Pedro Alberdi Zinkunegi

Pedro Alberdi Zinkunegi Atzera

2009-11-22
Autofikzio bat historiara
Ez dut uste Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean eleberriko protagonistak, «Carlos esaten zioten gizonak» -nobelaren hasierako hitzak-, Pedro Alberdiren kronika honen izenburuko Carlos esaten zioten gizona-rekin, hots, Mario Onaindiarekin, zerikusirik duenik. Salbu-eta protagonista bi-biak ETAkoak izana. Eta salbu-eta bi-biak fikziozko pertsonaiak izatea, belaunaldi bateko hainbat kideren bizipenei atxikiak.

Ez nuke nahi irakurleak ikaratu eta inorengan morboa piztu, Pedro Alberdiren Carlos, klandestinitateko Mario, fikziozko pertsonaiatzat neuk jotzeagatik. Izan ere, ez dut erran nahi, ez Carlos hau gezurrezko Mario denik -are gutxiago Alberdik faltsutu duenik-, ez Mario geroago ezagutu nuen honek, dezente ongi ezagutu ere, agerian jarriko dituenik auskalo zer sekretu kilikagarriak. Gogoeta literario soil bat egin nahi dut liburuaren harira, baliagarri izanen zaiolakoan inori.

Lerro hauen irakurle batzuek dakiten bezala, hemen idazten dudan honek hiru izaera biltzen du Pedro Alberdiren lanaren aurrean: iritzigile literarioarena, historialari batena eta hainbat urtetan Mario Onaindiaren burukide izanarena. Lehenengo biek edonoren Memoriak prisma batetik irakurtzera naramate: alegia, narrazioaren prismatik, ea mundu koherente eta sinesgarri bat lortu den, berdin duela mundua fikziozkoa ala ustez historikoa den. Hirugarren izaerak, memoriadunaren bidaide gisakoak, bertze prisma batera narama: ikertzera, alegia, noraino fikzionatu dituen memoriadunak bere ibilera eta norabideak, harekin konpartitu nituen gertaeren ene oroitzapenetatik. Haren memoria luzeen bigarren liburukia bakarrik, Mario ezagutu nueneko istorioak dakartzana, irakurri dut; nahikoa, baina, aspaldiko ene uste batean sakonago errotzeko: memorien genero literarioak autofikziozko sorkuntzatik duela gehiago, historiazkotik baino. Adin aurreratu bateko talaiatik bere memoriak idazten dituenak, areago politikaria izan bada, eta are gehiago narraziorako dohainak baditu, interes gutxi izan ohi du bere oroitzapenen hutsegiteak zuzentzeko; eta are gutxiago bere burua oroitzapenen garaietan kokatzeko, erran nahi baita, garai bateko esperientziak garai hartatik bertatik biziberritzeko: kontari dezente ona baldin bada, testuinguru sinesgarria pinta dezake, baina hor txertatzen duena ez da garai hartako bere burua, idazten dueneko talaiatik berreraiki nahi duen pertsonaia baizik. Horrela, inguruko jendeak -berdin du lagun, lehiakide edo etsai izan diren- protagonistaren konpartsak baizik ez dira, auto-erretratuaren zerbitzuan birdiseinatuak, berrukituak edota sinpleki, laino ala maltzur, faltsutuak: autofikzioa, mundu koherente bateko bilbean kasurik onenean.

Pedro Alberdiren liburua, testigantza edo autobiografia bainoago autofikzioa diren memoria horietan dago oinarriturik. Mario haur eta gaztea marrazten du, Eibarren eta Bilbon, haren bidaia iniziatikoa, kartzelan sartu arte 1969.ean. Horixe iturri nagusia, baina ez bakarra; bertze iturri bat, hau bai formalki autofikziozkoa, du Alberdik Carlos hura pintatzeko: Gran Placen aurkituko gara eleberria, Onaindiak ere idatzia 1983.ean, bertze adin-talaia batetik. Hori guzti hori aldakuntza sakonak, sozio-ekonomiko, kultural eta politikoak, gertatzen ari zireneko testuinguru baten barnean.

Itxuraz erraza du Alberdik idazkera, erosoa beti ere, badaki gertakariak eta giza paisaiaren pintzeladak elkarlotu eta narratzaile gisa distantziak gordetzen, pertsonaiarekiko sinpatia estali gabe bertzalde. Erranak erran, merezi du irakurketa.
2009
Carlos esaten zioten gizona
Alberdania
2003
Orhoit gutaz
Pamiela
2002
Kafka Bilbon
Alberdania
2002
Kafka Bilbon
KAFKA BILBON

Garai batean, gu Bilbora etortzen hasi berritan, estudiante gipuzkoar asko -aste barruan hirian eta hiri inguruko auzunetan sakabanatuak- Arriaga atzean elkartzen ginen ostiral-larunbatetan, asteburuan etxera bihurtuko gintuzten Irun-Gijon autobusei itxaroten. Gu garaiz iritsi ohi ginen asteroko zita hartara; ez hainbeste autobusak galtzeko beldur ginelako, nola adiskideekin hitz egiteko eta elkarren berri jakiteko beta edukitzearren. Horregatik, iritsi bezain laster, ezagunen aurpegiak bilatuko genituen lehenik han bildutako bidaiarien artean, eta ezagunik ezean, bileteak ateratzeko ilaran jarriko ginen, haien etorrera zelatatzen genuela. Lehenago edo beranduago norbait agertuko zen, edo dagoeneko bazeuden han gu ailegatzean, eta piska banaka estudiante gipuzkoarron lagunarteak handituz eta ugalduz joango ziren, autobusetara igotzeko unea heldu bitartean.

Urteak pasako ziren, eta luze gabe aste barruko sakabanaketaren ondorioak igartzen hasiko ginen. Egun batetik bestera, gutako askok noiznahi bizitokiz aldatzeari ekingo zion, lagun berriak egiteari, lehengo ikasketak utzi eta bestetan matrikulatzeari, eta hala, hasierako giro amankomuna nahastu egingo zen. Hainbesteraino nahastu ere non, lehen ez bezala, jadanik ez baigenekien ziur nor non bizi zen, norekin, zer kurtsotan zebilen, zertan ematen zuen denbora astean zehar. Susmatu bai, baina zehatz jakin ez. Eta gu harroak izan eta ezer galdetu ez. Halatan, bada, egin gabeko galderak eta galderarik gabeko erantzunak ugaritzeaz batera, gure jarrera aldatu egingo zen, eta itxaronaldi haietan jadanik ez genuen edozeinen konpainia bilatuko, baizik gertukoenena soilik. Ondorioz, gure lagunarteak txikitu egingo ziren, senidetartu.

Garaiz iristen segiko genuen halere, eta gure arteko hizketaldiak ohizkora lerratzen hasi zirenean, inguratzen gintuen paisaiari erreparatuko genion. Gure aurrean, metro gutxira, Nerbioi ibai zabala, ibai ospetsua, Euskalerriko ibai guztien ibaia, batzutan mardul eta handi, bestetan ez hain mardul eta ez hain handi, inoiz baju eta mendre, beti ere narratx eta zarpail topatuko genuena. Noizbait ere konturatuko ginen zerk eragiten zuen ibaiaren gizen-argal itxuraldaketa hura, eta ez ginen haserre, alajaina, edozein enziklopediatan irakur daitezkeen honako hitzon zentzuaz jabetu ginenean: Bilbao, Nerbioi ibaiak zeharkaturiko hiria, edo hobeto esanda, izen bereko itsasadarrak, zergatik eze haren urek itsas-mareen gora-beheraldiak jasaten baitituzte bertatik igarotzean,... Ibaiaz bestaldean berriz, bertako tren geltokiaren atalburuan hizki handiz idatzita, Santurce-San Julian de Muskiz zioen errotulua, guri ulergaitz zitzaiguna eta gure arreta merezi izan ohi zuena. "Ez al huan, bada, Santurce azken herria itsasoa baino lehen?" galdetuko genion geure buruari, "Zer duk orduan San Julian.... hori? auzoa? portua?". Guk sekula entzun gabeko izen hark gure irudimena pizten zuen bere apalean. Eta beste argudiorik ezean, errotuluan betetzen zuen puska handia ikusita, haren garrantzia beste nonbait -agian antzinako denboretan, trenbidea zabaldu zuten garaian kasu, edota lehenago, garraioak gurdietan egiten zirenean, esate baterako- bilatu behar zela otuko zitzaigun... Estazioaz aski haruntzago, altura eta tamaina askotako eraikuntzen gainetik, Banco de Vizcaya-ren goikaldea, hiriaren begirale eta zaindaria. Berari begira, Económicas-eko adiskideren batek inoiz esandakoa gogoratuko genuen, hots, kontraesana dirudien arren, dirua beldurtia dela berez, erne egon behar duela beti. Honekin batera Psicologia-ko besteren bati inoiz entzundakoa ere gogoratuko genuen, hots, kontraesana dirudien arren, beldurra ausarta dela. Eta kontraesanen zurrunbiloan murgilduta, guk etxe-orratzaren azken solairuetara begiratu eta ez genuen jakingo zer pentsatu hango biztanleez.

Urte gehiago pasako ziren, gure estudiante-aldia bukatu egingo zen, eta goizetik gauera lanbidearen arazoari frente egin beharrean aurkituko ginen. Asmo horrekin, gutako gehienak norbere sorterrira itzuliko ziren bitartean, batzuk Bilbon segitzea erabakiko genuen, edota hala nahi izango zuen gure patuak. Beraz, sorterrira bueltatze orokor haren ondotik, astero Arriaga atzean bildu ohi ginenon lagunarteak urritu ez ezik soildu egingo ziren jendez, desagertzeraino. Guztiarekin, garaiz iristeko ohitura ez genuen sekula galduko, eta ikusmiran egotea -denborapasa arintzeko modu bat baino ez, ordu arte- gure itxaronaldietako entretenimendu nagusi bilakatuko zen. Hala, joandakoen lekua beteko zuten estudiante gipuzkoar gazteetara arreta jarri eta guk emandako pauso guztiak errepetitzen zituztela deliberatuko genuen. Paisaiari zegokionean, berriz, kaioen presentziaz ohartu eta haien ur azaleko hegadak ikusiz, haien marruak entzunez, Bilbo -barrukaldeko izan arren- zenbateraino dagoen itsasoari lotua hausnartuko genuen.

Baina guztien gainetik, errotulu txiki hark harrituko gintuen. Gugandik aldendu samar ageri zen, ibaian gora aldera Santurce-ko tren estazioari jarraitzen zion etxe ilara altuaren laugarren pisu batean, balkoiaren zabaleran kokatua. "Assicurazioni Generali" irakur zitekeen bertan, hizkiak bereizteko pazientzia hartuz gero. Non entzun genuen izen hura, ordea? Nondik egiten zitzaigun ezagun? Izena italiarra zen ezpairik gabe, baina hori jakiteak ez zigun askorik lagunduko ikerketan. Zenbat itxaronaldi igaro ote ziren inkognita argitu orduko? Auskalo. Kontua da noizbait ere argia egingo zela gure buruan. Halako batean izen hark Kafkarekin zerikusirik bazuelako susmoa erneko zitzaigun barrenean. Susmo hura ez zen hutsetik sortutako irudipena izango, baizik aurretik irakurritako zerbaiten oihartzuna. Bapatean idazlearen bizitzako xehetasun batzuk gogoratuko genituen, nola abokatua zen ogibidez, nola bizitza guztia bulego batean ihardun zuen lanean, eta nola izugarri sufritu zuen idazteari emana bizi ezin zuelako. Hori al duk -galdetuko genion geure buruari, ibaiaz bestaldeko errotulu txikiari begira- Kafka hain estu hartzen zuen ofizinaren izena? Galderak ez zigun bakerik emango asteburu hartan. Bilbora itzulirik, haren biografia bilatu eta gure jakimina asetzera azkartuko ginen. Bertan irakurriko genuenez, Franz Kafkak 1906ko ekainaren 18an jaso zuen Zuzenbidean Doktore titulua, eta urtebeteko praktika judizialak egin ondoren, 1907ko urriaren 1ean lanean hasi zen "Assicurazioni Generali" izeneko aseguru etxean.

Errezeloa egia bihurtuko zen, beraz. Ez dago esan beharrik poza sentituko genuela. Izan ere Kafkarekiko irrikan bizi ginen, haren izena gogora etorri zitzaigun lehen momentuaz gero. Gainera, biografiako datuen arabera, idazlearen egoera eta gurea oso antzekoak zirela juzkatuko genuen: Kafkak garai hartan hogeita lau urte omen zituen, guk genuen adina hain juxtu, eta lehenengo lanean hasi berria omen zen, gure kasuan gertatzen zen bezala. Ez genion inori ezer adieraziko, halere. Hura gure sekretu txikia izango zen. Hurrengo asteetan autobusa hartzera joango ginenean, harro azalduko ginen estudiante gipuzkoarren biltokian. Haien alboan jarrita, beraien arteko elkarrizketak entzun, eta betiko moduan segitzen zutela erabakiko genuen, hots, lagun taldetxoak osatu eta astebarruko pasadizoak elkarri kontatzen. Gu jeneralean gustora egongo ginen haiei begiratzen. Inoiz, ordea, haien berriketarekin nekaturik, ibai aldera jiratu burua eta errotuluarekin egingo genuen topo. Hura ikusteaz batera, Kafkaren izenak eta irudiak gorputz hartuko zuten gure baitan, eta idazlearen ahaztuta geneukan zenbait gauza gogoratuko genituen.
2000
Satorrak baino lurperago
Alberdania
1998
Nire kalea
Erein
1995
Handitzen naizenean
Alberdania