean. Jakin bazekien merkatuak agintzen duela beti, baina metro koadroa sei mila eurotik gora egotea astakeria galanta zen. Zalantzaz beterik egon zen aurreko egunetan, erosi ez erosi, baina une hartan ia konbentziturik zegoen. Azken bultzada baina ez zuen falta baiezkoa emateko.

Bizitza osoa maizter ibili ostean Ramonek bazuen txoko baten jabe izateko garaia. Hura zen bere argumenturik sendoena. Argumentu bezala ez da etxafuegoak botatzen hasteko modukoa, baina egia esatera, etxez etxe ibiltzea nahikoa nekosoa da. Eta Ramonek urteak zeramatzan etxez etxe eta ohez ohe -ohe hutsak esan nahi dut-. Orain, jubilatutakoan, bizitzaren azken etapari aurre egiteko lasaitasun pixka bat baino ez zuen behar. Lasaitasuna eta ziurtasuna. Eta saltzaileak, profesional bikaina izaki, ez zituen bi ezaugarri horiek ahaztu higiezinaren ezaugarriak goraipatzeko momentuan. Erdi-erdian egoteaz gain, itsasoari begira dago. "Orientacion sur" dauka eta zure loreak beti egongo dira lirain. Inbertsio segurua zen. Behin betikoa.

Ramonek bizilagunei erreparatu zien. Ezkerraldean, Teresa Gomez Agirregomezkorta ( 1969 - 1999 ). Eskuinaldean, Maria Etxeberri Azpilikueta ( 1937 - 2002 )

Metro koadroa garestia baino garestiagoa bazen ere, Ramonek baiezkoa eman zuen azkenik. Izan ere, zonaldea ezin lasaiagoa baitzen.

Tangoa
Constantino Félix Maraña Sánchez
To...
Donostian, 2000ko irailaren 26an

Lerro hauek irakurtzen ari bazarete jada hilda nagoelako da, beraz, ez naiz luzatuko. Dagoeneko badakizue nire burua trenbidera bota dudala eta honez gero jakingo duzue zergatik. Zuen amaren heriotzaz geroztik ilun daukat bihotza, atsekabez beterik. Horrek eta sarreran zahar-etxea dioen kaiola honetara zuek ekarri izanak hil naute betiko. Maite ninduzuelako ekarri ninduzuen zahar-etxera. Sekula ez nuen zuen maitasun mota hori ulertzerik izan.

Baina, lehen esan bezala, ez naiz gehiegi luzatuko. Azken batean, azken zazpi urteotan ez zarete nire bizitzaz gehiegi ere arduratu eta ez dut uste nire heriotzak jakinmin handirik piztuko dizuenik. Haatik, mundu honetan gehien estimatzen ditudan gauzak zuen hiruon artean banatu aurretik, badira hainbat kontu esan nahi eta isilduko ez ditudanak: lehenengoa zera da, pozten nauela zuen ama ni baino lehenago hil izanak, zeren horrela ez baitu jakiterik izan zer nolako semeak zituen. Bigarren kontuak zeharo amorraturik nauka. Zuen alde horrenbeste izerdi eta malko isuri ostean... zertan egin genuen akats? Ez baitago ez jakitea baino latzagorik. Eta azkenik, zinez da penagarria testamentu baten beharra izatea zuek hiruak batera ikusteko... Baina, tira, goazen harira, Renfe puntual samarra dela esan didate eta.

Luis, zuretzat aitonaren irratia izango da. Ni baino zaharragoa da baina denborak ez du hondatzerik izan. Irrati bikaina da, gaur egungoak baino askoz ere hobea. Kanpoan zer zen jakiteko erabiltzen genuen orain dela hamaika urte. Bere ondoan une latzak zein gozoak pasa genituen. Bere ondoan ikasi genuen lagunari entzuten. Ea zuk ere entzuten ikasten duzun. Izan ere, hemen itolarrian nengoela esaten nizunean zu harriak baino gorragoa izan baitzinen. Harriak bezain gogorra. Sekula ez zenuen nire aieneak entzuterik izan, hain zeuden lanpeturik zure klinika madarikatu horretan. Zu ere otorrino izan behar... to paradoxa!

Tomas, zuretzat gogokoen dudan idazlearen liburu bat: Kafkaren Metamorfosia hain zuzen ere. Ez dakit irakurtzerik izango duzun, zeren zure bisita urriek oso gizon lanpetua zarela adierazten baitidate. Bada ez bada ere, esango dizut labezomorro bihurtzen ari den lagun baten istorio bitxia dela. Irakur ezazu arretaz eta agian, soilik agian, zure burua ikusiko duzu isladaturik. Izan ere, denetan zu izan baitzara aldaketarik nabarmena izan duena. Azken urteotan uste izan nuen, ni bai mozolo, zure aitaz arduratuko zinela apur bat ere, txikitan egiten zenuen bezala, uste izan nuen gure seme kuttun eta maitagarria izaten jarraituko zenuela. Udaletxeko Gizarte Saileko arduraduna zarenez geroztik ez zaitut ia ikusi... Bateraezintasun-legeen beldur ala?... to aldrebeskeria!

Antonio, nire sakeleko erlojua zuretzat izango da. Itsasontzi errusiar batean etorritako lagun batek eman zidan opari. Nik trukean bi botila ardo eman nizkion. Horixe baita gizalegea. Hamaika urte igaro badira ere, ez naiz lagun horrekin ahaztu. Zu, aitzitik, nirekin ahaztu egin zinen, zama handiegia omen nintzelako zuretzat ere. Eta hori ez da gizalegez jokatzea. Erlojuak C.C.C.P hizkiak ditu atetxoan eta izugarri da polita. Nahi baduzu, eskolan erabili, hartara, zure ikasleek jakingo dute behin mundu honetan URSS izeneko lurralde bat existitu zela. Baina, batez ere, erabil ezazu ikasteko orduek aurrera egiten dutela etengabe eta, uste baino lehenago iritsiko den egunen batean, nik orain ditudan zimur berberak agertuko zaizkizula begitartean. Eta egun horretan nirekiko izan ez duzun pazientzia bera nahiko duzula zuretzat. Pazientziarik gabeko irakaslea, ikaslerik gabeko irakaslea... to errusiar esaera!.

Eta kitto. Esanak esan eta eginak egin, oraindik maite zaituztet eta hona hemen froga: mundu honetan gehien estimatzen dudana zuen eskuetan utzi dut. Etxeaz - alegia, nire etxeaz, zuek lehen baino lehen saltzeko asmoa zenuten etxeaz - ez duzue zertan kezkatu. Joan den astean saldu egin nuen hogeita hiru kilotan. Prezio onean saldu nuen eta, gainera, di-da batean. Nekezagoa izan zen, ordea, hainbat banketxek zein enpresek telefonoz ematen dituzten kopuru txikiko maileguen kontua. Telefonoaren faktura garesti samarra izango duzue datorren hilabetean baina, behintzat, ez da alferrikako lana izan. Izan ere, mailegu horien bidez hamabi kilo eskuratu ahal izan nituen. Guztira hoegita hamabost miloi izan dira eta den-dena Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuren artean banatu dut, beti ere, izenik eman gabe... to klasea!

Orain badakit nirekin - edo nire zorrekin - arduratu beharko duzuela. Bizirik nengoela egin ez zenutena hemendik aurrera egin beharko duzue. Eta jakina, ez dut espero nire maitasun froga hauek, nire maitasun mota berezi hau, zuek ulertzea. Gehiegi eskatzea litzateke. Azken batean, nik ere ez nuen zuena ulertu.

Adio.

Laxa Idarreta

Post-data: ziurrenik egun hauetan tren gidari bat lur jota egongo da. Joan beregana eta konta iezaiozue egia, faborez.


AMAIERA