Miren Amuriza Atzera
Gobernatu ezinezko andre basa bat
Miren Amuriza Plaza (1990, Berriz). Plazandrea; bertsolaria eta (bere buruari hau aitortzea gehiago kosta arren) idazlea. Lehen eleberria argitaratu berritan egin dit leku bere etxeko sofaren erosotasunean. Berarekin izandako elkarrizketaren hari mutur interesgarrienak josten ahalegindu naiz jarraian.
Izenburutik hasiko gara… Zer adierazi nahi izan duzu “Basa”-rekin?
Izenburuaren bila hasi nintzenean argi neukan hitz bakarra izan behar zela. Liburua idazkera eta kontaketa aldetik trinkoa eta zuzena da –edo hori bilatzen saiatu naiz behintzat- eta orduan izenburua ere halako zerbait izatea nahi nuen. Hitz horren bila nenbilela “basa” etorri zitzaidan. “Basa” bi adieretan, sarreran agertzen den moduan. Batetik, izen moduan, “lokatza” esanahiarekin, guk erabiltzen dugun eran. Bada elementu bat liburuan hainbat bider agertzen dena eta sinbolikoki ere esanguratsua da belaunaldien arteko ikuskera ezberdina adieraz lezakeelako. Agian detaile tonto bat da baina Sabinarentzako “basa” ez da zikina, bere egunerokoaren parte da eta bere seme-alabentzako, aldiz, kanpoko zerbait da, etxe barruan lekurik ez duena. Bestetik, eta batez ere, hain entzuna izan ez arren izenondo moduan dauzkan adierengatik (“domestikatu gabea”, “salbaia”, “biolentoa”…) ere hautatu nuen.
Izenburua eta hiztegi sarrera sartu nahi izan nituen irakurlea kokatzeko, barruan datorrena iradoki eta nolabait esateko: zu historiaren momentu honetan sartzen zara baina pertsonaiak jada karga batekin datoz eta nobela hasten denerako tentsio maila nahiko altua da.
Liburu bat azaletik hasten da eta zuk aukeratuak irudi indartsu bat dakar. Hasieratik zeneukan argi hala izango zela?
Azalaren irudia ez hainbeste baina Sabinaren pertsonaia pixka bat egituratzen ibili nintzenean bai neukan argi bere parterik animaliena erakusten saiatuko nintzela. Sabinak badauzka piztia batekin lotu daitezkeen pasarte asko (ile lehor eta harrotua dauka, usaimen fina du eta sudurzuloak zabaltzean lurruna botatzen du, animalien moduan bizkarra hazkatzen du ate baten aurka, gauez ikusteko gaitasuna dauka…). Saiatu naiz bere ezaugarri animal horiek denbora guztian oso presente izaten.
Era berean, basurdea bada baserri bueltari lotutako animalia bat. Beti izan da mehatxu bat edo niri behintzat horrela kontatu didate, nahiz eta nik ia ia ez dudan basurderik ikusi etxe inguruan. Orduan, Sabinak liburuan agertzen den bere bizitzako fase honetan bizi duen egoera bai lotzen dut asko basurdeak gero eta inguratuago sentitzen denean sentitzen duen itomen horrekin. Konturatzen da ehiztariak bere eremua ixten ari zaizkiola eta irtenbide bila, gero eta biolentoago jarri ohi da. Sabina ere fase horretan dago nolabait: bere eragin eremua estutzen doa, seme-alabek desautorizatzen dute, fisikoki ahulago dago…
2017ko udazkenean Igartza saria eskuratu zenuen “Paperezko txoriak” proiektuarekin. Zer aldatu da orduko “Paperezko txoriak”-etik oraingo “Basa”-ra?
Nik uste izenburua bera adierazgarria dela. Atera kontuak; paperezko txori bat edo basurde bat. Lehenengoan Sabina zen ardatza eta hala izaten jarraitzen du baina kontakizuna asko soildu dut. Hasieran pertsonaia gehiago zeuden, historia askoz ere denbora tarte luzeagoan kontatzen zen, sartu-irten gehiago zeuden, lausoagoa zen dena… Niretzako apaltasun lezio bat izan da horrexegatik. Proiektua eraiki nuenean irudikatu nuen zortzi pisuko etxe bat teilatuan igerilekua eta ondoan golf zelai batekin eta gero egiten hasi nintzenean konturatu nintzen alde batetik, errekurtso asko falta nituela idazle moduan hori dena garatzeko eta, bestetik, kontatu nahi nuena kontatzeko ez zela hainbeste artifizio behar. Orduan ariketa izan da soiltzea eta nik benetan zer kontatu nahi nuen hausnartzea. Historia bat baino gehiago zen agian pertsonaia baten eraikuntza eta hor jarri dut fokoa, kendu beharreko guztiak kendu eta esentziari helduta, “Paperezko txoriak”-en esentzia ere bazen basatasun horri.
Soiltze horretan Sabina gailendu zaie gainerako pertsonaiei, ezta?
Foko nagusia bera da bai, seme-alabak beragan daukaten eragina adierazteko baino ez dira agertzen. Hasieran gehiago agertzen ziren bakoitza bere bizitzan kokatuta baina hautua izan zen seme-alabak Sabinarenganako gatazka horretan kokatzea. Batez ere, amaren zaintzaren kudeaketaren aurrean zein posizio ezberdinak hartzen dituzten. Suposatzen dut beste leku batzuetan ere errepikatzen diren patroiak izango direla: bata missing, bestea diruarekin edo beste bitarteko batzuekin lan hori partekatzen saiatu nahian eta bestea uneoro bere gainean. Orduan, seme-alaben bizitzetan eta euren arazoetan sartzea baino gehiago zen ikustea ea zaintza sare gatazkatsu horretan nola kokatzen ziren eta nork eta zergatik hartzen zuen posizionamendu bat edo bestea.
Nolakoa da Sabina?
Aurkezpenetan esan dudan moduan, Sabina ez da basandre bat. Andre basa bat da. Basandre moduan aurkeztu banu, horrelako kutsu mitologiko edo jainkotiar bat izango luke eta ni, nire burua ezagututa, errez eroriko nintzateke idealizazio horretan: matriarka bat izan zitekeen, jakintza, lurrarekiko lotura, mistizidadea… Sabina oso urrun dago hortatik. Lurrari lotutako andre bat, baina zentzurik literalenean. Andre basa bat da ebaki bat eskuan egin eta garbitzera joan barik txakurrari miazteko emango diona edo enbor bat lotu eta gerrian eramango duena. Helburua bazen andre basa hori irudikatzea. Nik nire inguruan hainbati ikusi diet basatasun hori eta azaldu nahi nuen behintzat zelan heltzen den, zerk eramaten duen laurogei urteko andre bat lakartasun horretara. Konturatu naiz bere basatasunaz ari nintzela esentzia hitza irten zitzaidala behin nahi gabe eta ez, ez da berezko esentzia bat. Aitzitik, pertsonaia horrek ibilbide bat egin behar izan du horrelakoa izatera heltzeko.
Protagonista adineko emakume bat izanda kontzienteki egin duzu amona estereotipatu bat ez irudikatzeko ahalegina?
Nire helburua ez zen adineko emakume ez estereotipatu bat plazaratzea, eredu berri bat ekartzea… Nik pertsona txatalekin osatutako pertsonaia bat neukan buruan eta eraiki dudanean pertsonaia hori estereotipo batzuetatik kanpo dago, beste batzuetatik ez, baina helburua ez zen hori, nahiz eta gero horrela irakurri daitekeen.
Hala ere, jakitun naiz txatal horiek hautatu nituen unean zerbaitegatik hautatu nituela, bestelakotasun bat adierazten zutelako-edo, apurtzaileak izan zitezkeelako nolabait. Nik nire inguruan ikusten nituen eta nire arreta erakartzen zuten. Beti adibide berdina jartzen dut baina gure aitak, esaterako, izeko bat zeukan Etxanon bizi zena, neskazaharra zen eta bera bakarrik bizi zen punta batean. Buruan dauzkat hango irudiak; etxera sartu eta eskilaraburuan aker bat ikustea, adibidez. Edo gure amona txakurrak beraien arteko borrokatik eskuz banantzen, edo ondoko etxeko artzain andrea eskuak odoleztatuta bildotsak larrutzen… Orduan nik adineko andreen irudi batzuk neuzkan buruan horixe delako nire ingurua. Seguru nago kontestu urbanoago batean ere egongo direla andreak beste modu batean agian baina hauek bezain tenperamentalak direnak, hauek bezain basak, baina ni nire puzlea osatzen joan nintzenean hauek neuzkan buruan.
Zaintza gatazka modura planteatzen duzu, bi planotan. Sabinak zailtasunak ditu orain arteko egindako zaintza lanak egiteko eta aldi berean, zaintza premia batzuk izan arren ez da uzten zaindua izaten. Nahita eman diozu zaintzaren gaiari horrenbesteko zentralidadea nobelan?
Nire helburua ez zen zaintzari buruzko nobela bat idaztea, baizik eta pertsonaia horren momentuko gatazkak ahalik eta ondoen islatzea. Soiltze lana egitean ikusi nuen zaintza zela ardatz nagusia eta bazegoela zer kontatua ertz ezberdinak topatzeko.
Saiatu naiz zaintzaren ikuspegiari beste buelta bat ematen. Egia da zaintzailearen figurari buruz ari garenean beti dela figura “menpeko” bat -komatxo askorekin-, biktimizatua, desabantailan dagoena, azpiratua… Sabinak hori dena jasan beharra daukan arren interesgarria iruditzen zitzaidan azaltzea berak zelan bihurrarazten duen zaintza botere eta zelan momentu batean berarentzat ahalduntzailea ere izan daitekeen konturatzea bestea bere mende dagoela; bere beharra duela. Zaintzaile rolaren beste alde bat erakutsi nahi nuen eta adierazgarria da Sabinak berak erabiltzen duen aditza: “gobernatu”. Berak ez du koinatua zaintzen, berak koinatua gobernatu egiten du. Ñabardura moduan agertzeko interesgarria iruditzen zitzaidan.
Sabinari galdetuz gero bizitza osoan zehar zenbat pertsona zaindu dituen hasteko ez luke jakingo erantzuten. Zaintzaren kontzeptua bera da ezberdina, guk osotasun baten barruan ulertzen dugu dimentsio emozionala ere kontutan hartzen dugulako eta ekintzak lotuta ikusten ditugulako. Sabinarentzat, aldiz, berak jaten ematen dio, ipurdia garbitu, botikak eman… Baina ekintza isolatuak dira. Zaintzaren beraren ikuspegia asko aldatzen da belaunalditik belaunaldira. Sabina zainduaren lekuan dagoenean bi modu ezberdin daude talkan; bere seme-alabentzat (batez ere alabarentzat) zaintzea dena berarentzat kontrolatzea da. Sabinak ez du zaurgarri agertu nahi, norbaitek kontrolatzeko beldur delako.
Baserri giroa islatu nahi izan duzu, mundu ikuskera baten bukaera izan daitekeena. Askori urrun geratzen zaigu dagoeneko…
Nire helburua ez zen mundu ikuskera baten bukaera islatzea, nire aldetik handinahiegia litzateke hori esatea. Zaintzaren gatazkaren eta basatasunaren moduan pertsonaiarekin berarekin lotutako zera bat izan da. Berez, nik uste pertsonaia bera hartu eta beste kontestu batera esportagarria izango litzatekela. Kasu honetan baserrian kokatzen da eta ez diot izkin egin horri ni neu baserrikoa ez naizen arren hurbilekotzat bizi dudan mundu bat delako. Orain arte irakurri duten gure adinekoen artean, aiton amonengandik edo gurasoengandik hori jaso dutenen aldetik batek baino gehiagok esan didate lotu dutela beraienarekin. Nik uste guk ez daukagula ez hain urrun ez hain hurbil.
Baserri mundua ezer bada oso basa da, oso biolentoa da. Nik horrela ikusten dut. Beste errepresentazio batzuk jaso ditugu, batzuk idealizatuagoak… Niretzat hurbilekoa izan arren banekien askorentzat ez zela gertukoa izango eta horregatik saiatu naiz ahalik eta bisualena izan dadin.
Zurea ez da akziozko nobela bat. “Giro nobela” bat dela diozu, pertsonaien izaera eta euren arteko harremanak islatzea xede duena.
Egia da berez ez direla gauza ikusgarriak gertatzen, ez dago joan etorri edo sartu irten handiegirik baina aldi berean tentsio egoera hainbestekoa da ezen eguneroko edozein ekintzatxo gerra txiki bat bihur litekeen. Ni ohartu nintzen -edo editoreek ikusarazi zidaten- giroan eta tentsio hori kokatzen zentratu behar nintzela. Banekien zeintzuk ez ziren izango nobela honen indarguneak (esaterako, hari intrigante bat, jiroak…) eta orduan, zein izango zen? Giroa, atmosfera. Horregatik saiatu naiz ahalik eta ondoen deskribatzen eta idazkerarekin lotuta ere banekienez laburra izango zela eta kendu ahal zen guztia kendu behar nuela deskribapen luzeek, esaterako, ez zuten tarterik hor. Honekin lotuta saiatu naiz aipatzen ditudan elementuak ahalik eta esanguratsuenak izan daitezen. Adibidez, mikrouhin labe berri berri bat korta batean egur pila baten gainean irudikatzen baduzu ez daukazu azaldu beharrik teknologia berriekiko daukan mesfidantza edo beste norbaitek oparitu diola edo… Listo, jartzen duzu mikrouhin labea han eta listo. Horretan saiatu naiz.
Nolakoa izan da idazketa prozesua?
2018ko urtarrilean hasi nitzen idazten eta urtebetekoa izan da. Nekeza izan da, oso prozesu bakarti moduan bizi izan dudana. Hurrengorako ikasi dut, adibidez, amaiera amaierara arte inori ez erakusteak ez didala on egin, lan asko aurreratuko nukeela lehenago erakutsi izan banu. Momentu askotan gustura sentitu arren asko kosta zait egiten ari nintzenari neurria hartzea; ondo zegoen edo ez, gehiegi zen, gutxiegi zen…
Prozesuak asko izan du kentzetik, limatzetik. Behin egitura zedarrituta geruzaka joan naiz idazten; lehenengo eskema, gero burura etortzen zitzaidana, gero ondo idatzita, gero elkarrizketak, gero pertsonaiak… Kapaka.
Apaltasun lezio handi bat izan da, ikasketa prozesu bat. Nik uste nuen idazten banekiela, zutabeak, ipuinak… idazten nituen dagoeneko eta uste nuen egin behar nuena zela berdina baina luzean, eta ez dauka zerikusirik. Berdina pasa zait hizkuntzarekin. Nik uste nuen nik euskara menperatzen nuela eta ondo gainera eta orain konturatu naiz, testua laburra izanik ahalik eta hitz zehatzenen bila joan naizenean, zenbat bider pasa naizen erderetatik (batez ere gazteleratik) euskarazko hitz bat bilatzeko. Gazteleraz, adibidez, “basa”-ri buruz ari garela, “salvaje” edo “silvestre” esan oso ezberdina da. Adjektiborekin pasa zait gehien, zehaztasun horren bila nenbilenean.
Zehaztasunarekin lotuta, hizkuntza oso landua darabilzu.
Alde batetik, beldur nintzen zenbait irakurlek hiztegiarekin zailtasunak izango ez ote zituzten, baina bestetik, hizkuntzaren lanketa findu badaiteke, zergatik egin ez? Aurrez esan dudan bezala, nire indargunea ez da diskurtsoa egitea edo narrazioan gogoetak tartekatzea, baina hizkuntza nahiko ondo maneiatzen dut eta gainera gustura aritzen naiz horretan. Hala ere, nire helburua ez da inondik inora lekixkoarekin erakustaldi bat egitea izan, ahalik eta hiztegi zehatzena erabiltzea baizik. Oso mentalizatuta nengoenez testua laburra izango zela, hitzei ere ahalik eta karga gehien eman nahi nien, ahalik eta zehaztasun gehien. Erabaki txiki asko daude esaldi bakoitzaren atzean.
Egia da kutsu mendebaldarra izan dezaketen zenbait hitz barneratu ditudala eta ulertzearen kontuarekin… Nik uste irakurleak ez dituela zertan hitz guztiak ulertu. Jakinmina daukanak begiratuko du hiztegian. Nik ere irakurle moduan eskertzen dut matizdun hizkuntza.
Obra honen idazketa prozesuan buru belarri barneratuta zeundela plazara atera behar izan duzu tarteka. Nola bizi izan duzu sortzeko bi modu hauek paraleloki jorratzea?
Hitz bakoitzari mila buelta ematetik bat-batean jendaurrean inprobisatzera igarotzean askotan izan dut sentipena tenperatura aldaketa oso bortitzak bizitzearena, goizean esnatu eta pertsiana kolpetik altxatzen dutenean bezala. Batzuetan saiatzen nintzen neurria hartzen eta egun osoa idazten igaroz gero saiora kolpetik ez joaten.
Ez dut ondo bizi izan, paperaren gainean zehaztasun maila batera ohitzen ari nintzelako. Esan nahi duzunaren eta esaten duzunaren arteko tarte hori badago paperean ere baina bertsotan beti da handiagoa.
Dagoeneko jendaurrean egotera ohituta zaudela esan dezakegu. Orain literatur sistemara ere jauzi egin duzu… Zertan nabari duzu aldaketa?
Beldur bat edo bertigotxo bat bai eman dit plaza horretara ateratzeak. Aurkezpeneko egunean izan nuen urduritasuna, adibidez, gorputzaldi berria da niretzat. Bertsotan gabiltzanean ekoitzi eta defendatu aldi berean egiten dugu baina ekoizteak hainbesteko indarra suposatzen digunez ez dugu defentsan arretarik jartzeko tarterik izaten eta liburu bat, berriz, defendatu egin behar duzu.
Bi biluztasun ezberdin dira, gainera. Bertsotan ari garela, edo ni behintzat, sentipena da momentu horretan publikoak biluzik ikusiko banindu legez edo ni inprobisatzen ari naizen bitartean ihes egiten didan dena biluzik ikusiko balute legez. Liburuarekin ez da momentu horretan ni biluzik ikusten nauela zeren ni inoiz baino jantziago eta inoiz baino prestatuago nago baina bada biluzik nagoen nire argazki bat eskuan izango balute legez. Bertsotan beste interferentzia batzuk daude; gaiak, lekua, bertsokideak… baldintzatu ahal zaitu. Eleberriaren kasuan, ordea, ehuneko berrehuneko erantzunkizuna daukazu.