Pello Otxoteko Vaquero Atzera
Anphora baita
Maitasunaren argitara
Goizalbaren argitan Pello Otxotekoren laugarren poema liburua da. Poetak, dagoeneko, badaki edo jakin behar luke bizitzaren eta poesiaren arteko harremana zein den edo zein izan daitekeen. Bizitza oso poetikoa eta poesia ere oso bizia izan badaiteke ere, beti ez dago berdintasunik, edo berdintasun osorik, poesiaren eta bizitzaren artean. Bizitza alde batetik joan ohi da; eta poesia, bestetik. Baina batzuetan topo egiten dute, bizitzak eta poesiak, eta nahastu ere bai. Minak ekarri ohi ditu bata zein bestea bidera; edo maitasunak. Gorrotoak ere bai, noizean behin. Poetak bere mozorroa utzita, bizitzako kaleetara jotzen duenean gertatzen da, gehienetan. Bizitza arnasaz hartzeko zerbait baita, biriketan barnera sartzeko, botatzeko ere bai; neurrian, noski.
Maitasun poemak dira Otxotekorenak, heldutasunaren mugak zein diren erakutsi dizkion liburu honetan. Esan daiteke horrela, eta esango nuke. Badakit, denok dakigu, nerabezaroa eta maitasuna ere uztartzen errazak direla, eta are banatzen errazago. Eskarmentuak hala erakusten du. “Argiaren gogoeta / iluntasunean galdu da, / zure hitzak / malkoen isiltasunean abiatu”. Maitasuna eta argia biak bat dira, poetaren irudimenean.
Maitasunaren argitara Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2007-10-26
Goizalbaren argitan
Hitzezko Zubia. 5 Euskal Poeta gazte
Urrutira Bidalia. Li Bai (Albert Galvany Larrouquerekin batera)
Urrutira bidalia.Li Bai
Aldako Hegaztia. José María Mendiola. (Beste batzuekin batera itzulia)
Arnasa galduaren ondarea
Arnasa galduaren ondarea
La mort est si souvent représentée comme une fin, une limite, une frontière, un voyage, un départ ou le passage d'une frontière. La mort y arrive-t-elle? Peut-on faire l'histoire de cette frontière et de cette arrivée? Qu'est-ce qu'un arrivant?
Jacques Derrida, Apories
Arribanteak gara.
Baina ez dakigu zein motatako arribanteak.
Helmugara porturatzen diren arribanteak
ala sekulan lehorreratzen ez diren arribanteak.
Irten garenerako galduak gaude, galdurik dugu norabidea
arribanteak bagara ere.
Baina arribante denak,
helburu jakin bakarra dauka
ezkutukoa izanik ere.
Eta arribante guztiak dira portura iritsiko,
ahituak baina, guztiok gara portura iritsiko.
Portuan, utzitako begirada berberak itxoingo dizu...
Herio zure begiekin badator ere.
Bizitzaren ekaitz ilun honetan
zure begiek soilik dute argia,
egunsentirik ez duen egunaren argia,
eta argi honek porturantz garamatza
gure esperantzen faroa
arribantearen lorratza
geroaren uhara
bidaiaren helburu, Herio!
Baina ontzia nolakoa izango den
eta ur gainean nola manten daitekeen,
horrek arduratzen nau.
Gainera kapitaina ezagutu nahi nuke.
Ez zait gehiegi axola
portuan nire zain nor egongo den,
ezta norbait egongo den ere.
Portuak
melodiaren isiluneak dira,
arribanteen zalantza-puntuak,
ez baitakigu inoiz
kantua amaitu ala
motibo berriekin jarraituko duen
harmonia sakonagoz hornituta.
Nolanahi ere,
portuak dira bidearen balizak,
eta honela dio gure Kapitainak:
"Entzun ezazue, anaiok,
portuak dira zuen bidaide bikainak!"
Oi, Kapitaina!
"Tenkatu sokak, ireki birikak,
oihal puztuaz
portura sar gaitezen!"
Atzera egin nuen soa,
hantxe gatz bihurtu zen
eta urarekin nahastuz itsasoratu.
Arribantea naiz,
eta kapitainik ez duen ontzian noa.
Heriok, egunen batean,
portua utzi zenuen begiekin jasoko zaitu,
zerua den itsaso zikinean sartzeko.
Oi, Kapitaina!
Baina ontziaren lemazaina
aspaldi zendu zitzaigun.
PROUSTITUTA
Neroni zelebratzen naiz
eta neure burua dut kantatzen,
eta zuri ere kantari ari natzaizu
neskatila liraina
neskatila xarmanta.
Jatorrietara nator atzera
genesi matrizialera
kreazioaren uterora
zerizanaren barne-muinera
zeure kaliza sakratura.
Horregatik,
zapata gorriko neskatila,
zapata gorriko neskatilaren bila
nabilen guztietan
neroni zelebratzen naiz,
eta neure burua dut kantatzen
edertasunaren poza goraipatuz.
Krisalidaren xarmak
etsipenean amilduriko arnasa
berratxikitzen dugunean soilik
gaitu txundituko.
Eta Eguzkiren sutargiak
hodeiertzean berantetsi baino lehen
lausoa digu kenduko
eulien zurrunbilo kiribilduan
kantu alegera toparaziz.
Neroni zelebratzen naiz
eta neure burua dut alaitzen,
eta geure burua dugu kantatzen
izpiritu garbiak goraipatzen ditugun orotan.
Ez dakit zure izena,
agian,
Lucy edo Lulu,
baina neuretzat Roxeanne izan zinen.
"La petite morte" zer den
erakutsi zenidan,
inoiz baino sutsuago
niri bizia barneratuz eta igorriz.
Orain
hortxe zaude
beti bezain ttiki
kalean hotzak hiltzen.
Zeure buruari itaun eginez,
iragan denborari buruzko
erantzunen bila.
Arnasa galduaren ondarea
non gorde ote daitekeen galdezka
zeruari orroak jaurtikiz.
Arimaren gatazka
esperantzaren agoran
libratu beharra dago.
Baina askatasuna
esperantza oro galtzen denean
lortzen da,
eta zeure begirada lausotuan
esperantza printzak
dira nagusi.
Vestale korroitua,
lugorrian utzitako izpiritu garbia,
izaraz zauritutako argia,
zamaz zulatutako gorputz ahitua.
Ezgai ziren esploratzaileek
hiletsitako arkanoa,
zeure baitan gorderik duzu
urrezko ardi-larrua.
Oi, zelebratzen naiz
zutaz gogoratzen naizen bakoitzean!
Oi, zelebratzen naiz,
eta donetsi mirespenez
zu ezagutu zintudan eguna!
ILUN EDERRA
Iluna ederra da.
Iluntasunaren xarma gogokoa dugu
erabat, eta errotik datorkigu gainera.
Gauaren ederragotzea areago doa
iluntasunak denbora luzatzen baitu
eta iraupena dastarazten.
Zentzu guztien bilkura
kantuen ttopara den legez,
ilun guztiak horditzen dira
sukartutako ixiltasunean
astroen izerdi hotzaren pean.
Arnasa galduaren ondarea 2003, Elkar)
RIMBAUD-EN PARADOXA
Poemak idaztetik armak saltzera iristeraino
pauso ttiki bat besterik ez dago:
marra mehe gorri xumea zeharkatzea,
axolagabetasuna, kontzientzia, koherentzia...
NORA EZEAN
Itzalik gabe geratu naiz.
Dagoeneko ez daukat
nigan zalantza duen itzalik.
Bidegurutzetako erroiek
bizkarra eman didate.
Bizitzako eskifaia ahiturik
ez dago oihala puztuko duen haizerik.
Oinazeak eraso gordinetan
ene begirada alboratzen du
samina gibelean utzita.
Eta ilargiak tinko
argirik sortzen ez duen eremuan
izerdia erauzi nahi du
larritasunen urdurian.
Non hago Merlin?!
Non hago Merlin?!
Hire arrastoak etengabe dakusat,
hire mezuaren zentzua jaso diat,
hire kaparen lorratza sentitzen diat,
baina non zeudek
hire bidaiaren mugarriak?
Loreleiren lurrinak
aintzirako ur gainean galdurik...
Ulalumeren hasperenak
basoko hezean hedatzen?
Zernahi aroko uztak onduko dira
bi birjinen elkar topoan,
eta erregeek eta aztiek bakulu berdina dute oratuko
bi birjinak topatu aurretik.
Ikusten baduzu ibaian behera,
Moldavan behera,
-- Kanpa Uhartea eta Hontzaren Errota
aurrez aurre edukita -
itzalik gabeko ahurra
doinu deliziosoz emeki kulunkatua,
ez ezazu pentsa
arratoiak barruraino zulatzen duten
Ofeliaren gorputz gardenean
bere izter zurietatik hasita
barne erraietaraino
ez ezazu pentsa
izadiaren hilezkil hotzek
kontrakoa adierazten duten arren.
Ibaian behera ikusten baduzu
argigunearen sekretua
gorde ezazu bihotzean gorde.
Baina itzalak ez dira batzen
ezta belztasunean handitzen,
ez bata bestearen gainean jartzen ere.
Itzalak luze luzatzen dira
egiaren argitan,
azkar dardaratzen dute
argiaren berotan;
baina inoiz ez dute igortzen
beroaren egia.
Argilunak bidaide errariak dira
eta zalantzaren mugarriak
eskaintzen dizkigute.
Nire bilaketan ordea
zalantzaren itzal izpirik
ez da ageri,
abandonatze eta amiltze honetan
nora eze huts eta betearen jabe
izatera iritsi naiz.
Gupida geldirik dago ate ondoan,
bidegurutzetako itzal galdua,
etengabeko itxaronaldian.
Esperantzak ez du zentzurik,
zoriaren norgehiagokan
nehoiz irabazle ez zarelako.
Eta etsipena
barrunbe amaigabea da.
EZTIA ETA OLIOA
Eztia eta olioa jartzen zenuen
ogi zatiaren gainean
goizeko lehen orduetan
esnatu ostean.
Egun argia, urdin mailegatua zirudien
zeruko kolorearen tapiza.
Tximini batetik kea zerion
eta urruneko larrean barreiatzen zen
bertan zegoen ihintzarekin bat eginik.
Zertzelada haietan
zure irribarre joria
olio tantetan pozten zen
eta une haietako begiradetan
maitasuna baino ez
elkar aldatzen genuen,
eztia bezain gozoa
eta olioa bezain bizia zen maitasuna.
Haginkada xamurrez
ogiari kosk egiten zenion
eta hortzeko erretenetan
eztizko hariak nabaritzen zitzaizkizun
kandelen argizarizko tantak bailitzan
letaginetatik zintzilik bukatuta.
Horregatik ote zen
zure musuen goxo hura?
Baina gozamena besterik
ez zen isurtzen
geure besarkaden arteko zirrikituetan.
Halakoa zen gure arteko maitasuna,
eztia bezain gozoa
eta olioa bezain bizia.
Eta horzkada bat bestearen atzetik
ogi zatia amaitzen zenuen,
olioz gantzuturiko ogi-mamia
eztizko tantaz zipriztindurik.
Eta alaitasun haren leinurupean
zure etxeko sukaldea
zohargitu egiten zen.
Zinez gustatzen zait
goizean goiz
ogi zatiak prestatzen zu ikustea,
ezti gozoa eta
olio bizia
mami zuriaren gainean jartzen.
Eta ez dut besterik behar
zu maite zaitudala jakiteko.
Oharra: azken hiru poemok ez dira argitaratu.
Itzalaren Ñabarduretan
Haraindiko begiradaren bila
Geometría oculta
Urrutira bidalia
Anphora baita (aurki ateratzekoa)
Jende iluna
Aldako hegaztia
Aski da
ASKI DA
Aski dut sinestetik.
Aski arnasa hutsagatik
eskerka ibili beharragatik.
Kitto damuaren zama astuna
sorbalden gainean eraman izanagatik
eta martiriaren rictus samina edukitzeagatik.
Ederki damutu gara mendeetan zehar.
Dagoeneko,
egunsentia ikus dezakegu goizaldean.
Aski dut maitemintzetik.
Aski dut erromantzeei
balizko lirikotasun ustela egotzi beharragatik.
Errealitatea ez da
beira finezko edalontzietan edaten,
are gutxiago
lurrunezko lausenguekin eraikitzen.
Nahikoa sufritu dugu korromioa
erabakiak erresuminezko hisiaz hartzeko.
Zirkunferentziaren perimetroa,
perfektua eta itxia, 2 π r,
berau hausten den arte.
Geurea ere halakoa zen
bion lurraldeak eztanda egin bitarte.
Zer da musu bat
berotasunaren lekualdaketa termodinamikoa baino?
Etsipena ustezko sentimendua da.
Bizitzaren hurrengo ekitaldira
bultzatuko gaituen malguki indartsua.
Leuntasunik gabekoa,
gogor tratatzen gaitu
gabeziaren gatibu izan ez gaitezen.
Hortaz,
maita zeure burua
gauza denen gainetik
hobeto lehenago berandu baino.
Ez dezagun alferrik
indarrik gal.
Ez gaitezen ahalegin antzuetan
entzungorkeria elkorrean amil.
Ordubeteko tartea
denbora luzea da.
Eta gogoratu,
maite zaitut ez da betiko,
E = m c2 bai, mon amour.
Bihotz ttiki bat maitasun gorenaren jabe
BIHOTZ TTIKI BAT MAITASUN GORENAREN JABE
Tantaz tanta
sortzen da putzua,
putzu handia sortzen
tanta ttikien pilaketan.
Ttikia zer den badaki handiak
eta handiaren berri du ttikiak.
Keinu, laztan eta begiradaz
osotua dago errealitatea,
eta horien kateatze jarraian
sortua da baden guztiaren
eta izango diren guztien zerizana.
Tantak, malkoak, taupadak...
oinazearen dardarak, pozaren algarak...
Eta ttikien baturaz baino
ezin bete daiteke handitasun gorenaren osotasuna.
Denok nahi dugu maitatuak izan.
Eta zu, oraindik ezer ez zarelarik ere,
maitasunaren inongo eskakizunik egin gabe,
maitasunaren gordailu amaiezina zara
ttikitasunean handituz astiro eta leun.
Alferrikakoak dira
Magnificat, Gloria edota
gorazarre anpulosoenen gauzatzea.
Xuabe-xuabe garatuz zoaz
izengabearen betikotasuna.
Honela aurrera egiten du
gogoaren borondateak, honela.
Zirrikitutan barrena ttikitasunetik handitu,
joritasunean amultsu, txirotasunean sendo,
aitzakiarik gabe ezin guztiak gaindituz.
Garitxaren odolak
ondoriorik sortzen ez duen azalean
irekitzen duzu bidea.
Zure nahiaren iturburu horrek
zilarrezko urez zabaltzen du
eremu zarbatsu eta urahi bihurtua.
Bere burua barrutik entzutera
adi prestatzen den orok,
zoriontasunaz horditurik
edo oinazez erresuminduta,
bere gorputzaren barrutik ere
emari hau sentituko du
naharo dariola.
Eta hor zaude zu,
pozaren besarkadak baztertzen
eta zorigaitzaren ukabilkadak saihesten,
berotasun epelaz inguraturik
munduko burrunbadak alboratzen.
Hain da hauskorra zure izatea,
hain da sotila zure arnasa,
hain da xamurra zure egoera...
Nolatan izan daiteke bihotz ttiki bat
maitasun gorenaren jabe?
Eztia ari du
EZTIA ARI DU
Eztia ari du.
Eztia ari du goian-behean.
Zerua goibel dago
baina ostarteak azaldu dira,
eta eztia dario zeruari tantaka
hodei hutsarteetatik barrena,
eguzkiaren errainu bakartiek
ezti-tanta bakoitza isla doratuaz
apaindu eta argitzen duten bitartean,
eta nerabe naiz ironia honen gaixotasunean
ezti-jario jantzian blaiturik.
Eztia ari du.
Eztia ari du goian-behean.
Eta zeruko katilu bakoitzean
tantak erortzen dira
urdin polit hori den edabea
goxoagoa bihurtuz.
Istant ttiki horiek
zure begiradan bat eginik
miragarri dira kliska bakoitzean.
Sua dantzan ikusi dut
lurraren gainean,
kantua arnasten sumatu
melodia guztietan,
baina sekula ez dut
zerua eztiz estalia ikusi
zure ondoan nagoenean bezala.
Eztia ari du.
Eztia ari du goian-behean.
Ezti bakartia, ezti basatia,
larresoroak estaltzen ditu
ihintz hozkirri goxoaz eta distira finaz.
Euri marmartiarra,
eztizko tantek
hodeiertza margotu dute
zerua eta itsasoa
urrezko marra batez bereiztuz.
Eztia ari du.
Eztia ari du goian-behean.
Eta erraien barnean
zerua irekitzen didazu
zeru urdina
eztiz gozatua.
Ederra zara olatuen antzera
ederra zara zu eta zure laztanaren harrera
eta ederragoa da zure begiradaren xera,
eta nerabe naiz ironia honen gaixotasunean
ezti-jario jantzian blaiturik.
Dirdaitsua eta neurrigabea eta zeharrargitsua,
honelakoxea da zure ziurgabetasuna.
Zinez ez dut inoiz hala ere
zerua eztiz jantzia ikusi
zure kantuaz liluraturik
nagoenean bezala.
Gereziak dastatzen
GEREZIAK DASTATZEN
Gereziak eskaintzen zenizkidan
eskutik eskura
eta ondoren zure mihiak
gerezi berberak bilatzen zituen
ahotik ahora.
Ganbiltasun biribila
balizko lerro batez eteten dena
meridiano batek Lurraren bueltan lez;
eta zurtoina,
goiko konkaduran sartzen da
fruituaren mami-barruraino,
bertan hazia topatzeko.
Eta gereziak eskaintzen zenizkidan
eskutik eskura
zure laztanen beroak
pentsamenduak aztoratzen zizkidan bitartean
unetik unera.
Gerezien eskaintza gozoak
ezari-ezarian
zure ezpainak gorritzen zituen
irribarre horren gerizpean.
Gereziez margotzen dituzu
mundu honetako grinak,
gereziez bizitzen ere
zorion eta saminak.
Gereziak dastatzen amaitu genuen
goizetik gauera
baina zure mihiak
gereziak bilatzen jarraitu zuen
ahotik ahora.
Goizeko kafea
GOIZEKO KAFEA
Gaur berriz ere kafea egin dizut,
egunero bezala.
Kafe bizia, lurrintsu eta sarkorra.
Eta zure ohiko keinuaz
ongi etorria eman diozu,
begi itxiekin usaindu
eta asetasunez arnasa kanporatzerakoan
irribarre bat oparitu didazu,
egunero bezala.
Batzuetan gozoa nahi duzu, bi goilarakada.
Besteetan gutxiago, goilarakada bakarra.
Oso noizbehinka garratza, azukrerik ez.
Baina betiere beroa,
egunero bezala.
Kafearen zaporea irensten duzu
tostada, galleta edo ogiaz lagundurik,
azkenean olioz zipriztintzen dituzu guztiak,
eta kafearen indarra olioaren bizitasunaz
zure izatearen egonarrian bermatzen duzu,
egunero bezala.
Goizak triste, pattal edo motel has daitezke,
eta gure umorea erresumindua edo alaia,
bezperaren arabera, jaiki daiteke.
Baina kafea hortxe izango duzu
beti bezain bizia, lurrintsu eta sarkorra,
zuganako nire maitasuna
kafe katilu horrekin esnatzen den modura.
Egunero bezala.
Hipotesiak
HIPOTESIAK
Jakin izan banu
behar nuen guztia banekiela,
ez nituzkeen liburuetan
ordu geldi geldoak galduko.
Jakin izan banu
maitasuna ez dela bilatzen,
ez nituzkeen gaztaroan
gau zoroak metatuko
loari denbora lapurtuz.
Jakin izan banu
irribarre xaloek ez dituztela
gorrotozko begiradak sendatzen,
ez nituzkeen hitzordu luzeak xahutuko
adiskidetasun ahalegin antzuetan.
Jakin izan banu
bizitzaren esanahia
aurrera begira iragana oroituz
ibili gabiltzala gozatzean datzala,
ez niekeen nolanahiko profetei
sermoirik xumeena ere sinetsiko.
Jakin izan banu
zoriontasunaren sekretua
isiltasunaren dastamen xaloan dagoela,
ez nituzkeen oroiminaren korromioan
gogoetak ahituko.
Jakin izan banu
heriotzaren etorreran
unearen istant magikoek
gerora zirautela,
lorez jantziko nituzkeen
zinez jasotako
keinu eta kliska guztiak.
Eta jakin izan banu
zuregana daramaten bide guztiek
basamortu hotzenak zeharkaturik
eta sufrikariozko oihan beltzenen oihuz osaturik
berriz ere itxaroten didatela,
orduan dudarik gabe
bete-betean errepikatuko nituzkeen
Itzalaren ñabarduretah
Kritikak. Kritiken hemerotekarik (www.armiarma.com)
http://kritikak.armiarma.com/?p=2393
http://kritikak.armiarma.com/?p=400
http://kritikak.armiarma.com/?p=526
http://kritikak.armiarma.com/?p=845
http://kritikak.armiarma.com/?p=831
http://kritikak.armiarma.com/?p=1338
http://kritikak.armiarma.com/?p=1349
http://kritikak.armiarma.com/?p=4097
http://kritikak.armiarma.com/?p=4254
http://kritikak.armiarma.com/?p=4888
http://kritikak.armiarma.com/?p=4960
Maitaleek ez dute hitzik
MAITALEEK EZ DUTE HITZIK
Maitaleek ez dute hitzik
ez dute hitzik mahaiaren
alde batetik bestera zeharkatzeko.
Haien begiradek ez dute
distiren beharrik, ez;
ez dute esanahiaren azalpenik behar,
ez dute oihuaren berotasunik behar
ez sakrifizioaren hoztasunik ere,
ez dute deusen eskakizunik behar.
Maitaleek ez dute hitzik
ez dute hitzik arnasaren
joan-etorria musikatzeko.
Haien musuek ez dute
ezpain bustien beharrik, ez;
ez dute helburuak plazaratzerik nahi,
ez dute arrakastaren aldarrikapenik nahi
ez porrotaren lotsan etsi ere,
ez dute ezertaz damutzerik.
Maitaleen artean hitz guztiak
azalean erretzen dira!
Maitasun zipriztinak
MAITASUN ZIPRIZTINAK
Gurariak eta grinak
bihotzetik lez eginak.
Txinpartak dira oroimenean:
oi maitasun zipriztinak!
Jaioterria gogoan
ene bihotza ahoan,
erbestean naiz kateaturik
amets etsia altzoan.
Zabalik da leihatila,
trabarik ez maratila.
Atera eta amiltzen gara
geure ametsaren bila.
Maitea zatoz, maitea,
hementxe duzu atea.
Begiradaren distirarekin
jantzirik duzu eitea.
Bihotza pozez abian!
Zoratu zaigu agian?
Gogoa sutan jartzen didazu
ezarian-ezarian.
Arbolan xamur arana
lurrak amultsu emana.
Odol bizia antzaldatzen da
zure ahoan edana.
Ñirñirka goian izarrak,
ilinti goritan garrak.
Zuk kliskatzean, ene barnean
sortzen zaizkit maiz aparrak.
Itsas gaineko lurruna,
hitzen fereka urruna.
Hondartza orok jasotzen ohi du
ele galduen marruma.
Zurekin dena osorik
erabat dator jasorik.
Zorionaren sakon-sakonak
inoiz ez dauka hondorik.
Haize xamurren fereka
xuxurla da ahopeka.
Laztan guztien arrago zara,
ene desiren oreka.
Kulunka daude makalak,
uluka uso apalak.
Musu orotan lurrin gozoa
zabaltzen zure azalak.
Itsas enarak balantzan,
buia uhinetan dantzan.
Zure distirak beldurrik ez du
ekaitz aldiko zalantzan.
Ilunak distira kendu
estalkiaz egiten du.
Esku biekin arnasa jasoz
argia ezin da zendu.
Goiz argiaren laztana
gogoz dator guregana.
Maitasunaren indar betea
dohainik zaigu emana.
Gaur ihintza esnatu da goiz,
larre berdean edonoiz.
Zure eskutik edonoraino
joan nahiko nuke inoiz.
Sartalderantz doa Minho,
itsasoa ez da laño.
Benetan zaitut zu maiteago
kaioak kresala baino.
Musurik gabeko laztana
MUSURIK GABEKO LAZTANA
Gogorra da zure laztana
musurik ematen ez didazunean
zure irribarreak bihotza zarrastatzen dit
hitz goxoez lagundurik ez dagidazunean
zure begiradak barrenak kiskaltzen dizkit
begien kliskaz tartekaturik ez datorrenean
ankerra da zure presentzia
bakerik ez dakarkizunean
eraztun mugaezinek
nire amodioa kateatzen dute
esanahi zentzugabeetan
baina ez nauzu horrela aurkituko
ez duzu lortuko belusezko azalaren erantzunik
ez duzu sentituko odol gorriko maitasunik
ez zaitu liluratuko lurrun argiko islak
euri beltza dario euri beltza barrenari
iparraldeko haizeak bultzaturik
begirada sakon garbirik ez duzu eskainiko
ez du merezi zarama arakatzea
ohitura zamatsua da
Atlas menderatzeko adinakoa
eta ixilpean geratzen da dena
ezaxolaren oinazea, izan ere
gogorra da zure laztana
musurik ematen ez didazunean...
Utzidazue
UTZIDAZUE
Utzidazue goiz argiaren lehen printzetan
belazeetatik irristan datorren
ihintzaren espiritu garbiarekin geratzen.
Utzidazue eliz dorreak dardarka
jartzen dituen amiamokoaren dotoreziarekin limurtzen.
Utzidazue basamortuaren isil-gordea aurkitu nahi duen
aszeta eremutarraren harrotasunarekin arnasten.
Utzidazue herri guztiak zeharkatuz
etengabe dabilen haizearen bakardadearekin lasaitzen.
Utzidazue iraizean agurturik
jasotzen duzun mutikoaren irribarrearekin gozatzen.
Utzidazue egunaren akaberan
mendi-hegietako arbasoekin solasten.
Utzidazue emakume baten laztan-begiradan
galtzen den nortasunarekin erotzen.
Zurekin baltsean
ZUREKIN BALTSEAN
Baltsean aritzen nintzen zurekin
udako gau freskoetan,
eta ia ezertaz konturatzen ez zinen arren
maiteetan maiteena zinen niretzat.
Asko gozatzen nuen zurekin
baltsean aritzean.
Begiak itxirik zu, irekirik ni,
keinurik egin gabe zu, irribarretsu ni,
eta maiteetan maiteena zinen niretzat
ezer gutxi sumatzen zenuen arren.
Baltsean aritzen nintzen zurekin
udako gau freskoetan,
eta zure negarra asetzen nuen arte
besarkaturik igarotzen genituen minutuak
dantzan genbiltzan bitartean
alde batetik bestera.
Azkenean, baltsaren bukatze aldera,
erabat lokarturik ene besoetan zeuntzanean,
musu batez amaitzen nuen dantza
maiteetan maiteena zinela bermatuz.
Eta seaskan utzirik oheratzen nintzen,
gogoeten musikaz ene amets gozoetan
zurekin ere baltsean aritzeko.