Mikel Taberna Irazoki Atzera
Susa
Txokolatezko dinamita
Testua irakurri
TXOKOLATEZKO DINAMITA
Etxera bidean, automobil bat agertu zen Irun aldetik. Leihoa beheiti egina, gazte batzuek oihu egiten zuten, "Viva la República! bandera gorria erakusten zutela. Harrituta, haiei begira gelditu ginen. Plazan itzali zuten motorra, ostatuko atean. Lau lagun ziren eta ez zituzten apezak maite. Don Fermin sotana altxa eta etxeko eskaileretan goiti joan zen itoka, haietako batek pistolarekin airera tiro egin zuenean. "Alde hemendikan, bele zikin hori!", erran zion, eta ostatutik atera zirenak irri-ajarika, basoa eskuan. Gazteek segitzen zuten oihuka, "Erredio!, Errepublika defenditu behar dugula! Mueran los fascistas!" Haurrak hurbildu ginen automobilera. Paperak partitzen hasi ziren eta guri Elgorriaga markako txokolatea ematen. Etxean errana zidaten arrotzari deus ez hartzeko. Buzo urdin bat ezagutu nuen, eta haren barrenean zegoen Bordako Balentinek oihu egin zidan, "Hator Marikarmen!, hunek ez din kalterik eginen". Fabrika handian ari zen lanean, eta La Voz de Guipuzcoa ekartzen zuen besapean gure etxera iluntzero, solisonbra edatera etortzen zenean, bertzeak musean aritzen ziren bitartean. Calvo Sotelo hil zutela eta espantuka ibilia zen. Zer kaskasoil klase ote zen Sotelo hura? "Tozan txokoltea!", erran zidan, "Txokolate ona!", erran zuen irundarrak, "Txokolate gorria, Irundik ekarria!" Eta nik, hondarreko, hartu eta jan ere bai.
Txokolate madarikatua! Zeinen gaizki egin nuen lo! Ohatzean batera eta bertzera. Bero egiten zuen, hagitz bero handia. Karakolak urtzeko modukoa, aitatxik errana bere eguneroko buelta egitetik etorri zenean. Indiano-baitaren ondoko paretan egon zen, irratiko berriak aditzen, goizeko partea, leihoa itxi zioten arte. "Afrika kixkaltzen ari da!", erran zuen, "Agian ere ez da sua hotaraino ailegatuko!" "Nontsu da Afrika?", galdetu nion. Ez zidan kontestarik eman eta itzal bila abiatu zen, goiz aldea bere buruarekin pasatzeko, lurraren gaineko infernu haren koloreak nolakoak ote ziren pentsatzen. Amarentzat alferraren aitzakiak ziren nire tripako minak. Nahiko lan bazuen azienda guziak gobernatzen, heiakoak eta etxekoak. Baldeko esne berotik hiru botila bete eta saskian paratu zizkidan. "Aire! Mugitu hanka hoiek! Hiru buzker bota eta buelta orduko joanak hire min guziak!"
Zubia pasatzean Urrabiara begira gelditu nintzen. Ur ttikia ekarki zuen, baina amuarrain batzuk ikusten ahal ziren, eulitxa zozoren bat harrapatzeko esperantzan. Tximista urdin batek gurutzatu zuen ibaia aldetik aldera. Martin eder hura ere lanean ari zen, aski goiz. Edo, izialdurak joa, gorde nahizik ote zebilen?
Hankak daldaraka hasi zitzaizkidan karreterara ailegatu nintzenean. Dorre ondoko ezponda luzea gizonez betea zegoen, bururen buru. Mila gizon!, denak arrotz. Denak igual, uniforme iluna eta kapelu gorria. Denek fusil bana. Karrikan bertze inor ez, baina jendearen begiak imajinatu nituen herriko leiho itxi guzien gibelean. Nola pasako nintzen haien aitzinetik! Ikusi nindutenean irri egin zuten. Mila gizon irrika niri! Eta xixtuka gero. Izerdiz tapatu nahi izan nuen gorputz osoko lotsa. Estomaka harri koxkorrez betea sumatu nuen. Saskia bertan utzi eta lasterka joan nintzen izeba Minesen etxera.
Sadaba eta biak besarkaturik harrapatu nituen. Ni sartzean bereizi egin ziren eta gizona baratzeko atetik joan zen, lapurrak bezala. Izebak painuloa pasa zuen begien azpitik, malkoak xukatzeko dudarik gabe. "Biño, biño... ze habila neska? Tripako minak? Tripako min ederrak denek hemen, kanpoko hori ikusita! Hoaie segituan etxera! Hoaie segituan, eta erran amari gerra hasi dela! Gerra hasi dela!"
Julian bidali zuten nik utziriko saskia bildu eta esnea partitzera. Anaia zaharrena baitzen. Espartzinak jauntzi eta harro-harro joan zen herrira, besta eguna balitz bezala. Bazkaltzeko tenorea bitarte ez zen bueltatu. Harroago, pakete bat zigarro atorrako sakelan. Gerra hasia zela, komunista eta elizak erretzen zituztenen kontra. Bordakoak eta aitzineko egunetan builaka ibili ziren bertze batzuk falta zirela herrian. Eskapo joan izan behar zirela Ibardinen barna. Hain balienteak baldin baziren, zergatik joanak ote ziren hain agudo. Pedro Lizasok erran ziola ea lagunduko ote zien, Iruñetik etorri ziren militarrek behar zutela bertako jendea, mendiko bideak ongi ezagutzen zituena. Aitatxi mahaitik altxatu zen, deus erran gabe.
"Tripako min hoiek, bertze zerbaiten seinale ditun!" erran zidan amatxik. Ohatzean etzinda zegoen, eta nik bazkalondoan bisita egiten nion. Likor botila hartu eta, inork ikusi gabetanik, xurrupa hartzen zuen egunero, nik emanda. Sekretua gordetzen bainion, berari kontatu nion bezperako txokolatearena. "Txokolteak ez din kalterik egin, neska!, gizonak emana izanagatik! Tripako min hoiek, emakume egiteko haizelakoz ditun!"
Teofilok musika ematen zien sari Zelaiko haritz zaharrei, eskaintzen zioten gerizaren truke, Parisen erosiriko bota elegante haiek hanketan eta bere akordeoia xuabe-xuabe jotzen, etxekoek siesta egiten zuten bitartean. Lesakako sanferminetara etorria zen, urtero bezala, deitzen baitzioten soinua jotzera joateko, eta, hango lana finiturik, gurean egun batzuk pasatu zituen. Maleta hantxe zuen, Irungo trena ez zelako etorri. Bere Ziburura ezin joan eta, afera konpontzen zen arte, luzeago gelditu beharko zuen. Suerte pixka bat izanez gero, Santiago eguna gurekin pasatuko zuen. Hala, auzoko besta egunean ez genuen dantzarako musikarik faltako. Bere ondoan jarri nintzen. Kanta bat jo behar dut zu lokartzeko. Nik sortua, Mundua arraso erotu zaigu eman diot izena. Eta lo gelditu nintzen, burua bere sorbaldan, lepo luzeko bota haiei begira.
Tximista beldurgarri batek desafiozko keinua egin zuen zerutik eta, trumoia lehertu zelarik, iheslarien itzal biziak bat-batean gelditu egin ziren mugako bagadiaren erdian. Don Piok burua jiratu zuen Ibardingo bidean, Altzateko sozialisten etxeko liburu erreen keak erakusten zion etorkizunari erreparatzeko. "Mugitu beharko dinagu, Marikarmen, bertzela bustiko gaitun!", erran zidan belarrira ametsetako maitaleak. Beorlegi koronelaren mila gizonek Dorreko ezponda gainean tiro egin zuten batera, Gipuzkoa menean hartzera abiatzeko seinale. Bezperako txokolatea dinamita bezala lehertu zen nire baitan eta Afrikako sua hasi zitzaidan xilko azpiko nire tximeletatik ateratzen, izterretatik beheiti bi erreka mehar egiten zituela. "Ama, odola!", hasi nintzen garrasika. Euria hasi zuen zakar, jautsi ahalean, eta Teofilok bere besoetan eraman ninduen etxeraino.

2021
Arkanbele kantak
Susa
2018
Txirrita epaileen jomugan (Legasa 1913 – Iruñea 1916). Ikerketa-lana
Bertsolari aldizkaria
2017
Harritik hazia
Autoedizioa. Oroit(h)arri / Herri-antzerki tailerra
2017
Karrika dantza. "39 idazle nafar" liburu kolektiboan
Pamiela argitaletxea
2014
Dinamita de chocolate. Narrativa vasca actual (II) liburu kolektiboan
Pamiela Argitaletxea
2013
Alkasoroko benta
Susa
2010
TK aldizkaria (Nafarroako Liburuzainen Elkartea) 22. zk
Testua irakurri
- TK aldizkaria(Nafarroako Liburuzainen Elkartea) 22. zk. (2010eko abendua):
www.asnabi.com/revista-tk/revista-tk-22/taberna_irazoki.pdf
2006
Bizitzaren ospakizuna
Testua irakurri
- Bizitzaren ospakizuna. Ibon Egaña. Berria (2006ko ekaina):
http://paperekoa.berria.info/plaza/2006-06-18/044/010/bizitzaren_ospakizuna_.htm
2006
Ibaiak nahi duen tokiraino
Pamiela
2005
Hautsa bizigai
Elea
2002
Berezko moldez margoturiko ipuinak
Testua irakurri
- Berezko moldez margoturiko ipuinak. Mikel Asurmendi. Irunero (2002ko abuztua):
2001
Txokolatezko dinamita
Susa
2000
Errege eguneko panpina
Kutxa Fundazioa
1999
Bota xoxa!
Elkarlanean-Debako Udala
1996
Hautagaiarenak
Iruñeko Udala
1996
Mendearen ilunabarrean
Arabako Foru Aldundia