Patxi Uribarren Leturiaga Sormen-lanak
Aramaio, 1942. Ikasketa orokorrak hainbat tokitan burutu ditu: Zornotza, Nafarroa, Gasteiz, Markina... karmeldarren etxeetan. Teologian eta linguistika erromanikoan lizentziatu zen. UEUn, hainbat urtetan zehar linguistika alorra jorratu du. Geroago eskolak ere eman ditu alor horretan. Teologia eta linguistikako lizentziaturetarako bi lanak (tesi txikiak) euskaraz eginak ditu. Euskal alorrean lan ugari egindakoa da: Santutxuko gau eskolen sortzaile/sustatzaile taldekoa, Deustuko Irakasle Eskolan euskarari lekua egiteko planak gertatzen, Deustuko Irakasle Eskolan euskarari lekua egiteko planak gertatzen, Hezkuntza Zientzien Institutuaren (HEZI) laguntzaz Irakasle Eskolako ikasleentzat udako ikastaro trinkoen antolatzailea eta irakaslea, Euskaltzaindiko "D" eta "B" tituluetarako ikastaroen antolatzaile eta irakasle beste zenbait lagunekin batera, Euskaltzaindiko "D" eta "B" tituluetarako epaimahaiko kide, jardun hori Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zen arte, Bostak bat lantaldearen sortzaile eta kide gisa Adorez hiztegi-sorta bultzatzen gaur egun arte, zenbait ikerketan parte hartuz, Euskaltzaindiko kide urgazle egin zutenetik (1969) zenbait batzordetan parte hartu izan du, batzordekide lanetan edota aholkulari lanetan... Ikerlan ugari egin ditu, gehienak Adorez sorta aberasteko eginak: Aramaioko toponimia (1973-1974) (argitaratu gabe). Elizako irakurgaietako lexiko bateratua. (argitaratu gabe). Bizkaierarako lexiko propioa (argitaratu gabea) Lino Akesoloren lexikoa (argitaratu gabe). Karmel aldizkarian 80 lanetik gora ditu argitaratuak. Noizbehinkako lanak, Anaitasuna, Jakin, Eliza 3000, Euskara, Txirritola aldizkarietan ere. Egunkarietan ere argitaratu ditu hainbat gogoeta euskaraz. Gogoz, karmeldar ikasleen aldizkariaren sortzailea eta zuzendaria izan zen 1965-1969 urteetan Bilboko Karmelon. Euskaltzain urgazlea da.